Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Bueltaxka

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


1922. alea
2003-11-30
alde 0    kontra 0

Hotzaren hormak su baxuaren altzora zeharo erretiraraziko ez gaituen itxaropenez neguan bezala lanean hasi beharra dago dagoenerako, di-dako bueltaxka azkarretan. Neguko solstizioarekin batera patrika husteraino itsasten zaigun txoro-planttak jo baino lehenago egiten hasi beharreko lan txikiak gehienak.

Haziak jaso, gustuko ditugun landareen haziak datorren urtean ereiteko jaso nahi baditugu, ondo lehortu ondoren toki hotz batean jaso. Kontuz kalefakzioarekin, toki epel edo bero batean edukiz gero negua igaro gabea dela usteko dute eta udaberrian ez ernetzeko arrisku ederra.

Neguan sufrimendua besterik izango ez duten zitriko, buganbila eta tankerako landare berozaleak oso-osorik babestu. Izotzetik babesteko estalpea nahi eta nahiezkoa da. Enborra eta adar nagusiak oihalez bilduz gero neguaren gorria gorriena izan eta landarea erreagatik udaberrian enborretik berritzeko aukera askoz handiagoa izango du.

Baratzean ezer gabe dauzkagun alortxoak eta soro, belaze, sagasti eta abarrak simaurrez eta karez ongarritzeko sasoi onena da. Kareak lurra harrotuko du, simaurrak lurraren bizitza areagotu eta batak zein besteak landareek eskura behar duten elikagai aukera zabaldu eta erruz ugarituko dute. Lan hau udaberriko izerdi kolperako burutua izateko hilabete hauetako hotz-beroak eta busti-lehorrak ezin hobeak dira.

Lorontzietan apaingarri izan ditugun geranio, etxeko-pozak... izotzetik babesteko garaia da. Giroa gozoagoa zen artean horiei kendutako aldaxkez landatutako ontziak zer esanik ez... Barru epeletara sartu beharrik ez dago, izotzak parez pare harrapatu eta jota bertan erretzea nahi ez baduzu aterbe batean jartzea nahikoa da. Ureztaketa ia ezerezeraino apaldu, lehorrean hotzari errazago aurre egiten baitzaio.

Baratxuria, tipulak eta marrubiak landatzeko sasoia da, baba handiak eta ilarrak erein, konposta egiteko orbela bildu, negu-neguko landaketetarako zuloak prestatu... batera eta bestera bueltaxka-bueltaxka bada bai zer egina...

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1921
 
azala1920

1922 zenbakia.
2003ko azaroaren 30a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia