Astekaria

 Ihesi 

Bizkaiko megalitoen bidean

Gutxienez 4.000 urte iragan behar izan dira Bizkaian bertako megalitoek babes aro berria ezagutzeko. Neolito, Brontze Aro eta Burdin Aroko eraikin horiek babesteko planak ezartzen Gipuzkoa izan da aitzindaria. Bi urteren ondoren, orain Bizkaiari dagokio harri zaharrak zaintzea. Katalogatutako 120 megalito gune garbitu eta seinaleztatzeari ekingo bazaio ere, oraingoz ez dute ondare historiko izendapena jaso, monumentu horiek betiko desagertzeko arriskuan mantenduz. Gaur egun, desitxuratuta eta aurria bizian daude, mendeetan jasandako naturaren eta gizakiaren erasoengatik.

Irudia

Iņigo Txintxurreta


1922. alea
2003-11-30
alde 0    kontra 0

Megalitoak zaintzeko arauak Gipuzkoan orain dela bi urte ezarri ziren Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzaturik. Bizkaiko proiektuak berriz, Fernando Bazeta Arte Ederretako Fakultateko irakaslearen ekimenean du oinarria. Bazetak Bizkaian katalogaturik dauden 120 trikuharriak zaintzeko moduari buruz egin zuen doktorego tesia eta Bizkaiko Foru Aldundian aurkeztu zuen proiektu gisa.

Gaur egun proiektua aurrera doa eta bertan Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, Eusko Jaurlaritzak eta zenbait udalek parte hartzen dute, diru-laguntza emanez batez ere. Proiektuaren helburua urtero Bizkaiko megalitotegi bat garbitzea eta seinaleztatzea da, horretarako baimena lortu baita.

Megalitoen aztarnategietan katalogoaren arabera aukeratzen dira megalitoak eta horien sarbideak, ingurua eta megalitoa bera sasiz eta zuhaitzez garbitzen da, megalitoa agerian eta bisitagarri gera dadin. Azkenean, seinalea jartzen da, oroitgarriaren izenarekin. Bizkaian Gipuzkoan jartzen ari diren seinale mota berak aukeratu dituzte, hau da, Debako kareharri grisezkoak, 1 x 0,23 x 0,16 metroko neurrikoak. Lur azpian metro erdia geratuko da eta beste erdia ikusiko dugu. Harriaren gaineko xaflak megalitoaren informazioa du; pieza landua eta ilundua da, altuerliebez eta baxuerliebez grabatutako altzairu herdoilgaitzekoa. Material gogorrenak erabili dira ahalik eta iraunkorrenak izan daitezen.

Megalitoetan txangoa: Unbe eta Berango arteko mendialdean

Bizkaian garbitutako eta seinaleztatutako lehendabiziko megalitoen aztarnategian txango lasai eta erraza egin dezakegu, proiektuaren ondorioak eta megalitoak bere osotasunean in situ ikusteko. Horretarako Unbe eta Berango arteko mendialdera hurranduko gara, hor kokatzen baita Munarriko Landa izeneko megalitoen aztarnategia, bertan sei oroitgarri daudelarik.

Berangoko hilerritik, Agirremendi eta Saiherri mendien artetik eramango gaituen pista har dezakegu, berehala topatuko dugun lehendabiziko monumentuaren ondora iristeko: Saiherriko tumulua. Inguru honetako megalito gehienak bezala, egoera penagarrian eta aurrietan dagoen oroitgarria da. Ia mirari bat izan da 5.000 urte inguruko ibilbidea egin ondoren historiaurreko hilobi horiek oraindik gure mendietan mantentzea.

Aurrera jarraituz Saiherriko Landako trikuharriarekin topo egingo dugu, itxura hobeagoa mantentzen du, ez dago hain hondatuta. Bere ondoan ere beste tumulu bat dago, Saiherriko Landa 2.

Aldapa igo ondoren Munarriko Landa izeneko tontor aldera hurbilduko gara, bertan, tontorraren inguruan, beste hiru oroitgarri daude. Aipagarriena Munarriko Landa II izeneko trikuharria da, ia 20 metroko diametroko tumulua baitu, 1,5 metroko altueran altxatzen dena. Bere neurriengatik, hau izan zitekeen megalitoen aztarnategi oroitgarririk garrantzitsuena, baina gaur egun hustuta dago eta erdiko ganbararen ordez, krater zabal bat besterik ez da ageri. Pistatik berriro Berango aldera eramango gaituen errepidera aterako gara.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1921
 
azala1920

1922 zenbakia.
2003ko azaroaren 30a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 ˇ 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia