Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-12-02 16:46:18
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Zientzia eta teknologia

2003-11-30 -- 1922.zenb

Jakoba Errekondo

Hotzaren hormak su baxuaren altzora zeharo erretiraraziko ez gaituen itxaropenez neguan bezala lanean hasi beharra dago dagoenerako, di-dako bueltaxka azkarretan. Neguko solstizioarekin batera patrika husteraino itsasten zaigun txoro-planttak jo baino lehenago egiten hasi beharreko lan txikiak gehienak.
Haziak jaso, gustuko ditugun landareen haziak datorren urtean ereiteko jaso nahi baditugu, ondo lehortu ondoren toki hotz batean jaso. Kontuz kalefakzioarekin, toki epel edo bero batean edukiz gero negua igaro gabea dela usteko dute eta udaberrian ez ernetzeko arrisku ederra.
Neguan sufrimendua besterik izango ez duten zitriko, buganbila eta tankerako landare berozaleak oso-osorik babestu. Izotzetik babesteko estalpea nahi eta nahiezkoa da. Enborra eta adar nagusiak oihalez bilduz gero neguaren gorria gorriena izan eta landarea erreagatik udaberrian enborretik berritzeko aukera askoz handiagoa izango du.
Baratzean ezer gabe dauzkagun alortxoak eta soro, belaze, sagasti eta abarrak simaurrez eta karez ongarritzeko sasoi onena da. Kareak lurra harrotuko du, simaurrak lurraren bizitza areagotu eta batak zein besteak landareek eskura behar duten elikagai aukera zabaldu eta erruz ugarituko dute. Lan hau udaberriko izerdi kolperako burutua izateko hilabete hauetako hotz-beroak eta busti-lehorrak ezin hobeak dira.
Lorontzietan apaingarri izan ditugun geranio, etxeko-pozak... izotzetik babesteko garaia da. Giroa gozoagoa zen artean horiei kendutako aldaxkez landatutako ontziak zer esanik ez... Barru epeletara sartu beharrik ez dago, izotzak parez pare harrapatu eta jota bertan erretzea nahi ez baduzu aterbe batean jartzea nahikoa da. Ureztaketa ia ezerezeraino apaldu, lehorrean hotzari errazago aurre egiten baitzaio.
Baratxuria, tipulak eta marrubiak landatzeko sasoia da, baba handiak eta ilarrak erein, konposta egiteko orbela bildu, negu-neguko landaketetarako zuloak prestatu... batera eta bestera bueltaxka-bueltaxka bada bai zer egina...

Jabier Agirre


Ohean pixa egitea anormaltzat jotzen da behin haurrak 5-6 urte bete dituenean, adin hori baino lehenago ez baitu umeak bere heziketa prozesua kontrolatzen, eta ezin zaiolako eskatu gauez bere maskuria itxi edo irekitzen duen esfinterraren kontrolik edukitzea. Enuresia izenarekin ezagutzen da trastorno hori, eta 5 urtetik gorako haurren %15ak sufritzen du, gehiago mutikoek neskek baino. Gaueko "istripu" hauek pixkanaka gutxituz doaz adinarekin, baina nerabeen %2 dira oraindik ere adin horretan ohea bustitzen dutenak. Arrazoiak era askotarikoak dira. Badago osagai hereditario bat, eta horrela seme-alaben %45ak asaldura hori jasango du, gurasoetako bat haurtzaroan enuretikoa izan bazen, eta seme-alaben %70ak, bi gurasoak enuretikoak izan zirenean. Arrazoi psikologikoak ere hartu behar dira kontuan, batez ere umeak arazoa gainditua zuela uste eta 3-4 urtetik aurrera berriro ere agertzen denean. Beste arrazoi batzuk ere egon daitezke enuresiaren atzean (arrazoi neurologikoak esaterako, edo fisikoak, edo beste gaitz batek eragindakoak). Dena den, lasai irakurle, zure umearen pediatrak egoera bakoitza aztertu eta soluzioa aurkituko dio-eta.
Nola lagun diezaiekegu ume hauei?
- Ez egin errietarik, ezta erru sentimendurik eragin ere. Ez dute nahita egiten, inola ere.
- Azaldu beste hainbat ume ere badirela arazo bera dutenak.
- Afaldu ondoren ez dezatela ezer edan.
- Eta ohera joan aurretik, bueltatxo bat eman dezatela komunetik, pixa egin eta maskuria behar bezala husteko.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan