Izaskun Jauregi
Finalerako aulkiak bilatzen
Finalerdietara iritsi da dagoeneko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Gauzak espero bezala doaz orain artean, lerro hauek idazterakoan Maialen Lujanbiok lortu baitzuen Eskoriatzako lehen finalerdian abenduaren 14an Irunen jokatuko den finalerako lehen aulkia. Beste zazpi tokiak zeinek beteko dituen ordea, hilaren 23an Zarautzen eta 30ean Tolosan jokatuko diren saioetan erabakiko da.
Ilustratzaileak elkartu dira
Profesioa duin egitea eta euren lana ezagutaraztea da Bilbon aurkeztu berri den Euskadiko Ilustradoreen Elkarte Profesionalaren (EIEP) xede nagusia. Ilustratzaileei lan gaiei buruzko aholkularitza eskainiko die Elkarteak eta hainbat ekimen martxan jarriko ditu ilustratzaileen lana ezagutarazteko. Horien artean, urtarriletik ekainera erakusketa ibiltari bat burutuko dute Euskal Autonomia Erkidegoan zehar.
Milioika hitz, esaldi eta esapide
Euskaraz idazten dutenei laguntzea da Ibon Sarasola idazle eta euskaltzainak zuzendu eta Euskararen Donostia Patronatuaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen ekimenez sortu den «Ereduzko prosa gaur» programaren helburua. Bertan, 87 liburu daude bilduak eta eredugarri izan daitezkeen liburu horien hitz, esaldi eta esapideak ere bai. Sarasolak liburuak , Juan Garzia, Josu Zabaleta eta Koro Navarrorekin batera aukeratu ditu. Programa erabilgarri dago dagoeneko bi helbide hauetan: www.ehu.es/euskara-orria eta www.euskara.net-en.
Gerra aurreko euskarazko kazetaritza
Gerra aurretik Iruńeko prentsan euskaraz idatzi zuten egileen artikuluak bildu ditu liburu batean Joxemiel Bidadorrek. Larreko, Gurbindo edota IruńaĆtar Alexander ezizenez sinatzen zuten egileen lanak bildu ditu, besteak beste, Euskara Iruńeko kazetaritzan (1930-1936) liburuan.
Kirmen Uribek honakoa idatzi zuen «Berria»n: «Badira poema-liburu osoa merezi duten poema bakarrak ere. Liburuan oso-osorik harrapatzen zaituen poema bakar bat izanez gero nahikoa izaten da maiz liburua ontzat emateko, irakurtzeak merezi izan duela norberak sentitzeko».
Felipe Juaristiren hitzak dira hauek «Gara»n egin zioten elkarrizketan jasoak: «Hemen kulturak libre egingo gaituela esaten denean ez nator bat. Kulturak ez du hori ziurtatzen».
Aitzol Aramaio zinegileak zera zioen «Deia»n euskal zinemak Euskal Herritik kanpo duen oihartzunaz: «Nik uste dut (euskal zinema) ez zaiela heltzen. Kimuak bai heltzen zaie, aluzinatu egiten dute katalogoarekin; oso ondo prestatuta dago eta oso profesionala da. Film laburrak eta Kimuak egitasmoari esker ezagutzen direla (euskal filmak) esango nuke. Alemanian Medem ezagutzen zuten, baina besterik ez».
Miriam Ocariz diseinatzaileak «Berria»n: «Gustatuko litzaidake ziurtatutako arrakasta balego, hori sinatzea, baina hori ez da horrela. Bilduma bakoitza berria da, beste azterketa bat da, eta guztietan egin behar duzu ahal duzun guztia».
Fermin Muguruzak Komunikazioa tour izeneko bira berria burutuko du azaroaren amaieratik aurrera. Bertan, bere ibilbide musikal osoa laburbilduko du. Hamabi musikariez lagundurik, In-komunikazioa bere azken lana eta FM99.00Dub Manifest eta Brigadistak Sound System izango ditu oinarri. Aldi berean Negu Gorriakekin eta Kortaturekin landutako zenbait abesti ere baliatuko ditu proiektu berrian. Bira Oiartzungo Pagoan hasiko du hilaren 27an.
Alex de la Iglesiak bere film berria errodatzeari ekin dio Madrilen. Crimen perfecto izeneko lanak Guillermo Toledo izango du protagonista eta gune komertzial batean burututako hilketa bat du oinarri.
Tomas Hernandez Mendizabalen obraren atzerabegirakoa dago ikusgai Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Bertan, kolore biziko afixak daude ikusgai batez ere. Eta baita Ipurbeltz edota Zeruko ARGIArako eginiko azalak ere.
Maria Bayo soprano nafarrak XVIII. mendeko zarzuelak bildu ditu aurkeztu berri duen diskoan. Naive diskoetxearekin kaleratu duen «Arias de zarzuela barroca»n 14 zarzuela bildu ditu, ingelesez eta frantsesez kantatuak.
Axular Arizmendi DJk bakarkako lehen lana plazaratu du Oihukaren eskutik. Pin Pan Pun Band! taldeko kideak dantzarako musika elektronikoa jorratu du diskoan, eta tartean hainbat perkusio tresna ere baliatu ditu.
Unai Elorriaga aukeratu du, besteak beste, Produccions do Pais de Nunca Mais ekoiztetxeak Prestige petroliontziaren hondamendiari buruzko film laburrak egiteko gidoiak prestatzeko. Film labur horiekin iraupen luzeko bat egingo da eta honen etekinak Nunca Mais Fundazioari emango zaizkio.