Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-11-30 -- 1922.zenb

Maialen Lujanbio


Bost bat urte bada Kanariar uharteetan izan ginela, "Congreso iberoamericano de la décima y el verso improvisado" bat-bateko kantuaren bilkuran.

Ideia handik sortu zela uste dut. Inori tokatzekotan, guri zegokigun, gazteleraz beste hizkuntza eta herri errealitate batzuk kontuan izango zituen kongresua antolatzea: egiteko ahalmenez, eta batez ere, txikiekiko ikuspuntu sentsibilitateagatik.

"Ahozko Inprobisazioa Munduan" topaketa, ez da bat-bateko kantuen elkar ezagutza bakarrik izan, globalizazio garaian, beste komunikazio mundu baten aukera ere izan da.

Kanpokoen begietatik Bertsolaritza ikusteak, geure buruaren perzepzio desberdin bat eman digula esan dugu; gehiago ere izan da: mintzaira zabaldu gabekoen arteko komunikazioa nola bideratu pentsaraztea adibidez; edo gu hizkuntza nagusi garenean, nola sentitzen garen ikusteko barne ispilua.

Euskaldunak, ohituta gaude noranahi joan eta ulertuak ez izaten. Oraingoan ordea, paperak itzulikatu dira eta besteak izan dira geurean, gu kanpoan izan ohi garena: ulertzen ez genituenak; georgiarrak, Sardinia edo Menorcakoak...

Zalantza erantzun gabeak eta pentsagaiak hona (jakinik, topaketa hauetan antolakuntza lan izugarria egin duen taldeak, honetaz nahikoa pentsatu duela ûzorionak benetan zuen lanagatik!û; jakinik, baliabide arazoek nahitaezko erabakiak harrarazten dituztela. Planteamendu teoriko bat egin nahi dut; alegia, diru kontu eta abarrez ahaztuta, ideologikoki zein litzatekeen jokabide interesgarriena):

- Jardunaldi teorikoak goiz partetik. Aldibereko itzulpen sistema baten bidez, ponentziak ingelesera, gaztelerara, italierara eta euskarara (gazteleraz emanikoak ez beste) itzuli dira. Entzuleen artean, kataluniarrak (itzulpenak gaztelerara jaso zituztenak); sardiniarrak, (itzulpena italierara izan zutenak);... Geurea bezalako herri batek ez al luke hori hiper-mimatu behar? Herri txikien bat-bateko kantu jarduna azaldu nahi duen kongresuan, funtzionamoduan ere hizkuntza txikiak zaintzea ez al dago ezinbestean lotuta? Hizkuntza handiak zubi ere badirela argi izanik, noraino heltzen da txikia zaintzea, eta noraino praktikotasuna?

- Emanaldiak iluntzero; herrialde bakoitzaren errealitate praktikoa taula gainean. Ulertzen ez genituen kantu-hitzak. Ordu erdiko emanaldia luzetxo zitekeen zenbaiten ezin ulertuaren pazientziarako. Ustekabeko iritziak entzun dira: ulertzen ez ziren emanaldietan, eskertuko litzatekeela itzulpen saio txikitxo bat. Edo aktuazio denbora, komunikatzen dutenei (alegia, ulertzen genituenei) luzatu egin behar geniekeela. Komentario esanguratsuak, ulertuak ez izatearen sentimendua hain garatua dugunon ahotik. Sortu zaizkigun sentimendu eta kontraesan aberasgarriak.

Kanpokoak etxean eta gu kanpoan, gero eta maizago ematen eta emango den joera da. Bertsolariak ere, geure etxekotasunean, geure euskara txikiarekin, munduan zehar bagabiltza: Menorcan, Marokon, Toscanan, Parisen...

Galdera berriak datozkio, bertsogintza zaharrari: zer jarrera hartu behar dugu, bertsolariak geure errealitatea erakustera atzerrira goazenean (edo berdin kanpotarrak etxera datozkigunean)?

Gu atzerrian izan garenetan, bertsoak itzultzera jo izan dugu, jendea ideiaren arrasto ñimiño batekin gera zedin. Baina, merezi du bertso bat, hitz lauz eta beste hizkuntza batean ematearen deformazioak? Geure errealitatea erakusten dugu horrela?

Bertsoaren testua eta kontestua bereiztezinak direla da puri-purian dugun teoria; bereiz ditzakegu edukia eta forma? Merezi du prostituzio modu horrek?

Edo akaso pentsatu beharko genuke komunikazioa hori baino gehiago dela? Ulertzen ez gaituzten lekuetan, emanaldiaren estetika, ahotsak eta doinuak, keinuak eta komunikazioaren misterioa bera direla garrantzitsu; hitzez areagoko feeling hori.

Euskal Herriko erdal hiztunak erakartzeaz ere mintzo gara. Kuriosoa da: itzulpenaren estrategia sekulan ez dugu etxeko erdal hiztunentzat erabili. Interesgarria dateke, hemengo erdaldunentzat saio itzulpen eta guztiko batzuk egitea. Aldiz, kanpora goazela, eta a priori publikoaren jarrera zabala eta ona denean (propio emanaldi hori entzutera joaten den jendea izaki), itzuli egiten diegu. Ez al litzateke logikoagoa alderantziz: jarrera uzkurra duen etxekoari itzuli ûerakutsi eta erakartzekoû; eta jarrera irekia duenari, bere horretan gozatzen utzi?

Ohartuak gara, hizkuntzak ez direla komunikatzeko bakarrik: izan daitezkeela ezkutatzeko ere (espainiar edo frantses artetik gordetzeko maiz erabiltzen dugun gisan); izan daitezke, belarriak hots exotikoz seduzitzeko; izan litezke misterioa maitatzen ikasteko; izan litezke herri bakoitzaren soinuak, sabeleko hotsak nolakoak diren jakiteko; izan litezke herri urrun bat maitatzen hasteko; eta izan litezke, hitzez bestelako komunikazio moduak badirela gogorarazteko ere.

Euskeraz iya aztu zait eta/ erderarikan jakin ez... Txirritak ez zuen asko usteko baina, pentsatzen hasi beharra daukagu itzulpen kontuez.

Jorge Gimenez Bech

Ofiziala da, honezkero. Ez dago, beraz, disimuluan ibili beharrik. Euskal liburuak garai ilunak ezagutuko ditu, antza denez, hemendik aurrera. Ez hainbeste ekoizpenaren zenbaki orokorretan, akaso; ez, beharbada, izar distiratsuenen noizbehinkako agerraldiei dagokienez; agian, ez Durangokoa bezalako kultur erritoak kolokan jartzeko heinean. Baina garai ilunak datozela dirudi, euskal literaturgintzaren alderdi ekonomikoarentzat behintzat.

Krisia? Ez. Beste zerbait da heldu zaiguna. Egoera aldrebesa luzarorako, kudeatzen zaila eta gainditzen ezinezkoa diruditen horietakoa (euskal liburugintzaz ari naiz, euskal politikagintzaz ari naizela ematen badu ere). Etsipenezkoa. Atzo eta herenegungo egoeretara itzultzeko amets zoroa hauspotuko duen aroa.

Okerrena, alabaina, ez da gero eta liburu gutxiago erosten denik, ez eta, aurrekoaren ondorioz, sortzaile berriei bidea ixtearen arriskua haziz doala. Txarrena ez da, era berean, berez ahula den kultur industriarik klasikoena ahulagotzea; ez eta, aurrekoaren ondorioz, erakunde publikoekiko dependentzia areagotzea.

Hori dena txarra eta tristea izanagatik ere, bada beste zerbait okerragorik: nora doa liburua galtzen ari den bezeroa?, zein da irakurle izandakoaren kilikagarri berria?, zertan ematen du, orain, garai batean irakurtzen ematen zuen denbora apur hori?

Precisa enpresak, Gremio de Editores de Euskadi delakoarentzat 2001eko datuei buruz eginiko azterketan, honako galdera hau egin zien lehen baino gutxiago irakurtzen zutela aitortzen zutenei: "Zertan ematen duzu lehen irakurtzen ematen zenuen denbora?". Erantzuleen ehuneko 46,6k erantzun zuenez, lanari eskaintzen zioten lehenago irakurtzen ematen zuten denbora hori.

Ezinezkoa (edo, gutxienez, nekosoegia) litzateke erantzun horren egiazkotasuna ezagutzea. Baina eraiki dezagun hipotesitxo bat, inkesten interpretazioak ematen duen inpunitatea baliatuz: irakurle porrokatuak, benetako liburujaleak, izan behar zuten, noski, irakurle izandako lan zale berri horiek, edo, bestela, oso denbora gutxian etekin oparoa ematen duen pagotxa izan behar du tartekako irakurzaletasunetik urrundu dituen zer horiek. Batean zein bestean, galera galanta liburujalez nahiz pagotxa biltzailez hain urri dabilen euskal liburuaren merkatuarentzat!

Gehiegizko burlaizez ari naizela aurpegiratuko zidan, honezkero, irakurleren batek edo bestek. Are gehiago ofizioko lankidea baldin badut, ezaguna baita editore jendearen batezbesteko umore eskasiaren gaitza. Ofiziokoa ez denari, berriz, liburu-saltzaile zapuztu baten funts gutxiko lanturua irudituko zaio nire jarduna. Biek izango dute, seguruenera, arrazoi mutur bat. Baina bortitzegia egiten zait jendaurrean aitortu behar izatea gure gizartea japonizatzen ari dela. Are tristeagoa egiten zait, bide batez esanda, ez dakit zeinekin libreki asoziatzera bide goazen honetan.

Izan ere, eta nik hemen esandakoetatik interpretazio okerrik egin ez dadin, ez dut inola ere esan nahi kultur sektore zehatz baten ilunaldiak "aurrera doan herri" baten eguzki beteko ibilia menosten duenik. Ez dut esan nahi, inola ere, liburuarekiko atxikimendua denik gizarte aurreratu baten kultur ezaugarri nagusia. Ez. Badakigu oso bestelakoak direla gauzak. Gero eta bestelakoagoak, gainera. Eta badakigu posmodernitatearen txanponaz kitatzen ari dela kultur kezkarekiko azken zorra.

Baina, nolanahi ere, aitor dezadan zalantza ûeta latzaû egiten dudala liburua abandonatzera hain modu etsian prestatzen den gizartearen heldutasunaz. Zalantza egiten dut ûeta latzaû oinak kulturgintzan bermatu nahi ez dituen gizarte baten bizi ahalmenaz.

Juan Kruz Lakasta

Espainiako monarkikoak kontent dira, Felipe Borbon Letizia Ortizekin ezkontzen delarik, erret familian ongi ahoskatzen duen pertsona bat egonen delako. Felipe Borbon Letizia Ortiz utzi eta Jaime Peñafielekin ezkonduko da, Espainiaren onerako. Juan Carlos Borbonen ama Curro Romero toreatzailearen jarraitzaile amorratua da, eta Romero zezen plazan nola aritu den galdetzen dioten aldioro keinu bera egiteagatik geratu zaio burua okerturik. Berroski-ren azken eskaintza berezia: Principe de Bequelar gaileta paketea eta dozena bat Ortiz madalena badaramatzazu, bi Coronita garagardo musu truk.

El Jueves umore aldizkariak Borbondarrei buruzko lau txisteotatik hiru argitaratu ditu. Deia berri paperak, aldiz, bakarra. Zorroztasunaren arabera sailkatzen hasiz gero, Berroski-ren iragarkia iruditzen zait niri puntarik kamutsenekoa. Hain zuzen ere hori da Euzkadiko, barkatu, Euskadiko egunkariak karrikaraturikoa, eta hain justu ateraldi xalo horren egile Josetxu Rodriguezen eta Javier Riparen aurka aurkeztu du kereila Espainiako Entzutegi Nazionaleko Fiskaltzak. Eskandalagarria.

Albistearen berri jaso dudalarik, lankide batek duela bizpahiru urte esandakoa etorri zait gogora: "Juan Kruz, lasai bizi nahi badiagu, diru arazorik izan nahi ez badiagu, izen euskaldunik ez duen enpresaren batean sartu behar diagu". Lagunak egun Administracion izeneko enpresan egiten du lan, eta lasai eta diru arazorik gabe bizi da. Espainian, garai batean, soldadutza egin behar zuten mutilei adorea berezkotzat jotzen zitzaien. Egun, Espainian, izen euskalduna duen edozeri maltzurkeria berezkotzat jotzen zaio. Galde diezaiotela bestela Eroski Taldeari zenbat saltzen duen Talaveran. Dena dela, Euskal Herrian ere gertatzen zaizkigu halakoak. Nafarroan, esaterako. Nafarroan, bereziki. Zurrumurru batek dio Foru Gobernu erregionalistak dekretua onartu behar duela zerga berezia ezartzeko izenean k, tz, ts, edo eta tx duten enpresei.

Hala eta guztiz ere, kasu honetan aizkorakada hedabide euskaldun baten kontra jo badute ere, nago kolpearen helburua Euskal Herriko mugez haratago dagoela. Nago Espainiako hedabide guztiei bidali zaien oharra dela. Espainiako erregezaleek hamarkadak eman dituzte Juan Carlos II.ak, Victoria Pregok esanen lukeen moduan, 1981eko otsailaren 23ko gau luzean demokraziaren eta askatasunaren aldeko borrokan jokaturiko rol ausart bezain erabakigarria behin eta berriz nabarmentzen. Jokaldia ongi atera zaie. Egun ez dago Francisco Franco diktadoreak zuzenean izendaturiko bere oinordekoari koroa kenduko dionik. Baina Juan Carlos zahartzen ari da, 81a gero eta urrutiago dago, eta semearen, Feliperen legitimazioa zenbatekoa izanen den ikusteko dago. Erregezaleak urduri daude. Ez daude txisteetarako, eta hariak mugitu dituzte, argi gera dadin. Txisterik egin ez dadin.

Arrazoirik ez zaie falta urduri egoteko. Espainiako zoldaren errege Tony Genil Felipe printzearen ezkontzan abestu nahi duela azaltzen ikusi dut barruki telebista saio batean. Deia-koa baino dezente larriagoa da. Gezurra badirudi ere, erregea baino erregezaleagoa den Jaime Peñafielek arrazoi osoa du: horrelakoak gertatzen dira printzea odol urdinik gabeko emakume batekin ezkontzeagatik. Monarkia eta normaltasuna uztartezinak dira. Monarkia gertuko, arrunt bilakatzen bada, berehala dator galdera: errege-erreginak gertukoak, arruntak badira, zergatik da errege-erregina? Beste modu batera adierazita, errege-erregina izan nahi badute, izorra daitezela eta izan daitezela berezi, endogamiko. Hortik datoz arazoak, eta hortik txisteak zentsuratzeko beharra.

Nik, aste honetan, berez, kazetaritzaz idatzi nahi nuen. Azaldu nahi nuen merkantilismoa inposatu den honetan edozein hedabidetako edozein albiste ulertu ahal izateko hedabideko jabea nor den jakin behar duzula. Nabarmendu nahi nuen pentsamendu bakarra jaun eta jabe den honetan egiazkotasuna ez datzala errealitatea kontatzean baizik eta beste hedabideekin bat egitean. Aipatu nahi nuen telebista gailendu den honetan hedabide guztietan albistearen garrantzia ikusgarritasunaren arabera neurtzen dela, eta azkartasunari ematen zaiola lehentasuna zer, nork, nori, non, noiz, zergatik bezalako galdera zaharrak erantzun gabe utziz. Esan nahi nuen kazetariak gero eta gehiago agintzen dietena kontatzen duten txotxongiloak direla. Salatu nahi nuen kinka horretan zentsura ez dela beharrezkoa, kazetariak berak bere burua zentsuratzen duelako. Baina kereilaren albistearekin topo egin dut, eta ikusi dut zentsura zuzena oraindik beharrezkoa dela. Zerbait bada. Garai txarrak dira kazetarientzat, baina baita monarkikoentzat ere.

Ricardo Ortega

Eusko Jaurlaritzak Estatutua aldatzeko egindako proposamenari Espainiako Gobernuak, botere judizialak eta estatu mailako komunikabide eta alderdi politiko gehienak eraso politiko-judizial-mediatiko bortitz batez erantzuten ari dira. Proposamena, nahiz eta Estatutuak bere 46. artikuluan oinarrituta egon eta eztabaidarako proposamen irekia eta, hortaz, goitik behera aldagarria izan, ilegal, unilateral, totalitario, inposatzaile eta zatikatzailea dela diote. Gainera, batzuek terrorismoak irauten duen bitartean holako ekimenei uko egin eta hozkailuan sartu behar direla diote. Arrazoibide horren arabera, askatasunik ez dagoenez, jarduera politiko guztia tokiz kanpo legoke. Kuestioa da hemen, terrorismoaz gain, konpondu gabeko arazo edo gatazka politiko bat dugula. Batzuek, alabaina, ez dute ikusten, edo ez dute ikusi nahi, Euskal Herriak existitzen duenik ere onartzen ez duten bezala.

Espainiako Konstituzioa indarrean egon den hogeita bost urte hauetan agerian gelditu da Estatuko errealitate plurinazionala onartzeko eskaerari erantzuteko Konstituzioaren gaitasunik eza, orain arte egin den irakurketaz segitzekotan behintzat.

Gernikako Estatutuari esker, autogobernuari dagokionez aurrerapen garrantzitsuak lortu izanagatik ere, EAEko hiritar gehienek Estatuarekiko harremanen birdefinizioaren alde dauden alderdiei ematen diete botoa.

PPren gobernuaren politikak identitate nazional espainolaren baieztapenean oinarritutako neozentralismo batera garamatza eta orain arte lortutakoa ere zalantzan jartzen du, Konstituzioko 155. artikulua aplikatzeko mehatxu eta guzti.

Terrorismoaren aurkako borroka edozein bidegabekeriarako aitzakia dela, euskal gatazkaren konponbide elkarrizketatuaren aldeko jarreren kriminalizazioaz eta terrorismoa nazionalismoarekin nahastuz, politikaren judizializazioa eta justiziaren politizazioa eta, azken finean, demokraziaren degradazio izugarri bat eragiten ari dira.

Egoera honetan Ibarretxeren proposamenak Estatuarekiko harreman eredu berri baten aldeko eskaera zilegi bat adierazten du. Proposamenak Eusko Legebiltzarrean eta euskal gizartean eztabaidatua izan beharko du, EAEko hiritarrek erreferendumean berretsia eta Estatuarekin negoziatua. Ezker Batuak badu Ibarretxeren proposamenaren eduki jakin batzuekin desadostasunik, bere proposamen propioa den Atxikimendu Libreko Federalismoaren proiektua plazaratzeak adierazten duen bezala. Hala ere, une honetan azpimarratzekoa da Ezker Batua Ibarretxeren proposamenaren oinarri eta abiapuntu den printzipioarekin bat datorrela: Estatuarekiko -eta baita Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekiko ere- harreman-marko berri bat ezartzeko eta orokorrean bere etorkizuna, inolako murrizketarik gabe, erabakitzeko euskal erkidegoko hiritarrei dagokien zilegitasuna.

Konstituzioa, askatasun eta eskubide demokratikoen berma baldin bada, ezin da erabili eskubide hori ukatzeko. Beraz, Ibarretxeren proposamenaren bideragarritasunerako Konstituzioan benetako oztoporik izatekotan, Konstituzioa aldatu beharko litzateke.

Tamalez, badirudi gauzak ez doazela norabide horretan, alderantzizkoan baizik: mota guztietako helegiteak, inpugnazioak, mehatxu, txantajeak, gezurrak eta desinformazio kanpainak prestatzen ari dira. Edozein gauza, eztabaida eragozteko asmoz. Alferrik ari dira. Nola edo hala eztabaidak aurrera egingo du. Oraindik inork ez daki korapiloa nola askatuko den, baina denok fase politiko berri baten atarian gaudeneko uste osoan gaude.

Era berean denok gogoan dugu edozein konponbiderako ETAren desagerpena nahitaezko baldintza dela eta aldizka balizko su-eten bati buruzko zurrumurruak dabiltza. Beraiek ere egunen batean hala ikusiko ahal dute!

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan