Izaskun Jauregi
Herri musika eta dantza
Lehengo urteko arrakastari jarraiki azaroaren 29 eta 30erako Herri Musika Jardunaldiak antolatu dituzte Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Herri Musikaren Txokoak Oiartzunen. Herri musika eta herri dantza izango dira aurten jorratuko diren gaiak. Izan ere, askotan batera joaten diren bi arlo baitira eta antzeko egoera bizi dutenak. Horretarako mintegia, tailerra, jaialdia eta erromeria antolatu dituzte. Bertan, Euskal Herriko nahiz Euskal Herritik kanpoko gonbidatuak izango dira.
Itsasoaren museoak
Garai bateko Euskalduna ontziolen dikeen gunean kokaturik, hilaren 21ean irekiko ditu bere ateak azkenean Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak. Itsasoa gizartera hurbiltzeko xedez, 27.000 metro koadroko azalera egokitu dute. Bi erakusketa izango ditu. Kanpoaldean, era askotako ontziak izango dira ikusgai. Barruan berriz, maketak, margoak, itsasontziak eta itsasoarekin loturiko beste zenbait obkejtu paratu dituzte. Guztira, berrehun bat piezarekin irekiko ditu ateak Itsas Museoak eta egunero izango da zabalik abendua bitartean. Bestalde, Pasaiako Badian den Askorreta Ontziolan kokatuko da egun Donostian den Untzi Museoa. Behin betiko erabakia ez izan arren, leku hori ikusi du Gipuzkoako Aldundiak leku egokitzat. Bertara eramango dituzte egun Untzi Museoak dituen 24 itsasontziak. Museo berrian itsasontziak kopondu eta berriak eraikiko dira, besteak beste.
Munduko inprobisazioaren basea
Bukatu dira Ahozko Inprobisazioa Munduan Jardunaldiak. Ez ordea bere ondorioak. Argo, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren web gunean martxan jarriko den datu basea izango da horietako bat. Izan ere, bertan mundu guztitik inprobisazio kantatuaren inguruko informazioa kontsultatu eta gehitu ahal izango da. Xenpelarretik diotenez, bertsolaritzari buruzko informazioa gutxi gorabehera kontrolatua zegoen orain artean. Proiektu berri honek ordea, mundu mailako informazioa eta harremanak antolatzea ekarriko du.
Zinebi-ren markak
Marka guztiak hautsi ditu aurten hilaren 24an hasi eta 29an amaituko den Zinebi, Zinema Dokumentalaren eta Laburmetraien Bilboko Nazioarteko Jaialdiak. Guztira 1.945 film jaso dira, nahiz eta 96 izango diren azkenean lehiatuko direnak. Horietatik 20 animaziokoak, 53 fikziozkoak eta 23 dokumentalak. Eta sei euskal laburmetrai ere izango dira. Markak hautsi ditu, baita ere, dokumentalei eskainitako lehia prestatu duelako Arte Ederretako Museoan. Zinebidok izena darama eta bere epaimahai propioa izango du. Bestalde, Anna Karina edota Jean Luc Godard-i eskainitako zikloak eskainiko dira aurten. Eta azkenik Bilborock-en bideo musikalak ikusi ahal izango dira.
Emakumeen memoria
Gure Historiaren memoria gorde eta zabaltzea da Euskadiko Filmategiaren eginbehar nagusia. Hain zuzen ere, filmen bidez betetzen du eginbehar hori. Orain artean ordea, emakumezkoen historian zuen hutsune nagusia. Horregatik sinatu dute Emakundek eta Filmategiak akordioa. Ekimen horren bidez, Historiaren une ezberdinetan emakumeak izan duen lekua eta garrantzia erakutsiko duten filmak gorde eta zabaltzeko konpromisoa hartu du Filmategiak. Konpromiso horren lehen pausoa emana dago. Izan ere, Begońa Gorospek eginiko Eusko Emakumeak: 1930-1939 filma Filmategiaren eskuetara pasa da. Dokumentu honek Gerra Zibilaren aurretiko euskal emakume langileen baldintzak eta garaiko egoera soziopolitikoarekin zuten harremana aztertzen du.
Lumičre baino lehen
1895ean patentatu zuten Lumičre anaiek zinematografoa. Baina aurretik, Historian zehar, hainbat aparatu sortzen joan ziren irudien bitartez errealitatea biltzeko asmoz. Iruńeko Planetarioak egun hauetan ikusgai jarri duen «Altamiratik zinematografora, irudiaren odisea» erakusketak bildu ditu horietako asko: XVI. mendeko kamera ilunak, XVII.eko linterna magikoak edota XIX.eko jostailu optikoak. Irudia erabat onartua dugun garai honetan, irudi horiek zein prozeduren bidez lortzen diren argitu nahi du erakusketak.
Artea sarean
Dagoeneko Interneten dago ikusgai Bilboko Arte Eder Museoak sustatutako Arteder, euskal artearen datu basea. Museoak 15.000 dokumentu zituen gordeak bere liburutegian. Eta hori baliatuz jarri du martxan Interneteko datu basea. Oraingoz, XIX. mendetik gaurdaino euskal artisten eta talde artistikoen informazioa bildu dute. Etorkizunean ordea, beste zenbait gai jasotzea da helburua. www.bd-arteder.com/euskera-n sartzea besterik ez dago.
Gure aurpegiak
Dantza, antzerkia, zinema, musika, festak, kirola eta euskara bera jorratuko ditu Euskal Kultur Erakundeak Elhuyar Fundazioaren laguntzaz Donostian aurkeztu berri duen erakusketak. Euskal Herriaren aurpegiak erakutsi nahi ditu erakusketak 400 argazki, bideo bat, soinu dokumentuak eta testuak baliatuz.
Lucia Lacarraren hitzak dira hauek «Nabarra»n jasoak: «Hainbat dantzari ez dela bizi izan konturatzen da gero. Posible da baleta eta bizitza uztartzea, posible eta beharrezkoa».
Xabier Gereńok zera adierazi zuen «Jakin»en: «Euskaraz literatura serioa egin gura badugu, behetik hasi behar dugu lehenik».
Montxo Armendarizek hauxe zioen Zinema Independenteko Ourenseko Jaialdian: «Zinemagintzara inbertsio pribatua bideratzeko ekimenak behar dira. Egun diru-laguntzen bidez egin daitezke soilik filmak».
Jon Benitok ondorengo hau idatzi zuen «Berria»n: «Idazle gazteak zaharrak dira hemen, azkarregi zahartu dira. Ardurak, inportantziak, ćobrakĆ eta sariek irentsi dituzte».
Jon Sarasuak Ahozko Inprobisazioa Munduan Jardunaldiei buruz «Gara»n: «Euskara izan da nagusi jardunaldiotan. Euskara beste hizkuntzetara itzultzen dute eta etorri direnak ohitu dira hizkuntza nagusia gurea izatera. Ez dut uste topaketa askotan gertatu denik».
Toti Martinez de Lezeak «La comunera» nobela historiko berria kaleratu du Maeva argitaletxearen eskutik. Kontatzen duen istorioa XVI. mendeko Gaztelan kokatua dago eta Maria Pacheko gazte iraultzailea da protagonista.
Aitzol Aramaiok dagoeneko hamalaugarren saria jaso du «Terminal» bere lehen laburmetraiagatik. Berlingo Film Laburren Jaialdian lehendabiziko saria jaso du oraingoan. Guztira, 3.000 euro irabazi ditu eta jaialdi gehiagotara aurkezteko parada du orain.
Jesus Mari Lazkano artista gipuzkoarraren azken hamar urteotako lanak daude ikusgai Iruńeko Sei arte galerian. Horrez gain, Lazkanok argitaratu berri du «Roma» liburua Bassarai argitaletxearen eskutik. Italiar hiriburuan eginiko oharren koadernotik sortutako lana da hau.
Ballet Biarritzek azaroaren 29an eta 30ean estreinatuko du Biarrizko Gare du Midin «Cigale» izeneko lana. La Fontaine alegia idazlearen ipuinean oinarritutako lana da.
Axular Arizmendi DJk bakarkako lehen lana plazaratu du Oihukaren eskutik. Pin Pan Pun Band! taldeko kideak dantzarako musika elektronikoa jorratu du diskoan, eta tartean hainbat perkusio tresna ere baliatu ditu.
Unai Elorriaga aukeratu du, besteak beste, Produccions do Pais de Nunca Mais ekoiztetxeak Prestige petroliontziaren hondamendiari buruzko film laburrak egiteko gidoiak prestatzeko. Film labur horiekin iraupen luzeko bat egingo da eta honen etekinak Nunca Mais Fundazioari emango zaizkio.