Pilar Iparragirre
Anaiak ematen duzue
Xabier eta Martin Etxeberria
Elkar
80 orrialde
5,90 euro
Bikiak protagonista
Umorez blai dagoen kontakizuna da "Anaiak ematen duzue", Xabier eta Martin Etxeberria zarauztarrek hamar urtetik aurrerako irakurleentzat tandemean idatzi duten liburua. Bikiak izaki kontakizunaren egileak, bikiak dira liburuko protagonistak ere, berdinak izateagatik ezberdin diren bi mutiko. Bikiak izateak abantailak ekarri dizkie bizitza gogor honi aurre egiteko garaian, maiz jendeak ez dakielako bereizten nor den nor haien artean, baina arazoak ere ez zaizkie falta, ikasgelako kankailuenak, bere iseketarako gai hartuak baititu; bietako zein den bestearen fotokopia eta antzekoekin etengabe iraintzen ditu. Anaia biak elkartu eta jakingo dute bestea isilarazten. Okerragoa gertatuko zaie, ordea, biak neska beraz maitemintzen direnean.
Estamos con la afición
Batzuen artean
Eseté
162 orrialde
3 euro
Reala garaile denean, errealzaleak nonahi
Txapelketetan futbol talde bati gauzak ondo samar doazkionean, poz-pozik dabiltza haren betiko jarraitzaileak, jakina, eta berriak ere ugari sortzen zaizkio nonahi. Reala primeran ibili zen aurreko denboraldian, eta errealzaleen poz hori hartu dute hizpide "Esetè" aldizkarikoek udazkeneko zenbakian, futbolaz, futbolzaleez, fan-ez eta abarrez hitz egiteko. Orduan, Gipuzkoako edozein bazterretan ikus zitezkeen bandera txuri-urdinak zintzilik; eta dendetako erakusleihoetan, jendearen janzkietan eta auskalo beste zenbat lekutan ere aurki zitekeen kolore horien aztarnak. Baina "Esetè"k azaltzen duen bezala, Realak baditu jarraitzaileak Miranda de Ebron, Fuerteventuran, Madrilen... eta baita Bilbon bertan ere.
Egiaren ispilua
David López
Ibaizabal
6,30 euro
Liburuak CD-Romean
Bizkaieraz entzun daitekeen David Lópezen "Egiaren ispilua" kontakizunarekin ematen dio hasiera Ibaizabal argitaletxeak bere "Multimendia Bilduma"ri. Formatu digitalean egindako liburuen bilduma da adin guztietako irakurle, entzule eta ikusleei zuzendua dagoen hauxe. CD-Rom bakoitzean agertzen den narrazioa edo istorio bilduma ahotsez, animazioz, hots efektuz eta musikaz osatua dago, batzuetan bizkaieraz, besteetan batuaz. "Egiaren ispilua" istorioaz gain, beste honako liburuok ere aurki daitezke bilduman: Iñaki Zubeldiaren "Iratxoen bihurrikeriak", Jose Penadesen "Hauskara", Juan Manuel Etxeberriaren "Gabonak ipuinetan" eta "Bizkaialdeko ipuin-esaundak", eta Aitor Aranaren "Neskea eta Jaungoikoa".
Oihenart, hautatua
Arnaud Oihenart
Hiria
98 orrialde
8,75 euro
Txomin Peillen Oihenartez
Txomin Peillen zuberotarrari zor dizkiogu Hiria argitaletxeak plazaratu duen "Oihenart, hautatua" liburua eta bertan azaltzen den Arnaud Oihenarten biografia eta nondik norakoak. Arnaud Oihenart (1592-1667) elizgizona izan ez zen lehen euskal idazlea dugu, eta hautaketa honen egileak baieztatzen duenaren arabera, baita urte askotan gure historialari kritiko bakarra ere, hau da, Euskal Herriaren historia aztertzeko orduan bere garaiko eta aurreko asmakeriak baztertu eta gauzak gertatu ziren moduan adierazteko dokumentuetara jo zuen lehenetarikoa. Horrela osatu zuen latinez "Notitia Utrisque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitaniae" idazlana. "Oihenart, hautatua"n, euskarazko bere obra poetikoa eta hizkuntza berean bildu zituen atsotitzak aurki daitezke.
Txio eta Mu.Trenean, Mimatzen
Marjolijn Hof, Fransje Smit
Ibaizabal
12 orrialde
4,10 euro
Bi ipuin liburu batean etxeko txikienentzat
Ibaizabal argitaletxeak etxeko txikienentzat kaleratu berri duen "Txio eta Mu" bildumaren liburu bakoitzean, bi ipuin ageri dira, txori batek eta behi batek osatzen duten bikote samur eta dibertigarriarekin neska-mutikoek jolas berriak ikas ditzaten. Izan ere, Txio eta Mu beti dabiltza jolasean, baina beti dabiltza ikasten ere. Mu baldar samar agertzen da batzuetan, baina beti du ondoan Txio, gauzek onera egin dezaten. "Trenean" istorioan, kasu, trenaren jolasa egitea proposatzen dio Txiok Muri. Txoria aurrean jartzen da, txu-txu eginez, baina Muk ez du gustuko besteak txu-txu egiteko era, ez baitira mugitzen. "Egizu zeuk", erantzuten dio Txiok, eta orduan Mu txoriaren aurrean jartzen da.
Karmel
Batzuen artean
Euskal Herriko Karmeldarrak
98 orrialde
11,50 euro urteko
"Karmel"en azkeneko zenbakia dagoeneko kalean
Euskal Herriko Karmeldarren "Karmel" hiruhilabetekariaren azkeneko zenbakian, besteak beste, lan hauek aurki ditzakezue: Andoni Barreñaren "Umea euskara eta gaztelera aldi berean garatzen"; Andres Urrutiaren "Simenon euskaraz edo Eusebio Erkiagaren 'Aspaldiko Maigret'"; Mª Pilar Lasarteren "Rudolf de Rijk, Etty Hillessum. Bi holdar maitagarriak"; Patxi Uribarrenen "Euskalkiei buruzko gogoeta batzuk (bizkaiera bide berri bila)"; eta Juan Mari Arrizabalagaren "Bartzelona modernista".
Eguraldiaz hizketan
Mikel Peruarena Ansa
Elkar
180 orrialde
13,50 euro
Mikel Peruarenaren lehen poema liburua
Mikel Peruarena Ansa hernaniarraren lehen poema liburua da "Eguraldiaz hizketan". Ehun bat poema daude bilduta bertan: sarrera moduko bat eta bost atal. Ñabarduraz betea dago eguraldia gure herrian, eta eguraldiaz aritzea gure errealitate gorabeheratsuaz hitz egitea ere izan daiteke. Hasiera batean, maiteari zuzentzen zaio olerkaria "Eguraldiaz hizketan" liburuko poemetan, bere sentipen sutsuak agertzeko, oso baikor, maitasunaren apologia heretiko bat egiteko grinaz. Baina gero amorrua ere ageri da bere olerkietan, inguratzen duen errealitate gordinez hitz egiterakoan, eta azkenean etsipena ere suma daiteke garbi bere esanetan. Gaztea da poeta, baina oso ironikoa. Bere ametsak defendatu nahi ditu, ihesi joan beharrik izan ez dezaten, haur zenean hain gustuko izan zituen lehen txerpolari haiek bezala. Etxe berezi bat eraiki nahi luke, maitearekin bizitzeko. Baina maiteak urrun joan beharko du, eta maitearen ausentzia mingarri horrek, hitzak ere eraman egingo dizkio olerkariari. Geografia ezaguna hartzen du espazio poetikotzat Mikel Peruarena Ansak eta gai handiak xehetasun zehatzekin lotzen ditu.
Pilar Iparragirre
Zein da «Eguraldiaz hizketan» liburuaren helburua?
Ba, jakina da euskaraz argitaratzea ez dela publiko oso ugari batentzako argitaratzea, eta are gutxiago poesia izanik. Zer ekarpen egin nahi izan dudan liburu honekin? Ez literatura unibertsalaren historiari, eta ez euskal literaturaren historiari urrezko hizki handiegirik emateko ahalmenik neure buruari ikusten ez diodanez, helburu umilago batzuk bilatu ditut. Barruan neuzkan hainbat gauza esatea, adibidez, askotan eguraldiaz hizketan, hala behartuta edo hala datorkigulako, agertzen ez diren gauza horiei leku bat egitea.
Zer aurkituko du irakurleak zure poemotan?
Hiru egoera edo sentimendu nagusi ageri dira liburuan zehar, eta trantsizio moduan-edo jokatzen duten tarteko atal batzuk ere bai. Egoera horietan guztietan maila pertsonala eta herriarekiko kezka -edo egoerarekikoa- uztartzen saiatu naiz (ez dakit lortu dudan), bata zein bestea ezin ditudalako banatuta ulertu. Eta poemotan uste dut nabarmen agertzen dela euforia sentimendu bat, hasieran; amorrazio sentimendu bat, gero; eta depresio egoera bat ere bai. Eta, nire ustez, maila pertsonalean oso esanguratsuak dira hiru sentimendu horiek, eta herri bezala gure egoera animikoan gertatzen diren aldaketa handien eta gorabeheratsuen isla ere izan daitezkeelakoan nago.
Besterik?
Liburu hau konpromiso baten emaitza ere badela. Pertsonekiko konpromisoa -zehazki pertsona batekikoa- eta herriarekiko konpromisoa. Nik hala bizi izan dut, behintzat.
Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda
Jaki transgenikoekin berriro bueltaka
Joan den uztailean Europako Batasunak neurri zorrotzak hartu zituen produktuen etiketetan, elaborazioaren edozein unetan transgenikotasun arrastorik dagoen ala ez islatzeko. Hala ere, herrialde eta enpresa multinazional askoren eraginez, Europako Batasunaren mahai gainean jarri berri da lehen jaki transgenikoaren inportazio eta produkzioari argi berdea eman ala ez erabakitzeko eztabaida, baina Europako Batasunak aipatu eztabaida abendura atzeratzea erabaki du, aldez aurretik herrialde guztiek ongi pentsatzeko denbora izan dezaten.
Bt-11 deituriko artoa Novartis talde farmazeutikoko enpresa batek komertzializatzen du eta Ameriketako estatubatuarrak dira gehien kontsumitzen dutenak, krispeta moduan, hain zuzen ere. Arto mota honek Europako jakien segurtasunaz arduratzen den EFSA erakundearen oniritzi zientifikoa jaso berri du eta hainbat birus eta intsekturen erasoen aurrean defentsa ona erakusteaz gain, hainbat herbizida onartzen du.
Dena den, arestian aipatu presioaren adibidea hauxe dugu: AEBek, Kanadak eta Argentinak Munduko Merkataritza Erakundearen (MME) aurrean Europako Batasuna salatu berri dute jaki transgenikoen inportazio eta produkzioari ezarritako luzamenduagatik. Estatu hauen arabera Europak argudiatutako ingurumen eta osasun arrazoien atzean merkataritza babesteko politika baino ez dago.
MMEk har dezakeen erabakiaren garrantzia izugarria da, zeren eta artoa inportatzearen alde erabakitzen badu, batetik, 1999 urteaz geroztik Europak jarritako luzapenaren amaiera izango litzateke, eta bestetik, zabaldutako atetik beste 21 jaki transgeniko pasatzeko bidea errazagoa izango litzateke. Gainera, une honetan munduan 60 milioi hektareatan arto transgenikoa lantzen den bitartean, Europan 60.000 hektarea baino ez dira jarduera horretara dedikatzen eta beraz, Europako nekazaritzak desabantaila nabaria izango luke atzerrikoarekin alderatuz.
Europako Batasuneko hamabost kideetatik bost, Frantzia horien artean, jaki transgenikoen aurka daude, baina MMEren erabakia izango da indarrean jarriko dena. Erabaki hau jaki transgenikoen aldekoa bada, gizartearen presioa izango da erabakiorra, jaki transgenikoen kontsumo handitzeak edo txikitzeak edozein erabaki politikok baino indar handiagoa izango baitu.
Informazioa enkriptatzeko era berria
Torontoko unibertsitateko ikerlariek segurtasun neurriak behar dituzten dokumentuetan argazkiak, sinadurak eta hatz digitalak enkriptatzeko estrategia berria asmatu dute.
Eugenia Kumacheva ikerlariaren zuzendaritzapean garatzen ari diren teknologia berriak heltzen zaizkien dokumentuak manipulatuak izan ote diren berehala jakitea ahalbidetuko die aduanei zein segurtasun osoa behar duten erakundeei.
Polimeroetan aditua den Eugenia Kumachevak sortu duen teknologiak ondoren datorrena du oinarri. Oso zabalera txikia duen polimero-film bat sortzen da hiru geruza elkartuz. Geruza hauetako bakoitzak tinda desberdina du: batek izpi ultramoreekiko sentikortasuna du, besteak izpi ikusgaiekikoa eta azkenak izpi infragorriekikoa. Intentsitate handiko irradiazio baten bidez hainbat datu enkripta daitezke aipaturiko hiru geruza horietan. Adibidea jartzen hasita, pasaporte baten argazkiaren atzean begien bistarako ikusgai ez diren bestelako datuak ezkutatzen ahal dira, esate baterako hatz markak eta sinadura.
Sortzaileak dioenez, teknologia honek alternatiba azkarragoa eskain dezake administrazio publikoetako hainbat zerbitzuetan eta segurtasun kontrola duten guneetan.
Katixa Garate
Urriaren 24an aurkeztu zuten Topok eta Joxemari Carrerek Helder Costaren Gizon Ustelgaitza. Politikarien gaineko hausnarketa zorrotza da bakarrizketa. Besteok ere ez gara libratzen.
guztia irakurri
Nere Lujanbio
Baina zertaz ari gara zehazki Zabor-Kultura esatean? Jordi Costa kazetari eta erakusketako komisarioaren hitzetan "zabor-kultura errorearen ospakizunean oinarritzen den plazer estetikoaren poetika da". Gizartea, artea eta kultura ulertzeko eta begiratzeko modu alternatibo bati loturik, kultura ofizialak gaitzesgarritzat jotzen duen hori goratzea du eginkizun. Hala ere, ezarritako arauetatik at geratzen den oro ezin omen da zabor-kultura kontsideratu, honek ere baditu eta bere muga propioak. Ederki zehazten du Costak berak: "Zabor-obra biribila liluratzen duen zerbait zatar-zatarra da. Horregatik kreazio aberrante guztiak ez dira klub horretan sartzeko modukoak: ezarria dagoen kultura itogarritzat bizi duen ikusleak, zintzotasunak, indarrak eta errepikaezintasunak bereizten duen errorea soilik aldarrikatuko du sedukzio-objektutzat".
Beraz, ofizialtasunaren galbahean, zirrikitu estuetatik pasa ezinik geratutakoaren zati bat da Montehermoson ikusgai duguna. Erakusketaren kokapena bera aurkeztutakoaren izaerarekin bat dator, garai bateko hiriko ur-gordailuan, eraikinaren zorupean baitago. Bertara iristeko, xumeki argitutako maldetan behera, azpimundu ezezagun eta misteriotsu batean murgiltzeko prestatzen da bisitaria, nahigabeko errorea ezaugarri komun nagusi duten era guztietako objektu, ikuskizun eta sentsazioen bila.
Akatsaren goraipatzea
60ko hamarkadan, begi izugarri handi eta tristeak zituzten haurrak margotuz AEBetan Kitsch estetikaren paradigma bilakatu zen Margaret Keane eta espetxean dauden serie-hiltzaileen arte obrak, beraien ibilbidearen krudeltasunaren arabera kotizatuak (gero eta ibilbide odoltsuagoa, orduan eta kotizazio altuagoa merkatuan, noski), osatzen dute erakusketaren lehenengo atala. 70eko hamarkadan Espainiako Estatuko Costa del Sol eta Zaragozan hirigintzan eta arkitektura turistikoan nagusitu zen estetikak, oraindik orain, zenbait txokotan topa litekeenak, ere badu bere lekua. Zinema, musika, telebista, Internet... dagoeneko alor guztietara zabaldu da zabor-kultura delakoa eta guztiak ezagutzeko aukera izango du bisitariak.
Zinemari eskainitako atalean Ed Wood, historiara sekulako zinema zuzendari txarrena bezala pasatu dena, da aipagarriena. Bere asmoa, inondik ere, ez zen film txarrak egitea izan, baina halakoxeak atera zitzaizkion. Hain ziren kaxkarrak eta gaizki eginak, ordura arteko zenbait arau estetiko eta formalen haustura ere eragin zutela. Nahi gabe edo aurrez intentziorik eduki gabe, hala ikusi nahi zuenarentzat, espresio modu berritzaile bat sortu zuen. Ed Wood bera eta bere gisako zabor-sortzaileak abangoardia artistiko eta estetikoarekin nolabaiteko lotura izatera iritsi dira nahiz eta kasualitatez izan, eta lengoaia berri horiek, ondorengo sortzaileetan eragin nabarmena izan dute. Abangoardia artistikoekin duten aldea nabarmena da ordea, artearen kasuan sortzailea baitzen obrari artistikotasuna eman edo kentzeko eskubidea zuen bakarra eta hemen, sortzaileak ez du berritzailea izateko asmorik, ikusleak ematen dio izaera hori.
Zaborraren inperioa
Erakusketaren azken zatiak bisitariaren partehartze zuzenari aukera ematen dio. Musikaren kasuan, merkatuak inposatutako gustuaren diktadurari aurre egiteko, gustu alternatiboa lantzea aldarrikatzen du, "zabor" arteko arkeologiaren bidez, batetik eta bestetik, ahaztutako "perlak" erreskatatuz. Raphael, Heino, Luixy Toledo, Mary Scheider edo Tamara bezalako kantarien disko, kartel, bideoklip eta elkarrizketekin "gozatzeko" aukera ematen zaigu bertan.
Orain arte estetika eta bizimodu alternatibo eta hein batean iraultzaile bezala ikusi dugun zabor-kultura, telebistaren esparrura iristean arau bilakatu da. Zabor-kulturak izan zitzakeen elementu kritiko eta ironikoak desagertu egin dira telebistan eta guztia bilakatu da hondakin. Erakusketak adibide paregabeak ematen ditu "zaborraren inperioa" bilakatu den telebistari eskainitako atalean. Beste hainbeste gertatu da Interneteko sarean ere. Hor ditugu egungo freak showak diren zenbait web orri pertsonal. Zaborra gure bizitzako esparru guztietara hedatu dela azpimarratzen duen instalazio batekin amaitzen da erakusketa. Lana, janaria, harremanak, gizartea... zabor-kulturaren filosofia botereak bere egin duenean, lehen estrategia kulturalean eragile aktibo bezala jokatzen zuen ikuslea osagai pasibo bilakatu da.
Hausnarketarako deia
Erakusketaren helburua ez da ezeren aldarrikapena egitea, ofizialtasunaren harresien kanpoaldean sortutakoaren ikuspegi orokor bat ematea baizik. Baina bada mota honetako erakusketa bat Arte eta Kultura ofizialari eskainitako gune batean ezartzea begi onez ikusi ez duenik. Azken finean, kultur munduan eliteak beti egon izan dira eta badaude. Kultura ofiziala eta zabor kulturaren arteko harremana, erregea eta bufoiaren artekoaren parekoa da. Kultura ofizialak beharrezko du zabor kultura bere edertasuna eta nagusitasuna nabarmentzeko.
Honek guztiak galdera zaharrak berrikustera garamatza. Nork du benetako eskumena artea zer den eta zer ez erabakitzeko?
Erakusketa muntaia aldetik oso ongi egina dago eta dudarik gabe, bisitariak une atsegina igaroko du bertan. Oroitzapenak eta irriak piztuko dizkio baina baita gogoeta sakon bat egiteko beharra ere, artea eta kulturaren izaeraren inguruan eta gero eta hedapen handiagoa duen zaborraren inguruan, besteak beste. Norberak atera ditzala bere ondorioak.