Aitor Zuberogoitia
Artikulu hau bistaratzen duzunerako, irakurle, inauguratua izango dute Gasteiz aldean El Boulevard izeneko merkataritza-gune erraldoia; hain erraldoia non 80.000 metro koadroko azalera beteko baitu. Ez alferrik, Euskal Herriko merkataritza-gunerik handiena izango dela esan eta esan ari dira. Handiena bai ausaz, ez ordea bakarra: Bilbon, berbarako, Guggenheim eta Euskaldunaren artean tankera beretsuko beste saltoki bat egitekotan ei dabiltza. Bilbotik ez oso urruti, bestalde, beste zenbait merkataritza-gune handi daude, denak ere elkarrengandik kilometro gutxiko tartean; Sestao, Erandio, Leioa, Basauri edota Durangaldekoak datozkit gogora hau esaterakoan, baina ezin ahaztu bidean direnak: Urtuellan, konparazio baterako, harro demonio zebilen bertako alkatea, Espainiako merkataritza gunerik handiena egingo zutela aldarrika (geldirik omen dago kontua, baina argi dago Joxe Azurmendik salaturiko handikeriaren kulturan bizi garela oraindik); Barakaldon, berriz, Udala tematuta dabil Ikea multinazionala Ibarreta-Zulokoko hezegunera erakarri nahian, han saltokia ezar dezan. Kontua epai-bideetan zen arren, gertaera burutuen politika indarrean jarri eta hezegunea (Ezkerraldeko natur gune bakanetakoa) sikatu egin zuten, Zatikako Lurralde Plana horretarako propio aldatuta. Orain aldaketa hori baliogabetu dute epaitegiek, baina alkateak, hala ere, Ikearen Megapark egitasmoa egin egingo dutela dio (Itoizko gertaeren irakasbideak Bizkaia partera ere ailegatu diren seinale).
Denok egin izan dugu osteraren bat saltokiotara, badakit. Badakit halaber gauzak ez direla erabat zuri edo beltz izaten, baina, hala ere, merkataritza-gune handion arribatzeak beltzetik zuritik baino gehiago daukalakoan nago. Patxi Juaristi lagunak ederto aztertu du kontua ondo bidean laster kalean izango den liburu guztiz gomendagarri batean; saltokiok, besteak beste, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko distantzia ikaragarri handitzen dute, ekonomia deserrotu (deslokalizatu esaten dute orain), erabaki-zentroak urrundu, tokian tokiko produkzioa hilzorian utzi, herri txiki eta ez hain txikietako denda asko zarratzera behartu (eta, ondorioz, herriotako harreman-sarea ahuldu), autoaren gehiegizko erabilera (saltokiok hiriguneen kanpoaldean kokatu ohi baitituzte) sustatu, kultur uniformizazioa bizkortu, kontsumokeria areagotu...
Metaketa etengabean oinarrituriko sistemaren ajeak dira, kontraesan handi batean oinarrituriko sistema baten ajeak: ekonomiaren hazkunde etengabea ei da kontuaren gakoa, giltzarria; haatik, hazkunde mugagabe hori geroz eta muga agerikoagoak dituen ekosistemaren gainean burutu guran dabiltza. Ez da harritzekoa gero, oparotasunaren gizarte honetan (munduko biztanleriaren laurden batek -asko jota- soilik gozatu ahal duen oparotasuna, ez dezagun ahantz), zaborra bera izatea arazo nagusienetarik bat: hil ala bizi ekoitzi eta ekoitzi ari gara, ingurumenaren eta gure osasunaren bizkar, eta gero ez dakigu ekoizpen horren hondakin geroz eta ugariagoekin zer egin; gutxiago ekoitzi eta lasaiago bizi beharrean, berdin segi eta zaborra erraustea ei da orain aterabidea, bidenabar ingurumena gehiago hondatu eta gurpil zoroa are eroago bihurtuta. Hau guztia gogoan, duela urte batzuetako telesaio bat datorkit akordura: The Fall and Rise of Reginald Perrin. Reginald Perrin deitzen zen protagonista, bistan denez; inguratzen zuen gizartea aztertuta, ideia bikaina izan zuen Perrinek: ezertarako ere balio ez zuten produktuak saltzeari ekin zion (horrela iragartzen zituen gainera), eta baita derrepentean aberastu...
Badira, dena den, kontsumitzaileok daukagun botere itzelaz jabetuta, beste tankera bateko kontsumoa bultzatu guran dabiltzan elkarteak: kontsumo arduratsua, tokian tokiko ekoizpenean eta ingurumena errespetatzen duten produktuetan oinarritua, ekoizleei lan-sari duina ordaintzea duena helburu. Autoeraketan oinarrituriko guneak dira, eta, apurka-apurka zabaltzen ari diren arren, bide luzea dute egiteko. Bilboko Bizigai da horietako bat, eta diru-arazo larriekin dabil, nahi eta ezinean. Bada, beraz, elkarteok indartzeko garaia, besterik ez bada ere Reginald Perrinen jarraitzaileek gure kontura aberasten jarrai ez dezaten.
Joxemari Agirre
San Martín biharamunean, izenburu handietan eta lehenengo orrian, ozen eta nabarmen adierazten zuen Bilbon argitaratzen den egunkari batek «Euskal Autonomi Erkidegoan guztiz behera egin duela atzerriko inbertsioak» eta jakina... guzti hori Jaurlaritzaren proposamenaren ondorio zela, esan gabe, esaten zuen. Aste bete lehenago, Actualidad Económica aldizkariak honako galdera honekin irekitzen zuen bere alearen azal nagusia: Bideragarri (ekonomikoki, noski) ote da Euskal Herri independente bat? Euskal Herrian ari diren 25 enpresari egin omen diote galdera hori eta inork ez omen die erantzun.
Mikel Buesak burututako inkestan mila enpresariri bidali omen zitzaion galdesorta, baina 78 bakarrik izan omen ziren erantzun zutenak eta balio handirik gabe utzi zuten ikerketa.
Egun batzuek lehenago BBVA eta Iberdrolako goi ordezkariei, hirugarren hiruhileko euren balantzea aurkeztu zutenean, kazetariek, ez ohiko jakin minez, galdetu zietenean nola ikusten zuten Ibarretxeren egitasmoa, haien erantzuna betikoa izan zen: indarrean dagoen legedia eta ordenamendua betetzen dutela beti, nahiz eta kazetari batzuek komenentziaren araberako interpretazioak egin eta Lehendakariaren proposamenaren aurka agertu zirela inongo lotsarik gabe aitortu.
Horregatik azpimarratzen zuen Actualidad Económica aldizkariak: enpresek ez dakite, ez dute erantzuten eta, noski, erantzunik ezaren aurrean esplikazioren bat aurkitu behar zuten eta baita aurkitu ere. Alegia, enpresek ez dutela erantzuten beldur direlako, haien aburua ematen ausartzen ez direlako.
Lehendakariaren proposamenaren kontra, eztabaida oro ito nahirik, fronte asko jarri dira abian eta horietako bat fronte ekonomikoa da. Enpresari, finantzari eta eragile ekonomiko guztiak, gizon bat bezala agertu ez ezik, inongo erreparorik gabe nabarmenduko zirela uste zuten, baina kale egin dute ahalegin horretan. Izan ere, ardura ekonomikoa dutenek, egoera politikoak aldatzen direla eskarmentua dutenek, zuhurtzia eta perspektiba gehiagorekin jokatzen dute.
Mugimendu honen atzean ez dago ez ikerketa seriorik, ez iritzi jasotze sakonik eta gutxiago arazoa benetan aztertzeko borondaterik. Kezka, urduritasuna eta giro desatsegina sortzeko erabiltzen diren adierazpen lodikoteak baizik ez dira .
Euskal ekonomia Europako barne merkatuan ondo txertaturik dago eta Jaurlaritzaren egitasmoak ez du hori zalantzan jartzen. Porterek zioen bezala enpresak dira lehian egiten dutenak eta ez nazioak, eta gure enpresak ohituta daude Estatuko merkatuan, Europako barne merkatuan eta mundu zabalean lehiatzen. Eta bide horretatik jarraituko dute proiektu berria gauzatzean ere, bertan ez dagoelako inolako autarkiarik edo independentzia ekonomikoaren tentazio izpirik ere.
Aitzitik, nire ustez, alderdi eraginkor asko ditu Lehendakariaren proposamenak euskal ekonomiarekiko. Hiru bakarrik aipatuko ditut adibide gisa. Ikerkuntza eta Garapena Jaurlaritzaren esku egongo lirateke, bete betean. Gauza bera esan daiteke Enplegu eta Prestakuntza Profesionalari buruz. Bi palanka eraginkor lehiaketarako. Eta hirugarrena, garrantzitsuena, bakea eta normalkuntza bideratzeko plana izanik, hori lortzea litzake, enpresarientzat, ekonomiarentzat eta gizarte osoarentzat helbururik onuragarriena eta eraginkorrena.
Euskal ekonomia geroz eta irekiagoa da, gero eta europarragoa da eta EBko bataz bestearen gainetik dago. Egia da hazkunde bide horretan nazioarteko abaguneak lagundu diola, baina baita ere aitortu beharrekoa da bertako erakundeek egin duten ahalegina euskal ekonomia erori zen krisialditik ateratzeko. Eta gure enpresariek badakite, Lehendakariaren proposamena aurrera ateratzen den heinean, bertako erakundeen ahalmena bizkorragoa izango dela lehiakortasun giroa sortzeko.
Pello Zubiria
Gazte Merkataria esan nahi duen arren ingelesez bere abizenak, doan ematen du gure lagun Johnek urte luzez metatu duen informazio altxorra. Semikonduktoreen alorreko ingeniaria lanbidez, jakinduria zabalekoa da, munduko paraje eta jende asko ezagutu du eta jainkoek erantsi dioten artritisari buruz idatzita dagoen guztia irakurri du. Baita sendatzea agintzen duen botika, belar, terapia eta azti oro probatu ere.
Argiaz gain kritikoa ere bada Kaliforniako gure John. Egunero 2.000 espondilitikok sendagarririk onena dugun Interneteko foroan izan naiz horren lekuko. Esaterako, 2001eko irailaren 11 ondoren egokitu zaio zaplazteko bat baino gehiago hartu beharra (beti errespetua goardatu zioten oinazekideek emanda) ekialdeko mairu etsaien arrazoiak ulertzen saiatzeagatik. Sorgin ehiza garaiotan, nabarmenegiak dira-eta espiritu libreak.
Adinagatik eta bizitzaren aurrean duen jarreragatik urez bestaldeko 68ko maiatz hartako gizona iruditu zait beti John Merchant, urteek eta gerri ondoko gantzek eragindako makaltzeari aurre egiteko egunero entrenatzen dena.
Joan den udaberrian helbidea eskatu nion Johni. Opari batez nahi nion eskertu Interneten doan ipini duen Surviving the Autoimmunity Challenge liburuaren paperezko ale bat postaz bidali izana. Horrela jakin nuen «Anza Park» izeneko paraje batean bizi dela. Juan Bautista de Anza Park. Ansa, Anza, Antza... «Ni bizi naizen Hernanitik oso urruti ez dik izan behar jatorria Juan Bautista Antza horrek. Eta gure inprimategiak ere izen bera zaukak» idatzi nion Johni.
Kaliforniako herritarrek beren estatuaren fundatzaileetakoen artean daukate Antza. Mexikoko Sonoran sortu zen 1736an. Aita, Juan Bautista hau ere, Hernanin jaioa zen eta 19 urterekin iritsi zen Mexikora. Bidaia gurasoekin batera egin zuen: ama Luzia Sasoeta eta aita Antonio Antzarekin. Botikario honen seme sasoikoa Espainiako erregearen armadan sartu zen eta Chihuahuako kapitain buruaren alabarekin ezkondu. Juan Bautista hau -kapitain zelarik- apatxeen kontrako gerran hil zen 1740an. Juan Bautista semea hiru urteko haurra zenean.
J.B. Antza junior ere, Espainiako erregearen armadan sartu eta gazterik iritsi zen aita bezala kapitain izatera. Eta aitak erdi bidean utzitako proiektuari heldu zion: Kaliforniara iritsi Sonoratik, bide berria ireki eta lur aberats haiek kolonizatzea. 250 pertsona inguruko espedizioa antolatu eta 1775eko urrian Sonorako San Miguel de Horcasitas hiriburutik abiatu zen. Colorado ibaia zeharkatu eta bidai neketsuaren ondoren 1776ko martxoan iritsi zen Monterreyra. Bidaia horretan fundatu zuen gaur San Frantzisko dena. Mexiko Berriko gobernadore izan ondoren, Arizpe izeneko hirian hil zen eta han dago lurperatuta.
Johnentzako oparia aspaldi daukat antolatuta: Antza inprimategian egindako liburu batzuk, batetik. Ondoan, Kalifornian XIX. mendean argitaratutako bi astekari zoragarrien faksimilak, Eskualdun Gazeta eta Kaliforniako Eskual Herria. Baina asteak aurrera zihoazen eta paketea beti mahai gainean neukan: barruko gutunean zer idatzi ezin asmatu. Eta urria iritsi zen.
Urrian Arnold Schwarzenegger lehendakari izendatzearekin jazo zen kataklismoa Kaliforniako oihan, mendi eta sasietan. Han suteek baso eta etxe gehiago kixkali dute Europa osoan uda honetan erre direnak baino.
Egun horietan Johni eguneroko solaskideek ondo ote zen galdetzen genion. Eta berak halako batean: «Gure lagun asko aterarazi dituzte beren etxeetatik sua oso hurbil zutelako. Guri ere gerturatu zaigu: ez zen su handiegia, baina etxetik 400 metrotaraino iritsi da. Azkar menderatu dute. Edonola ere bertan geratzea erabakita neukan. Ez zen samurra izango, baina zure etxea salbatzeko modu bakarra zeuk salbatzea da». Seguru ez zela samurra izango, artritisak zigortutako gorputz horrentzako.
Osatu dut azkenean Kaliforniarako sorta: «Seignalet doktorearen liburu mardula eskuratua nian, John, hiri bidaltzeko. Baina otsailean hemengo suteetako bat etxeko sukalderaino sartu zuan».
Estepan Plazaola ( Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba Elkarteko lehendakaria)
Bergarako Jardun euskara elkarteak 1990ean sortu zuen Berrigara astekaria. Urte gutxian egin zuen aldizkariak gora, bai orrialde kopuruz, bai harpidedunez eta baita publizitate-sarreren aldetik ere. Egoera ekonomiko ona, kazetari-talde finkatu samartua, herrian harrera ona... erosoena bertan goxo egitea izango zen. Baina Jardunen garbi geneukan ez genuela aldizkaria sortu herritarren bizitzan astean ordu erdiko txokotxo bat bete eta horrekin konformatzeko, ez eta 3-4 kazetariri lanlekua segurtatzeko ere. Euskararen normalkuntzan tresna ahalik eta eragingarriena izatea eta herritarrei ahalik eta zerbitzurik osoena ematea zen gure nahia, herritarren informazio-iturrietan toki sinboliko bat izatetik apurka-apurka erdiguneranzko bidea egiteko. Berrigarak lortua zuen bergararren maitasuna baina gure herrian ere, hainbesteko maitasunik pizten ez omen duen beste medio batek betetzen zuen -eta betetzen du-, herritarren irakur-orduen zatirik handiena. Garaia zen Anje Duhalderen harako Maita nazazu gutxiago goza nazazu gehiago hura aplikatzeko. Edo, nahi bada, zuzenago esanda, maita nazazu baina batez ere goza nazazu.
Hazi eta hobetu gura horrek eraman gintuen hainbat puntu zalantzan jarri eta berplanteatzera.
Berplanteatu genuen, adibidez, gure enpresa-egitura. Pentsatzen genuen euskara elkarte xume batean kokatutako egiturak nekez egin ahal izango ziela aurre etorkizunak komunikazioaren arloan ekarriko zituen erronka handiei eta, uste horrek eraginda, bailarako komunikabide guztiok batuko gintuen enpresa sendo bat sortzera jo genuen. 2000. urtean jaio zen Debagoienean Goiena kooperatiba. Gaur egunean 40 langiletik gora dituen talde multimedia da.
Baina enpresa egiturarekin batera, berplanteatu genuen, era berean, gure produktua ere eta, produktuaren ezaugarri nagusi bat: edukiaren esparru geografikoa. Goienaren sorreraren aurretik gure harpidedunek beren herriko informazioa jasotzen zuten; Goiena sortu zenez geroztik, herriko informazioa eta bailarakoa ere jasotzen dute. Eta hori zergatik? Lehenik eta behin, gure bezeroa ez delako jadanik bizi bere herrian soilik. Gaur egun, gure bailaran guztiz normala da pertsona batek bi herrirekin edo gehiagorekin oso lotura estua izatea: herri batean lan egin eta beste batean bizi izatea, adibidez, edo herri batean bizi eta beste batean izatea gurasoak, kuadrilla, gaztetako ezagunak... Pertsona horrentzat hurbileko komunikazioaren muga ez da jadanik bizi den herria soilik.
Baina, bestalde, bada beste kontu bat ere, nire ustez, ahaztu behar ez genukeena: hurbileko informazioaren bezeroa gero eta exijenteagoa izango da eskaintzen zaion edukia baloratzerakoan. Orain dela hainbat urte, herritar arruntarentzat, bera, bere laguna edo bere familiakoa prentsan agertzea albiste handia zen. Gure medioei esker, gaur egun edozein agertzen da prentsan. Beraz, hurbileko informazioa ematea, bere hutsean, ez da nahikoa izango gure bezeroen interesa pizteko; hurbilekoa izateaz gain eduki erakargarriz hornitua izatea eskatuko du. Era berean, garai batean herriko baten iritzi artikuluari egilea herrikoa izateak berak nahikoa interes ematen bazion, denboraz, interes hori galduaz joango da eta egileak baino gehiago edukiak eman edo kenduko dio interesa artikuluari.
Ez dut, honenbestez, esan nahi herriak ez duela interesgunerik piztuko. Seguru nago baietz. Esan nahi dudana da, ez dugula, ezinbestez, herrira mugatu behar. Helburua, beste ezeren gainetik, gure irakurleei produktu erakargarria eskaintzea izan behar duela, eta herrian dotore, bizi-bizi, umorez, ironiaz... gauza gutxitik artikulu polit bat sortzeko gai den jendea falta bazaigu, alboko herrikoa hartzeko arazorik ez dugula izan behar. Esan nahi dudana da derrigorrez herri-herriko gaietara mugatu beharrik ere ez dugula, izan ere askotan ez dago batere garbi zer den herri edo bailarako gaia eta zer ez. Adibidez, Erreala bada bailarako gaia? Erreala oso presente dago Debagoienean ere: peñak, asteburuetako autobusak, herritarren eguneroko tertuliak eta eztabaidak...
Esan nahi dudana da nik ez nukeela inolako zalantzarik izango herriz edo bailaraz kanpoko beste eduki eta sortzaile batzuei ere gure aldizkarian tokia egiteko baldin eta honako baldintza hau betetzen badute: erakargarritasun maila/kostua ratioa oso ona izatea.
Azken batean, esan nahi dut herri-komunikabideei eta, bereziki herri-prentsari, heldu zaiola ordua, herrikoari eutsiz, bailarara, naziora eta mundura begiak eta belarriak zabaltzeko, elkarlanean etorkizuneko erronkei aurre egiteko.