Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-11-16 -- 1920.zenb

Ezpalak

Izaskun Jauregi


Hamar urte eta bi erakusketa

Hamar urte egingo ditu aurten Koldo Mitxelena Kulturuneak. Urteurrenaren atarian bi erakusketa paratu ditu aretoak. Bata, Leopoldo Ferranek eta Agustina Oterok eginiko sei instalaziok osatzen dute. «Zirtaka» izenburupean, «oraindik ez diren eta izateari utzi ez dioten gauzak» jarri dituzte ikusgai. Erakusketa apirilaren 17a arte ikus ahal izango da. Bestalde, Valeri Belinen argazkiak dira ikusgai Koldo Mitxelenan. Anbiguotasuna da Belinek landu nahi izan duen gaia. Horretarako manikiak makillatu, orraztu eta erretratatu ditu. Lehen begiratuan ordea, ez dirudite manikiak. Eta zaila da argazkiak edo margolanak diren bereiztea ere. Argazki guztiak zuri-beltzean daude eta formatu handian.


Idazle arrakastatsuen hitzaldiak

Literatura mailan ospea duten hainbat idazle gonbidatu ditu Gasteizko Santa Maria Katedrala Fundazioak 2003-2004 ikasturterako antolatu duen «Katedralarekin topaketak» izeneko egitarauaren baitan. Antonio Galak irekiko du egitaraua azaroaren 20an. Ondoren etorriko dira Unai Elorriaga (abenduaren 10ean) eta Arturo Pérez-Reverteren (abenduaren 19an) hitzaldiak. 2004rako hitzaldiak ere finkatuta daude dagoeneko. Urtarrilean Paulo Coehlo Araba eta Donejakue bideari buruz mintzatuko da. Martxoan eta apirilean Toti Martinez de Lezea eta Espido Freire idazleek hitzaldi bana eskainiko dute. Eta maiatzean Zoé Valdés eta Carmen Posadas izango dira Gasteizen. 2004ko egitaraua José Saramagok itxiko du, bere hitzaldia noiz izango den oraindik ez dakigun arren. Bestalde, egitarauaren baitan, lehen aldiz, Komunikazio eta Kulturari buruzko Jardunaldiak burutuko dira urtarrilaren amaiera eta otsailaren hasieran.


21. Euskal Antzerki Topaketak

Kalean zein barruan taularatuko dira makina bat lan azaroko asteburu guztietan Azpeitian. Izan ere, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak hasiak dira dagoeneko, eta azaroaren amaiera arte luzatuko dira. 21. edizioak Soreasu Aretoan lanok eskainiko ditu, besteak beste: Txaloren «Paquita» bakarrizketa (euskaraz lehen aldiz), Lakrikun taldearen «Agorafogobiatua» eta Hikaren azken antzezlana. Kalean aldiz, Kukubiltxo eta Kalez kale Produkzioak taldeak arituko dira, besteak beste. Euskal aktoreak omenduko dituzte gainera Topaketetan, azken hiru urteetan egin den legez. Omenaldia azaroaren 22an izango da eta bertan Pako Aristiren Antzerki sketch-ak liburua aurkeztuko da.


Gose greba antzoki baten alde

.
Zuzentzen duen antzokian itxita, gose greban dago Iruñeko Mira Antzokiko zuzendari den Pablo Zubikarai. Antzokia itxi egingo dute. Orain hiru urte ireki zituen ateak Mira Antzokiak, eta ordutik antzerki alternatiboa eta zirkua izan dira honen muina. Ekimen pribatua da Mira antzokia. Eta Zubikaraik salatu nahi duena Nafarroako erakundeen babes eza da. Izan ere, Iruñeko Udalaren eta aurrezki kutxen jarrera eta azken aldiko kultur zentro berrien sorrerak egoera larritu dute. Oraingoz ordea aurreikusita zuten egitaraua mantenduko du Mirak.


Publizitatearen garapena.

Bada Interneten publizitatearen arloa lantzen duen museo bat. www.zafara.org/museo/indice/index.htm helbidean, ehunka iragarki topa daitezke. Eta batzuk 1929. urtekoak dira. Web gunearen webmasterrak 12.000 egutegi eta almanake ditu erakusgai bere orrialdean. Xedea gazteenei garai bateko publizitatea ezagutaraztea da. Eta horrekin batera, garai haiek bizi izan zituenei bizitakoa gogoratzea.


Euskal Herriko irudi zaharkitua.

«Bizitza Euskal Herrian» izeneko erakusketa paratu du Nevada-Reno Unibertsitateko liburutegi nagusian Miel Anjel Elustondo idazle eta argazkilariak. 23 argazkiren bidez Euskal Herria kontatzea, hemengo bizimodua zertan den argitzea da helburua. Izan ere, Elustondok dioenez, Euskal Herriaren irudi zaharkitua dute AEBetako euskaldunek. Azaroaren 30a bitartean ikusgai dagoen erakusketak kontrakoa, egungo Euskal Herria azaldu nahi du. Ondoren, erakusketa Renoko herrira eramateko asmoa du eta baita Boiseko Basque Museum and Center-eko egoitzara ere.



Rockaren liburuak.

Gamuza Azul Bilboko argitaletxeak rock musikariek idatziriko liburuak eta rockari buruzko lanak argitaratu ohi ditu. Azkena The Clash taldeari buruzkoa da eta Johnny Green taldearen manager eta gidari izandakoak idatzi du.


Anaia txikiari leku

Behin baino gehiagotan entzun dugu komikiaren istorioa. Gizartean oso hedatua dagoen arren, baztertu xamar dago oraindik, batez ere beste arte adierazpideekin alderatuz. Horregatik Gasteizen Atiza Kultur Elkartea sortu dute, besteak beste, Mauro Entrialgok, Abarrotsek, Álvarez Rabok, Atak, Santiago Oruek, Mikel Valverdek eta Antonio Altarribak. Komikia sustatzeko asmoz ekitaldi garrantzitsua antolatu du elkarte honek hilaren 27tik 30era. «Crash Comic 2003» egitasmoaren baitan bost erakusketa, hitzaldiak, elkarrizketak, tailerrak... antolatu dituzte. Besteak beste, TMEOren 16 urteko ibilbidea biltzen duen erakusketa ikus daiteke.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan