Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-11-16 -- 1920.zenb

Jakoba Errekondo


Eskertzekoa da, astero-astero landareen inguruko hirurehun eta hirurogeita hamabost artikuluxka idatzi ondoren baten batzuk irakurtzen dituztela jabetzea. Aste batzuk badira txoko honetatik pagotxa-hazi eskea egin nuela eta Gipuzkoa eta Nafarroaren muga aldetik eskaintza bat baino gehiago jasotzea mirakuluaren parekoa iruditzen zait. Urrutixeagotik, baina halatsu piztu didate gaurkoa idazteko grina.
Ameriketan banbu kanaberaz etxe saldoak egiteko asmoak ugaritzen ari dira. Guadua deitzen diote han banbuari (Bambusa angustifolia, sinonimo erabilia Bambusa guadua). Landare hau gramineoen Poazea familiako belarra da; familia hau oso zabala, zaharrenetarikoa eta gutxien ikertu denetakoa da. Banbua landareen erreinuko dinosauru bizia da. Sasoia eta sasoian denean egunean 10 cm. baino gehiago hazi ohi da eta bere bestengusu batzuk metrotik gora ere hazten dira. Landare guztien gisan hazten ari den artean bizi da banbua ere; zuhaitzak, biziko bada, urtero-urtero egurrezko azal berri bat erantsi behar dio aurrekoari, banbuak, ordea, lehen dituenak bere horretan utzi eta inguruko lurrak kolonizatuko dituzten kanabera berriak ematen ditu.
Banbuak izugarrizko aberastasuna eskaintzen dio bere inguruan bizi den jendeari: paisaian txertatzen dituen onurez gain (lurraren higadurari eutsi, karbonoa metatu...) kimu berriak zainzurien gisa jaten dira, alkohola sortu daiteke, txinatarrek milaka urte daramatzate berarekin papera egiten, ikatza ere egiten da...
2000 urtean Kolonbiako Armenian gertatutako lurrikaran hormigoiez eraikitako etxeek lurra jotzen zuten artean banbuzko egitura zuten etxeek zut jarraitzen zutela jabetu ziren. Geroztik ikerketa ugari burutzen ari da eta etxe, zubi, pabilioi... asko eraikitzen ari da hormigoia eta baita zura bera baino berreskuragarriagoa, eta finean ekologikoagoa delako. Costa Rican ere "Proyecto Nacional del Bambu" deitu dutena medio milaka etxe eraikitzen ari dira.
Gurean ere gero eta maizago ikusten dira banbuak, bai baserrietan pardak, itxiturak eta abarretarako baita lorategietan ere. Inork eraikuntzaren bat egin nahi badu hauen kanaberekin hona hemen egin beharrekoen heptalogoa: 4-5 urteko kanaberak aukeratu, ilbeheran eta egunsenti inguruan moztu, lurretik altxatuta zutik hilabetez eduki izerdia husteko, garbitu eta ongi lehortzeko moduan aterpean jarri horitu arte, tratatu nahi baduzu pentaboratoa aukera egokia da, torlojo eta azkoinaz lotu, izpi ultramoreetatik babesteko itoko luketen berniz eta esmalteak baino hobea da liho-olioa erabiltzea.

Jabier Agirre

gizonezko nahiz emakumezkoen kontua, esan nahi nuen. Izan ere, Espainiako Estatistikako Institutu Nazionalak egindako inkesta batek erakusten duenez (eta bertan 23.692 pertsonen erantzunak biltzen dira) diferentzia handiak nabarmentzen dira sexu bien artean. Horrela, gizonezkoek ia bi ordu gehiago ematen dizkiote egunean lan ordaindua egiteari edo ikasteari, baina emakumeek egunero ordubete gutxiago dute denbora librerako. Eta hori zergatik? Etxeko lanetan ematen duten denbora lau ordu eta erdikoa delako, gizonezkoek lan horietan ordu eta erdi besterik ematen ez duten bitartean.
Gizon nahiz emakumeek denbora bertsua eskaintzen diote zainketa pertsonalei (eta horietan sartzen dira lo egin eta jatea), 11 ordu gutxi gorabehera; joan-etorrietan ordubete baino zertxobait gehiago egiten dute egunean; eta borondatezko lanetan eta bileretan ere antzera, 11 eta 16 minutu, batez beste egunean, hurrenez hurren.
Alderik esanguratsuenak etxeko lanetan edota familiari eskainitako lanetan aurkitzen ditugu. Gizonek ordu bat eta 29 minutu besterik ez dituzte ematen lan horietan; emakumeek, berriz, hiru ordu gehiago (lau ordu eta 29 minutu guztira). Lanari eta ikasketei gizonek 4 ordu eta 26 minutu eskaintzen dizkieten bitartean, emakumeek bi ordu eta 35 minutu besterik ez. Eta denbora librerako duten atalean, emakumeak lau ordu eta hamahiru minutu besterik ez duen bitartean, gizonezkoaren aisia bost ordu eta laurdenekoa da. Adin taldeetan ere ez dago emakumearen aldeko diskriminaziorik. Laburbilduz, etxeko lanak eta umeen nahiz adineko pertsonen zainketak emakumezkoen lana izaten jarraitzen du ia erabat, emakumeen %93k ia bost ordu ematen baititu horietan.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan