Bolo eta Bill. Hona hemen!
Roba
Jean-François Sauré
46 orrialde
Roba-ren komikia euskaraz
Jean-François Saurék plazaratu duen "Bolo eta Bill. Hona hemen!" komikiaren protagonista nagusiak mutiko bihurri bat eta are jostalariagoa den cocker txakurra ditugu. Komiki honen gidoia eta marrazkiak, berriz, Herbeheretako Robak sortu zituen 1988an, euskarazko bertsioa Karlos Zabalari zor zaion arren. Komikian familia gazte baten gorabeherak ezagutuko ditu irakurleak. Gurasoak nahiko jatorrak dira, baina makina bat buruhauste dute beren seme Bolok eta etxeko txakurra den Bill cokerrak egiten dituzten barrabaskeriak konpontzeko ahaleginak egiten. Familian badute beste bizilagun bat ere, Karolina dortoka, baina zorionez ez du, normalean, Bolok eta Billek bezain aberia izugarririk sortzen.
Motibazio-estrategiak hizkuntz ikasgelan
Zoltan Dörnyei
Habe
202 orrialde
9 euro
Bigarren hizkuntza ikasteko motibazioak nola eragin
Ana Isabel Moralesek itzuli duen Zoltan Dörnyei-ren "Motibazio-estrategiak hizkuntz ikasgelan" lana lehenbizikoa da bigarren hizkuntza/hizkuntza arrotza ikasteko orduan motibazio-estrategiek duten garrantzia aztertzeari huts-hutsean emandakoa; hau da, ikaslearen motibazioa sortu eta iraunarazteko metodo eta teknikei oso-osoan eskainia dagoen lehen lana. Liburu praktikoa da oso Zoltan Dörnyei hizkuntz irakasle, irakasleen trebatzaile, ikertzaile, unibertsitateko irakasle eta doktorego-programako zuzendari ere izana denak osatutako hau, eta beraz, mugatua du motibazioaren oinarri teorikoei eskaintzen dien lekua. Hala ere, irakurgai osagarrien zerrenda bat egin du, ikerketen azterketa zehatzagoa nahi duenarentzat.
Amets Zelaietan
Jabier Pikabea Aizpurua
Egan, Erroteta
121 orrialde
9 euro
Euskaltzale baten olerkiak
Era guztietako gaiak ukitzen ditu Jabier Pikabea Aizpurua euskaltzale usurbildarrak "Amets Zelaietan" poesia bilduman. Nolanahi ere, hiru atal nagusitan banatu ditu bere olerkiok: Gure hizkuntzaren egoeraz mintzo da hasierakoan. Bigarrengoan, berriz, gizakia du ardatz, eta maitasunaz zein ilunaldietaz hitz egiten du, bakeaz zein galipotakumeaz, grina gaiztoaren indarraz zein askatasunaz, heriotzaz zein geure bizitzan zehar izan ditzakegun ametsez. Azkenik, hirugarren atal nagusia naturari eskaintzen dio, eta honakoak ditu hizpide: urtaroak, egun jaio berria, haizearen zirimolak, krabelina, mimosa edota tximeleta bezalako loreak, pozten gaituzten txoriak, xuri-xuri, dilin-dilin, dabiltzan artaldeak edota Aralar sakratua.
Katua ote da?
Guido Van Genechten
Ibaizabal
12 orrialde
2,90 euro
Ikusi makusika jolasteko
Etxeko txikienek aukera polita dute orain animalia oso ezberdinak ezagutzeko eta haien itxura nolakoa den jolastuz ikasteko, Ibaizabal argitaletxeak plazaratutako Ikusi Makusi bildumako liburuxken bidez. Katu bat azaltzen da zenbaki honetan aurkezten dizuegun liburuxkaren azalean, bai, baina ziur al zaudete benetan katua baino ez dela? Hori jakiteko, kartoi mehea zabaldu behar dute neska-mutikoek, eta zabalduz doazen heinean harriturik ikusiko dute azaleko animalia horren itxura nola aldatzen den. Berdin-berdin gertatuko zaie kartoiaren beste atalak zabaltzerakoan, oso bestelako lau animaliaren antza hartuko baitute haietan agertzen diren irudiek. Eta ahate txiki bat, papagai bat, olagarroa eta moko oso luzeko txori koloretsua ikusi ahal izango dituzte.
El puente desafinado. (Baladas de Nueva York)
Harkaitz Cano
Erein
187 orrialde
13,45.euro
"Piano gainean gosaltzen" gaztelaniaz
Harkaitz Canok berak itzuli du gaztelaniara "Piano gainean gosaltzen" idazlanaren bertsio hau, era hunkigarri bezain umoretsuan New York-eko aztarnak ezagutzeko parada eskaintzen digun liburua. 1998ko urriaren 20an abiatu zen idazlea hiri amerikar horretara, hainbat hilabeteko egonaldia bertan emateko eta bitartean nobela bat idazteko asmo sendoarekin. Baina asmoak asmo, oraindik zutik zituen Dorre Bikien hirira iritsi orduko, bertako jendearen bizitzako gorabeherek eta hiri erraldoi horren barneko bizitzak erakarri zuten oso-osoan idazlearen arreta. Eta horretaz dihardu bere garaian "Euskaldunon Egunkaria"rako idatzitako kronikak nolabait oinarri dituen liburu samur honetan.
Hizpide
Batzuen artean
AEAO, HABE
113 orrialde
4,94 euro
"Hizpide" aldizkariaren azken zenbakia kalean
HABEk plazaratzen duen "Hizpide" euskalduntze-alfabetatzearen aldizkariaren azken ale honetan, besteak beste, honako artikuluak irakur daitezke: Kepa Larrearen "Euskara ikasteko metodoen bilakaera: 1956-1986"; Josu Peralesen "Sexua/generoa H2 ikastean"; Bakarne Gonzalezen "Nortasunaren eragina H2ren irakaskuntzan"; Anna Turularen "Hizkuntz antsietatea eta ikasgelako dinamika"; eta Pello Esnalen"Testu-motak: sekuentzia eta hizkuntz ekintza".
Gerlari zuria
Joanes Urkixo
Elkar, argitaletxe elkartuak
206 orrialde
12,30 euro
2003ko Apirila saria irabazitako nobela
Joanes Urkixoren "Gerlari Zuria"k irabazi du aurten Espainiako Estatuan mintzatzen diren hizkuntza txikietako hainbat editore biltzen dituen Argitaletxe Elkartuak taldean bildurik dauden argitaletxeen artean antolatzen den Gazteentzako Narratibako V. Apirila saria. Honakoek osatzen dute Argitaletxe Elkartuak taldea: Galiziako Galaxia, Kataluniako La Galera, Euskal Herriko Elkarlanean, Valentziako Tàndem, Asturiaseko Llibros del Pexe eta Aragoiko Xoricak. Lehiaketa horretara euskaraz, gaztelaniaz, katalanez, galizieraz, asturieraz nahiz aragoieraz idatzitako lanak aurkeztu ohi dira, eta hizkuntza horietan guztietan kaleratu da orain Joanes Urkixoren "Gerlari Zuria", fantasia heroikoa edo ezpata eta sorginkeria bereizgarri dituzten generoen barruan sar litekeen nobela. Irlandako eta Euskal Herriko legendak uztartuz, hamalau urteko gazte irlandar baten istorioa kontatzen du. Ezpata magiko batek hautatuko du irlandarren errege Fionn gerlari gaztea, baina klanen arteko borrokak eta mutikoaren txoriburukeriak hondamendia ekarriko die guztiei. Horren ondorioz deserrirako bidea hartuko du Fionnek eta Urdaibaiko itsasadarrera iritsiko da.
Pilar Iparragirre
Ezer baino lehen, zorionak! Pozik sariarekin?
Egia esateko, neure garaian ez naiz lehiaketa askotara aurkeztu, eta irabazi are gutxiago irabazi ditut, baina irabazitako apurretatik hauxe da, askogatik, proiekzio handienekoa. Baita anitzena ere. Bai, anitzena esan dut, Apirila izena daramalako, martxoan erabaki ohi dutelako, maiatzean iragarri eta urrian eman egiten delako. Orain, nire kalkuluen arabera, segida betetzeko azaro eta abendu artean gastatu beharko dut jasotako saria.
Eta txapeldun gertatutako liburuaz, zer diozu?
«Gerlari Zuria»n neure arima eta ezagutza guztia ipini ditudala, oso gutxitan aurkitu bainaiz horren gustura liburu bat idaztean. Ez da bakarrik abentura eta fantasiazko istorio bat, badu besterik. Badu gazte nerabe bat bizitzaren aurrean. Badu euskaldunon jatorri misteriotsuarenganako maitasuna. Badu kondaira eta herri kulturarako zaletasuna. Horregatik guztiagatik, «Gerlari Zuria» irakur dezazuen gomendatzen dizuet guztiei bihotzez. Alegia, neska-mutilez gainera, helduek ere irakurtzeko, zeren, bai, gazte literatura da, baina, zuetariko nor ez da gazte?
Oso kontentu ikusten zaitut. Eransteko gehiagorik?
Bada, bai. Euskalgintza Elkarlanean Fundaziokoei eta beste argitaletxeei esan nahiko nieke badugula zer ospatu. Izan ere, ospa dezakegu duela gutxi atxilotuta egon diren lagunak geure artean ditugula berriro. Eta ospa dezakegu, baita ere, euskal kulturari egiten zaizkion erasoen aurka, guk beste garaipen txiki batez erantzuten jakin dugula: euskarazko beste liburu bat argitaratuz.
Mikel Asurmendi
Iragan berri da XX. Galeusca, Gernikan. Historia eta oroimenaren azterketa burutu du idazle galiziar, katalan eta euskaldun-oste batek. Urtero legez, testu bat osatu, adostu eta sinatu dute idazleek; oraingoan, Aldarria izeneko testu oparoa izan da. Hitz txikiz egindako aldarria izan da, ustez. Bere txikian gogoeta hau iradoki digu.
guztia irakurri
Xabier Telletxea
Gutxi dira euskaraz argitaratzen diren komikiak eta bakan batzuk Euskal Herrian oinarrituak. Hutsune hori bete dute Asisko Urmenetak, Marko Armspachek eta Jokin Larreak Gartxoten kontakizunekin. XII. mendeko pertsonaia honek euskara eta askatasunaren apologia ekarriko dizkigu gogora. ARGIAk argitaratutako komiki liburua dendetan eskuragarri izango da datorren astetik aurrera.
guztia irakurri
Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda
Informazio gehiegikeria
Aspaldi honetan askoren gogoan dagoen zerbait baieztatzera heldu da Peter Lyman eta Hal Varian Kaliforniako Unibertsitateko ikerlarien azterketa: alegia, informazioaren hazkundea izugarri handitzen ari dela.
Hala, eta aipatu ikerketak eman dituen datuen arabera beti ere, 1999 eta 2002 urteen artean munduan produzitu den informazioa %30 hazi da.
Lymanen ustez, gizakiaren ekologia aldatu egin da arras, ia bat-batean edozein gertaera, datu, ekintza edo dena delako erregistratzeko joera nagusitu baita.
2002. urtera mugatzen bagatzaizkio eta euskarri optikoak, magnetikoak nahiz, papera kasu, bestelako formatuak kontuan hartzen baditugu, 12 hilabeteko epe eskas horretan ekoitzi edo sortutako informazioa gordetzeko 500.000 liburutegi handi beharko lirateke. Ez da harritzekoa, beraz, enpresek informazioa gordetzeko sistema berriei gero eta arreta handiagoa paratzea.
Informazioaren hazkunde erraldoi honen haritik, ikerlari askoren erronka informazioa era eraginkorrean antolatzea, laburtzea eta aurkeztea dugu. Lyman eta Varianek, esaterako, milioi bat megabyteren parekotzat jotzen duten terabytea edota exabytea (milioi bat terabyte) aukeratu dituzte euren emaitzak aurkezteko unitate gisa.
Gauzak honela, Lyman eta Varian ikerlarien azterketak erakusten duenez, 2002an euskarri guztietan metatutako informazio-kopurua 5 milioi terabyte ingurukoa izan da. Kopuru horren %92 euskarri magnetikoetan edo disko gogorretan gorde da eta elektronikoki irrati, telebista edota Internet bidez barreiatu den informazioa 18 exabytekoa izan da.
Datu estatistiko gehiago: Amerikako Estatu Batuetan pertsona batek 11.916 paper-orrialde kontsumitzen ditu urtean eta hilean batez beste 25 ordu pasatzen ditu Interneten. Europar batek, berriz, 7.280 paper-orrialde kontsumitzen ditu urtean eta Interneten hilean pasatzen duen ordu kopurua 11,5ekoa da.
Antena parabolikoak itxuroso bilakatzeko ahalegina
Satelite bidezko seinaleak hartzen dituzten antena parabolikoak ez dira, bereziki, eraikinetako apaingarririk politenak izaten, eta are gutxiago inguru arkitektoniko historikoetan baldin badaude, Atenasen gertatzen den moduan. Greziarrak ahalegin handiak egiten ari dira tresna antiestetiko hauen itxura egokitzeko eta sistema berri bat lantzeari ekin diote. Helburua zera da, 36 zentimetrotik beherako pantaila planoa eta margo bidez kamuflatzeko aukera emango duena lortzea, hartara ez luke begietara horren bortitz joko.
Greziarrentzat, bestalde, faktore historiko eta estetikoez gainera, bada beste elementu bat satelite bidezko sistema hartzaileak albait azkarren egokitzera behartzen duena: faktore geografikoa. Hain zuzen ere, nazio honek milaka uharte txiki ditu eta baita gune menditsu isolatua ere, eta kasu hauetan lurreko sare bidezko loturak izugarri zailak izaten dira. Esan gabe doa, lurrikaretarako joera ere badela bertan.
Jon Gurrutxaga
Mal de ojo taldeak diskoetxe batekin argitaratzen duen estraineko lana da Mestijaia. Bestalde, ez da gipuzkoarrek kaleratzen duten aurreneko diskoa, ezta gutxiagorik ere. Hamar urte daramatzate runºba doinuak Euskal Herriko txoko guztietara barreiatzen eta urte horietan guztietan lau disko eta EP bat ekoitzi dituzte. Gaztelupeko Hotsak zigiluak argitaratu du "Mestijaia", 1993an hasitako ibilbide luzearen emaitza.
guztia irakurri