Martxoko bigarren hamabostaldian Bizkaiko Ogasunaren bulegoetatik atera zituen agiriz betetako berrogeita hamar kaxa aztertzen ari da une honetan Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltza. Teresa Galvez fiskalak eta kasu honetarako izendatu dituzten Espainiako Zerga Ogasuneko bi perituek erabaki beharko dute orain nola erantzun EAJrekin zerikusia omen duten zergadun ûedo enpresaû zehatz batzuei BEZa dela-eta mesede egin zaiela adierazten duen salaketari. Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzaren eskuetan dauden agiriz betetako kaxetan ondorengoak daude, besteak beste: Ikuskatzailetzak hasitako 25 espediente eta hogeita hamarretik gora zergadun bizkaitarren izenak biltzen dituen zerrenda. Zergadun horiei "zaintza berezia" jarria zien foru-saileko arduradun nagusiak.
Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak deklarazioa hartu die Bizkaiko Foru Ogasuneko berrogeita hamar ikuskatzaile eta ikuskatzaileorderi. Nahiko ezkutuan aztertzen ari diren kasu honek badirudi abaila hartu duela joan den uda bukatu denetik. Izan ere, iritsi zaizkigun berrien arabera, joan den urrian deklaratu zuten Galvez fiskalaren aurrean zerga-erakundeko zuzendari ohia den Javier Muguruzak eta Zerga Ikuskatzailetzako burua den Juan Ramón Ybarrak, besteak beste. Oraingoz, aurretik egin beharreko izapideak besterik ez dira, dakigula behintzat fiskalak salaketarik ez baitu jarri. Ikusteko dago kontu hau prebarikazioarekin egindako ustezko zerga-iruzurra den ala azpikeriaz egindako EAJren aurkako operazio politikoa.
Ikertzen ari diren ustezko delituetako bat administrazio-prebarikazioa da. Bestela esanda, argitu beharrekoa da zergen foru-erakundean goi-mailako kargua duen politikari batek, arrazoi ekonomiko, politiko edo bestelakoengatik, zenbait zergadun pribilegiatzeko jarraibide edo agindurik eman ote zuen, jakinaren gainean egonda hori ez dela bidezkoa. Izan ere, jakina da Guardia Zibileko Delitugintza Ekonomikoaren Aurkako Lantaldeak hogeita hamar espediente baino gehiago aztertuak dituela, horietan agertzen diren interesdunei mesede egin zaiela susmoa hartuta. Lantalde horren ustez, mesede egiteko moduak hauek lirateke: espedienteak izapidetu beharrean etetea, izapidea moteltzea edo espedientearen ardura duen teknikaria aldatzea.
Kasu honetan esku hartzen ari den Teresa Galvez ustelkeriaren aurkako fiskalak lehenago ere parte hartu zuen Kataluniako Ogasuneko beste kasu batean. Kataluniako Ogasunaren kasuan, Ikuskatzailetzako sei arduradun ohi ikertu zituzten 2002an, karguan zeuden bitartean ustezko delituak egiteagatik. Akusatuak honakoak izan ziren, besteak beste: Ikuskatzailetzako buru ohia (Jose Maria Huguet) eta autonomia-erkidegoan zerga-erakundearen ordezkari berezia izan zena (Ernesto de Aguilar).
Salaketa-egilea: PPren inguruko ikuskatzaile bat
Martxoko lehenengo hamabostaldian jakin genuen Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak Bizkaiko Foru Ogasuna ikertu behar zuela. Foru-arduradunak ustekabean harrapatu zituen bonba izan zen, hasiera batean prentsaren bidez besterik ez baitzuten izan gertatzen ari zenaren berri. Ikuskatzaile batek jarritako salaketarekin hasi zen dena. Ez dakigu nor den salatzailea, bere izen-abizenen lehenengo hizkiak besterik ez ditugu ezagutzen: J.D.S.F. Ikuskatzaile hori ezagunagoa da, ordea, "Pepe" izenarekin, eta operazioaren berri dutenen arabera, PPren ingurukoa da.
Ikuskatzaile gehienek bezala, salatzaileak Bizkaiko Ikuskatzaileen Zerbitzuan lan egiten du (zerbitzua Bizkaiko Ogasunari transferitu zitzaion 1982an, eta, beraz, foru-langilea da). Ogasuneko zenbait langilek aldizkari honi adierazi diotenez, salaketa jarri duen ikuskatzaileak jokabide bitxia izan zuen Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltza Foru Ogasunera sartu aurreko egunetan. Esate baterako, gaueko ordu txikietan sartu zen foru-erakundera. Ikuskatzaile horrek jarritako salaketak oso zehatza behar du izan, kasua Foru Ogasunean bertan ikertu duen Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzako langileek ez baitzuten denborarik galdu paper artean bilatzen eta zuzenean joan baitziren behar zituzten espedienteen bila. Badirudi ikuskatzaileak bere saileko beste bi ikuskatzaile salatu dituela Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzan, BEZa aplikatzerako orduan zenbait enpresei -EAJrekin zerikusia dutenak, gehienak- ustez mesede egin dietelakoan.
Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzako ordezkariek, ikuskatzaile eta ikuskatzaileordeen organigrama eskuratu ondoren, Bilboko Probintzia Auzitegira deklaratzera joateko dei egin zien 24 ikuskatzaile eta zenbait ikuskatzaileorderi. Galdeketak luzeak izan ziren, pertsona bakoitza lau eta zazpi ordu artean eduki zuten galderei erantzuten. Hainbat enpresei aplikatutako BEZaren eta zigorrik ez jartzearen ingurukoak izan dira galdeketetako itaun nagusiak. Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzaren esku-hartzea eragin zuen salaketa jarri zuen ikuskatzailea zein izan zen jakin zutenean Foru Ogasunean, tentsio-uneak sortu eta akusazio larriak egin ziren. Ikuskatzaile-talde batek defendatu zuen, azkenean, salatzailea. Berrogeitik gora ikuskatzaile eta ikuskatzaileordez osatutako taldeak erakutsi zion elkartasuna J.D.S.F.ri, eta zera adierazi zuten: "Salatzailea bera izan edo ez izan, ez da bidezkoa pertsona eta langile gisa daukan izen ona zikintzea".
EAJ, kezkatuta
Bizkaiko Foru Ogasuneko arduradun nagusiek bere egunean ziurtatu zuten, Bizkaiko Batzar Nagusietan, ofizialki ez dituztela ezagutzen Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak Foru Ogasuna ikertzeko arrazoiak. Arduradun nagusiak, Javier Urizarbarrenak, azpimarratu zuen sailaren ardura hartu zuenean, 1995ean, arreta berezia eskaini ziola Zerga Ikuskatzailetzari, "gabeziak zituelako". Gainera, batzarkideek egindako galderei erantzun zien erakundean aldian behin egiten diren barneko kontu-ikuskaritzetan "inoiz ez dela irregulartasun nabarmenik azaldu".
PPko ordezkariak "kontua oso larria dela, eta garbi dagoenak beldurrik ez duela izaten" adierazi zuen bitartean, EAJko bozeramailea oso kezkaturik agertu zen. Inazio Etxebarriak "kezkagarritzat" jo zuen Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzaren jokabidea, eta horrekin batera onartu zuen "izugarria izango litzateke"ela ustelkeria izan dela frogatuko balitz. Aldiz, adierazi zuen ikerketa agian "ezegonkortasun politikoa sortzeko elementu" moduan erabiltzen ari direla, eta horrek "ez diola batere mesederik egingo gizarteari".
Sufrimenduaren mapa (osatugabea) liburua, Euskal Herrian 1968tik aurrera indarkeriak, giza eskubideen bortxaketek, eta askatasunaren aurkako erasoek sortutako oinazea oinarri duen datu-bilketa irekia da, eta euskal gatazkaren eraginez mina sentitutako guzti-guztiak hartu nahi izan ditu kontuan, zeharo alboratuz pairatzaileak gatazka horren zein aldetara lerratutakoak diren. Euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen da bere mamia -euskarazko bertsioa Xabier Aranburu "Artzai"ri zor zaio-, baina edozein dela ere Sufrimenduaren mapa (osatugabeak) dioenaz jabetzeko hautatzen den hizkuntza, eta edonor irakurlea, ziur egon daiteke berak maite dituenen sufrikarioa ikusiko duela bertan islatuaà baina baita bere arerioena ere!
Ikerketa honen egilea, Sabino Ormazabal Elola, ekologista eta antimilitarista bezala egindako lanagatik da, bereziki, gure artean ezaguna. Egin egunkariko iritzi saileko arduraduna izan zen bere garaian, Garzonek egunkari hori itxi zuen arte, eta gaur egun Gara egunkarian ari da lanean. Bestalde, Joxemi Zumalabe Fundazioaren patronatuko kidea, berak ere jasan behar izan du bere liburuan islatzen duen sufrikario horretatik, 2000ko urriaren 5ean atxilotu egin baitzuten, beste zortzi lagunekin batera, Garzon epaileak koordinatutako operazio batean, "àJoxemi Zumalabe Fundazioa ETA-Ekinen estrategia politiko-militarren aginduetara dagoela» eta beraz, hark bultza nahi zuen desobedientzia zibila ere bai, leporatzen zitzaiolarik. Ia zortzi hilabete pasa behar izan zituen espetxean, eta oraindik auzipetuta dago, noiz epaituko zain.
Eta hain zuzen ere espetxean zegoela bururatu zitzaion Ormazabali sufrimenduaren inguruko ikerketa bat egitearena, preso sozialen egoera latzaz gertu-gertutik jabetu zenean. Baina giza eskubideen urraketa hain da ugaria -miseria dela, gizarte-injustiziak, genero bortxakeria...- sufrimendu hori guztia ez zitzaiola liburu bakar batean sartzen. «Horregatik, lan honetan euskal gatazkak eragindako sufrimendua jasotzera mugatu naiz», dio bere egileak.
Hori eginez, indarkeriak eta giza eskubideen urratzeak gure herrian eragin duten sufrimenduaz gizartea ohartaraztea nahi luke. Biktima guztiekiko eta haien familiekiko elkartasun aktiboa bultzatzea. Azken batean, euskal gizarteko jokabideak eta jarrerak humanizatzen laguntzea, bakea eraikitzeko eta elkarbizitza berregiteko.
"Izan ere, giza eskubideen urraketaz hitzen egiten denean, gure herrian azterketa oso mugatu edo sektarioak egiten baitira. Normala da, jakina. Baina hori oso arazo larria da, batzuek ez dutelako onartu nahi besteek sufritzen ari direna, eta alderantziz. Nire iritziz, denok saiatu beharko genuke besteak errespetatzen, eta horrekin ez dut esan nahi ideologia aldetik besteekin ados egon behar dugunik, baina bai haien sufrimendua ulertu beharko genukeela, zeren euskal gatazkari irtenbideak bilatu nahi badizkiogu, beste pertsona horien sufrimendua ere kontuan hartu beharko da, milaka pertsonaz hitz egiten ari baikara!».
Lan zaila, benetan
Helburu horiekin ekin zion Sabino Ormazabalek bere lanari, eta iturri guztietatik edaten ahalegindu zen. Euskal Herrian saltzen diren egunkari guztietatik eta haien urtekarietatik. Asociación de Víctimas del Terrorismo, Covite, Torturaren Aurkako Taldea edota Askatasunatik bezala, gure gizartean dauden talde sozial guztien txostenetatik edaten. Eta baita Eusko Jaurlaritzak zein Espainiako Barne Ministerioak edota Baltasar Garzon epaileak bezalakoek agertutakoetatik ere.
"Ikertan bildu ditudan datuak, askotan kontrajarriak ere badira. Baina denak jaso eta sailkatu egin ditut, irakurlea ohartu dadin zein den Euskal Herrian maila horretan dugun sufrimendua».
Hamaika atal nagusi
Ikerketa hamaika atal nagusitan banatuta dago: 1968tik aurrera euskal gatazkaren eraginez hildako guztiei buruzko datuak biltzen ditu Ormazabalek lehenbizikoan. Bahituei eta desagerrarazitakoei eskaintzen die bigarrena. Zaurituak gertatutakoei, hirugarrena. Mehatxupean eta estortsiopean bizi direnei, laugarrena. Askatasun demokratikoak murriztuta dituzten herritar eta erakundeei, bosgarrena. Torturatuei, seigarrena. Atxilotutakoei, zazpigarrena. Espetxeratuei, zortzigarrena. Erbesteratuei eta deportatuei, bederatzigarrena. Ondasun higiezinei, ibilgailuei eta bestelakoei egindako kalteei, hamargarrena. Eta azkeneko kapituluan, «Biktimak aintzat hartzea eta babestea» izenburukoan, Terrorismoaren Biktimekiko Elkartasun Legea eta bestelako laguntzak (eta laguntza-ezak) agertzen ditu.
Gainera, ikerketaren osagarri gisa, «Frankismoa, gure hurbileko memoria» eskaintzen du, 1936ko Gerrak eta gerra-ondoak eragindako sufrimenduari eskainitako gehigarria.