Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-11-16 -- 1920.zenb

Agustin Errotabehere ( kazetaria)

Urriaren 11n Baionan egin manifestaldiak, 9.000 pertsona hurbil bildu dituenak, horrelako mobilizazioen zikloa bururatu du antolatzaileen hitzetan. Baina neholaz ere duela 10 urte «Euskal Herria 2010» hausnarketarekin abiatu mobilizazioarena, nahiz eta akidura edo etsidura nabaritu noizean behin.

Hamar urtez, hautetsiak, sindikatuak, elkarteak eta alor guzietako eragileak, hots gizarte zibila mobilizatu eta bildu da ezadostasun guzien gainetik Euskal Herriaren etorkizunaz gogoetak eta proposamenak egiteko. Jendarteak horrela bere etorkizuna bere gain hartzea goraipatua izan zen demokraziaren molde berritzailea bezala. Lan eredugarria Frantziako lurralde zenbaitetan aipatua eta kopiatua.

Gogoetak abiatu zituztenek ez bide zekiten zer-nolako ondorioak sortuko zituen. Proposamenak bideratzean, nabaritu baitzen Euskal Herriarentzat instituzio baten beharra. Sasi egitura batzuk sortu ziren, Hautetsien Kontseilua hala Garapen Kontseilua, instituzioaren falta gordetzeko, epe laburrera, diru ala botererik ez izanez, beren antzua frogatu dutena.

Separatismoaren bidean, indarkeriaren mamuz jantzirik, abertzaleen eskaria instituzioarena zela sinetsarazi nahi izan dute departamenduaren kontrakoek, etnia edo Hegoaldeko indarkeriari lotuz zikindu nahian. Errealitatea besterik da. Abertzaleek botoen %10-15 inguru ateratzen badute, %55 eta %65 artean dira gaur egun, inkesten arabera, departamenduaren aldekoak Iparraldean. Abertzalez gain jendartearen %40 inguru beraz! Gainera ez nornahi: ekonomia, kirola, kultura ala alor sozial guzietako eragile ala agintariak!

Gaur egun departamenduaren eskariak erroak azkar eta lodi eginak ditu gizartearen lur muinean. Batera plataformaren inguruan alderdi guzietako hautetsiek eta 110 batzordeek parte hartzen dutela ez ote da froga argiena?

Gehiengoaren galderari gobernuaren elkortasunak edo ezak gehiago baizik ez du indartzen aldekoen tema eta fermutasuna. Diputatu ala senatari, hautetsi handien ezetzak gehiago baizik ez du nabaritzen beren mandataritzat duten axolarik eza.
Ukapen horien ondorioz, indarkeriari buruz lerratzearen arriskua badago, zenbaitek piztu nahi baizik ez luketena. Larrun mendiko errepikagailuen kontrako atentatua manifestaldi bezperan, denek gogoan dugu. Arrisku mortala litzateke bide hori hartzea, zeren eta Batera plataformak bere batasuna zaindu behar baitu oroz gainetik, aniztasuna atxikiz, gehiengoa zainduz, bortizkeria baztertuz eta determinazio osoz. Nola ote? Ekintza puntualak eginez? Egoitza ofizialak okupatuz?

Irudimen asko izan beharko du Baterak mobilizazioa bizirik eta berorik mantentzeko. Hori izanen da bere biltzar nagusiaren erronka. Gobernuak bideratu konstituzioaren erreformak, Korsikan bezala Iparraldean ere erreferendum baten egiteari atea zabaldu dio. Nola uka euskal jendarteari zer nolako etorkizuna nahi duen galdatzearen eskubidea? Ibarretxe Lehendakariaren proposamenak ere gaurkotasun beroa ematen dio Iparraldeko erreferendumaren galderari. Batera plataformaren lanak galdera horren aldarrikatzea izan behar luke.

Ahantzi gabe, euskararen salbatzeak egun guzietako lehentasunezko lana izan behar duela.

Nicolas Sarkozy barne ministroa azaroaren hondarrera jitekoa dela-eta, hizkuntzaren aldeko neurriak iragarriko omen dizkigu. Ez ditugu gutxietsi behar. Laborantza ganbaraz, unibertsitateaz, departamenduaz oparirik ez digu ekarriko. Erreferendumaren nahia eta eskubidea ozenki entzunarazi behar diegu bera eta bere hautetsi adiskideei.

Unai Iturriaga


Teoria betekada". Bertsoaren betelana behar zuena bukaera bihurtu zen aspaldi bateko ARGIAren azalean. Eta pentsatu nuen: «Zeozer idatziko juat, ala ez?». Ezezkoarekin geratu nintzen, aspaldion baiezkoa baino lagunagoa dudan horrekin. Gero, Jexux Mari Irazuk idatzitakoa irakurri nuen eta eman beharreko azalpen guztiak emandakotzat jo nituen. Ados erabat. Kitto.

Lerrook Bertsozale Elkarteak antolatutako "Ahozko inprobisazioa munduan" jardunaldietatik idazten ditut, teoriatik franko eta praktikatik beste hainbeste ikasten eta ikusten ari garen espazio-denbora honetatik. Munduaren puska batzuk Donostiara bildu baitira egunokin, etxeko eta atzerriko zenbait inprobisatzaile eta teoriko tartean. "Hau berriz ere euren burua ederresten!", pentsatuko du norbaitek. Eder edo pizti, hamaika lagunen lanak inprobisazioaren gainean inoiz egin den topaketarik aberatsenaz gozatzeko aukera eman digu hemen. Amen.

Bertso munduko "korporatibismoaren" trufak eta ez hain trufak bolo-bolo dabiltza askoren ahotan: norbanakoa kolektiboaren mende ikusten du zenbaitek; ahots propiorik ez. Kontuak kontu, bertsogintzak jaso ditu azkenaldion barneko frankotiratzaileen inpakto gehienak, izan bolbora bustia edo gezi zehatza. Eta horrek harritu nau gehien, botatakoek izan dezaketen egia edo uste dosiek baino gehiago. Azken finean, gauzak izan baitaitezke berez hala direlako edo baita hala izatearen ustea dagoelako. Nire aburuz bietarik bada guri dagokigunean, esan nahi baita, izatetik eta ustetik. Kolektiboak ez ditu norbanakoen aferak konponduko, gauza jakina da hori, baina ez dut onartzen norbanakoaren (ustezko) presentziarik eza kolektiboaren eraginaren ondorio denik. Arrazoi konkretu bategatik hil artean bizarra moztu gabe irauteko erronka joko duenik ez da izango beharbada, baina ahotsak egon badaude, inoiz hainbeste egon diren dudan jartzeraino gainera. Baina entzuten al gaituzte?

Ezker eskuma begiratzen dut auzo alorretara eta ez dut zurrunbilo ozenaren erditik bereizten den ahots garbirik aditzen. Ahots zaurituak, ahots gordinak, ironikoak, konformistak eta erreformistak bai, baina gutxi gehiago. Hori bai, bizkitartean, euren jardunean txukun eta emaitza onak plazaratzen ari diren hainbat (zenbait?) begiz jo ditut. Literaturaren inguruko eztabaida nagusia tropelaren bueltan dabilen honetan, kontzeptuaren proposamena egin zuen hark, nire gusturako, bere lanetan onena eman du argitara: "Hodei berdeak". Beste beterano batek (ez dakit tropelean sartzen den jaiotza dataz edo argitalpen dataz), Edorta Jimenezek, 36ko Gerrako argazki albumik ederrenetakoa osatu du "Kilkerren hotsak" lanean, baina frankotiratzaileek bestelako lekuetan dute euren begi puntuaren xedea. Durangoko Azokaren urteroko kritikalariak azkazalak jaten ariko dira Atxagaren azkeneko nobela noiz agertuko zain. Eta ez naiz Atxagagatik ari, frankotiratzaileengatik baizik.

Musikarekin ere beste hainbeste gertatzen ez ote den nago. Xabier Montoiak azkeneko diskoa argitaratu zuenean gehiago hitz egin zen Klaudio Landaren aferaz Montoiaren diskoaz baino: Hemen dago tomatea! Horixe da dagoena. Odolez mozorrotzen saiatu arren, hemen dagoen bakarra tomatea baita. Tomatea latan, frijitua eta "consumer" erara, Ketchupaà inpostura. Plastikozko aizto gehiegi airean egiten den eskaintzari erreparatzeko. Gaixoak gu gure gaitza ortodoxian zegoela uste genuenok! Heterodoxiari egunak eta asteak doazkio ustez axolarik ez duten gaietan, Top zerrendetaz eta auzoaren bizio ezkutuetaz berriketan. Eta idazketan. Egunkariren batek argazki eta guzti argitaratzen badu hainbat hobe.

Baina ez dakit nola iritsi naizen Donostiatik heterodoxiara. Errima kontsonante eta asonanteez darabilgun saltsa-maltsagatik izango da. Edo Ruperren azkeneko diskoko esaldi horregatik beharbada: "Iratzarri gogo lokartu hori / argia den mira hadi!". Izan ere, ilunetakoa izan bainaiz ni beti, baina nago, ez ote naizen ari aspaldion gauzak inoiz baino argiago ikusten. Hemen dabilena badabil eta geldi dagoena geldi dago edo bestela banderillero ketchuparen ferian. Olé!

Josu Iztueta


Katmandura iritsi eta biharamunean eguna argitzearekin batera berriro hegazkina hartu beharra daukat. Presaka nabil eta lehenbailehen egon nahi nuke mendian. Thamel auzoko Utse Hotelean Iñaki Zuzarekin topo egitea espero nuen eta horrelaxe gertatu da, hernaniarra beste bost euskaldunekin batera Ama Dablam mendian egon berria da. Tontor hau ez da zortzimilakoa, ezta zazpimilakoa ere. Dotorea eta itxuraz ederra delako da ezaguna Ama Dablam. Bere gailurra zapaltzea ez dago edonoren esku, bide errazena ere zaila eta arriskutsua du.

Espedizio kideei nabari zaie gaur bertan jaitsi direla menditik, alde batetik irribarrez eta bestetik gozotegira joateko premian. Hilabete bizarra egin gabe egon eta gero, aurpegiko kolore beltzaranak salatzen ditu berehala, ezingo lukete gezurrik esan.

Hegaldia Luklara

Goizeko bostetarako Nepaleko hiriburua mugitzen hasita dago, kaleetan militar kontrolak ugariak dira, taxi gidaria denetan geratzen da, "no problem" entzun orduko aurrera egiten du eta aireportura egunsentia baino lehen iritsi gara. Katmandutik Luklara 40 minutu irauten du hegaldiak, hogei lagun eta ekipajea larri-larri kabitzen den abioi koxkorrek egiten dute bide hau, eta gutxienez sei konpainiek eskaintzen dute zerbitzua. Hainbeste aldiz entzun, irakurri eta argazkietan ikusitako aireportura abiatu gara.

Gaurko eguraldi kaxkarrak ez du ezer asko disfrutatzen uzten, bi hodei erraldoien artean goaz, eta kotoi bolaren erditik irten orduko zerbait beltza aurrez aurre topatu dugu, aireportuko pista da. 1965ean prestatu zuten, 2.800 metrotako altueran kilometro erdia eskas aldapan duen lurrezko eremua. Duela pare bat urte asfaltatu dute. Ordura arte Luklan "lur hartzea" benetakoa zen, geroztik pilotuei maniobra errazagoa zaie, baina bidaiariei halere, emoziorik ez zaie faltako.

Aurten bete dira 50 urte Everest mendia lehen aldiz igo zutenetik. 1953. urteko maiatzaren 29an espedizio britainiar batek lortu zuen balentria. Edmund Hillary Zeelanda Berrikoa eta Tenzing Norgay sherpak zapaldu zituzten gailurreko 8.848 metroak. Mendizaletasunean data historikoa markatu zuen horrek, baina Nepalen Hillary esatea askoz gehiago da: eskola, ospitale, bide, zubi eta abar martxan jarritako gizona da, bertako biztanleen bizi baldintzak hobetzeko ahalegin berezia egindako pertsona da Edmund. Zeelanda Berrian jaiotako erlezaina, sherpa herria zaintzen eta babesten saiatu izan da bereziki.

Lehen geologoak eta topografoak askoz lehenago iritsiak ziren. Sherpa jendea bertako harri puskak hartzen eta mendiak neurtzen ikusi zituztenean izutu ere egingo zen ziurrenik. Sherpentzat lur azala berauen larrua zen, harkaitzak hezurrak eta ura odola. Hildakoan lurrarekin bat egiteko esperantza dute, horrexegatik kanpotar haiek zer arraiotan zebiltzan pentsatzea ez zen batere harritzekoa izango. 1974an iritsi zen lehen euskal espedizioa paraje hauetara. Garai hartan ausardia handia behar zen Everest mendira abiatzeko eta zailtasunak ez ziren faltako. Tximist etxea izan zen babeslea eta Llorente gasteiztar medikua espedizio burua. Taldeko hainbat ezagunen orduko ibilerak irudikatuz egin dut bidea gorantz.

Azken 30 urtetan hemen bizitako aldaketa ikaragarria izan da (etxean ere bai noski). Ni bakarrik etorri naiz, baina jende artean egon naiteke, bertako jendearekin "namaste" diosala egin eta ingelesez hitz egin dezaket. Kanpotar jendearen ahotik berriz, frantsesa, italiera, japoniera, alemaniera eta beste hainbat hizkera entzun daiteke. 25.000 bisitari izan zituen iaz Nepaleko inguru honek eta horietatik % 90 Everest mendia ikusteko asmoz etorritakoak. Ni ez naiz ezer orijinala egitera etorri, gehienez nire burua beste zerbaitetan edukiko dut: garai bateko aitzindariak gogoratuz, honaino hurbildutako ezagunen zerrenda osatuz, betiko bertan geratu direnen istripuak oroituzà horrela egin dut nire ibilbide partikularra. Angel, Felipe, Xabier, Julio, Martin, Emilio, Takolo, Josu, Felix, Alberto, Juanito, Antonio, Adolfo, Marron, Edurne, Patxi, Pitxi, Iñakià eta beste hainbat eta hainbat etxeko lagunen izenak eta izanak buruan edukitzea ez da ariketa zaila. Nire ibilera bakartian lagun bezala daramatzat.

Nepalera etortzeko arrazoiak

Abestiak dioen bezala "àeta horrela ibiltzen gara sortuz ta sortuz gure aukeraà", hamar egun dauzkat berriro Katmandura itzuli arte, gutxiegi dira egin nahi dudana egiteko. Altuerara pixkanaka egokitzen joaten da norberaren gorputza, eta nik oxigeno falta horri erantzun beharra daukat. 4.200 metrora hiru egunetan iritsi naiz eta ustez ondo nago. Pheriche herrixkan bi egun egingo ditut berriro gora abiatu aurretik. Honainoko bidean ostatu hartzeko etxe ugari dago tea house edo lodge bezala dira ezagunak eta merkeak izateaz gain atseginak ere badira ostatuok. Nire ekipajeak 12 kilo pisatzen ditu eta ez daukat janaria garraiatu beharrik, orain nabilen bezala zamalari premiarik ere ez. Gailurretara igotzea gustuko dutenak eta mendi bailara hauetan disfrutatzen dutenak hemen topo egitea oso normala litzateke, tartean euskaldunen bat azaltzea ere baià ba juxtu horixe da gertatu zaidana. Denbora-pasa nengoela, tipo ile ori bat ikusi dut tea hartzen, hurbildu natzaio eta zera galdetu diot: "à tú no serás Iñakià", ba bai, Iñaki Otxoa de Olza nafarra, Iruñekoa da, zortzimilakoetan eskarmentu handikoa, gidari eta filmaketa lanetan aritutakoa, hogeita bost aldiz Nepalen egondakoa. Himalayako bazterrak ondo ezagutzen ditu eta nepaliar hizkuntzan nahiko txukun moldatzen da. Berak ere ezagutu nau eta kontu-kontari aritu gara. Zer dela eta hemen? -galdetu diot nik. "Baaaaaà nafar familia batekin etorri naiz" erantzun dit berak. Handik gutxira han egin dugu denok topo mahai bueltan te bero baten inguruan. Euskaraz hitz egiteko gogoz bai beraiek bai neu eta orduan ulertu dut toki ikusgarri hauetara etortzeko beste arrazoi bat. Iazko udaberrian, Pumori (7.161m) mendian, elurrolde handi batek bost gazte eraman zituen aurretik edo harrapatu zituen azpian. Haietako batzuen senitartekoak iaz etorri ziren honantz, oraingoan berriz Haritz Artieda, Etxarri-Aranazko mendizalearen gurasoak eta bi arreba etorri dira Iñaki eta bere lagun Ursularekin.

Juli ama, Pello aita, Idoia eta Onditz Haritz zenaren arrebak goitik behera datoz. Everest aurrean dagoen Pumori mendi zorrotzaren irudia ikustetik datoz, ezbeharra gertatu zen lekua bisitatzetik. Gustuko mendiak maite duzun pertsona "kentzen" dizunean ezin duzu mendi hori gorrotatu, ez zenuke gorrotatu beharko behintzat. Mendi hori maitatzeko arrazoiak ugaritu egiten zaizkizula pentsatu beharko zenuke, baina gogorra da oso. Itzuli ezinak diren egoerak, atzera bueltarik ez daukaten ondorioak, betirako agurrak ez dira inoiz atseginak izaten. Hemengo lo egin ezina, gose falta, buruko mina eta altuerak ematen dituen gainontzeko sintoma guztiak jasangarriak dira.

Artiedatarrek zeramaten zama astunena ez zihoan bi bidoi urdin handi haietan. Agurtu ditudanean garbi ikusi dut hori, sentimenduak ezin dira kilotan neurtu eta zamalari gogorrenari ere ezin zaizkio erantsi. Hiru egun beranduago Kala Pattar (5.545 m. Arroka beltza) izeneko mendira igo naizenean, munduko mendi garaiena neukan aurrez aurre eta atzealdean Pumori ikusgarria, hantxe egin dut ordu eta erdi edo. Negar zotinka egon ez banaiz ere, begi bustietatik malko bakan batzuk isurtzen utzi dut, haize hotz eta bortitzak bi masailak azkar lehortu dizkidan arte. G.B. (Goian Bego edo Goian Bitez) esaldiak hemen badu inon izatekotan esanahi berezirik. Beherantz egiteko garaia da, itzuli beharra daukat, hiruzpalau egunetan berriro Luklan egon nahiko nuke.

Katmandura heldu naiz, eguraldi zoragarria lagun hegaldi guztiak atera dira Luklatik. Orain Nepaleko hiriburuko eromenean sartuko naiz, giro bizia, jende xelebrea, bisitari despistatuak eta trafiko kaosa. Kutsadura dela medio itolarria sentitzera ere irits zaitezke hemen, baina ez dut astirik izango, etxetik datorren lagun talde batekin Annapurnako Trekkinera noa. Erlijioz hinduista dira nepaliar gehienak, beste batzuk budistak eta politikoki gauzak nahastu samar daudenez maoistak ere topatu genitzake.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan