Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Milioi bat eskas olibondo

Jakoba Errekondo

Jakoba Errekondo


1919. alea
2003-11-09
alde 0    kontra 0

Egun petrolioak eta gasak Afganistanen edo Txetxenian bezala, garai bateko inperioez hitz egiten digute landareek. Landareak txanpon bihurtzen ziren eta dirua odolez soilik ordaintzen da. Ardoa, garia eta olioa ziren Babiloniakotik duela lau bat mila urte abiatu eta Mediterraneoan nagusitu ziren inperioen oinarri. Historiaren hondar, hor darraite hirurek katolikoen ospakizunetan. Istorio honen sorreran, duela hiru mila urte inguratu omen zuten olibondoa feniziarrek Mediterraneoaren mendebaldera eta erromatarrek zabaldu eta hona ekarri. Arabiarrek osatu zuten lan hau: barietateen aberastasuna, lantzeko teknikak, olibondoa eta olioari lotutako hizkuntza eta abar.

Olibondoa (Olea europaea) batez ere Asian zabaldutako Oleazeoen familiako 400 inguru espezieetako ezagunena da. Olea genero hau mundu osora zabaldua da eta Ozeanian bezala, Indian edo Buena Esperanza lurmuturrean aurki daiteke. Baita klima mediterranearra duen Euskal Herri horian ere. Mila urtetik gorako olibondoekin batera hegaztiek sakabanatutako hazietatik sortutako basatiak nonahi ditugu, Lleidako Arbeca herritik izena hartua duen Arbequina barietate fin preziatua eta Espainiako erregina makala, "Aceituna de la Reina" handia, tartean. Berdetan mikatzetan mikatza ezkaiaz eta azitraiaz gozaturiko gatzuretan beratu behar da ondo umatutako beltzen gisan jateko moduko oliba izan dadin.

Egun iberiar penintsula da munduko oliba ekoizlerik handiena, baina bere olioaren sonaren gorakada dela eta mahatsa bezala mediterranear itxurako klima duten beste lurraldeetan gero eta gehiago ekoizten da, batez ere Ameriketan. Espainiarrek XVI. mendean eramandako Txile eta Perun bezala Kalifornia eta abarretan. Katalanak dira, hala ere, oliba olioaren etorkizuna kalitatearen bidetik zorrotzen jorratzen ari direnak eta jatorri izendapenetan ezagunenetakoa Mallorcakoa da.

Geurean uzta laster da Arabako 8 herritan banatutako 36.672 olibondoetan eta Nafarroako 125 herritan lantzen diren 950.552etan. Hauen olioa ia etxerako bakarrik egin eta merkatu zabalera urri iristen den urrea da.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1918
 
azala1917

1919 zenbakia.
2003ko azaroaren 09a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia