Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-11-09 -- 1919.zenb

Jakoba Errekondo


Egun petrolioak eta gasak Afganistanen edo Txetxenian bezala, garai bateko inperioez hitz egiten digute landareek. Landareak txanpon bihurtzen ziren eta dirua odolez soilik ordaintzen da. Ardoa, garia eta olioa ziren Babiloniakotik duela lau bat mila urte abiatu eta Mediterraneoan nagusitu ziren inperioen oinarri. Historiaren hondar, hor darraite hirurek katolikoen ospakizunetan. Istorio honen sorreran, duela hiru mila urte inguratu omen zuten olibondoa feniziarrek Mediterraneoaren mendebaldera eta erromatarrek zabaldu eta hona ekarri. Arabiarrek osatu zuten lan hau: barietateen aberastasuna, lantzeko teknikak, olibondoa eta olioari lotutako hizkuntza eta abar.
Olibondoa (Olea europaea) batez ere Asian zabaldutako Oleazeoen familiako 400 inguru espezieetako ezagunena da. Olea genero hau mundu osora zabaldua da eta Ozeanian bezala, Indian edo Buena Esperanza lurmuturrean aurki daiteke. Baita klima mediterranearra duen Euskal Herri horian ere. Mila urtetik gorako olibondoekin batera hegaztiek sakabanatutako hazietatik sortutako basatiak nonahi ditugu, Lleidako Arbeca herritik izena hartua duen Arbequina barietate fin preziatua eta Espainiako erregina makala, "Aceituna de la Reina" handia, tartean. Berdetan mikatzetan mikatza ezkaiaz eta azitraiaz gozaturiko gatzuretan beratu behar da ondo umatutako beltzen gisan jateko moduko oliba izan dadin.
Egun iberiar penintsula da munduko oliba ekoizlerik handiena, baina bere olioaren sonaren gorakada dela eta mahatsa bezala mediterranear itxurako klima duten beste lurraldeetan gero eta gehiago ekoizten da, batez ere Ameriketan. Espainiarrek XVI. mendean eramandako Txile eta Perun bezala Kalifornia eta abarretan. Katalanak dira, hala ere, oliba olioaren etorkizuna kalitatearen bidetik zorrotzen jorratzen ari direnak eta jatorri izendapenetan ezagunenetakoa Mallorcakoa da.
Geurean uzta laster da Arabako 8 herritan banatutako 36.672 olibondoetan eta Nafarroako 125 herritan lantzen diren 950.552etan. Hauen olioa ia etxerako bakarrik egin eta merkatu zabalera urri iristen den urrea da.

Jabier Agirre


Valentin fuster kardiologoa ondo ezaguna da mundu osoan. New York-eko Mount Sinai Institutu Kardiobaskularreko zuzendariak Santander-eko Menendez Pelayo Unibertsitateko udako ikastaroetan hartu zuen parte, eta bertan gauzak argitzeaz gainera, arrazoirik gabeko gehiegizko baikortasunari mugak jarri nahi izan zizkion. "Asko aurreratu da bihotzeko gaixotasunen tratamenduan, baina oraindik ere gorantz jarraitzen dute". Ozenago esan daiteke, agian, baina argiago ez.
Aurrerapen teknikoei esker, azken 40 urteotan gaixoen bizitza 10 urtez luzatzea lortu da, baina bihotzeko gaitzen intzidentziak gora egiten jarraitu du, eta "datozen 10 urteetan ere kardiopatien intzidentziak gorantz segituko du, %30 herrialde aurreratuetan, eta ia %100 garapen bidean dauden herrialdeetan". Eta nola da hori posible? Prebentzioan huts egiten dugulako. Baliabide tekniko oso interesgarriak dauzkagu, baina prebentzioari dagokionez, oso primitiboak omen gara, Fusterren hitzak erabiliz. Eta puntu honetan, erakundeak, instituzioak, botere publikoak dira gidaritza hartu behar luketenak.
Finlandiako kasua aipatu zuen Fusterrek. Administrazioak bultzatuta, jan neurrian eragindako aldaketek %10 jaitsi zuen biztanleriaren kolesterol maila odolean. Eta era horretako ekimenak, elikaduran aurrerapauso txiki bat, tabakoaren gain beste bultzadatxo bat, hipertentsioari ere beste sakada bat, horiek guztiek eragin ikaragarria eduki dezakete biztanleria orokorraren osasunean. Horrexegatik, prebentzioak edozein gobernuren lehentasunetako bat izan behar luke. Osasungintzaren kostua gora doa, pixkanaka, teknologia osasun munduan sartzen den heinean. Pentsa zer gerta daitekeen bizitza urte batzuk luzatzen baldin bada, eta teknologia hori, egunetik egunera aurreratuagoa bai, baina aldi berean garestia eta ia jasanezina den teknologia horixe baldin bada pertsona bizirik mantentzen duena. Zergatik ez, orduan, gure esfortzuak prebentzioari eskaini? Prebentzioan gastatutako diruak askoz ere probetxugarriagoak izango dira betiere teknika edo teknologiarik aurreratuenak eskatzen dituztenak baino.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan