Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-11-09 -- 1919.zenb

Izaskun Jauregi



Txotxongiloak eta gizartea

Hogei urte bete ditu aurten Bilboko XXI. Nazioarteko Txotxongilo jaialdiak. Hilaren 14an hasi eta 24a bitartean, «Txotxongiloak eta gaur eguneko gizartea» izenburupean, munduko 17 konpainia daude gonbidatuta ekitaldira. Txotxongiloen munduan ere gizarte gaiak barneratzen saiatzen ari direla erakutsiko dute eskainiko dituzten 40 emanaldietan. Horrez gain, ikastaroak, erakusketak, argitalpenen aurkezpenak... izango dira.


Lekuonaren atzerabegirakoa

Sormen gaitasun paregabea zuen Nikolas Lekuona Ordiziako artistak. Izan ere, 24 urterekin hil zen Espainiako Gerra Zibilean, eta bitarte horretan 700 obra baino gehiagoko ondarea osatu zuen. Ondare horren ehun lan inguru daude orain ikusgai Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentroaren Museoan, Artiumen. Lekuona 30eko hamarkadako abangoardietako ordezkaritzat jo daiteke. Artiumek paratu duen erakusketa artistaren alor guztiak biltzen dituen lehen atzerabegirakoa da.


Juan San Martinen ibilbidea

Omenaldi moduan, hilaren 11n hasi eta 14 bitarte Juan San Martin euskaltzale eta kultur gizona izango dute hizpide Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Besteak beste, Felix Marañak San Martinek euskal kulturan bete duen lekua aztertuko du; Ramiro Larrañagak Gerra ondorena azalduko du; Felipe Juaristik bere poesia arakatuko du; eta Jesus Altunak ikertzailearen alderdia jorratuko du.


Bertsoa nonahi

Bertsoari loturiko makina bat ekitaldi martxan dira egunotan. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa burutzen den bitartean, Bizkaian Txapel Bete Bertso ekimenaren bigarren ekitaldia jarri dute abian. Abendura arte ia 30 emanaldi iragarri dituzte antolatzaileek eta guztira, 51 bertsolarik parte hartuko dute. Horrez gain, hainbat ikastaro egingo dituzte eta Bizkaiko bertsozale gazteen eguna ere aurreikusi dute. Bestalde, Nafarroan, Bertsoaroari hasiera eman diote. Hil honen 20ra bitartean bertso saioak, kontzertuak, Alexis Diaz-Pimienta inprobisatzailearen hitzaldia eta bi mexikarren ahozko inprobisazioa prestatu dituzte Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak.


Argazkilarien formazioa

Argazkigintza profesionalean argazki digitalak izan duen garapena dela-eta hiru ikastaro prestatu ditu Gipuzkoako Argazkilari Profesionalen Elkarteak. Lehena urrian egin zen argazki digitalen inguruan. Hil honen 10ean berriz, José Cabezudok argazki digitalaren azken ukituen inguruan jardungo du. Eta hilaren 25 eta 26an José Regueirak ekitaldi sozialen argazkigintzari buruzko tailerra eskainiko du. Ikastaroak Gipuzkoako merkataritza Federazioan egingo dira, Donostian.


Dantza zalantzan.

Dantza egitea zer den eta zer ez den aztertzea da Adeshoras Danza Kolektiboak bigarren aldiz antolatu duen Dantza Maratoiaren helburu nagusia. Azaroaren 15ean burutuko da Artelekun eguerdian hasi eta gauerdira arte. Xedea hamabi ordu dantzan igarotzea da. Ez du axola partaideek nola dantzatzen duten. Epaimahaiak nortasuna, erresistentzia, grazia eta horrelako beste hainbat ezaugarri izango ditu kontuan. Dantzarako musika estilo ugari prestatu dituzte horretarako. Azaroaren 15a arte eman daiteke izena, 3 euroren truk. Dantzan gailentzen denak bidaia bat irabaziko du.


Ostiral gauak Guggenheimen.

«Irudiak mugimenduan» bildumaren aurkezpenaren baitan Guggenheim Bilbao Museoak ikusle gazteei gaueko saioak eskainiko dizkie maiatza bitarte, hilabeteroko azken ostiraletan. Gaueko hamarretatik goizeko ordubata arte musikan eta bideoan teknika aurreratuenak eskainiko ditu ekimen honek, tailer eta kontzertuen bitartez.


Irakeko idazleak.

Hiru argitaletxeak idazle irakiarren bilduma argitaratzeari ekin dio. Kalera atera orduko izan da sorpresa lehen alea. Izan ere, egilea Saddam Hussein bera dela dio Eva Forestek. «Zabiba y el rey» eleberri filosofikoa da eta Mohamad Alsaquar ezizenarekin sinatua dago.


Munduko liburutegia osatzen

Orain bi urte eta erdi hasi zen AEBetan Bookcrossing ekimena. Funtsean, bookcrossinga ezezagunekin liburuak elkartrukatzea da. Horretarako, norbaitek liburu bat nonbaiten utzi behar du, eta ondoren, beste batek, hura aurkitu eta irakurri, gero berriz abandonatzeko. Mundua liburutegi handi bat bihurtzea da xedea. Egun, munduan milioi erdi liburu daude nahita abandonatuak. Guztira, 165.000 bookcrosser daude. Horietatik 3.000 Espainian. Ekimenaren ondorioz, www.bookcrossing.com web gunean, liburuen inguruko iruzkinak ageri dira. Sustatzaileek diotenez, ekimen honekin autoreari eta liburuari publizitatea egiten zaio nolabait. Eta irakurleari, irakurketaren emozioaz gain, liburua bilatzearena ere eskaintzen zaio.


Pello Lizarralderen hitzak dira hauek «El Pais»en jasoak: «Momenturik zoriontsuenetan ere, beti geratu izan zait zalantzaren bat, eta zalantza horien aurrean, nobela egitea erabaki nuen, oso genero egokia baita dudak plazaratzeko, soluziorik batere aurkitu gabe, noski».

Xabier Amurizak «Berria»n: «Garaia da Martin Ugalde Kultur Parkean ikusi zen ordezkaritza politiko-sozial hori zerbait osatuagoa egiten has dadin».

Kirmen Uribek «Putz»en egindako adierazpenak dira hauek: «Ez dut uste literatura denik norberaren obsesioak gainerakoei kontatzea. Niretako literatura da errealitateari begiratzea, gogoeta egitea eta gogoeta hori ahalik eta egokien, ahalik eta finen jartzea paperean».

Joxerra Gartziak honakoa esan zuen «Deia»n: «Bertsolaritza kaikuaren eta txapelaren maila berean jartzen dutenei esango nieke, alferrik dela ez baneki, bertsolaritza aztertzea dela, komunikazioaren alorrean behintzat, guk munduari egin diezaiokegun ekarpenik unibertsalena (...) ».


Pako Aristik «Libreta horiko poemak» lana plazaratuko du Susaren eskutik. Bertan, sakelako kaiera batean eskuz idatzitako poemak bildu ditu. Liburuaren originala osorik ipini du Susak Interneten.
Lau Itzal taldeak «Sartu» bigarren diskoa kaleratuko du hil honetan Gor-en eskutik. Bertan, hamabi kantu berri, berreskuratutako bat eta bideoklipa bildu dituzte.
Lucia Lacarra aurkeztu du Gipuzkoako Dantzari Profesionalen Elkarteak Dantzako Sari Nazionaleko Interpretazio atalerako hautagai gisa. Dantzako Sari Nazionala eman den 15 urteetan ez da sari hau eskuratu duen euskal koreograforik izan. Azken epaia abenduaren 15a baino lehen jakinaraziko du Arte Eszenikoen Institutu Nazionaleko Zuzendari Orokorrak.
Andres Nagel artista donostiarraren azken hamar urteetako ibilbidea bildu du liburu batean Maria Lluïsa Borrás arte kritikariak. «Andrés Nagel, una década» liburua Turner argitaletxeak plazaratu du.
Eli Tolaretxipiren «Los lazos del número» izeneko poesia liburua argitaratu du Bassarai argitaletxeak.
MCD taldea sortu zuten jatorrizko hiru kidek Motorsex taldea osatu dute. Motorsex taldeak «Soy un animal» aurkezpen singlea argitaratu berri du eta doan jarri du www. motorsex.info web gunean.
Jose Luis Zumeta, Juan Luis Goenaga, Remigio Mendiburu eta Rafael Ruiz Balerdiren lanak Donostiako Kursaalean daude ikusgai «Bidaideak» erakusketan.

hemeroteka

1918. zenbakia | 2003-11-02
1917. zenbakia | 2003-10-26

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan