Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-12 14:27:06
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2003-11-09 -- 1919.zenb

Jon Gurrutxaga

Miren Aranburu Jazz Ansamble-ekin estreinatu zuen Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak bere «Errabal» izeneko jazz zigilua. Bertoko jazz taldeak bultzatzea da zigiluaren helburua eta Sant Pau 44 Quartet-en lehen lana da bere bigarren eskaintza. Taldearen izen bereko diskoa maiatzaren 2an eta 3an Gasteizko Araba Aretoan grabatu zen, sesioan. Taldekideen arabera, jazza ezin baita beste modu batera grabatu. Laukote arabarra ondoko musikariek osatzen dute: Iosu Izagirrek (kontrabaxua), Raúl Romok (saxo altua), Hasier Oleagak (bateria) eta Koldo Uriartek (pianoa).

Gasteiztik Bartzelonara...

Arabako hiriburuan ezagutu ziren lau musikariak, guztiak Gasteizko musika taldeen inguruan mugitzen ziren-eta. Laukotea Sustrajazz izenpean sortu zen 1998an. Halako batean Koldok, Hasierrek eta Iosuk Bartzelona aldera jotzea erabaki zuten. Beren asmoa: bertako giroan murgildu eta ikastea. Raúl, ordea, Madriletik pasa ostean Bostonera joan eta Berklee College of Music eskola ospetsuan izan zen. Iosu Izagirre taldeko kontrabaxu-jolearen esanetan, Bartzelonako giroa oso "eferbeszentea" da: "Mundu osoko jendea biltzen da bertan, margolariak, musikariak, argazkilariak, diseinatzaileak... Gero ez dago guztiontzako lekurik, baina beno". Urte batera Koldo Raúl kantari ospetsuaren bandan sartu eta etxera itzuli zen. Hasierrek eta Iosuk Bartzelonan jarraitu zuten. Baina Iosuren hitzetan oso erritmo gogorra zeramaten: "Ikasteko ideiarekin joan ginen Kataluniara eta jotzen asko ikasten da. Baina emanaldiak eskaintzen genbiltzan denbora guztian, lanean genbiltzan gelditu gabe".

... eta berriro buelta

Bandako kontrabaxu-jolearen ustez oso zaila da Bartzelonan talde bat osatu eta entseatzea. Hori dela eta, Euskal Herrira itzuli eta jadanik Koldo eta Raúl Gasteizen zeudenez, laukotea berriro osatzea erabaki zuten. "Elkarrekin jotzeko gogoa genuen eta bagenekien Gasteizen lan egiteko aukera izango genuela", diosku Izagirrek. Laukotearen izena Bartzelonatik dator: Sant Pau bizi ziren kalearen izena da eta 44, berriz, atariaren zenbakia. Diskoa grabatzeko ideia Soraluzeko diskoetxeak luzatu zien musikari gasteiztarrei. "Xarra eta Ubane Gaztelupe tabernan eskainitako kontzertuetatik ezagutzen genituen. Bar Puerto proiektuan izan ginen Mikel Urdangarinekin... Hasier eta bioi komentatu ziguten diskoaren ideia. Guk geure lagunekin grabatzea pentsatu genuen, baina memento hartan laurok elkartzea zaila zenez, urte batzuk pasa dira proposamena egin eta diskoa grabatu dugun arte", azaltzen du Izagirrek.

Estilo anitzetatik jazzera

Musikari arabarrak ez dira hasiera-hasieratik jazz munduan murgildurik izan. Gaztetxoak zirenean rocka, funkya, euskal musika... entzuten zituzten. Izagirreren kasuan, adibidez, Gasteizen bertan aurki ditzakegu bere eraginak, Hertzainak taldea kasurako. Jazza, berriz, besteak beste, rock taldeei egindako elkarrizketengatik ezagutu zuen. Horietako batean baxujole batek Mingus entzuten zuela irakurri zuela gogoratzen du Izagirrek. Sustrai beltzak azpimarratuz hainbat izen etorri zaizkio burura Hasier Oleaga bateria-joleari: Miles Davis, Charlie Parker, John Coltrane...

Gehiengo batek entzuten duen musika ez dela onartzen badute ere, emanaldietara gero eta jende gehiago hurreratzen omen da. "Jendeak ulertzen du hizkuntza. Agian, ez ditu gauza zehatzak bereizten, baina badaki noiz eta non mugitzen den energia", diosku Oleagak. Musika intelektuala dela eta askotan jendea snobismo hutsagatik hurbiltzen dela uste dute, ongi ikusia dagoelako. "Jazzaldira musika hori gustuko ez duen jendea ere joan ohi da, bisonte jaka jantzita nahiz eta uda izan", dio bateria-joleak. Miles Davis bezalako musikariek jazz estiloa asko hedatu bazuten ere, "beltzen eta emagalduen artean" sortutako musika ei da. Taldeko kontrabaxu-jolearen aburuz, bai Euskal Herrian bai Espainiako Estatuan gutxienez berrogei urteko atzerapena dugu jazz kulturan. "Gasteizen jazza era ezberdinetara bultzatu nahi zuen jendea zegoen. Batzuek club-eko kultura hedatu nahi zuten; beste batzuek, berriz, jaialdi handiak antolatu nahi zituzten. Azkenean dirudunek irabazi zuten". Garai berdinean Terrassa, Bartzelona eta Madril bezalako hirietan club-eko kulturaren aldeko apustua egin zuten. Ezbairik gabe, bertan kokatzen baita jazzaren kultura. Gaur egun, taberna bakarrak antolatzen ditu Gasteizen estilo honetako kontzertuak.

Katalunia eta Euskal Herria, Bartzelona eta Gasteiz konparatzerako orduan, katalanek gauzak antolatzeko eta beraien indarrak batzeko gaitasun gehiago dutela uste dute Sant Pau 44-koek. Sare bat dute sortutakoak gutxienez denboraldi batez iraun dezan eta funtziona dezan. Euskal Herrian gauzak sortzeko jendea badago, baina Izagirrek eta Oleagak hemen sareak askoz ere mugatuagoak direla uste dute. Ideiak badaude, baina ez dute irteerarik topatzen. "Gasteizek eta Bartzelonak gauza bat dute komunean: ezinezkoa da jazza egiten bizitza aurrera ateratzea", diosku penaz bateria-joleak. Gauzak aldatzen ari dira, baina oinarrizko kultura falta da.

Musika instrumentala izanik, abestiak mementoan datorkien eta kantak sentiarazten dien kontzeptuarekin bataiatzen dituzte. Izagirrek azaltzen duenez, ezin ditu abestiak denbora luzez izenik gabe utzi. Berehala lotzen ditu kontzeptu edo ideia batekin. Hortik abiatuz kantuaren titulua izango den esaldi edo hitz zehatzera heltzen dira. Tituluak, ondoren, kanta entzuteko mementoa eta modua asko baldintzatzen du.

Jakina da jazzaren ezaugarrietako bat inprobisazioa dela. Taldekideen hitzetan, jazza aurrez idatzitako gidoiaren interpretazioa da, bai zuzenean jotzeko orduan baita grabatzerakoan ere. Interpretazio horren barruan, noski, inprobisazioak bere lekua du. Bi taldekideek koadro bat margotzearekin erkatzen digute jazzaren funtsa: "Ez dugu zertan koadroa beti berdin margotu, baina azkenean marrazkia beti berdina da".

Pilar Iparragirre

"Las moscas no salen en las fotos" nobelaren ezaugarri nagusiak?
Nobela entretenigarria saiatu naiz idazten, elkarrekin lotzen diren zenbait istorio diferente kontatzeko gai sakonaren gainetik. Istorio horien azpian badago mami sakonagoa gaur egungo gizartearen izaera eta jarrerarekin lotu behar dena. Pertsonaia ugari dituen liburua da, nahiz eta istorio diferente horietan beti azalduko diren, azkenerako, lau neska eta gizonezko protagonista. Gaur egungo lau emakume beren arazoekin eta horien inguruan, euliak gozokiaren inguruan bezalaxe, mutil protagonista dantzan. Gaur egungo Bilbon kokatzen da ia nobela osoa, nahiz eta zati pare bat Londresen eta Lekeition gertatuko diren.

Zein da zure narrazio honen korapiloa?
Ohartu gabe istorioak uztartzen joango dira eta pertsonaiak katramilatzen euren artean. Azkenean inor ez da bere buruaren jabe izango. Gure bizitza geuk kontrolatzen al dugu? Zerbait egin edo erabakitzen dugunean benetan geure erabakia al da? Zer dago ezkutuan? Zer ari da gertatzen gure ondoan guk jakin gabe? Eta nork erabaki edo agintzen du hori?

Zer gertatzen zaio, bada, zure protagonistari?
Rekexo, protagonista nagusia, sinetsita dago erraz kontrolatuko dituela neska batzuen bizitzak, lan erraza dela hori, baina azkenean ohartuko da bera beste norbaitek kontrolatzen duela eta bera geratuko dela penagarri besteen aurrean. Saiatu naiz liburu hau erritmo bizi batez idazten, irakurleak hasi eta amaitu arte utziko ez duelakoan. Ironia dauka narrazioak eta umorea ere bai.

Mikel Asurmendi

Tere Irastortza 1961ean sortu zen, Zaldibian. Beasaingo Andramendi ikastolako zuzendaria da. Bi seme-alaben ama. Idazlea da, eta poeta oroz gain. Bere lehen liburua 1980an argitaratu zuen: Gabeziak poesia liburua. Obra poetiko oso oparoa osatu du harrezkero. Bere obraren antologia Susa argitaletxearen XX. mendeko poesia kaierak bilduman dago, Koldo Izagirrek apailatua. Antologia hau Izen gabe, direnak. Haurdunaldi beteko khantoriak liburuarekin (Pamiela, 2000) ixten da. Liburu horretan Jainkoarengandik hurbil dagoen poeta gisa antzeman genuen Tere Irastortza.Aurten argitaratutako Glosak. Esana zetorrenaz liburuan (Pamiela) berriz, pertsonengandik hurbilagoa aurkitu dugu Zaldibiko poeta. Liburu honetaz, euskal literaturaz eta bere ibilbide literarioaz aritu gara berarekin. Tere Irastortza Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) lehendakaria da iaztik, hartara, zeregin honetaz ere galdetu diogu elkarrizketaren hasieran.
guztia irakurri

Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda


Naturaren jakinduria
Biziraupena gauza guztien gainetik dago. Txernobilen egindako ikerketek, esaterako, animaliak zein landareak medio kutsatuetan bizitzeko behar diren egokitzapenak asmatzeko gai direla frogatzen dute. Izan ere, 1986 urtean lehertutako erreaktoretik hurbil dauden pinuek ez dute besteen genoma erakusten eta agertzen diren desberdintasunak kutsadurari aurre egiteko egokitzapenak direla ikusten da.
Antza denez, orduko hondamen hartatik bizirautea lortu duten hainbat zuhaitz espeziek talde kimiko metilatuekin bat eginez euren ADNa blindatu eta oinarrizko geneak babestu dituzte. Kanada eta Ukrainako ikerlariek laborategietan egindako frogek ere horixe bera egiaztatzen dute. Alegia, lur kutsatuan landatutako pinu gazteen metilazioa bestela baino %30 handiagoa dela, landatu direnetik hamar urtera.
Bestalde, Sebastopolgo Hegoko Itsasoko Biologi Institutuak garai bertsuan argitaratu duenez, aintzira kutsatu baten inguruan bizi diren espezieek, autoernalketa edota parekatzea aukerakoa duten kasuetan, bigarrena hobesten dutela medioaren presioari aurre egiteko modu gisan. Hartara, biziraupena, dibertsifikazio bidez ziurtatzen baita.
Kontuan hartzekoa da, bestalde, 1986an lehertu zen erreaktoreak Ukraina, Bielorrusia eta Errusiako 320.000 kilometro koadro inguru kutsatu zituela eta bertan 4 milioi biztanle inguru bizi direla.

Giza espezieak emakumezkoei esker biziraun du orain arte
Isabelle dupanloup biologoaren lan taldeak, lehen gizakiaren zabalkunde geografikoa aztertzen ari zela, Cro-Magnon garaikoak batez ere poligamoak zirela frogatu du, "Science et Vie" aldizkarian irakurri ahal denez.
Ikerlariek gure garaiko eta kontinente guztietako 2.000 emakume ingururekin egin dituzte frogak eta hauen guztien Y kromosomaren (emakumezkoek bakarrik dute) 167 markatzaile genetiko aztertu dituzte. Hortik ondorioztatzen denez, gizonezkoen lehen hedapen demografiko handia orain dela 18.000 urte ingurukoa da.
Emakumezkoen hedapen demografikoa, ordea, lehenagokoa da, amak bakarrik transmititzen duen ADN mitokondrialaren gaineko beste ikerketa batek dioenez. Desfase horretan, beraz, medioaren gogortasunari aurre egin eta giza taldeen iraupena ziurtatzeko aukerarik eraginkorrenetakoa poligamia izan zen.

Beroaren eta hotzaren aurrean berdin
Michigan state university-ko ikerlari talde batek oso ezaugarri bereziak dituen metal aleazio bat aurkitu du, hots, beroaren edo hotzaren aurrean ez zabaltzen ez uzkurtzen dena, eta gainera, elektrizitatea garraiatzeko gai dena.
Naturako elementurik gehienak zabaldu egiten dira beroarekin, baina badaude uzkurtu egiten diren gutxi batzuk. Bi ezaugarri hauek uztartu dira metal aleazio berrian eta horregatik tenperatura aldaketen aurrean aleazioak bere horretan segitzen du.
Bestalde, tenperatura aldaketen aurrean berdin segitzen duten material ezagun guztiek ez dute elektrizitatea garraiatzen eta hau izan da ikerlariek gainditu behar izan duten oztoporik garrantzitsuena. Aleazioa yterbio, galio eta germanioz osaturik dago eta 100Nk-400Nk Kelvin arteko tenperaturak oso ongi jasaten ditu.
Aleazio berri honek Lurrean edo Lurretik kanpo tenperatura aldaketa handiak jasaten dituzten mekanismo eta motorretan izango ditu aplikazioak. Ikerketa honen hurrengo urratsa material erdi-eroaleetan eman nahi da, horrela aplikazioak elektronika eta mikroelektronikara zabalduko baitira.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan