Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 09:39:43
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2003-11-09 -- 1919.zenb

Pilar Iparragirre


La familia Gabaldica
Lucia Belzunegui Santos
Ttarttalo
133 orrialde
11 euro



1936ko Gerraren eragin ankerra


Lucia Belzunegui Santosek hirurogeiko hamarkadan idatzi zuen nobela hau, baina zuhurki, kaxoi batean gorde zuen, Ttarttalo argitaletxearen bidez duela gutxi kaleratu duen arte. "La familia Gabaldica"n 1936ko Gerra Zibilaren hasierak Nafarroako herri txiki batean izan zuen eragina azaltzen du. Gerra lehertu zenean, lurrikara baten moduko astinaldia jasan zuen mundu guztiak, eta harekin bat, berpiztu ez ezik areagotu ere egin ziren herri orotan erdi lotan zirauten sesioak. Haien ondorioz etorri ziren garaileen aurrean eginiko makina bat salaketa. Gabaldica familia izan zen egoera hori jasan zuen lehenetarikoa; seme zaharrena atxilotu eta hil zioten, eta aitak ihesari eman behar izan zion.


Diseinuaren balioa klusterretan
Batzuen artean
DZ Diseinu Zentroak
260 orrialde



EAEn klustertzat jotzen diren hamaika elkarte


Bizkaiko Foru Aldundiak euskaraz eta gaztelaniaz kaleratu duen liburu honen izenburu zehatza da "Diseinuaren balioa klusterretan. Diseinuak Euskal Autonomia Erkidegoko klusterretan duen balioaren ikerketa". Nazioek lehiatzeko dituzten abantailei buruzko ikerketaren egilea den Harvardeko Unibertsitateko Michael Porter irakaslearen hitzetan, elkarlotuta dauden eta arlo jakin batean diharduten enpresa eta erakunde publiko zein pribatuen bilgune geografikoa da klusterra. EAE aitzindaria izan zen klusterretan oinarritutako industria politika garatzen. Lan honek EAEn diren hamaika kluster horietako bakoitzak zein diseinu mota beharko lukeen aztertzen du.


Eskuararen ethorkia
Joannes Etxeberri
Hiria
115 orrialde
10,70 euro



Joannes Etxeberri hautatua


Hiria argitaletxeak, 1972an Xabier Kintanak apailatu zuen "Lan Hautatuak" delako antologiaz baliaturik plazaratu duen "Eskuararen ethorkia" liburuan, Joannes Etxeberri Sarako mediku euskaltzalearen lanetatik hautatutako testu zahar berrituak jasotzen dira. Zorte txarrekoa izan genuen Joannes Etxeberri, bere ibilbideko lan erraldoia burutu ondoren ez zuelako, apenas, ezer argitaratzeko aukerarik izan, harik eta berrehun urte geroago, 1907. urtean, Julio Urkijok Parisen bere lana argitaratu zuen arte. Orain irakurleak dastatu ahal izango ditu, besteak beste, haren "Euskara noblea da", "Eskuara bertze hizkuntzetarik ethorkirik", "Gabeko da", "Zenbat gisetarakoa dentz eskuara", "Zertako dentz eskuara" eta "P. Axular" idazlanak.


Tantak
Batzuen artean
Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua
124 orrialde
7,81 euro



"Tantak" aldizkariaren azkena


Euskal Herriko Unibertsitateko hezkuntza arloko aldizkariaren azkeneko zenbakian, besteak beste honako gai hauek aurkituko ditu irakurleak: Iñaki Pikabeak landutako "Ikas-estiloen eta ikas-estrategien garrantzia euskara-ikasle helduengan"; Karmele Arangurenek jorratu duen "Adimen urritasuna duten haurren arreta goiztiarra" (bide batez, interesaturik dagoen orok jakin ahal izango du gure lurraldeetan nora jo minosbaliotasun zerbitzuren bat behar izanez gero); J. M. Correa, A. Ibáñez, E. Jimenez de Aberasturi eta N. Amenabarren artean egindako "Interneten oinarritutako hezkuntza unibertsitarioaren azterketa", eta M. P. Díaz, M. Cuesta, I. Echevarría eta M. Morentínen artean landu duten "Zientzia guneak, zientzia komunikatzeko tokiak" idazlana.


Txit oilo bitxia Txinatik iritsia eta elefanteak
Marcè Arànega
Ibaizabal
29 orrialde
5,24 euro



Oilo bidaiaria lagun berriak egiten


Bere maleta misteriotsua gainean duela dabil harantz eta honantz oihanean zehar Txinatik iritsitako Txit oilo bitxia. Mercè Arànegak idatzi eta Jose Antonio Sarasolak euskaratu duen kontakizun honetan, elefante talde bat ezagutzen du. Bainatzen dabiltza guztiak eta oiloa haiei begira dago, harriturik, ordura arte sekula ez baitzituen hainbeste elefante elkarrekin ikusi. Taldeko elefante txikiena jolasean dabil, halako batean baloi bat aurkitzen du, eta bere tronparekin behin eta berriro gorantz jaurtitzen hasten da. Ohartu gabe, ordea, elefante taldetik urrunduz doa. Horrela jarraituz gero, galdu egingo da. Oiloak dena ikusi du, eta badaezpada ere, elefante txiki jostalariari atzetik jarraitzea erabakitzen du.


Jakin
Batzuen artean
Jakin
118 orrialde
8,40 euro



Euskalduntze-alfabetatzearen inguruko azterketa


Euskalduntzea krisian ote dagoen galdetu diote beren buruei "Jakin" aldizkarikoek oraingoan, eta horren inguruko lana osatu dute. Batetik, 1985etik 2003 urterainoko Euskal Herri osoko datuak bildu dituzte, Nafarroa eta Iparraldeko xehetasunak erren samar geratu omen bazaizkie ere. Bestetik, soziolinguistikan adituengana jo dute, ustezko krisiari buruz duten iritzia eskatzeko. Eta azkenik, euskalduntze alfabetatzearen sektoreko arduradun eta kideengana zuzendu dira, iritzi eske.


Las moscas no salen en las fotos
Joxemari Iturralde
Erein
255 orrialde
18,20 euro



Joxemari Iturralderen nobela gaztelaniaz


Erein argitaletxeak kaleratu duen Joxemari Iturralderen "Las moscas no salen en las fotos" izenburuko nobela beltza, egile beraren "Euliak ez dira argazkietan azaltzen" eleberriaren gaztelaniazko bertsioa da, Begoña Montoriok itzulia. Rekexo ikertzailea da protagonista nagusia. Ikertzaile horrek asko atsegin ditu emakumeak, nahiz eta batek iraganean min eman zion. Baina hain zuzen ere pertsona hori dauka orain atzetik, bere bihotzaren jabe egiteko asmo guztiarekin. Rekexok, ordea, ez dio kasu handiegirik egiten. Nahiago du bere lanean murgildu, eta agindu dioten bezala lau neska berezien atzetik, zelatan ibili. Gainera, haien artean bada izugarri erakartzen duen bat. Nolanahi ere, ez da hori eskuartean duen lan bakarra, hemezortzi urteko ikasle aberats batek bere irakaslearekin bizitzera joatea erabaki baitu, eta haren aitak berriro etxera ekartzea nahi du-eta. Neskak ez du aitaren nahia betetzeko asmorik, ordea, eta azkenean Rekexok eta horiek bahitu egin beharko dute gaztea eta Londres aldera eraman. Han, berriz, beste euskaldun misteriotsu batzuekin topo egingo du neska horrek.

Mikel Asurmendi

Elkarriren kanpaina berriaren eta bigarren Bake Konferentziaren antolamenduez hitz egin dugu Jonan Fernandez koordinatzailearekin. Aurreko Konferentzian erabilitako metodologian oinarrituko dira ere honetan. Garai berria heldu dela esan digu, baita bakea ekar dezakeen itun berria gauza daitekeen bere ustea eman ere.
guztia irakurri

Eider Garaikoetxea

Asteartea, urriak 14 ditu. Kazetaria «UK» aldizkariak Algortan duen bulegoan sartu da. Lau lagun lanean: Jokin Aspuru zuzendaria, Unai Brea eta Jon Urresti kazetariak eta Zuriñe Martinez komertziala. Argazkilaria, Asier Mentxaka, kanpoan da. Bulegoan kutxa mordoa, 50. zenbakia ospatzeko atera duten aldizkariez beteak. Lasai antzera daude denak, beharrean baina soseguz. Hurrengo alea prestatzeko lehendabiziko lanak egiten dabiltza: telefono deiak, informazioa bildu... Kirioak, presak, tabako kea eta gaupasak hamabostekaria inprimategira eraman aurreko egunetan izaten dira, orduan bai komeriak!

Horretan, Uribe Kosta osorako hamabostekaria, alegia Erandiotik hasita Lemoiz bitarteko herriena, ez da gainontzekoen oso bestelakoa. Badu, ordea, zenbait berezitasun. Aurrenekoa, aldizkariari begiratu azkarra emanez atzemango dena: irudiaren garrantzia. "Euskaraz ez dakien jendeak dio: zer nolako argazki politak! Oso foto ederrak ditugu bai, baina testuak ere oso dira politak", esan digu aldarrikapen gisa Jokin Aspuru zuzendariak. Bereari tinko eutsi dio kazetariak, benetan zaintzen dutela irudiaren alorra. Aspuruk erantzun: "hasieratik oso argi geneukan, kazetari onak ditugun moduan, argazkilari ona, profesionala, behar dugu. Hastapenetik, kazetaria eta argazkilaria izan ditugu, biak profesionalak". Izan ere, «UK»k asko du argazkitik: azala berria eta originala izaten da hamabostean behin, horrekin batera argazkilaritzarekin lotutako hainbat txoko dituzte: "orain/lehen", "flash back" atzera begirakoa, "albuma" eta "fotografia". Bakoitzak berean, argazki zahar, berri eta manipulatuak biltzen ditu. Horrekin guztiarekin, eskualdearen memoria grafikoa osatuz doaz. "Bilatzen dugun gauza da, hemengo bizitzaren testigantza jaso nahi du æUKÆk", diosku Aspuruk. Izaten da, bere senitarteko edo lagunen bat «UK»n agertuko dela-eta aldizkaria noiz aterako dagoena. Areago, udako jaiak izan direnean, ale berezia atera izan dute: argazkiez bakarrik osatutakoa.

Edukietan ezberdin

Testuak ere bereziak dira, horretan ere arrazoi du zuzendariak. Jokin Aspuruk berak eman digu horren gakoa: "Hasieratik ez dugu egin ohiko herri aldizkariek egiten duten produktu mota. Gehiago izan da egunkarietako gehigarrien modukoa. Eduki kulturalagoak, grafikoagoak, historiari lotutakoak...". Horren adierazgarri, elkarrizketa egin diegun egun berean, aurreneko aldiz joan direla prentsaurreko batera. "Gehiago saiatzen gara gizarte zibila islatzen, instituzionala edo bestea baino. Horregatik daukagu hainbeste lan!", zehaztu digu Aspuruk. Horrek, baina, ez dio lekurik kentzen eskualdeko herrietan gertatzen direnei. Horietan guztietan, erandiarren lana da nabarmentzekoa: "Euskara taldeak lantzen ditu bertakoak, jende bitxia harrapatzen gainera maisuak dira", jakinarazi digu Unai Brea kazetariak.

Jendea aipatu digu Break, era askotakoa izan da aldizkarian protagonista: famatuak, eskualdeko ezagunak, lau katurentzat aipagarri direnak eta aldizkariko lantaldeak "deskubritzen" dituenak... Aipatzeko modukoa, baina, Manu Chaori esklusibaz egin zioten elkarrizketa. Solasa baino, alea bera du kuttun Jokin Aspuruk :"Hura oso zenbaki berezia izan zen. Ez Chao azalean agertzen zelako bakarrik, æEgunkariaÆ ere garai hartan itxi zuten, elkartasuna adierazi nahi izan genien". Baina zenbakietan maiteena, aho batez erabaki dute gainera, 50.a da. Izan ere, aldizkariaren historiari errepasoa egiteko baliatu dute, eta lantaldean berriak-edo direnek sorrera zein bilakaera ezagutzeko beta izan dute (Jon Urresti urtarriletik dabil lanean eta Unai Break urtea betea du aldizkarian). Jokin Aspuru zuzendariari, berriz, oroitzapen goxoak etorri zaizkio gogora zenbaki horrekin.

Historia

50 zenbaki bete dituen «UK» honi buruz jarduteko, hastapeneko urrats eta malda haiek guztiak "korritu" zituen aldizkariaren inguruan jardun behar dugu: "Bizarra Lepoan". Aspuruk hartu du lan hori :"Orain 10 bat urte, Euskal Herrian herri aldizkarien fenomenoa hedatzen hasi zen, gure eskualdean ez zegoen ezer. Institutuko lagun batzuen artean ikusi genuen hemen halako zer edo zer sortzea behar-beharrezkoa zela". 1995ean ikusi zuen argia Getxorako bakarrik zen kazetak. Jokin Aspururekin batera, Mikel Martinez argazkilaria eta Konrado Mugerza ibili ziren. Hiruzpalau urte eman zituzten hilean behin argitalpena kaleratzen, beti ere langile profesionalik gabe. Produktuak baina irakurleen babesa lortu zuen, eta hori profitatuz, beste jauzi bat emateko prest ziren Aspuru eta konpainia. Aldizkaria profesionalizatzeko erabakia hartu zuten lehenbizi, eskualde osora zabaltzekoa bigarrenik. Urratsak izen aldaketa ekarri zuen: "Bizarra Lepoan Getxoko armarrian ageri diren hitzak dira, oso izen getxotarra zen beraz. Uribe Kostak eskualde osoa hartzen zuen", diosku Aspuruk. Jauziak laket zaizkie nonbait «UK»koei, urtarrilean hilabetekari izatetik hamabostekari izatera pasa baitzen kazeta.

Izenak bada, badu izana. Baina baita nahasmenerako motiboa ere. Izan ere, UK erroa duten hiru argitalpen daude: UK telebista, UKberri eta Ukdigitala. "Argi utzi nahi dugu, guk ez dugu inongo zerikusirik komunikabide horiekin", dio Jon Urresti kazetariak eta Aspuru zuzendariak gaineratu: "izena erregistratuta dugu, baina ez horren luzapenak. Azkenean guk aldatu beharko diogu izena aldizkariari!".

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan