Gari Berasaluze
Ingurura begiratu eta etsipena gero eta ubera zabalagoa duen ontzia dela iruditzen zaigu azken aldian. Nekatuak ikusten ditugu artistak, etenik ez duen bidegabekeriari aurre egin nahi baina ezinean. Herriak bizirik mantentzeko ahaleginean, bakarrik utzi genituen Irati bailarako biztanleak eta lagunak, eta udan behera bota zituzten Itoitz, Orbaitz eta Nagore. Artezki ekimenak, ordea, bestelako erantzuna izan zuen kultura mundutik. Antolatu eta ametsak sortu genituen. Baina hondeamakinak itzuli egin ziren, eta Artozki ere suntsitu egin zuten. Ezabatu egin digute mapatik, eta berehala ahaztu dugu gehienok.
Otsailean moztu nahi izan zituzten euskalgintzaren sustrai sendoenak. Kalean erantzun genuen. Orduan ere, antolatu eta amets berriak sortu genituen. Baina berriro itzuli dira. Berriro kalera atera gara, berriro amets egin dugu. Hurrengo kolpea hartu arte. Edonon entzuten baita. Edonork esaten baitu. Ez dira geldituko. Badakite herria dela gorputza, eta hizkuntza bihotza. Ulertu dute zerbait. Erdaraz ari diren ustezko abertzaleak ezagutu dituzte dagoeneko, badakite haiek ez dutela territorio librerik sortuko. Eta abertzalea ez denaren euskarazko aldarria, hitza edo aldizkaria erosoa zaie. "Bat herria goratzen arrotz baten gisa, arrotz nahiak berriz herriaren hitza, lainopean bezala galduak gabiltza, ez daizke bi nagusi batean zerbitza". Ulertu dute bihotzari eta gorputzari -biei- zerbitzatzen dien euskal kultura dela mamia, ustezko abertzale erdaldunek baino lehenago behintzat.
Horregatik dabiltza horrela. Berdin zaie estekarik ez ikustea itsasoan. Nahi duten portura eraman dezakete ontzi bakoitza. Haizea alde dute. Eta harrokeriaz ari dira eraikitzen balizko erroten erresuma. Denok gara balizko. Denok susmagarri. Denok arriskutsu. Denok errota. Eta behin balizko errotak eraikita, haien aurka ekitea da lehen egitekoa. Haiek suntsitzea.
"Laguntza ofizialei zerbait eskertu behar badiegu, terrorista potentzial batzuei idazle direla sinestarazten eta haiek entretenitzen laguntzea da" zioen aspaldi Jon Juaristik. Hitz horietan aipatutako terroristak potentzialak dira, balizkoak, baina badira norbaitentzat. Beraz, orain, edozer egin daiteke haien aurka ere. Munduaren ordena aldatu egin baita. Badaezpadako erasoa zilegi da orain batzuentzat. Balizkoa ere arazo moralik gabe suntsi dezakete orain.
Horregatik, kezkaz irakurri dugu Kirmen Uribek oraintsu «Putz» aldizkarian egin dioten elkarrizketa mamitsuan esandako zenbait kontu: "Duela gutxi, Eslovenian nengoela, galdetzen nien hangoei zelan zen posible halako gerra bat piztu izana hain zibilizatua ematen zuen toki batean. Eurekin hizketan nengoela ikarak hartu ninduen, hemengo egoerarekin lotura asko ikusten nituelako" dio idazle ondarrutarrak, Madril aldeko hedabideak gerra estrategi batean daudela gehituz, eta gerra estrategian arerioari gizaki izaera kentzen zaiola nabarmenduz. "Pelikula amerikarretan egiten zen moduan indioekin. Indioak ez ziren pertsonak, pixka bat animaliak ziren, orduan berdin zen haiek hiltzea". Eta berdin gertatzen da Bigarren Mundu Gerrako filmetako japoniarrekin ere. Basati, anker eta animalien izaera ematen zaie, eta gero dena da zilegi haiek ezabatzeko. Goitik lehergailuak erori aurretik, lehenago, beharrezkoa dute paperezko hegazkinek lan egin dezaten. Eslovenian eta Kroazian badakite zerbait horretaz, eta hemen ere, ikusi nahi ez duenak ikusiko ez duen arren, horretan dabiltza.
Eroak eta paranoikoak garela esango digute, baina gainontzean ea nor den euskal kulturak gainean duen erauntsiari buruzko beste irakurketa bat egiteko gauza. Argi baitago, balizko erroten aitzakian, edozer egiteko gai direla hauek. Edozer. Eta egoera honetan, hegazkinak edo hondeamakinak dituztenen aldean, zer egin dezake artistak eta intelektualak? Eta, areago, zerbaiterako balio al dezake egin dezakeenak? Betiko galdera da. Betiko eztabaida. Baina jasotako kolpe gogorren ondoren, inguruan etsipenaren ubera zabalagoa denetik, berriro azaleratu da. Argi dago piztiaren aurrean isiltasuna aterpe hartzea ez dela zilegi, baina zerbait egin nahi duenak zer egin dezake? Ez da nahikoa gizartearen oniritzia lortzea, gizarte eta kultura oso bat direnean ukatuak eta zapalduak.
Ez guri erantzunik edo konponbiderik eskatu. Guk euskarazko liburuak irakurri eta argitaratzen ditugu. Ez gara aztiak edo politikoak. Balizko errota beldurtuak besterik ez.
Itxaro Borda
Gernikan ospatuko den Galeuscaren bezperan, euskal literaturaren zurunbiloko jakintsuen mundua inarrosten duten «belaunaldien gaineko» eztabaidak hedatzen dira bazterretan. Iban Zalduaren gisako idazle gazte ikerlari batzuen gustuko, Espainiar Sari Nazional batetik bestera heda liteke gure literaturaren haria, Madrileko epai-mahaien iritziak hemen egiten dena derrigor bermatzen balu bezala. Iparraldean ere hasiak gara, sutsuki, euskarazko literaturaren kalitateaz mintzatzeko orduan, Madrileko ikusmoldeen jarraitzen: farregarri. (Bide nabar, horrek ederki erakustera ematen du aitzina ari dela iparraldearen hegoaldetze fenomeno kultural integratzailea!).
Bestetik Mikel Hernadez Abaituak irudiz, iragan asteko «Berria»ko orrialdeetan, nahi zituen ordulariak tenoreratu, belaunaldien gainekoak baino «belaunaldien azpiko» indar gordeak (eta erranaren arabera, frustratuak) kontuan hartzekoak zirela azpimarratuz. Frantziako Euskal Herria eta frantses euskaldunak gogoan idatzi zuen artikulua Mikel Hernandezek, hori ere eskertzekoa baita. Honek Euskadi Literatura Sariei den-mendreneko merezimendua zilegitzen die, nahiz eta Madrilen ez den finkatzen!
Hurrengo debadioen aiduru nago: Pello Lizarralde saritua izan berri den unean, agian baten batek «belaunaldietarik kanpo» dauden idazleetaz izkiriatuko du. Biba Pello.
Xabier Gurrutxaga
Urriaren 25ean Gernikako Estatutuak hogeita lau urte bete zituen. 1979an Euskal Autonomi Erkidegoko herritarrek erreferendumean onartu zutenetik hona igaro den denbora politikoa suposatzen dute bi hamarkada eta erdi horiek. Urriaren hogeita bost horrek Euskal Herriaren historia politikoan duen sinbologiaz eta esanahiaz baliatu nahirik edo, Eusko Jaurlaritzak, lehendakaria protagonista nagusi bilakaturik, egun hori aukeratu du EAEko Estatutu politiko berriaren testua onartzeko eta Eusko Legebiltzarraren eskuetan jartzeko.
Ikuskizun dago egitasmo politiko honen ibilbidea zein izanen den eta noraino iritsiko den. Ez dakigu ibilbide parlamentarioan azken mugaraino iritsiko den edota bide erdian, oztopo juridiko eta politikoak medio, zapuzturik geldituko ote den. Jakin badakigu Lehendakariaren nahia dela azkeneraino iristea eta herritarren esku uztea, horretarako antolatutako herri kontsulta baten bidez, egitasmo berriak gehiengoaren babesik duen ala ez jakiteko erabakimena. Baina nahi hori kontuan izanik ere, ezin ditugu ahantzi egitasmoak dituen mugak, batzuk gainera oso zailak gainditzeko. Horien artean batzuk kanpotik datozkionak dira, besteak berriz Gobernu hirukoitza osatzen duten alderdietatik. Oztopoen artean Gobernu zentralak, Alderdi Popularrak (PP) eta Alderdi Sozialistak (PSOE) proiektu berriarekiko erakutsi duten jarrera azpimarratu behar dugu.
Lehendakariak eztabaida planteatu duen koordenadetan ez dago inongo posibilitaterik aipatu alderdi horiekin negoziazio prozesu bat aurreratzeko. Ez behintzat gaurko egoera politikoaren blokeoa posible egiten duten zio edo faktoreek bere horretan jarraitzen duten bitartean. Hauen artean eta zerrenda agortzeko asmorik gabe hauek aipatuko nituzke: lehenik, ETAren indarkeria, gizartean eta politikagintzan sortzen dituen ondorio tamalgarriekin; bigarren, Eusko Legebiltzarreko egungo konposizio politikoa, kontuan izanik Sozialista Abertzaleak deituriko talde parlamentarioaren babes eta sostengurik gabe ez dagoela gehiengo nahikorik egungo Autonomi Estatutuaren erreformarako atea irekitzeko. Eta hirugarren, Estatuko botereen eta alderdi konstituzionalisten aurrez-aurreko jarrera. Gauza jakina Aznarrek eta Mayor Orejak aspaldi erabaki zutela Espainia osoan PSOE kate motzean lotzea Euskadiko gatazka politikoa dela-eta. Modu adierazgarriagoan esanda, popularrek Espainiako hurrengo hauteskunde orokorrak irabazi nahi dituzte gehiengo nagusiz, nahiz eta horretarako agian Euskadin galtzaile bezala gelditu. Hiru faktore horiek dauden bezala jarraitzen badute, Ibarretxeren egitasmoak ezin izanen du Legebiltzarreko lehen eta ezinbesteko proba gainditu. Nondik etor daiteke orduan aldaketa, etortzekotan?
Estatutu politiko berriaren oinarri juridiko politikoak ikusita eta, aldatzen ez badira bederen, jarrera aldaketa ezker abertzale ofizialetik etor daiteke bakarrik. Ez dakit uste hori utopia, nahikundea edo ingenuitate hutsa ote den nire aldetik, baina bestalde ezker abertzale horrek euskal politikagintzan modu eraginkorrean egon eta lana egin nahi badu, gutxienez honako hiru atal nagusien inguruan zerbait pentsatu beharrean dago, nire ustez: lehena, ETAk indarkeriazko estrategian jarraitu nahi badu erakunde horrekiko zilbor-hestea apurtzeaz gogoeta egin beharra. Bigarrena, ilegalizazioak sortu dion egoera larriari alternatiba legal eta berri bat eraikitzeko jarrera irmo eta argia. Eta azkenik, estatutu politiko berriaren aurkezpenak eta eztabaidak berarekin dakarren garai berriaren aurrean ezker abertzaleak bere egitasmo politikoa gaurkotzeko eta egokitzeko duen premiaz garaiz jabetu beharra.
Gogoeta maila horiek gabe nekez emango da aipatu aldaketa. Eta gehiengo absoluturik ez badago Eusko Legebiltzarrean, zein da Ibarretxeren proiektuari gelditzen zaion irteera? Geroz eta argiago dago bide hori hauteskunde autonomiko berrien bidea dela. Hauteskunde plebiszitario batzuen bidez herritarren esku utzi blokeo politikoa gainditzeko behar den gehiengoa lortzeko erantzukizuna. Eta egungo 36 parlamentarietatik 38ra pasatzea baldin bada erronka, ezker abertzale ofizialak berandu baino lehen pentsatu dezake ongi zer egin, duela bi urteko hondamendia berriro ere gerta ez dakion.