![]() | Mikel Asurmendi2003-11-02 |
Euskal Herriaren eraikuntza lan nekeza da. Euskalgintza eremu ahula da, kolokan ari den sektorea. Euskalgintza Madrilgo malefizioren batek joa ote dagoen pentsatu du lipar batez, artikulu honen egileak. Otsailean «Egunkaria» itxi zuten, eta urrian berriz, Martin Ugalde Kultur Parkearen bederatzi enpresen kontuak blokeatu dituzte. «Postariak beti bi aldiz deitzen du» filmaz gogoratu naiz Joanmari Larrarterengana nindoala, gaur egungo malefizio bat bailitzan. Segidan, gure arbasoen beste malefizio bat berritu zait: «Biaren ondotik hirua dator». Ez dakit malefizio hau beteko ote den. Artean, ageriko errealitate bat dugu begien aurrean: Espainiako Estatuaren kolpe judizialek euskalgintzaren enpresa proiektuak ito ditzakete. Kontseiluko Ińaki Lasak, euskalgintzak «Damoklesen ezpata» bere gainean duela aipatu zidan joan den astean. Joanmari Larrarterekin solastatu ondoren ordea, bestelako begizko batek joa atera nintzen Martin Ugalde Kultur Parketik: «Agian, euskararen aurkako erasoek sorrarazten duten nahigabea ondo artikulatzeko gauza bagina ezpata hori bi ahoko arma bihur lekieke Madrildik malefizio eta estrategia diseinatu dutenei».
Bien bitartean, eta abiapuntu bezala, Juan del Olmo epaileak agindutako azken operazioaren inguruan «herritarren errugabetasun printzipioa hautsi eta Zuzenbide Estatuaren errugabetasuna printzipioa nagusitu izana» komentatu diot Joanmari Larrarteri, baita estatuko hedabideek Euskal Herriari buruz informatzean egiten duten estatu apologia ere: «Hedabideak estatuaren laugarren boterea dira, gainontzeko botereek bezala beren funtzioa betetzen dute. Espainiako Estatuan, agi denez, fronte bakoitzak bere zeregina ondo baino hobeto betetzen du. Haatik, errugabetasun printzipioa gure kasuan bakarrik urratua izan dela pentsatuko banu, oker jokatuko nuke. 36 urte ditut eta atxiloketa masikoak ezagutu ditut betidanik. Badirudi gu bakarrik pasa garela ataka honetatik. Gu eraman baino aste batzuk lehenago 40 lagun atxilotu zituzten eta gehienak libre daude».
«Egunkaria»ren itxiera kanpoan zinela bizi zenuen. Bigarren operazio hau, barruan. Alderatuko al zenituzke biak?
Galdeketetan enpresa hauen finantzaketaz galdetu dizute. Prentsan azaldu duzunaren arabera, Madrilen ez diote antzik ematen proiektu hauen finantzatzeko moduari. Azaldu iezaguzu aspektu hori apur bat gehiago, arren?
Euskalgintzaren aitzakian, Espainiako Estatua asmo politikoez ari da, agian?
Irtenbiderik ikusten al diozu egoera honi?
Argazkiaren buruan «Gora Euskal Herria euskalduna» lema agertzen da. Nola baloratzen duzu berau?
Lemak euskalgintzaren helburua adierazten du. Hara iristeko euskalgintzako sektoreen arteko estrategia komun bat artikulatzeko modua ikusten al duzu?
Aipatutako argazkian dauden eragile politikoek nola lagundu dezakete prozesu horretan? Bizi dugun gatazkaren parametro hauetan izan ordez, konfrontazio demokratiko zabalago batean errazago gara al liteke euskalgintza?
Hernanin bizi naiz, baserri batean. Gurasoak beheko solairuan eta ni bigarrenean. Urriaren 16ko 01:30etan, builak eta izu-laborriak esnatu ninduten. Ateak ireki eta lurrean jarri ninduten. Buruan nahaste handia nuela gogoratzen dut. Etxea goitik-behera miatu bitartean sukaldean eduki ninduten, miaketa nahiko txukuna izan zen. Epaitegiko idazkariak autoa eman zidan, baina, ez nuen garbi operazioa zeren kontra zen. Idazkariak eta guardia zibilez jantzitako batek aurpegia agerian zeramaten, kaleko arropaz zeudenek, aldiz, burua kaputxaz estalita.
Martin Ugalde Kultur Parkeko bulegora ekarri ninduten jarraian. Ondoko gela batean ere miatzen ari zirela ohartu nintzen, Mikel Sorozabalen gelan. Beste lankideren bat ere atxilotuta zegokeela pentsatu nuen, baina ez nuen antzeman operazioaren tamaina. Inkomunikatua nengoen, guardia zibilen eskuetan, beldurrak eta ezinak jota. Begiak tapatu zizkidaten, eskuburdinak jarri, autoan sartu eta Madrilera bidean jarri ninduten. Bidean «Egunkaria»ren aurkako operazioaz gogoratu nintzen, lagunek eginiko torturen salaketez.
Ostegun goizeko 01:00etik hurrengo astelehen arratsaldeko 17:00ak arte, Auzitegi Nazionalera eraman arte, ziega batean izan ninduten. Ondoan beste pertsona batzuk nituela sumatzen nuen, baina ezin nituen ikusi. Lehen gauean bi itaunketa pasa nituen, bigarrenean bat eta larunbat arratsaldean lehen aldiz deklaratu nuen ofizioko abokatu batekin guardia zibilen aurrean. Artean, ez nekien gaua edo eguna zen. Forentsearen bisitak laguntzen zidan denboraren jarraipena egiten. Honek tentsioa hartu zidan egunean behin, tentsio altua dudalako.
Goizetan, baso bat esne eta magdalenak hartzen nituen. Bazkari edo afari delakoetan, berriz, txorizozko eta mortadelazko ogitartekoak, fruta eta ura. Bost egunetako ziega aldian argi artifizialarekin egon nintzen, eta handik ateratzean begiak itxiak izatea agintzen zidaten. Ez nintzen behin ere dutxatu. Etxean arropa poltsa bat hartzeko aukera eman zidaten arren, denbora guztian arropa berberaz egon nintzen.
Guardia Zibilaren egoitzatik Auzitegi Nazionalera eraman ninduten. Bakarrik. Artean ez nekien nortzuk ziren beste atxilotuak. Juan Del Olmo epailearen aurrera pasa nintzen. Deklarazioa idatziz jaso ordez, arin egiteko-edo, grabatuko zidatela esan zidan. Lehen galdera «Egunkaria»ren inguruan izan zen, bere egituraz, funtzionamenduaz, nire funtzioez. «Egunkaria»ko aferan atxilotutakoen gaineko zeharkako galdera batzuk ere bai. Baina, batez ere, Martin Ugalde Kultur Parkeari buruzko galderak egin zizkidan. EKTSAko eta «Berria»ren gainean ezer ez. Asteleheneko eguerdi aldean, bi ordu luzeko galdeketaren ondoren, gainontzeko beste atxilotuen deklarazioak ezagutu ondoren, bere erabakia emango zidala esan zidan epaileak. Berriz ziegara. Handik ordu batzuetara berriz, gora. Orduan bildu ginen atxilotutako guztiak lehenengo aldiz.
Denok elkarrekin ginela hasi zen fiskala eskariak egiten. Lau lagunentzako neurri berezirik gabeko askatasuna eta beste bostentzat kartzela eskatu zuen. Inkomunikatua egon nintzen bitartean ezin izan nuen ofizioko abokatuarekin hitz egin. Orduan, lehen aldiz, ofizioko abokatuak ez zegoela arrazoirik kartzelan egoteko esan zuen eta fidantzapean libre ateratzea eskatu zuen. Del Olmo epaileak onartu zuen. Alegazioren bat egiteko aukera eman zigun. Guk, berriz, nahi zuenean etortzeko prest ginela esan genion, ez genuela ihes egiteko arrazoirik, alegia.
Kalean, senideen, lagunen eta lankideen harrera hartu genuen. Hurrengo bi egunetan, omenaldiak. Gaur goizean, berriz lanean hasita, bost egunetan zulo beltz batean egon izanaz ohartu naiz. Barruan egon naizeneko duda gogoratzen dut oraindik: kartzelara noa edo kanpora? Epaileak ateratzeko aukera ematen dizula jabetzen zarenean, sekulako poza hartzen duzu. Beldurretik eta ezintasunetik sekulako babesa jasotzera pasatzen zara. Jendea zure inguruan dagoela ikusten duzu eta horrek indartu egiten zaitu. Atxilotuta egon naizen bitartean ez dut ezer txarrik egin izanaren ustea, baina bost egunetan, egiten duzun guztia txarra dela entzun behar duzu, manipulatua zaudela, erabili egiten zaituztela. Ez duzu zalantzarik egiten ari zarenaz, baina, bat-batean, zure mundura itzultzean indartu egiten zara. Animoa hartzen duzu eta aurrera.