Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2003-11-02 -- 1918.zenb


110. Street-eko geltokia
Iñaki Zabaleta Urkiola
Elkar
194 orrialde
13,50 euro



25 aldiz berrargitaratutako lana


Hogei urte badira Iñaki Zabaleta Urkiola New Yorkera ikasketak osatzera joan eta "110. Street-eko geltokia" idatzi zuela, 1983an. Geroztik, hogeita bost aldiz berrargitaratu da nobela hau. Franco garaiko Euskal Herritik etxe-orratzen hiri amerikarrera ihes egin beharrean aurkitzen den gazte bat du protagonista nagusi. Lagun bakarra du, Bigarren Mundu Gerran bizi izan zituen istorioak kontatzeaz batera, bere adiskidetasunaren epela eskaintzen dion zahar beltz bat. Neska baten amodioa eskuratu nahi luke, eta lortuko du azkenean, publizitate munduan lan egiten duen neska batena. Baina bitartean, tamalez, gogoz kontra bada ere drogarekin lotutako kate baten partaide izatera behartuko dute.


Lirika herrikoia
Batzuen artean
Hiria
94 orrialde
9,50 euro



Luis Mari Mujikak bildutako erromantze eta poemak


Hiria argitaletxearen bidez kaleratutako "Lirika herrikoia" liburuan, Luis Mari Mujikak bildu ditu euskal literaturako erromantze eta poema herrikoi zaharrenak. Irakurlearen ederzaletasuna berpizteko ahaleginetan osatutako bilduma honetan, antzinako amodio, gerra eta gertakizun historikoekin lotutako kantak ageri dira. Erromantze eta poema horietatik asko eta asko gaur egun oraindik entzun daitezke herrietako kantarien ahoetan, aspalditik osatzen baitute euskal lirika herrikoiaren altxorrik preziatuena. Besteak beste, "Ganboarrena", "Beotibarko gudua", "Perutxorena", "Urrutiako anderia", "Undurain anderiaren kanta", "Atarratze jauregikoa", "Arbotiko prima eijerra", "Neskatx ontziratua" eta "Amoros baztertua".


Aurkari
ikusezina
Jose Inazio Basterretxea Polo
Alberdania
140 orrialde
11 euro



Izan ala ez izan euskal herri


Minez idatzi du Jose Inazio Basterretxea Polok "Aurkari ikusezina. Identitateaz eta gizarte-komunikazioaz" saioa. Marko juridikoak eta politikoak min ematen diotelako, eta marko linguistikoak are gehiago. Des-herritze prozesu batean gaudelakoan dago, alegia des-euskalduntze praktiko batean gaudelakoan. Eta berak oso argi adierazi nahi dio euskaldun orori honokoa: edo euskaraz gara, edo ez gara herri. Eta hori dela-eta, gure identitate soziala eta komunikazio-esparrua nola ikusten dituen azaldu nahi izan du Jose Inazio Basterretxea Polok "Aurkari ikusezina"n. Eta baita nola ulertzen dituen inguru hurbileko hedabideen jardunak eta harreman-sareak ere. Eta zein beharrezkoa iruditzen zaion komunikazio-esparru euskaldunari ateak eta leihoak zabaltzea.


Euskal Herria
Batzuen artean
Sua Edizioak
131orrialde
5 euro



"Euskal Herria" aldizkaria


Sua Edizioak-ek plazaratzen duen "Euskal Herria" aldizkariaren azken zenbakian, arreta berezia eskaini diete Araba Errioxako ardoari eta bertako upelategiei, aurten uzta bikaina omen dugu-eta. Datorren urtea, berriz, Done Jakueren urtea izango da, eta beraz, Donejakue Bideen berpizkundeak ere leku hartu du aldizkariaren orrietan. Etnografiari ere gorde diote lekua, eta horren inguruko bi lan eskaini. Batean, Kanadako kostaldean euskaldunek historian zehar bale arrantzan egindako ahaleginak dakarzkigute, Joan Fontcuberta argazkilariak "Euskaldunen irla" bezala ezagutzen denari eta besteri eginiko irudien laguntzaz. Eta "Elurzuloak" lanean, antzina elurra edukitzeko erabiltzen ziren horien berri ematen dute.


Txomin
lagunaren etxean
Liesbet Slegers
Ibaizabal
26 orrialde
5,24 euro



Besteren etxean egotearen komeriak


Etxeko txikienei zuzendutako kontakizun honetan, Txomin irribarretsu ikusten dugu, aitatxoren eskutik helduta lagun baten etxera doalako. Iristen dira biak Sararen etxera, eta Txomin oraindik pozik da, Sarak txakurtxo bat duelako. Baina halako batean aitak agur esan eta etxe horretatik badoala ikustean, Txominek ere berarekin joan nahi du, eta negarrari ematen dio. Baina Sara lagun ona du, eta malkoak lehortzeko gereziak eskaintzen dizkio. Gero Sararen amak emandako esnea hartzen dute biek, eta hortik aurrera jolasten hasten dira, txakurrarekin, Sarak dituen mozorroekin, edo irudiak margotuz. Konturatu gabe, lotarako ordua da. Txominek primeran pasa du.


Nondik ez kraskatu arrautza
Angel Garcia Etxandi
Angel Garcia Etxandi
215 orrialde/ 12 euro



R. A. Kartini (1879 - 1904), Javako emakume handia


Angel Garcia Etxandik plazaratu duen "Nondik ez kraskatu arrautza" liburua, "Kartinoflexia" izeneko trilogiako lehendabizikoa da. Egilea 1992an joan zen Javako irlara. Han Indonesian hizkuntza bateratzaile modura erabiltzen den bahasaz ikasi eta, 1964an Sukarno lehendakariak heroi nazional izendatu zuen Kartini emakume iraultzailearen inguruko materiala bildu zuen. Kartinik eskola holandarrean ikasi zuen eta, ikasgelako neska javatar bakarra zen. Baina 12 urterekin etxera erretiratu zuten.


Enderezando
el bucle
Koldo San Sebastian
Alberdania
228 orrialde
18 euro



Antinazionalismoari eusten dioten horiek


Koldo San Sebastianek Alberdania argitaletxearen bidez plazaratutako liburu honen izenburu zehatza da "Enderezando el bucle. Crónica del antinacionalismo vasco y memoria incompleta de una transición inconclusa". Bertan, erantzun egiten dio Jon Juaristiren "El buckle melancólico" liburuaren berrargitalpen bateko hitzaurreari, eta horrez gain, euskal nazionalismoaren aurka azken garaiotan azaldu diren hainbat lanen errepasoa egin, eta irakurlearen esku uzten du egia nork dioen erabakitzea, egilea ala besteek. Koldo San Sebastianentzat, egun, euskal nazionalismoaren aurkako taldea, (batik bat, eta edozein dela ere bakoitzaren atxikitze ideologikoa), aurretik zituen helburu politikoekin porrot egin duen jendez osatua dago: frankista ohiez, zentrista ohiez, komunista ohiez, etakide ohiez... Eta bere ustez horien antinazionalismoa da Euskadik, bakea lortzeko ez ezik, bere normalizazio politikora iristeko ere duen oztoporik handienetakoa. Era berean, nazionalista ez direnak baztertzeko egindako edozein ahalegin ere, oztopo da Euskadik bakea eta normalizazio demokratikoa eskura ditzan.

Pilar Iparragirre

»Enderezando el bucle»ren arrazoiak?
Nire ustez, euskal nazioak nazionalistez eta ez nazionalistez osatua behar du. Ezin da batzuen edo besteen euskal nazioa eraiki. Ezin daiteke euskal nazioa egin antinazionalismotik edo antikonstituzionalismotik . Izugarri atsegingo nuen zer edo zer egin nahian nenbilen, eta Jon Juaristik eman zidan aukera hori. Urte asko dira Jon Juaristirekin bat ez etortze beroan nabilela -berak "Tribuna Vasca"tik eta nik "Deia"tik iritzi trukaketa egiten genuenetik-, eta berak "El bucle melancólico" plazaratu zuenean, aukera hori eman zidan. Baina sekula ez nuen hari ekiteko une aproposa aurkitzen, neure buruari galdetzen niolako ea eskubiderik ba ote nuen inorekin sartzeko, hori eginez gero besteari zerbait gerta dakiokeelako, arma baten miran jartzea, kasu. Nik uste dut edonorekin bat ez etortzeko eskubidea dudala, eta edonor horrek ere eskubidea duela hori horrela izateagatik ezer ez gertatzeko. Azkenean atera dut liburua, eta norbaiti balio izatea espero dut.

Zertarako, zehazki?
Bata bestearekin bat ez etortzen bakean jarraitu ahal izateko, gutxienez.

Zer aurkituko du irakurleak liburuan?
Jon Juaristiren "El bucleà" liburuak izandako berrargitalpen bateko hitzaurreari ematen diodan erantzuna. Hitzaurre horretan Jon Juaristik Miguel Angel Blancoren hilketaren erantzukizun nagusia Sabino Aranari leporatzen dio. Eta nola ni ez nagoen horrekin ados, erantzun egin diot.

Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda


Tentsio handiko lineak
Gure herri eta mendietan nonahi ikus ditzakegu energia elektrikoa garraiatzeko erabiltzen diren tentsio handiko lineak. Beraien kable lodietatik garraiatzen den energia elektrikoak frekuentzia txikiko uhinetan bidaiatzen du oso berezia den ezaugarri batekin, hau da, eremu magnetiko bat sortzen du kablearen inguruko erradio batean.
Izaki bizidunek eremu magnetikoen eragina jasatean, izakion baitan dauden karga elektrikoen portaeran eragiten da. Gizakia, adibidez, oso eroale elektriko ona da, ura baita neurri handi batean; horregatik eremu elektriko baten aurrean energia hazi egiten da azalean eta gorputzaren barnean korronte elektrikoak sortzen dira eta hauek hainbat mekanismo biologikotan eragin dezakete. Orain arte dakigunez, organoen funtzionamendua aldatzeaz gain, zeluletara garraiatzen den informazioa ere alda daiteke, hauek elkarren artean seinale elektrikoen bidez komunikatzen baitira. Laborategiko frogetan ikusi denez frekuentzia eta intentsitate txikiko eremu elektrikoek korronte elektrikoak sor ditzakete giza gorputzean eta hauek proteinen sintesia eta sistema inmunologikoa alda ditzakete.
AEBetako San Antonioko Unibertsitateko ikerlarien ustez eremu elektromagnetikoek garunaren atzealdean dagoen guruin pinealean eragina dute eta ez dugu ahaztu behar guruin honek gorputzaren ordulari biologikoa erregulatzen duen melatonina hormona ekoizten duela.
1994ko maiatzaren 5ean Europako Legebiltzarrak "Erradiazio ez ionizatzaileek sortutako kalteei aurre egiteko ebazpena" onartu zuen eta horren barnean zera esaten zen besteak beste: "tentsio handiko kableen inguruan eremu hutsak antolatu behar dira edozein jarduera iraunkorri dagokionez eta are gehiago hau etxebizitza baldin bada".
Frantziar ikerlari talde batek uhin magnetikoen eremuetan haurren leuzemia eta nerbio sistemen aldaketak ohikoa baino gehiagotan gertatzen direla ikusi zuten. Hau da, estresa, nekea, suminkortasuna asko hazten dira eremu elektromagnetikoen inguruan eta baita defentsa ezarekin zerikusirik duten gaixotasunak ere.
Suediako Karolinska izeneko txostenean tentsio handiko lineatatik 300 m baino distantzia txikiagoan bizi ziren 436.503 pertsona aztertu ondoren, 100 metrotan finkatu zen seguritateko distantzia.
Azterketa honen ondoren, beste hainbat azterketa kaleratu da ildo berean eta badirudi 100 metroko seguritate distantzia gero eta onartuagoa dagoela zientzialarien artean. Oraindik ez dira neurri politiko zorrotzak hartu, baina urte gutxitan Europan eta AEBetan arautegi mugatzaileak indarrean jartzea espero da eta honek arazo ugari sortuko ditu zeren eta ia herri eta hiri guztietan berreraikuntza lan erraldoiak egin beharko lirateke. Bestela, paseo bat eman ezazu zure herrian eta baietz topa arautegia betetzen ez duen tentsio handiko linearik.

Giza-esnea emango duen esne-behia
Zeelanda Berriko ama talde batek ingeniaritza genetikoa baimentzearen aurkako protestaldiari ekin dio. Eztabaidarik sutsuenak AgResearch bioteknologiaren ikerkuntzan aritzen den enpresak piztu ditu. Izan ere, giza geneak izango dituen behi-esnea lortzeko ikerketari ekingo diola esan baitu orain dela gutxi.
Erabakiaren kontra azaldu diren ahotsek emakumeak iraintzea dela esateaz gainera, epe luzeko ondoriorik ezagutu gabe espezieen arteko mugak hausteak sor dezakeen arriskua nabarmentzen dute. Baina protestak protesta, Zeelanda Berriko esne-ekoizlerik handiena den Fonterra enpresa ikerketaren emaitzarekin guztiz interesatuta dagoela aipatzen da.

Pilar Iparragirre

Labanaren ertzean bizi dira Sonia Gonzalezen "Ugerra eta kedarra" nobelako pertsonaia nagusiak, neska bi. Labanaren ertzean, batez ere droga kontuagatik. Behin baino gehiagotan Kat gazteak Bilboko Erriberan duen etxeko leihotik begiratzean La Naja azpiko yonkiak ikusten ditu, eta pentsatzen jartzen da Ebek eta biak nolako suertea daukaten haien moduan ez egoteagatik. Beraiek ere beti dabiltza gora eta behera, baina dirua daukate, etxea, ez daude hain galdutaà oraindik! Baina horren beldur dira. Urrats bat gehiago eman eta beste yonki horien moduan bukatzeko beldur dira. Drogak hartu ahal izateko, diru pila behar dute, eta diru hori ateratzeko -lanik egin gabe, jakina- zer edo zer egin behar, horrek dakarren arrisku guztiarekin. Hona, laburbildurik, Sonia Gonzalezen nobela bizkor bezain zirraragarri honen oinarrian dagoena.
guztia irakurri

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan