Euskal kulturaren enpresetako atxilotuak aske dira.
Amando Hernandez, Mikel Arrizabalaga, Angel Ramon Diez eta Enekoitz Etxeberria bermerik gabe utzi zituen libre Juan del Olmo epaileak; Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Xabier legarra Joanmari Larrarte eta Mikel Azkune bermepean dira libre. Martin Ugalde Kultur Parkearekin era bateko edo besteko harremana duten enpresetako bederatzi kideak, dena den, inputatu gisa jarraitzen dute. Atxiloketa garaian, pentsatzen zenaren aurka, tratu txar fisikorik ez zela izan adierazi zuten atxilotuek.
Berako alkatetza airean.
Nafarroako hamazazpi herritan egin ziren udal hauteskundeak joan den igandean eta daturik azpimarragarriena partehartze txikia izan zen: batez beste, botoemaileen erdira ez zen iritzi botoa eman zutenen kopurua. Bera da herri horietatik handiena, baina emaitzek ez dute argitu hurrengo alkatea zein izango den. Herrialde hautagaitza independenteak 654 botu lortu zituen, EAk 538 eta Aralarrek 472; legez kanpoko ezker abertzaleak abstentzioa eskatu zuen.
Gonzalo Nardiz hil da.
Gonzalo Nardiz 1936an eratutako Euskal Gobernua eratu zutenen artean bizirik zen azken kontseilaria hil zen urriaren 25ean Bilbon 97 urte zituela. Nardiz nekazaritza kontseilaria izan zen, ANVko kidea zen eta gobernu hartako kide gazteena zen. Zenbaitzuren ustez, Jose Antonio Agirre lehendakariaren sostengu garrantzitsuena zen gobernuan. Frankismoan Eusko Jaurlaritzan jarraitu zuen exilioan 1979a arte.
Enpresen kapital soziala hainbat partetan banatzen da, eta parteei akzioak esaten zaie. Kapital soziala, berriz, bazkideek (jabeek) konpainia sortzeko jartzen duten diru guztiari deritza. Kapital soziala akzioetan banatua egoten da, eta posible izaten da handitzea nahiz murriztea. Enpresa bateko tituluak edo balioak erosten dituena (akzioduna) eroste hutsarekin bilakatzen da enpresako zuzeneko jabe, hau da, berdin dio inbertsore txikia den edo zenbat akzioren jabe den. Akzioak, bestalde, arruntak edo pribilegiatuak izaten dira. Arruntak, berez, aparteko eskubiderik gabeak edo, inolako bereizketarik egin gabe, jabe guztiei eskubide berberak ematen dizkietenak dira. Pribilegiatuak, berriz, jabeei edo titularrei eskubide edo ezaugarri bereziren bat ematen dietenak. Eskuarki, ekonomiarekin zerikusia duten eskubideak izaten dira, hala nola, eskubide preferentea elkartearen irabazien (dibidenduen) banaketan, likidazioko kuotan eta abar. Hau da, gertatzen bada elkarte anonimoak erreka jotzea, jabeak direnez gero, akziodunek kobratzen dute azkena, zeren hartzekodunek izaten baitute lehentasuna, baina, horrelako egoeran, posible izaten da akzio pribilegiatuak dituztenek beste akziodunek baino lehenago kobratzea.