Kaliforniako Sonoma State University -«Terminator» lehendakari duen estatuko 21 unibertsitateetako bat- ez da ikastetxe handia baina ezaguna bai AEBetan. Goiburu erakargarri bat dauka: «Unibertsitate Txikia, Ideia Handiak». Eta erakunde horren proiektuen arteko bat da Project Censored.
Proiektu honetan ari diren ikasle eta irakasleek komunikabide amerikar handiek asko lantzen ez dituzten edo espresuki estaltzen dituzten informazio lerroetan ikertzen dute. «Zera dago Project Censored-en sustraian: masa komunikabideek porrot egin dutela herritarrei beren bizietarako eta beren botoetarako garrantzia duten erabakiez informazioa ematerakoan». Interneten dauzkate ikerketa lerro eta materialak ipinita, eta urte bakoitzeko ikerketa lerro nagusiak urtekari banatan biltzen dituzte.
Une honetan zabalik dituzten 25 ikerketa lerroen artean 19.ak titulu erakargarri hau darama: «US Dollar vs. the Euro: Another Reason for the Invasion of Iraq». Izenburu erakargarri honek gure arteko egunkarietan behin edo behin aipatu izan den hipotesi bat gogorarazten digu; alegia, dolarraren eta euroaren arteko borroka izan daitekeela Iraken inbasioa esplikatzeko arrazoi nagusietako bat. Sonomako unibertsitateko ikasle eta irakasleek ordea hiru dokumentu interesgarrirekin ilustratu dute posibilitate hau: «The Sierra Times», «Feasta» eta «The Nation» aldizkarietako analisiekin.
«Iraken bekatu ezkutua»
«The Sierra Times» aldizkari alternatiboan William Clarkc-ek «Iraken kontra datorren gerraren benetako arrazoiak» ipini zion izenburua bere ikerketari 2003ko otsailean, eta hau zioen bertan: «Nazioarteko ordenuaren sekretu zikinetako bat zera da: planetako gainerako herrialdeek AEBei hegemonia galarazi diezaioketela denek batera dolarra beren estandarra izateari uko egiten badiote. Hau da Amerikaren Akilesen orpoa». Eta gaineratu zuen: «Iraken bezala nazioarteko kontsentsuaren kontra jokatzen segitzen badu, beste guztiek herrialde delinkuente gisa ikusiko dute».
Zortzi hilabeteren buruan, Project Censored-ekoei beren ikerketa eguneratzen lagundu die William Clark-ek, eta Irakeko gertakizunek eta mundu osoan indartu den antiamerikanismoak bere tesiak sendotu dituztela uste du berak. Petrolioa ekoizten duten herrialdeei epe laburrean eurora pasatzeko tentaldia hoztu badie ere, beste aldetik Europa, Errusia eta Txinaren arteko aliantzaren posibilitateak indarra hartu du. Clark-ek datozen gerrak petrolioaren eta petrolioa ordaintzeko monetaren inguruan izango direla segurutzat jo du, eta hori saihesteko munduko herrialde nagusien arteko akordioa behar dela dio: horiek dolarra eta euroa parekotasunean ipini behar dituzte munduko erreserba moneta legez, eta aurrera begira Asia urruneko yena eta yuana ere bai.
2003ko urtarrilean Irlandako «Feasta»n «Petrolioa, moneta eta Irakeko gerra» izeneko artikulua idatzi zuen Coilin Nunan-ek. Orain, analisia eguneratzen lagundu die Project Censored-ekoei. «Artikulua idatzi nuen garaian teoria hutsa zen esatea Irak petrolioa eurotan saltzen hasteak zerikusiren bat zuela AEBek bere kontra prestatzen zuen gerrarekin. Gaur ere teoria bat da, baina ez du indarrik galdu Bushek egin dituenak ikusita: Irak inbaditu, han bere agintea ezarri eta iragarri du munduan petrolioa berriz saltzeko gai denean hori dolarretan bakarrik eginen duela».
Baina gainera, teoria horren beste ezaugarriek indarrean jarraitzen dute. AEBen defizit komertzialak handitzen segitzen du. Petrolio ekoizle gehiago ari dira eurora pasatzea aipatzen, tartean Indonesia eta Malaisia. Eta Iran aurrerago doa oraindik, bere salerosketak dolarretatik euroetara pasatzeaz gain eurobonoak erosten ari baita. Bera da gainera beste petrolio ekoizleak gauza bera egitera animatzen ari dena. Eta galdetzen du Coilin Nunanek: «Amerikarrak Iranen erregimena aldatu beharraz hain gogor mintzo direnean, gertakizun hauek kontutan hartu gabe ulertu behar al da? Hala dirudi, komunikabideek ćterrorismoaren kontrako gerraĆ eta dolar-euro gaiaren arteko harremana nola baztertzen duten ikusita».
Project Censoredekoen ikerketa eta argudio sendoak ikusita, europar bat kezka honekin geratzen da: eta Irakeko inbasioa Europaren kontrako gerra baldin bada?
![]() |
|
||||
1917 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa