Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

ARGIA.com-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2010-03-17 16:27:56
Nontzefilmak 2010-era lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
  • Hasiera >
  • Zientzia eta teknologia

2003-10-26 -- 1917.zenb

Jabier Agirre

Demoscopia etxeak egin berri duen inkestaren arabera, Valentziako Autonomia Erkidegoan bizi diren gizonezkoen ia hirutik batek (%31,4k zehazkiago esateko) zakila zutitzeko prozesuan (horri erekzioa esaten zaio jerga teknikoan) zailtasunak ditu, edo izan ditu, bere bizitzako uneren batean. Baina, 1999. urtean egindako inkestan, Valentzia zen, hain zuzen ere, zutiketa disfuntziorik gutxien zituen erkidegoa. "Ez dakigu zein izan daitekeen kontraste horren arrazoia, inkesta biak metodologia berarekin egin baitira" zioen Espainiako Urologia Elkarteko koordinatzailea den Antonio Martinek. Azken ikerketa hori 2.081 elkarrizketa telefonikok osatu zuten, 35-75 urte bitarteko gizonezkoen eta 30-75 urte bitarteko emakumezkoen bizitza sexuala aztertzeko asmoarekin.
Euskal Autonomia Erkidegoak nahiko leku ona hartzen du inkesta honetan, disfuntzioen batez bestekoa %15,4koa baita; inkesta horren arabera, laguntza eske adituengana jotzen duten gizonezkoen kopurua oraindik txikia da, "baina arazoa sufritzen dutenak hasiak dira jada onartzen diagnostikoa eta tratamendua eskatzen duen egoera baten aurrean aurkitzen direla". Eta ez da gutxi, disfuntzio horrekin 150 milioi gizonezko baino gehiago baitira mundu osoan zakila zutitu edo tentetzeko arazoak dituztenak.
Patologia hori eragiten duten arrazoien artean, bi talde nagusi daude: organikoak batetik, usuenak eta alterazio baskularrekin lotuak daudenak. Eta psikologikoak bestetik, antsietate, depresio, segurtasun gabezia eta asaldura emozionalekin zerikusia dutenak. Baina Andrologiako Elkarte Espainiarraren lehendakariordea den Ignacio Moncadak esan bezala, gaur egun soluzio eraginkorrak daude -Viagra eta bestelakoak- afektatuen artean portzentaje handi baten arazoa konpontzea lortu dutenak.

Jakoba Errekondo

Fruituen uzta gorenean da. Neguaren gorriena iristerako fruitu barruan garatu diren haziak kolonizatzeko modukoa den lur berrira iritsi eta ernaraziko dituen udaberriraino irauteko babesa aurkitu beharrean dira. Geurea bezalaxe, landareena konpetentzia sutsuko mundua da. Besteei aurrea hartu eta lur sail berriak kolonizatzeko espezie bakoitzak bere trikimailu eta estrategiak milaka eta milaka urtetan zorroztu ditu; bihar hasten diren ehunka urtetan gertatuko den bezala. Sortutako haziak inguruan bertan edo ahal den urrutien barreiatzeko landareek garatutako sistemak dira zorrotzetan txorrotxenetakoak.
Landare gehienek haizea baliatzen dute haziak sakabanatzeko: orkidea batzuek bezala hazi ttiki-ttikiak eginez, astigarrak, aihen zuria, kardulatza eta txikoria belarraren gisan haziei sasi hegalak edo kardilaunak emanez edo txilarren eran haizeak landareari eragindako mugimenduak aprobetxatuz.
Badira ura medio haziak zabaltzen dituztenak: igebelar edo nenufarrak bezala ur azalean ibiltzeko gai diren haziak sortuz edo azeri buztanaren moduan ernetzeko toki heze bat topatzeko gai diren zatiak dituzten haziak haziz.
Sakabanaketarako animaliak erabiltzen dituzte beste batzuek: haziak zirinetan edo kaketan banatzeko fruitu jangarriak ematen edo ile eta biloetan zintzilikatzeko azalean kako bereziak dituzten hazi edo fruituak eraikitzen dituztenak.
Beste inoren beharrik gabe hazien barreiatzea bere kasa antolatu dutenak ere badira: murruntzak bezala fruituen mugimenduen bidez, barrabas belarrak eta etxeko-pozak adibidez ehunen hanpadura medio, garoen, isatsen eta geranioen generoen gisa horretarakoxe sortutako organoekin edo hezetasuna baliatzeko biloak erabiltzen dituztenak.
Uzta korrika txikian dabil gure inguruan.

© ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan