Kepa Sojo zine zuzendariak bere lehen luzemetraia grabatzeari ekingo dio laster. Sojok 15 sari eskuratu ditu guztira bere bigarren laburmetrai «Looking for Chencho»rekin.
Mikel Laboak bere lehen kantuen bilduma kaleratuko du azaroaren. 60ko hamarkada inguruko abestiak izango dira guztiak.
Pirineos Jazz Orchestrak aurkeztu berri du bere lehen diskoa. Orain urtebete sortu zen Jazz Orchestra, Pirinioen bi aldetako musikariek osatua. Lehenengo disko honetan 11 lan bildu dituzte. Horietako batzuk kantu herrikoiak dira, beste batzuk sortu egin dituzte eta azkenik, beste alorretako musikarien lana ere erabili dute. Esaterako, Fermin Muguruzarena.
Iñigo Aranbarrik «Sakabi, soinu txikiaren handitasuna» lana idatzi du. Hilaren 30ean aurkeztuko dute Donostian Faustino Azpiazu «Sakabi» trikitilariari buruzko lana. Liburua Soinuaren Liburutegiko 4. alea izango da.
Net.Art-aren historia 30 obra baino gehiagoren bitartez laburbilduko du Koldo Mitxelena Kulturunean datorren urteko urtarriletik aurrera ikusi ahal izango den «Ubikuotasunaren konkista» erakusketak. Koldo Mitxelenak Murtziako eta Kanaria Uharteetako zenbait museoekin elkarlanean eginiko proiektua da hau. Bertan Interneteko artea egiten duten nazioarteko artista ospetsuen lanak bilduko dira.
Urtz taldeak agur esan digu. 15 urteko ibilbidearen ostean azken kontzertua eskaini eta zuzeneko lana grabatu zuten lehengo astean.
Manolo Arozena bertsolariaren ustez, «Txapelketetan emaitza onak lortu nahi badituzu, zeure buruarekin lan handia egin behar duzu. Bertso eskolan ikasita ere, bertsolariak bakarrik lan handia egin behar du (...)». Hitzok «Berria»n argitaratu ziren.
Joxean Agirrek esanak dira hauek «Beterriko Liburua»n: «Nekea eta sormenaren artean badago halako harreman æarraroÆ bat: gehiegi deskantsatzen baduzu, moteldu egiten zara, ez dago sormenik».
Aldizkari berean Patxi Zubizarretak zera zioen: «Uste dut idazleok irakurketaren apologia egiten dugula, eta seguruenik idazketaren apologia egin beharko genuke gehiago».
Dionisio Amundarainen hitzak dira hauek «Zabalik»en jasoak: «Gizarteak egin behar die presioa agintariei euskararen aldeko gauzak egin ditzaten, behetik gorakoa izan behar du presioak, inork goitik beherako inposiziotzat har ez dezan».
Anjel Alkainek «Berria»n: «Teatroetako ateak bi metrokoak badira, ezin da lau metroko piezarik sartu».
Donostia, abangoardiaren gunean
Inolako egitura finkorik gabeko Jaialdia da hurrengo urteko ekainaren 11n hasi eta iraila arte luzatuko den Manifesta 5, Europako Arte Plastikoen Biurtekoa. Izan ere, duen muga bakarra Europako artea erakustea da. Orain arte, zehaztu dezakeguna hauxe da: Europako 30 artista eta arkitekto etorriko direla; hiria bera abangoardiaren gune bihurtuko duela, izan ere Koldo Mitxelena, Kursaala, San Telmo Museoa eta kaleko hainbat gune Manifestarako gordeko dira; Biurtekoa ez dela soilik erakusketez osatua egongo, ikastaroak eta mahai-inguruak ere izango dira; 2 milioi euroko aurrekontua duela; eta lehengo astean jakin genuena: Rotterdameko Berlage Institutuko zortzi arkitekto hilaren amaieran iritsiko direla eta Donostia aztertuko dutela ikasturte honen amaiera bitarte.
Arte Eszenikoen Jaialdia
Arte eszenikoen eta ikusle berrien arteko bitartekaritza egin nahi du Bilbao Antzerkia Dantza jaialdiak. Hain zuzen ere, ikusle gazteak erakartzeko moduko hogei bat ikuskizun prestatu dituzte dantza garaikidea, abanguardiako antzerkia eta disziplina anitzeko beste hainbat ekimen eskainiko dituen Jaialdian. Hilaren 24an hasi eta azaroaren 2a arte Bilbon ikusi ahal izango dira guztiak. Besteak beste, aipatzekoak dira Teatro de Batallak, La Elementalek edota Titzina Teatrok (azken honek Tarregan garaile atera zen ikuskizuna taularatuko du) parte hartuko dute. Bestalde, bostgarren ekitaldiak badu berrikuntzarik. Izan ere, BAD-Merkatua izenekoan hainbat enpresek euren ekimena aurkeztuko dute antzerkiaz eta dantzaz egingo den zinema zikloaren baitan.
Elea argitaletxe berria
Durangoko Azoka gertu dugunean sortu da Elea argitaletxea. Eta ez da esku hutsik iritsiko. Bost lan argitaratuko ditu 2003. urte hau amaitu bitartean. Argitaletxearen xedeak bi dira: euskaraz zein gazteleraz egiten den literatura sustatzea eta egile berriei argitaratzeko aukera eskaintzea. Lehenengo bost lanak hauexek dira: Sergio Arrietaren «No te llamaré soledad», Txema Garcia Nietoren «El hombre oscuro», Oscar Alonso Alvarezen «El coleccionista de cabezas reducidas», Joseba Iriondoren «Hotel Palestine (IÆm from the Basque Country)» euskarazko kronika liburua eta euskal kortsarioei eta piratei buruzko «Euskal Piratak»(Iñaki Mendizabal Elordi eta Asier Sanz Nieto dira egileak).
Zaborraren kultura
Nola liteke norbaitek Tamara gustuko izatea? Zer esanik ez, Ed Wood historiako zinema zuzendari txarrenetzat jotzen denaz... Bilatzen hasita, edozein garaitan aurkituko dugu gaizki egindako gauzekiko zaletasuna, barregarriarekiko gustua.... Baina egia da azken 150 urtetan zabor kulturak izan duen zabalkundea ez dela inoiz ezagutu. Horixe da hain zuzen, «Zabor-kultura: Gustuaren espeleologia» izeneko erakusketak Gasteizko Montehermoso Kulturunean abenduaren 15a arte bilduko duena. Bartzelonan estreinatu zen lehenengoz erakusketa hau eta handik zuzenean dator hona. Erakusketa ipotxak iragartzen zituen kartel batekin hasten da eta egun telebistak zaborraren kulturari eginiko hainbat eta hainbat ekarpenek ematen diote amaiera.
Giza eskubideak eta zinema
Giza eskubideak eta zinema lotzen dituen Jaialdia burutuko da Bartzelonan hainbat elkartek antolatuta hilaren 23an hasi eta 31a bitartean. Guztira, gaiarekin lotutako munduko 54 film eskainiko dituzte. Ondoren, Madrilen egingo da abenduan. Madrilen eta Bartzelonan eskainitako lan esanguratsuenak ordea, Espainian zehar beste 30 gunetan eskainiko dira. Jaialdiaren web gunean diotenez, Bilbok, Hernanik, Iruñeak, Donostiak eta Gasteizek izango dute Jaialdiko hainbat film eskaintzeko parada. Tokian tokiko erakundeei esker izango da hori. Datak zehazteke daude oraindik. Eta egitaraua ezberdina izango da leku bakoitzean.
Itzulpenen ondarea zaintzeko.
Horretarako sortu berri du EIZIEk, Euskal Itzultzaile Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, «Itzultzaile Aitzindariak» bilduma. Bertan ahaztuak izan diren itzultzaileen lanak, hau da, orain urte asko argitaratu ziren itzulpenak jasoko dituzte. Lehena, Inazio Mujika Iraolak prestatu du. Eta hain zuzen ere Ander Arzelus «Luzear»ek itzulitako Charles Dickensen «Eguarri abestia» da bildumaren lehena.
Ireki begiak.
Europako zinematografiaren aniztasuna erakusteko Europako 310 hiritan Cinedays «Ireki begiak Europako zinemari» egitasmoa jarri da abian. Donostiak eta Bilbok parte hartu dute egitasmoan. Lehenengoan hilaren 17tik bost film eskaintzen ari dira. Bilbon, hilaren 23a bitarte beste hiru film ikusi ahal dira. Hiru izan dira jende kopuru handiena erakarri duten filmak: Roberto Benigniren «La Vita é bella»; Jean Pierre Jeuneten «Amelie» eta Pedro Almodovarren «Todo sobre mi madre».
«Hiruko 03».
Antton Hurtado, Pedro Salaberri eta Gerardo Armesto dira aurten «Bosteko 03» erakusketa kolektiboa osatuko dutenak. Urtero egin ohi den erakusketa ibiltaria da «Bosteko». Aurten, egitasmoa aldatu da: hiru artistek parte hartuko dute eta bakoitzak hiru lan paratuko ditu Bizkaiko hainbat herritako kultur etxeetan.