Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2003-10-26 -- 1917.zenb

Nere Lujanbio

Etxetik kalerako bidean, bada egunero ikusten dudan mural bat. Urteak daramatza leku berean, baina pentsatzen jarrita, ez nintzateke kapaz izango bertako irudiak zehazki gogoratzeko. Murala, letra eta kolore, paisajearen zati bilakatu da, ezin bere edukian arreta jarri.
Antzekoa da San Telmo Museoaren egoera, "betidanik" Donostiako postalaren zati izanik, ia ahaztu zaigu badenik ere. Kurtso hasierarekin ordea, ohiko isiltasuna hautsi eta zalaparta piztu da Museoaren inguruan, bederatzi urte luzez Museoko zuzendari izandako Rafael Zulaikaren dimisioaren ondorioz. Tamalez, hau izan da jendea, aspaldian ez bezala, San Telmora begira jarri duena.
Nabarmena da Museoa ez dela bere historiako unerik gozoenak igarotzen ari, baina, arazoak arazo, zabalik dagoela eta bizirik mantentzen dela ikusteko, bisitan joan gara. Antton Azpitarte, Donostia Kulturako zuzendaria, eta Arantxa Barandiaran, Museoko dokumentazio saileko arduraduna, gidari harturik, bertan gordetzen diren altxor txikiak ezagutzea da gure asmoa.
XVI. mendean eraikitako komentu dominikar izandakoan du egoitza Udal Museoaren bildumak. Ia 18.000 objektu gordetzen ditu bere baitan; horietatik gutxi batzuk baino ez, 700 inguru, daude ikusgai erakusketa aretoetan.
Komentuko klaustroaren inguruan antolaturik daude erakustaretoak. Beheko solairuan arkeologia saileko bildumaren zati bat eta XVI. mendeko eliza ikusiko ditugu. Klaustroaren goiko solairuan berriz, arkeologia saileko gainontzeko zatia eta historia eta etnografiako bildumak. Azkenik, arte ederrei eskainitako espazioak bisitatuko ditugu: goiko klaustroaren albo batean dagoen aretoan, bildumaren zati bat, eta azkeneko solairuan euskal arteari eskainitakoa.


Hilarriak eta eliza

Bisita hasteko arkeologia saileko bildumarik aipagarriena ikusiko dugu, hilarriena. Euskal Herriko hilarri bildumarik garrantzitsuena den hau 82 piezek osatzen dute. Egun, hilarriak zaharberritze prozesuan daude eta horretarako beheko klaustroan beiraz inguratutako espazio bat egokitu dute, bisitariak prozesuaren testigu izan daitezen.
Andrearriaga edo Andrerregiako hilarria da bildumako zaharrenetako bat, Kristo aurreko II. mendekoa, erromatar garaikoa. Oiartzunen, Arditurriko meategien eta Beloaga gazteluaren artean aurkitua, 1932. urtean iritsi zen Museora. Angeluzuzen formako hilarrian zaldizko baten irudia dago zizelkatua alde batean eta bestean, giza irudi bat zutik. Inskripzio bat ere badu: «VAL BELTESO-NIS» (Valerio, Beltesoren semea).
Bisitak, klaustroaren albo batean dagoen elizan du jarraipena. 1930. urte inguruan, Donostiako Udalak eraikina zaharberritzeari ekin zionean, Ignazio Zuloaga margolariaren aholkuari jarraituz, elizako hormak pinturaz estaltzea erabaki zuen. Aurelio Arteta eta Jose María Sert margolarien artean duda-mudan ibili ostean, azken honi eman zioten Gipuzkoako historia, ohiturak eta kondaira kontatzen dituzten hamaika mihiseak margotzeko ardura. Lausodura teknika erabiliz egindako irudietan, Gernikako arbola, baleen arrantza, ontzigintza, burdinolak, Loiolako San Inazio eta Juan Sebastian Elkano agertzen dira, besteak beste. Museoko obrarik preziatuenetakoak omen dira aipatu mihise hauek.


Goiko klaustroa

Goiko klaustroko erakusketa Museoaren bildumen aniztasunaren isla da; denetik aurki liteke bertan, Buda baten iruditik hasi eta Altzoko erraldoiaren oinetakoak egiteko egurrezko moldea bitarte.
Historiari eskainitako atalean, arma bilduma da adituek gehien azpimarratzen dutena. Armen artean bada XV. mendean zaldunek babeserako erabiltzen zuten sare kota bat, burdinazko aro forjatuz egina. Defentsa modu sinplea bezain eraginkorra izanik ere, sare kotak bazituen bere mugak. Oso deserosoa izateaz gain, ohikoa baitzen lantza kolpe baten ondorioz sarea hautsi eta burdinazko aroak zaurian sartzea, eta infekzio larriak eragitea.
Armen bildumako altxor nagusia ordea, beste bat da, arte ederren aretoan dagoena: Boabdil Granadako azken erregearenak izan omen ziren ezpata eta ezpata-zorroa, hain zuzen. Okendo almirante donostiarraren ahaide batek, 1940an Museoari dohaintzan emandako hauek, tradizioaren arabera, 1492an Errege Katolikoek Granada konkistatu zutenean, Boabdilek errendizio gisa emandako armak dira.
Etnografiari eskainitako sailean, baserrietako lanabesak, arrantzale eta ikazkinen lan tresnak, altzariak... desagertzear dagoen mundu baten azken hondarrak topatuko ditugu. Bitxikerien artean bi aipa ditzakegu: batetik gogorrak, artzainek egin eta erabiltzen zituzten adar formako edalontziak. Zezenen adarrak moztu, hustu eta alderik estuena tapatzen zuten kortxo edo egur zati batez, edalontzi gisa edo gatza eramateko erabili ahal izateko. Museoan ikusgai daudenek, labanez egindako apaindurak ere badituzte, irudi geometriko eta erlijiosoz osatuak. Bestetik, "Umeiki-alkiya", 1916an Itsasondoko baserri batetik ekarritako aulki benetan bitxia. Garai batean, erditzeko orduan arazoak zeuzkaten emakumeek erabiltzen omen zituzten honelakoak. Hiruki formako zurezko eserlekuak, erdian hutsunea zuen. Emakumeak ohikoa denaren kontrako aldera esertzen omen ziren, hirukiaren erpinari bizkarra emanez, hanka bakoitza alde batean jarrita, aulkiaren bizkarraldea osatuko luketen egurrei eutsiz indarra egin ahal izateko. Etxe batean erditze gehiago egongo ez zela pentsatzen zutenean, eserlekuan taula bat jartzen zuten, altzaria aulki arrunt bezala erabiltzeko.


Arte ederrak

Pintura nagusi den aretoetan lehenengoan, XV. mendetik XX. mende hasiera bitarteko artearen bilakaera kronologikoa dago ikusgai, nazioarteko pintura eta pintura espainiarrak osatua batik bat. Margolari azpimarragarri ugari aurkituko dugu bertan, El Greco, Rubens, Ribera, Valdes Leal edo Alonso Cano, besteak beste.
Museoaren azken solairuan, XIX. eta XX. mendeetako euskal arteari eskainitakoan, bereziki XX. mendeko margolari handien lanak aurkituko ditugu.
Ignacio Ugarte Bereciartu donostiarrarena da XIX. mendeko obrarik aipagarriena. "Refectorio de la Beneficencia de San Sebastian" izeneko mihise gaineko olioa, XIX. mendeko azken hamarkadatan nagusitu zen errealismo sozialaren adierazgarri da.
XX. mendeko pinturan berriz, Nikolas Lekuonaren lana azpimarratuko dugu. 23 urte besterik ez zituela gerran hil zen artista ordiziarra, abangoardiatako artistarik nabarmenenetakoa ezbairik gabe. Bere bizitzak iraun zuen epe laburrean, planteamendu artistikoen modernotasunak eta esperimentazio grinak kubismoa, espresionismoa, dadaismo eta surrealismoa lantzera bultzatu zuten.


Eta etorkizuna?

Argi geratu da San Telmok baduela zer eskainia, baina, beharbada, eskaintzeko modua da aldatu beharko litzatekeena. Mementoz, lehen lana zuzendari berria topatu eta Museoaren helburuak birplanteatzea izango dute, gaur egun galdu eta nahastu samarrik dagoen museoari definizio eta norabide zehatz bat eman ahal izateko. Erakustaretoetan zehar sakabanatuta dauden altxor txiki horiek zentzua har dezaten, ezinbestekoa da helburu jakin batzuei erantzungo dien eskaintza koherente bat egitea. Proiektuak egon dira eta badaude, orain horiek adostu eta martxan jartzeko benetako interesa eta gogoa baino ez da falta.

Ainara Gurrutxaga

Joserra Senperena piano jolea alboan duela, mikrofonoa hartu eta hizketan hasi da Ramon Agirre tabernan. Edalontziak ere, oholtzara igotakoaren hitzak entzun nahian-edo, isil-isilik gelditu dira. Euren burua aurkeztu ostean gertuko tonuan ekin dio aktoreak diskurtsoari: "Gezurra egia baino politagoa da, praktikoagoa eta artistikoagoa ere bai. Ikastoletan "Gezurgintza" irakatsi beharko litzateke", dio. Ikusleetako batzuek buruarekin adostasuneko keinua egin dute, aktoreak gezurraren defentsarekin jarraitzen duen bitartean: "Depresioaren kontra, esaterako, ez dago zeure buruari gezurra esatea bezalakorik. Jarri ispilu aurrean eta esan: hau ez dago ondo, nik 10 zentimetro gehiago dauzkat!". Berehala hasi da tabernan giroa berotzen.
Bi urtez "Ondo esan beharko" lanarekin hara eta hona ibili ostean, eta hark izandako harrera onak animatuta, egitura aldetik oso antzekoa den antzezlana dakar oraingoan Ramon Agirrek, hori bai, eduki berriekin.
"Zazpi gezur txiki" izeneko lana bakarrizketa izan arren, Dimitri piano jolearen presentziak asko baldintzatzen du protagonistaren jarioa. Izan ere, Ramon Agirrek idatzi eta zuzendu duen lan honetan musikak berebiziko garrantzia du. Aktoreak Senperenarekin batera sortutako abestiak kontakizunaren ardatz bilakatzen dira hitz-jolas dibertigarrian. "Egia esan metodo handirik gabe sortu genituen abestiak", aitortzen du aktoreak, "baina ondoren guztiari halako osotasun bat ematen ahalegin berezia egin dugu".
Ramon Agirreren hitzetan, sortze prozesua ez da oso korapilotsua izan, hein handi batean musikariaren eta aktorearen artean oso ondo konpontzen direlako: "Gauza askotan egiten dugu bat, sentsibilitate musikal antzekoa izateaz gain, beste arloetan ere ondo elkar ulertzen dugu".


Eguneroko obsesio txikiak

Hainbat bizipenei buruzko gogoetak plazaratzen ditu protagonistak ikuskizun honetan, bai berari eta baita ingurukoei jazotako pasadizoetan oinarrituz.
Taula gainean azaltzen zaiguna oso gertukoa zaio ikusleari: etsipenez eta zalantzaz beteta batzutan eta itxaropentsu eta kementsu bestetan. Ramon Agirrek ez du pertsonaia bat sortu nahi izan, hala ere: "Urtetako esperientziatik ikasitako komunikazio modu bat jarri dut praktikan antzezlan honetan, erregistro konkretu bat. Ez dut uste pertsonaia bat gorpuzten dudanik, ni neu naiz".
"Zazpi gezur txiki" eguneroko gertaerei buruz mintzo den lana da, itxuraz arinak diren horietaz: "Igogailuko hizketa gaiak izan daitezke, lasai asko. Baina eguneroko gai horiek ezohiko modu batean azaltzea gustatzen zait. Azken batean, gai tipiko eta topikoen bidez ere nire ikuspegia isla dezakedala uste dut".
Gezurraren defendatzaile porrokatua izateaz gain, lan honetako protagonistak badu beste obsesio txiki bat: zenbakiak. "Nik zenbakien artean batzuk gogokoago ditut besteak baino", dio ikuskizunean, "esaterako, 2 zenbakia gustatzen zait, baina 1ari faxista kutsua hartzen diot. 4 zenbakia, aldiz, oso laua iruditzen zait, eta 7ak katxondo jartzen nau".
Ramon Agirre bere ibilbide luzean zehar batez ere aktore aritu da besteentzat lan egiten eta horregatik, oso gustura sentitzen da bere-berea duen lan honekin. "Ondo esan beharko" hark eta oraingo "Zazpi gezur txiki" honek, bere ikuspuntua adierazteko aukera ematen diote, beti ere ironia lanabes hartuta. "Nik ez ditut oso agerikoak diren denuntziak gustuko. Nahiago dut zeharkako estiloa. Zirikatzailea izatea gustatzen zait, baina inor mindu gabe".
Hil honen hasieran Donostiako Udaleko osoko bilkuren aretoan estreinatu zen "Zazpi gezur txiki" antzezlana. Aurrerantzean, Euskal Herriko antzoki, taberna, kultur etxe eta abarretan izango da ikusgai.

Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda

Ozeanoek ezkutatzen dituzten misterioak argitzeko bidean
Ozeanoek Lurraren azaleraren zatirik handiena hartzen dute eta, hala ere, zonarik ezezagunenak dira. Sekula katalogatu gabeko itsas espezieez gainera, misterio handiak gordetzen dira ur handien azpitan eta horiek argitze alde, saiakera teknologiko handiak egin dira XXI. mendean sartu garenetik. Itsaspeko ontzi autonomoetan egin diren aurrerapenei esker, hain justu, pil-pilean ditugun gaiak argitzeko balio handiko informazioa eskuratu ahal izango da, hala nola, aldaketa klimatikoaren zergatiak edota bizitzaren jatorria. Esan gabe doa, itsas hondoaren kartografia osatzea ahalbidetuko luketela.
1990eko hamarkadan sortu ziren lehen itsaspeko ontzi autonomoak. Orduko itsaspeko haiek, dena den, ezinbestekoa zuten itsas azalarekiko lotura, eta hala, energia hartzeko edota bildutako datuak igortzeko kable baten laguntza behar izaten zuten. Aski ez izate horrek, noski, eragozpen handiak sortzen zituen itsas hondo osoa arakatzerakoan, ezinezkoa egiten baitzen zoko guztietara heltzea. Erronka, beraz, autosufizientzia lortzea zen eta azken hiru urteotan lortu dira helburu horretara iristeko baliabideak.
Itsaspeko ontzi modernook gainditu beharreko eragozpen funtsezkoena bateria elektrikoen karga da. Izan ere, bateriaren iraupenak agintzen du itsaspeko ontziaren autonomia zenbatekoa izango den. Zentzu honetan, eguzki-energia baliatuz gutxienik urtebeteko autonomia lortuko luketen itsaspekoak asmatzera bideratu da ikerketa ildo garrantzitsuena.
Teknologia berrietan oinarritutako lehen prototipoek zelula fotovoltaikoak dauzkate. Beharra denean, itsas azalera igo eta bateriak kargatzen dituzten bitartean bestelako zereginak bideratzen dituzte, esate baterako: GPS bidez kokagunea komunikatu, itsas azpian bildutako datuak igorri edota agindu berriak jaso.
Itsaspeko hauek egin ditzaketen lanak:
- Itsas kartografia osatu: Itsas hondoa ia ezezaguna da gaur egun.
- Bizitzaren jatorria argitu: Itsas hondoetan bizi diren espezie ezezagun askok, oso antzinakoak izaki, gure planetan bizitza sortu zeneko datuak gordetzen dituztela uste da.
- Datu ozeanografikoak bildu: Itsas flora eta faunari buruzko ikerketa jarraiek estatistika fidagarriak ekarriko dituzte.
- Klima eta sismologia ikertu: Ozeanoetako parametro fisikoak neurtuz, Lurraren aldaketa klimatikoa ulertzeko datu baliotsu ugari lortuko da. Sentsore berezien bidez, itsasikarak edota seismoak aurreikusi ahal izango dira.
- Itsaspeko esplotazioak konpondu: Itsaspeko gas eta petrolio hodi, telekomunikazioetako kable eta hari elektriko kaltetuak detektatzeko lagunduko dute.
- Ekologia zaindu: Isurketa toxikoak eta hondakin kutsatzaileak detektatzeaz gainera, zikinkeria maila neurtzeko eta programa antipoluitzaileak osatzeko baliatu ahal izango dira.
- Bestelakoak: Antzina hondoratutako itsasontzien, altxorren, hondakin arkeologikoen erreskateetan laguntza paregabea eskain lezakete. Esan gabe doa, teknologi berriek ekartzen dituzten aurrerapen gehienetan bezala, erabilpen militarrik ere aurkituko zaiela.

Pilar Iparragirre

Zeintzuk dira nobelaren ezaugarri nagusiak?
Azalean nire libururik errazena da. Amore eman dut arauetan eta Hiztegi Batuan, gaurko irakurleek lasaitasunez irakur dezaten. Baina sakonean beharbada nire libururik sakonena da, lehenengo orrialdean bertan jada agertzen baita azkenean zer gertatuko den: Mallona alkatea fusilatu egin zuten 1937ko irailaren 5ean Derioko kanposantuan, hilobi komun batean sartu zuten, eta ezezagun bat agertu zen Mundakan hilda. Beraz, hildakoak hilda daude lehenengo orrialdean, benetakoak direlako eta benetan hil zituztelako. Mallona alkatearen dokumentuak haren bilobak eman zizkidan. Biloba urtarrilean hil zen eta nolabait pentsatu nuen baimena nuela dokumentazio hori erabiltzeko.

Nor dugu Alejandro Mallona?
EAJkoa izan zen, Marinako kapitaina, eta fusilatu egin zuten. Hainbat faszista salbatu zituen, horien artean Ybarratar bi.

Zein asmorekin idatzi duzu «Kilkerren hotsak»?
Nik nahi nuke hori irakurtzean irakurleak negar egin dezan. Ez da gerraren kronika. Datuak hor daude, irakurlea sentiarazteko gerraren barruan, ni sentitu naizen moduan, bonben txistua aditzen, eta tiroena, baina itogarri egin gabe. Narratzaileak atzeguardian lan egiten du eta bere zeregin nagusia kazetarien gainean begi bat izatea da. Izen eta guzti agertzen ditut nortzuk izan ziren zerbitzu sekretuetakoak, ze Espainiako gerra Zibilean egon ziren kanpoko kazetari gehienak informatzaile ziren, baita Hemingway bera ere!

Pilar Iparragirre

2002ko Txomin Agirre saria
Aitor Aranak idatzitako «Bost ahizpa» nobelak irabazi zuen iazkoan Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak antolatu ohi duten Txomin Agirre saria. Polizi eleberri klasikoen arabera idatzi du egileak batere ondo konpontzen ez den familia baten bilkura, Agatha Christieren «Hamar beltx» eleberri ezagunaren antzeko giro hertsian azaltzen duena. Bat-batean aberats bilakatu den aitak gutun bat idazten die urtetan ikusi ez dituen bost seme-alabei, kontu garrantzitsu bat esan behar diela eta bakarrik ager daitezen eskatzeko. Baina lehenengo ezustea berak hartuko du, semetzat zeukana emakume bezala azaltzen zaionean. Nolanahi ere, berean jarraituko du aitak, eta narrazioan zehar hainbat hilketa izango dira.

Bost ahizpa
Aitor Arana
Euskaltzaindia,
BBK Fundazioa
130 orrialde
6 euro

Enpresa txiki eta ertainek informazioa izan dezaten
Enpresa txiki eta ertainei begira egina dago, batik bat, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi Sustapen Sailaren sozietate publikoa den DZ Diseinu Zentroak gaztelaniaz zein euskaraz argitaratutako «Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak eta enpresa berrikuntza» liburua. Hauxe du helburu: teknologia berriek enpresa txiki eta ertainetan duten eragina edota negozio elektronikoa behar bezala baloratzeko lagungarri izatea. Azpimarratzen dituen gaiak, berriz, ondokoak dira: Informazioa eta komunikazioaren teknologia berriek ekonomia eta gizarte garapena sustatzen dutela, lan aukerak sortzen, sarrera-iturri gehiago ematen eta osasun eta irakaskuntza zerbitzuak hobetzen ere laguntzen dutela.

Informazio eta Komunikazioaren Teknologiak eta enpresa berrikuntza
Batzuen artean
DZ Diseinu Zentroak
283 orrialde Colon euskal jatorrikoa ote?

Colon euskal jatorrikoa ote?
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak plazaratzen duen «Boletin»aren azken zenbakian, 2002. urteko memoria eta beste hainbat idazlan agertzeaz gainera, honakoak dira azpimarragarri: Mikel Zabala Montoyaren «Erregimendu eta Udalbatzak Goi Aro Berriko Bizkaian: adiskidetasun eta aurkakotasunetarako topagune», eta Emilio Múgica Enecoteguik idatzi duen «¨Colón Vizcaíno?». Azken hori oso lan bitxia da. Egileak gogorarazten duenez, makina bat bazterrek erreibindikatu dute India aldera beste itsasbidetik ailegatu nahi eta Amerika aurkitu zuen gizonaren jatorria. Atlas bat beharko omen genuke horretarako, portugesa, korsoa, errusiarra, ingelesa, greziarra, polakoa eta abar dela dioenik ba omen da-eta.

Boletin
Batzuen artean
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea
339 orrialde 12 euro Ingelesa-euskara- gaztelania

Ingelesa-euskara-gaztelania
Eguneroko ingelesezko esamoldeak biltzen dituen liburu hau ingelesa ikasten edo irakasten ari direnei zuzendua dago. Horregatik agertzen dira «Chattering -solasean- (ingelesa - euskara - gaztelania)»n esamolde horiek hainbat egoeratan eta bost atal desberdinetan banatuak. Hauexek dira atal horiek: adimen-egoerak eta emozioak, adiskidetzako sentimenduak, kontrako sentimenduak, buru-jarduerak eta ekintzako hizkera. Baina gainera sentipen horiek guztiak adierazi nahi dituzten esamoldeak hainbat erregistrotan daude jasoak eta letra-mota desberdinen bidez bereiziak. Hau da, hizkera jasoan, arruntean, lagunartekoan eta trauskilean. Euskal Herrian plazaratzen den mota honetako lehenengo hiztegia dugu hauxe.

Chattering
-solasean-
Batzuen artean
Gaiak
259 orrialde
34,32 euro

Ibaizabalen «Txit oilo bitxia» bilduma
Etxeko txikienak gogoan plazaratu du Ibaizabal argitaletxeak Mercè Arànegak idatzi eta marraztu eta Jose Antonio Sarasolak euskaratu duen «Txit oilo bitxia» bilduma. Oraingo honek «Txit oilo bitxia Txinatik iritsia eta tximinoak» du izenburutzat, eta bertan, oihan baten erdian aurkituko dugu gure oiloa, bere maleta misteriotsuarekin. Gutxien uste duenean, lurrezko bola bat jaurtikiko dio burura jolasean zarataka dabilen tximino talde batek. Oiloa mindu egingo da, eta pixka bat haserretu ere bai, baina gero pasa egingo zaio eta haiekin hasiko da jolasten. Eta jolasez ari garenez, kontakizun hau irakurtzen duenak oiloak galtzen dituen gauzak aurkitu beharko ditu.

Txit oilo bitxia Txinatik iritsia eta tximinoak
Marcè Arànega
Ibaizabal
32 orrialde

Hizkuntza, jakinduriaren
adierazpide
Jainkoek hitzaren arteziaz sortu zutela mundua eta gizakiak jainkoen arketipoez baliatuz nahi izan duela bere hitza ere erritoaren bidez sortzaile agertu adierazten du Félix Zubiagak «Euskararen jakinduria» saioan. Jainkoak gizakia, ala gizakiak Jainkoa, nork nor sortzen duen bere idurira, egilearen ustez oiloa eta arrautzarena bezalakoa omen da, eta edonola ere, giza jakinduriak aztertu beharrekoa. Berarekin harremenatan jartzeko, jo felixzubiaga padrespasionistas.e. telefonica.net-era.

Euskararen jakinduria
Félix Zubiaga
Felix zubiaga
145 orrialde

Alejandro Mallonaren fusilamenduaz
Edorta Jimenezek plazaratu duen bere azken nobela honen oinarrian eskuartean duen beste lan erraldoi bat dago: euskaldunek XX. mendean hainbat zerbitzu sekretutan zer nolako lanak egin dituzten aztertzen duen saioa. Lan hori alde batera utzita, pare bat hilabete egin zituen idazleak «Kilkerren hotsak» idazten, narratzaile den espioi baten ahotik Espainiako azken Gerra Zibilean, eta batik bat 1937ko udaberri eta udan, Bilbo eta Bizkaiko kostaldean gertatutakoak kontatzeko. Mungiako alkate izandako Alejandro Mallonaren fusilamenduaren nondik norakoak ardatz dituen nobela honetan, fikzioa eta benetako gertakizunak eta pertsonaiak agertzen dira. Hara zergatik gehitu dituen Edorta Jimenezek liburuaren bukaeran eranskin pare bat, narrazioan zehar agertzen diren pertsonaia garrantzitsuenen ezaugarriak adierazten dituztenak: hain zuzen ere, asko benetakoak direlako, hala nola George Steer, «Gernikako Arbola» liburuaren egilea; edo «Kilkerren hotsak» nobelaren azalean agertzen den irudiaren egilea -Robert Capa- bezalako argazkilariak, hainbat kazetari, Lauaxeta, Císcar gerraontziko komisario politikoa...

Kilkerren hotsak
Edorta Jimenez
Susa
239 orrialde
14,5 euro

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan