Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2003-10-26 -- 1917.zenb

Mikel Asurmendi

Irungo FICOBA erakustazokaren inaugurazioa hizpide. Egingo al zeniguke gogoeta bat honen inguruan, mesedez?
FICOBAn Euskal Herri berriaren zantzu nabarmen bat ikusi dut. Lapurdi, Nafarroa Behereko nahiz Gipuzkoako hainbat jende proiektu horren inguruan biltzeak Euskal Herri soziala, Euskal Herri politikoa baino askoz azkarragoa dela aditzera ematen digu. Gizartea klase politikoa baino sendoagoa dagoela etorkizunari begira, alegia.

Urriaren 8an Batzar Nagusietako politika orokorrari buruzko eztabaida burutu zenuten. Gipuzkoako ostadarra irudikatu zenuen zure hitzaldian. Zer adierazi nahi izan zenuen konkretuki? Egingo al diguzu balorazio bat ekitaldiaz?
Eztabaida sakona izan zen. Hitzaldian gure programaren edukiak azaldu nituen eta oposizioko alderdien aldetik hitzaldiaren kontrasteko erantzunak izan ziren. Oro har, Gipuzkoan abertzaletasun demokratikoak daukan eragina nabarmendu zen eta etorkizunari begira dauzkan planteamenduak oso nabarmen gelditu ere. Ikuspegi horretatik, Batzar Nagusietatik kanpo gelditu den Gipuzkoa beltza eta ortzadarraren Gipuzkoa irudikatu genituen. Bere jarrera politikoak inposaketa bidez ezarri nahi dituztenei deitu diegu Gipuzkoa beltza. Batetik, gizarte honetan ETA dela eragile erreakzionarioena berretsi genuen. Bestetik, PPk gizarte honen aurkako arbuio beltzak ere sortzen dituela esan genuen. Honen guztiaren aurrean, gizartearen gehiengoak aurrera egiteko gure proiektuarekin bat egin duela azpimarratu genuen.

Ekitaldiaren ondoren AuBko kide Inazio Agirrek zure jarrera kritikatu zuen. AuBren ordezkaritza onartu duzula, baina AuBk ez duela parte hartzerik adierazi zuen.
Ezagutzen dudan hogeita hamar urteetan Inazio Agirreri ez diot behin ere entzun ezer onik egin duen inor dagoenik. Zenbait jendek ez du ezer baikorrik ikusteko gaitasuna, antza. Guk ezin dugu AuBk hartu dituen erabakien erantzule izan, hartara, besteek hartutako erabakien erantzuleak izango baikinateke. Politikan heldutasun esparru batean jokatu behar dugu, eztabaida horiek ezin dira nerabezaroan bagina bezala burutzen ahal. Ezker abertzaleak, askotan, nerabezaroan ohikoak diren jarrerekin jokatzen du. Politika helduen eremua da. Kasu honetan bi esparru bereizi behar dira: legitimitatearen eremukoa eta legalitatearen eremukoa. Hauteskundeen balorazio denotatiboa eta konnotatiboa egingo genuela esan genuen hasieratik: denotatiboak legalitateari egiten dio aipu eta konnotatiboak legitimitateari. Balorazio konnotatibo horri jarraiki, legez kanpo utzitako herritarren boto hori aintzakotzat hartzen ari gara. 27 batzarkideen ordez 23 batzarkide izango bagenitu bezala gobernatzen ari gara.

Aurreko diputatu Roman Sudupek, gehiengo osorik gabe, PSE-EErekin egindako itunaren bidez agindu zuen. Zuk itunen beharrik aurreikusten al duzu?
Guk talde guztiekin hitz egin dugu dagoeneko. PPtik Aralarreraino pasa dira Foru Aldunditik. Geure asmoen eta helburuen berri eman diegu. Beraiekin zein gunetan topo egin genezakeen aztertzen saiatu gara lehenbiziko bileran. Haien asmoak entzun ondoren, aurrekontua eta egitasmo estrategikoak lantzen ari gara. Ez dugu ezein talderekin lehentasunezko harreman bat. Gure programa bateon batekin hitzartu nahi genuke hala ere, baina hori ez da gure esku bakarrik.

Ekitaldian PSE-EEko Miguel Buenek «Barku baten helburua ez da nabigatzea, portura heltzea baizik» esan zuen. Portua zein den zehaztea da gakoa, agian.
Eztabaidan -alderdi sozialistari dagokionean- zerbait nabarmen gelditu bazen, sozialistak bere tokian jarri genituela izan zen. Guk gure proiektua aditzera eman genien eta gure topaguneak non diren agertu ere. Miguel Buen bere jarrerak zorrozten saiatu zen, baina Miguel Buenek eztabaida horretan esandakoa, esate baterako, nekez irakurri daiteke Gipuzkoako sozialisten dokumentu batean, eta are gutxiago Euskadiko PSE-EEko dokumentuetan. Miguel Bueni errepublikarra dela entzun genion, Euskadi nazio bat dela eta abar.

EAko Iñaki Galdosek, berriz, «Bidegurutze batean gaudela eta berriz hasi behar dela» esan zuen. Bat al zatoz?
Aukera egin beharrean gaude, noski. Baina bidegurutze hitza ez zait batere gustatzen, Mayor Orejaren «encrucijada» hitza gogoratzen dit. Euskal gizartea aukerak egin beharrean dago, eta egokiera helduko zaio hautatu ahal izateko. Gizarte honen azpian egitasmo jakin bat egosten ari da, norabide zuzen batean gainera. Bizitzen ari garen une honek irakite puntua hartu behar du. Irakite puntu hori iristear dago. Gizartea burbuilean ari da, esan bezala, gizartea klase politikoa baino aurreratuagoa eta helduagoa da une honetan.

Gizarte politikari gagozkiola, EBko Jon Lasaren ustez, politika sozialari buruzko zure diskurtsoa amestu ezina da gutxieneko soldata jaso edo lan baldintza eskasak dituztenentzat.
Jon Lasak gizartearen errealitate jakin bat deskribatu zuen bere hitzaldian. EBk politika sozialaren %80an ados geundela esan zuen, beraz, EBrekin % 80an ados baldin bagaude, ondo gaude. Lapurdin eta Gipuzkoan dauden gutxieneko soldaten zenbatekoak aipatu zituen. Baina, esan behar da ere Gipuzkoan eta Lapurdin zein gizarte zerbitzu dauden. Iparraldeko edozein biztanlek zahartzaroan Gipuzkoara etorri nahi duela aitortzen du. Datuak ezin dira banaka hartu, bere osotasunean baizik. %80an ados bagaude nekez esan daiteke EAJ eskuina dela. Bere diskurtsoan kontraesanak izan ziren. Jon Lasak balorazio sindikala egin zuen balorazio politikoa egin beharrean.

EAEko legebiltzarkide Jon Salaberriak, honela esan du ARGIAn berriki: «EAJri agortu zaizkio erdibideko aukerak».
Hori muturrean dagoenak bakarrik esan dezake. EAJk 100 urte luzeko ibilbide jakin bat dauka. Arazoa da bakoitzak bere burua non duen eta kokapen horretatik besteak non ikusten dituen. EAJ abertzaletasunaren erreferente eta lider nagusia izaki, deigarria da jende horrek gu horrela ikustea, perspektiba arazo izugarria daukate. Jon Salaberriak ziklo politiko berri baten atarian gaudela esan nahi badu, bada, dudarik gabe. Baina aurrerantzean ere gure erreferenteak berberak izango dira: giza eskubideen eta herritarren borondatearen errespetua. Ziklo berri horretan, herri hau abertzaletasun demokratikoak lideratua izango da eta gizartetik lideratu ere. Abertzaletasun demokratikoak mahai gainean jartzen du egin asmo duena, eztabaida irekian. Ziklo berri hori ere, iraganean egindakoaren balantzea egin ondoren egingo du EAJk. Baina, dirudienez, sektore abertzale bat, berriro ere, gure proiektua porrotera kondenatu nahian ari da. Kontrara jokatuz, armen itzalpean eta gizarteak irabaziko duen alternatibari alternatibarik eskaini gabe. Izugarria da hogeita bost urte pasa direnean, oinarrizko eskema berdinarekin aritzea. Sektore horretan, bizi dugun egoeraren ondorioak aztertzeko jenderik ez izateak txundituta uzten nau: erdibideak, fronteak eta horrelako hitzekin segitzeak atentzioa ematen dit.

Daniel Udalaitz

Euskal sindikatuek ez dute horretan sinesten, eta, batez ere, uste dute ez duela balio Sestaoko La Naval ontziolari konponbide bat ez emateko ihesbide moduan. Ez da, hala ere, ez zurrumurrua, ez espekulazioa. Jose Antonio Casanovak berak esan du, Izar ontzioletako presidenteak (eta talde horretakoa da Sestaoko La Naval ontziola). SEPI fundazioa aztertzen ari da "Europan itsasontzigintzako kontsortzio bat sortzeko aukera, Airbusekin edo EADS enpresarekin egin zen moduan. Kontsortzio horrek biltzen ditu Europako hegazkingintzako enpresa garrantzitsuenak, eta egundoko arrakasta izan du, hain ikusgarria, non Airbus Europako hegazkingintzako enpresarik garrantzitsuena baita eta berealdiko arrakasta izan baitu". Euro Navy bat edo horren antzeko zerbait izan liteke etorkizuna, baldin eta Bruselako politikariek ulertzen badute ontziolak zer planteatzen ari zaizkien. Kontsortzio horretan sartuko lirateke Espainia, Frantzia, Italia eta Alemania. "Erabakia -dio Casanovak- politikoa da, oso argi daukat hori. Horrelaxe jaio zen Airbus".
Zergatik Astilleros Españoles (horren barruan zegoen garai batean Euskalduna ontziola, doikumtzak direla eta desegina, eta hor jarraitzen du gaur egun SestaokoLa Navalek) eta Bazan enpresak proposatzen dute Europa mailako bat-egite hori orain, Espainiako ontzioletan hainbat doikuntza eta enpresen bat-egite gertatu ondoren? Europako ontziolak ere Asiaren lehiak eragindako egoera nozitzen ari ote dira ba?


Asiaren lehia

Une honetan, Sestaoko La Naval, itsasontzi zibilen eraikuntzan espezializatua, lan kargarik gabe dago, Izar taldeko beste ontziola batzuen gisan, eta hainbat mobilizazio ari dira gertatzen horregatik. Arrazoia? Bakarra ez bada, Izar taldeko arduradunek ematen duten arrazoirik garrantzitsuena, beharbada, merkatu galera da, gehienbat Korearen eta Japoniaren lehiak dumping delakoaren bidez gertarazia, prezioak jaisteko praktika desleial hori ez baita nazioartean jazartzen.
Korea dumpingeko eta prezioak beheratzeko politika ari da eramaten, negozioa bereganatzeko, duela hogeita hamar urtetik hona. Txina ere hasia da gauza bera egiten, enplegua masiboki sortu beharra baitauka, eta Japonia ere politika horretan murgildu da, hasia baita prezioen lehiako egoera hori ezin jasaten. Datu argigarri batek baieztatzen du Europako eta Euskal Herriko ontziolentzat hain arriskugarria eta kaltegarria den egoera hori: azken boladan eraikitako gas kargako 70 itsasontzietatik, gehienak korearrek eraiki dituzte, prezioak jaisteko politikaren bitartez. Gas-ontzi bat eraikitzea, orain bost urte, 240 milioi euro kostatzen zen; gaur egun, ordea, 152 milioi euroko prezioan egiten dute.
Ontzigintzako adituek diotenez, ezin pentsatuzkoa da korearrekin eta txinatarrekin lehian jardutea ontzi sinpleagoen eraikuntzan, ezberdinak baitituzte enpresa egiturak, lan kostuak, lanaldiak eta produktibitatea. Baina kasu batzuetan defenda gaitezke, ontzi bereziak eraiki behar direnean, alegia: oso teknologia exigenteko itsasontziak, plataforma sofistikatuak, megayateak eta, oro har, goi-mailako teknologia behar duten guztiak edo barku militarrak, azken generazioko teknologia behar baitute.
Testuinguru horretan, Izar taldeak, Bazan (barku militarren eraikuntza) eta Astilleros Españoles (barku zibilen eraikuntza) enpresen bat-egitetik sortu baitzen, aurreikusia zuen arlo zibilean negozioa egitea, gas kargako ontzien eraikuntzarekin. Zortzi gas ontzi kontratatzeko aurreikuspena bazuen ere, azkenean, bost baizik ez zituen kontratatu. Horrek esan nahi du, kontratazio zibilen kopurua, %75 jaitsi dela. Ondorioz, taldearen fakturazio globala ere proportzio horretantxe beheratuko da. Horra hor zergatik Izar taldeak ez dituen beteko 2003. urte honetarako zituen aurreikuspenak, zeroko mozkinak aurreikusten baitzituen, eta, aldiz, 90 milioi inguruko galerak izango baititu. Guztiarekin ere, alderdi negatibo horiek gorabehera, Izar taldearen oraingo eskarien kopurua 3.000 milioi eurotik gorakoa da.
Gauzak horrela, Izar taldeko arduradunak Europan ontzigintzako kontsortzio moduko bat sustatzeko ideia ari dira lantzen, hegazkingintzako etsenpluari jarraituz. Euronabal gisako bat litzateke, Europako ontziola nagusiak integratuko lituzkeena. Izar taldeko presidenteak berak, Jose Antonio Casanovak, oraindik orain adierazi du, «Europak neurririk hartzen ez badu, Bruselak doikuntza gehiago egitea pentsatzen badu, konlehiarekin itsuturik, ontziolak pikutara bidaliko ditu, ez Espainiakoak bakarrik, bazik eta industria horretan pisua duten Europako guztiak: Italiakoak, Frantziakoak, Alemaniakoak eta abar».

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan