Xabier Mendiguren Elizegi
Iritzia libre da. Kritika ere bai. Horiek biak axioma dira niretzat, bizitzan bezala artean. Askatasuna behar du sortzaileak nahi duena nahi duen bezala adierazteko, baina irakurleak ere berea du maite ez duena baztertzeko eta are gaitzesteko eskubidea. Kritikarako eskubide hori perbertitu egiten da, ordea, kritikariak esku batean luma eta bestean pistola baldin badauzka.
Zertaz ari naizen? 2003ko ekaineko «Zutabe»n (103. zenbakia) Hasier Etxeberriaren prentsa-artikuluak gogor maiseatzen ditu norbaitek. Ez naiz hasiko hemen Etxeberriaren iritziak defenditzen edo kritikariaren argudioak arbuiatzen; gutxienekoa da hori, eta kontu honetaz ez nintzen arduratuko delako testua Lapurdiko ikasleen edo Bizkaiko kamioizaleen aldizkari batean atera balitz, baina «Zutabe» ETAren agerkaria da, eta horrek diferente egiten ditu gauzak.
Ez dut ETAri buruzko hamaika milagarren artikulua idatzi nahi ere, nahikoa aspertuta egongo zarete dagoeneko betiko leloei betiko leloak entzuten. Hortaz, eskari bat izan nahiko luke idazki honek, edo eskari bikoitza, hobeto esanda: inkisidoreen arkatz gorria horrenbeste maite duen kritiko horri, mesedez, aukera dezala hedabide apalago bat, iritzien arteko truke berdintasunezkoago bat posible izan dadin; «Zutabe»ren ardura dutenei, berriz, ez dezatela "fronte" berri bat zabaldu, arren.
Fronte berrien zabaltze etengabe hori da joan den 8-9 urteko dinamikaren ezaugarrietako bat: zinegotziak, kazetariak... Beste ezaugarri nabarmena, Espainiako gobernuak gero eta sektore zabalagoetara hedatzen duen kriminalizazioa: partiduen ilegalizazioa, komunikabideen ixtea, desobe- dientzia zibilarekikoak... Ez dut paralelismorik egin nahi, ezta zer zeren erantzun den ebatzi nahi ere, baina batere zerikusirik gabeko prozesuak direla uste duenak betaurrekoak baino zer edo zer gehiago behar du errealitatea behar bezala ikusteko.
Idazle jendea ez da bereziki ausarta: egolatriaren eta zalantzaren artean mugitu ohi da gehienbat; gainera, oro har ez du hortik ateratzen bizimodua, eta, beraz, erraza dauka hor borroka-lerro berria eratzen duenak arrakasta lortzea. Isilik geratzea erabakiko lukete askok, nazkaz edo beldurrez, eta txorien txorrotxioei buruz idaztea beste hainbatek (ehiztari elkarteren bat haserretzen ez zaigun bitartean). Leteren poetari buruzkoa gertatuko litzateke horiekin guztiekin: "...etxean geratu da, ateak itxita".
Kikiltzen ez denik ere badago, noski. Ezagutzen dugu bizkartzainarekin ibili beharra duen euskal idazlerik, bere aukera politikoa dela-eta; halakoak ugaritzea ez litzateke harritzekoa baina bai lotsatzekoa, gizatasun hutsez lehenik, baina baita euskaltasunez ere, nire ustez.
Kalteak ez dira hor amaitzen ordea; imajinatu gure herriaren askapenaren aldeko hautua egin duen idazlea: zer gogo izango du bere ideiak idazlanetan jartzeko, jakinik aukera horixe dela zilegi bakarra? Zer sinesgarritasun, bere buruaren eta irakurleen aurrean? Iraultzaren aldeko idazleak izan ziren emankor eta interesgarrienak XX. mende hasierako Errusian, baina antzutze bidean agortu ziren gero estalinismoa onartu zutenak.
Amaitzera noa. Etxeberriari, animoarekin batean, elkartasuna eta babesa bidali nahi dizkiot, eta sortzaile gehiago bere bekatu berean erortzea lagungarri izango zaiolakoan idatzi dut artikulu hau, besteak beste. Baina batez ere sinesten dudalako euskal kulturan, herri librea izango bagara pertsona libre gisa jardun behar dugula, eta ez dugula sekula galdu behar kritikarako gaitasuna. Zirikatzaileak nahiago, zikiratzaileak baino.
Xabier Mendiguren Elizegi
Xabier Aierdi
Lehendakariaren planean bake promesa bat dago: planak bakea ekarriko duela edo bakearekin batera erdituko dela. Ez dut uste horrelako promesik egitea bere esku dagoenik, neurri handi batean gure eszenatoki politikoan ETA aldagai independentea delako, eta Ibarretxek inork baino hobeto badaki noraino baldintza dezakeen eszenatoki hau.
Horiek horrela, Lehendakariari ez dagokio bere eskuetan ez dagoenik prometitzea, ezker abertzaleari baino. Ezker abertzalea urte luzeetan ibili da bere posizioaren legitimazioa gainontzekoen erantzukizun edo borondate ezean bilatzen: «Guk nahi dugun ibilbidetik besteak ez doazen moduan, hemen ez da ezer aldatu eta, beraz, zoritxarreko patu batek borroka bide guztiak zabalik mantentzera behartzen gaitu». Ez ikusi, gorra edo ez jakinarena egin arren, garai hau amaitu da: eredua guztiz agortua dago eta bere mobilizazio moduak ere, hitz batean, erritualak dira. Eta federik gabeko erritualak, luzaro iraun arren, gainbeherako inertzia baino ez dauka. Honetaz, asko daki Eliza Katolikoak.
Erantzukizuna beraz ez dago kanpoan, barruan baino. Ezker abertzale antolatuak introspekzio baten ondoren aldaketak egiteari ekin beharko dio, eta oinarritik hasita bere liderrak konbentzitu arte ekin beharko du.
Erantzukizunik handiena bigarren mailako liderrengan dago, herri bakoitzeko erreferentziazko pertsonengan, lagunartean diotena xede politiko bilakatu behar dute eta. Espainiar trantsizioan Suárezek esan omen zuena dute helburu: legedian (gure alderdian) normala izan behar da kalean (lagunartean) normala dena (dioguna). Ekimen honen erronka ezker abertzale posible baten etorkizuna da. Bigarren maila honi dagokio erregea biluzik dagoela ezagutzera ematea. Biolentziarekiko desafekzioa hasieran beti instrumentala izaten da, ikuspegi estrategikotik mesederik ez digula egiten ohartzetik datorrena, baina gero, hainbat aldiz errepikatuta, errefusapen morala bilakatzen da. Hori da ezker abertzaleko zati esanguratsuenak solasaldietan adierazten duena.
Edozein erakundetan bezala, prozesu honek oztopo ugari aurkituko ditu, ukaezinak baitira barruko aspaldiko botere-posizio ezarriak. Batuketa zeroko prozesu bat da gainera: batzuek irabazten dutena besteek galdu.
Egungo nomenklaturak ala ezin du, ala ez daki ala ez ditu gauzak beste era batera egin nahi. Edozelan ere, egun gertatzen den moduan, egoera dezepzionagarri honen faktura ezin du gizarte osoak ordaindu. Adibidez, asteburu honetan Nazio Eztabaida Gunerako Foroaren berri izan dugu, eta izango dituen lan ildoak eta ideia indartsuak ikusita, betiko leloak direla ohartzen gara, azken hogei urteotan entzun izan ditugun berberak eta, noski, edozein Euskal Herriko erakunde berrik bezala, «diagnosi» bat egingo du Foroak. Herri honek duen diagnosi kopurua edukita, nola da posible gaudenetik irten ezin izatea?
Honelakoak ikusi edo entzutean burura etortzen zait Kubricken «El resplandor filmean» Jack Nicholsonek idazten duen nobelaren testua: esaldi berbera, modu ezberdinez, baina ehunka aldiz errepikatua. Gure herriko foroetan ere berdin: ideia antzu berbera baina mila bider plazaratua. Benetan, pertsona ero baten irudi obsesiboa dirudi.
Guzti honengatik inplosioaren beharra ikusten dut euren burua ezker abertzale legitimo bakartzat dakusatenengan. Inplosio honek egungo egoeratik irtetea du helburu, zeren beren oinarriek argi dute etorkizuna ala baketsua izan beharko dela ala ez dela etorkizunik egongo. Gaur egungo liderrek ez badakite besterik egiten, badute zeregin bat: irudia erakargarriagoa izan dadin, albora eginda, hurrengoei txanda utzi.
Jexux Mari Irazu
Kontrakoa, izatekotan ere. Unai Iturriagak ARGIAn egindako elkarrizketan esan zuen bertsolaritzan teoriatik puska baterako betekada ote daukagun. Iruditzen zait ulertzen dudala zer zentzutan esaten duen, eta alde batera arrazoi ematen diot. Seguru ez dakidana da betekada teoriak sortu ote digun. Nire errezeloa da bertsolaritza oso pixkanaka, baina, ari dela bere oinarri teorikoak jartzen, ikuspegi berriak sortzen, aldatzen, eta abar. Bide horretan azkeneko mugarri inportante bat Joserra Garziaren tesia izan da, bertsolaritza komunikazio estrategia klabean planteatuta. Ongi etorri tesi eta teoria guztiak, denen artean ere nahiko lan izango duzue-eta bertsolaritzaren fenomeno esplikatzeko ahaleginean! Beste gauza bat da tesiak Bibliatzat konfunditzen duenik egotea teoriak doktrina balira bezala hartu eta predikatzea, bakoitzak bere pulpitotik. Nire iritzi apalean hori da azken urteetan bertsolaritzari pasa zaiona, eta niri behintzat oso arriskutsua iruditzen zaidana. Zergatik? Sinple esanda, ez delako errealitate osoa jasotzen, eta bertsolaritza ulertzeko, baloratzeko eta gozatzeko molde jakin bat markatzen delako. Eta bertsotarako ere bai, noski. Betekadak betekada, tesi bat beharrean hamar baleude, alde ederrean geundeke. Baina, ez nuke nahi inork ulertzerik hori bere planteamenduak azaldu dituenaren problema denik.