Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-10-26 -- 1917.zenb

Xabier Letona

Tristura, ezintasuna, etsipena. Hiru ezaugarri horiek ziren Guardia Zibilaren operazioaren ondorengo orduetan Martin Ugalde Kultur Parkean egin zen lehen protesta ekitaldiaren eguratsean. Ordu batzuk lehenago, Martin Ugalde Kultur Parkea, 'Egunkaria' eta Elkar-Zabaltzen enpresetako zortzi lagun eraman berri zituen Guardia zibilak: Juan Mari Larrarte, Joxe Mari Sors, Mikel Arrizabalaga, Angel Ramon Diez, Mikel Sorozabal, Amando Hernandez, Mikel Azkune eta Xabier Legarra. Aipatutako etsipen kutsua ez da bakarrik kronikagile honen usaimenak harrapatutakoa, bai bilkuraren ondoren eta baita ondorengo egunetan ere batek baino gehiagok zuen ikuspegi bera. Donostiako manifestazioak ere bazuen tristura doinu hori, bere hasierako lerro eta metroetan behintzat.
Otsaileko operazioak amorrua piztu zuen lehenbiziko egunetan eta hori nabarmen sumatzen zen Donostiako kaleetan. Artean, atxilotuen senide, lankide, lagun eta protestan parte hartzen zutenek nekez imajina zezaketen euskal kulturan horren ezagutuak eta errespetatuak ziren pertsona haiek bizitzen ari ziren infernua. Oraingoan, ordea, hainbestetan entzun eta irakurritako tratu txar eta torturak lehen minututik irudi bilakatu ziren gehienen buruetan. Ikuspegi aldaketa hori agerikoa izan da Juan del Olmo epaileak berak agindutako bigarren operazio honetan.
Gai eta hari ugari atera dira ehunka iritzi eta ikusmoldetan, bizi dugun labirintoan beste barne labirinto bat osatzeraino. Ikuspegi adinako aterabideak dituen labirinto horretan, dena den, bazen otsailean eta bada urrian galdera nagusia: nola saihestu halako egoerak? Nola babestu euskal kulturaren esparruan diharduten enpresak halako eraso juridiko-politikoetatik?
Erantzun zehatz eta eraginkorrik ez da, ordea. Epe motzean labirintoak ez du aterabiderik eta erasotuak bizkarreratu beharko du ondorioaren zama, gizartearen gehiengoaren berotasun eta elkartasunarekin, baina funtsezkoak diren oinarri ekonomiko eta baliabiderik gabe. Alegia, aurretik izandako kolpe judizialak errepikatuz gero, nekez ikusi ahal izango genukeela 'Egin'en edota 'Egunkaria'ren hirugarren bertsiorik kalean, gutxienez epe motzean. Bistan da sosak mugatuak direla eta ez balira ere egungo egoeran antzua dela zulo handia duen poltsa betetzen saiatzea, antzua dela Sisiforena errepikatzea. "Gara"ren egoera haritxo batetik zintzilik da uztailaz geroztik, eta askok sumatzen du oraingo Del Olmoren jokaldiak aurrera begira 'Berria' duela helburu hurbilenetakoa. Enpresa jarraipenaren miaketa lanak aspaldi hasi bide dira.
Bigarren aterabidea akordio politiko-sozial zabalarena da, eta zenbat eta zabalago are eta eraginkorrago. Zeresanik ez, honek gaur egun bizi den gatazka bortitza geldiarazi beharko luke, hainbatetan aipatutako konfrontazio demokratikoari paso emanez. ETA desagertzeak edo gelditzeak ere eraso hauei aitzakia kenduko liekeela esan izan da, ez arrazoi faltarik gabe gainera. Edozein modutan arazo politikoak jarraitzen duen bitartean eta egoera tenkatzen den bakoitzean Estatuak beste aitzakia batzuk ere bilatuko lituzke euskal kultur munduaren aurkako erasoekin jarraitzeko. Ibarretxe planarekin gertatzen ari den guztia da horren adierazle esanguratsuena; ETArekiko gaitzespenetik eginda badago ere, espainiar nazionalismo handi eta berrituaren argudioetan argi ikus liteke arazoaren muina espainiar eta euskal gehiengoen artekoa dela, haien ikuspegian behintzat. Baina egia da, halaber, ETArik gabe, eta Europan bereziki, Espainiak ere korapilatsuago izango lukeela urteotan eta egunotan bizi diren tankerako jokaerak justifikatzea.
Era batera ala bestera, agerikoa dena erasotua den munduaren ahultasunarena da. Euskaltzaletasuna eta euskal kultura ahulak dira, baina baita egun EAE ordezkatzen duten instituzioak ere, seguruenik instituzio horietako kudeatzaile nagusienek pentsatzen dutena edo irudikatzen dutena baino ahulago. Industria eta etxegintzan indartsua izatea erdipurdikoa bilakatzen da norberaren nortasun eta oinarrizko eskubideak defendatzeko aukerarik ez dagoenean. Nola liteke, bestela, epaile soil baten sinadurak Jaurlaritza, Eusko Legebiltzarra edota hiru diputazioak baino indar handiago izatea?
ETArekin harreman maila desberdinak izatearen akusaziopean azken urteetan begiz jota direnen zerrenda amaigabeak egiteaz gero eta aspertuago eta beldurtuago daude euskal kulturaren protagonista nagusienetakoak. Egunerokoan jarduteko baldintza estuetan dabilenak ETA finantzatzen duela entzuteak barregura emango luke atzetik Estatu handi eta erasokor baten esku beltza ez balego. "Egunkaria"ren aurkako bigarren edizio honetan, Elkarlanean Fundazioak ordezkatzen duen guztiari ere eraso egin zaio, euskal kulturaren talde indartsuenari iragarritako kronika zehatzaren berri emanez.


Zuzenbide Estatuaren errugabetasun printzipioa

Euskal gizartearen gehiengoaren begietara Espainiako justiziak ez du sinesgarritasunik, eta egunetik egunera gutxiago. Dagoeneko ez dira ezker abertzalea eta euskal kultura bakarrik susmopean jarri eta zigortutakoak, Eusko Legebiltzarra eta bere agintari gorenak auziperatze bidean dira, eta Ibarretxe Lehendakaria bera ere deabrua bailitzan buztan eta guzti irudikatzen dute Estatuko komunikabide nagusienek.
Mota guztietako susmagarri eta atxilotuekiko errugabetasun printzipioa aspaldi txikitu dute espainiar agintari eta komunikabide nagusienek. Ia atxiloketa guztietan gertatzen den zerbait da, eta areago hauek kualitatiboki edo kuantitatiboki esanguratsuak direnean.
Hala eta guztiz, Estatuaren jokaeraren apologia etengabekoa egiten duten euskal komunikabide filialek, euskal herritarren errugabetasun printzipioari baino zuzenbide estatuaren errugabetasun printzipioari ematen diote garrantzi handiagoa. Hau da, Estatuak ia edozer gauza egiteko eskubidea du, berme demokratiko guztiak dituelako eta hori zalantzan jartzen duena, edo ETAren ingurunean jartzen da, edo fronte nazionalistaren ikusmoldera makurtzen da, edo atxiloketa egoera hauek baliatu nahi ditu euskara eta euskal gizartea ikuspegi sektario batetik eraikitzeko. Berdin da 'Egin' itxi eta bost urtera Auzitegi Nazionalak berau berriz zabaltzeko aukera ematea; berdin dozenaka atxilotu kargurik gabe aske gelditzen badira; berdin 'Egunkaria' itxi eta handik zortzi hilabetera Iñaki Uria, Xabier Oleaga eta Xabier Alegria oraindik kartzelan badira; berdin tortura salaketak etengabekoak badira; berdin da euskal gizartean, erakundeetan eta nazioartean torturaren gaiaz arduratzen diren erakundeek salaketa horiei sinesgarritasuna ematea; berdin da Gipuzkoako Diputazioak Del Olmo epaileak atxilotuen enpresei egindako iruzur fiskalaren salaketa gezurtatzea... ETAren aurkako ekimenek hori eta batek daki zer gehiago ere justifika dezakete, eta, akatsak akats, zuzenbide estatuak zutik dirau. Zuzenbide estatuari dagokionez, pertsonen errugabetasun printzipioa eta Estatuaren errugabetasun printzipioa eskatzen dutenen artean banatzen da egun euskal gizartea.
Gaur egun ez da nahiko susmagarri diren enpresa guztiek agintari judizialen aurrean beren jarduera eta finantzen ateak parez pare zabaltzea: besteak beste, Jose Mari Sorsek eta Elkar-Zabaltzen taldeak behin eta berriro egin izan dituzten ahaleginak alferrikakoak izan dira. Estatuko segurtasun indar desberdinen esanak eta ETAren egiazko eta ustezko idazkiek esaten dutena da garrantzitsuena. Azken urte luzeetan ARGIA ere behin baino gehiagotan agertu da susmagarrien zerrenda horietan eta, dagozkion legezko bideak erabiliz eta dagokion lekuan, argi utzi izan du ez duela ezer gordetzeko eta bere etxeko ateak zabalik dituela behar diren azterketak egin eta behin-betiko susmagarrien zerrenda eta ikerketa horietatik albo batera uzteko. Beldurra, ezintasuna eta indefentsioa da euskal kulturako sektore zabaletan hedatu diren sentipen nagusiak, seguruenik Madrilgo zenbait bulegotatik bilatzen diren helburu nagusietakoak, eta ez bakarrik euskal kulturari zuzendutakoak, egungo statu quoa era batera ala bestera zalantzan jartzen duten guztiei baizik.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan