Asiaren lehiak Europako ontziolak batu ditzake
Daniel Udalaitz
Euskal sindikatuek ez dute horretan sinesten, eta, batez ere, uste dute ez duela balio Sestaoko La Naval ontziolari konponbide bat ez emateko ihesbide moduan. Ez da, hala ere, ez zurrumurrua, ez espekulazioa. Jose Antonio Casanovak berak esan du, Izar ontzioletako presidenteak (eta talde horretakoa da Sestaoko La Naval ontziola). SEPI fundazioa aztertzen ari da "Europan itsasontzigintzako kontsortzio bat sortzeko aukera, Airbusekin edo EADS enpresarekin egin zen moduan. Kontsortzio horrek biltzen ditu Europako hegazkingintzako enpresa garrantzitsuenak, eta egundoko arrakasta izan du, hain ikusgarria, non Airbus Europako hegazkingintzako enpresarik garrantzitsuena baita eta berealdiko arrakasta izan baitu". Euro Navy bat edo horren antzeko zerbait izan liteke etorkizuna, baldin eta Bruselako politikariek ulertzen badute ontziolak zer planteatzen ari zaizkien. Kontsortzio horretan sartuko lirateke Espainia, Frantzia, Italia eta Alemania. "Erabakia -dio Casanovak- politikoa da, oso argi daukat hori. Horrelaxe jaio zen Airbus".
Zergatik Astilleros Españoles (horren barruan zegoen garai batean Euskalduna ontziola, doikumtzak direla eta desegina, eta hor jarraitzen du gaur egun SestaokoLa Navalek) eta Bazan enpresak proposatzen dute Europa mailako bat-egite hori orain, Espainiako ontzioletan hainbat doikuntza eta enpresen bat-egite gertatu ondoren? Europako ontziolak ere Asiaren lehiak eragindako egoera nozitzen ari ote dira ba?
Asiaren lehia
Une honetan, Sestaoko La Naval, itsasontzi zibilen eraikuntzan espezializatua, lan kargarik gabe dago, Izar taldeko beste ontziola batzuen gisan, eta hainbat mobilizazio ari dira gertatzen horregatik. Arrazoia? Bakarra ez bada, Izar taldeko arduradunek ematen duten arrazoirik garrantzitsuena, beharbada, merkatu galera da, gehienbat Korearen eta Japoniaren lehiak dumping delakoaren bidez gertarazia, prezioak jaisteko praktika desleial hori ez baita nazioartean jazartzen.
Korea dumpingeko eta prezioak beheratzeko politika ari da eramaten, negozioa bereganatzeko, duela hogeita hamar urtetik hona. Txina ere hasia da gauza bera egiten, enplegua masiboki sortu beharra baitauka, eta Japonia ere politika horretan murgildu da, hasia baita prezioen lehiako egoera hori ezin jasaten. Datu argigarri batek baieztatzen du Europako eta Euskal Herriko ontziolentzat hain arriskugarria eta kaltegarria den egoera hori: azken boladan eraikitako gas kargako 70 itsasontzietatik, gehienak korearrek eraiki dituzte, prezioak jaisteko politikaren bitartez. Gas-ontzi bat eraikitzea, orain bost urte, 240 milioi euro kostatzen zen; gaur egun, ordea, 152 milioi euroko prezioan egiten dute.
Ontzigintzako adituek diotenez, ezin pentsatuzkoa da korearrekin eta txinatarrekin lehian jardutea ontzi sinpleagoen eraikuntzan, ezberdinak baitituzte enpresa egiturak, lan kostuak, lanaldiak eta produktibitatea. Baina kasu batzuetan defenda gaitezke, ontzi bereziak eraiki behar direnean, alegia: oso teknologia exigenteko itsasontziak, plataforma sofistikatuak, megayateak eta, oro har, goi-mailako teknologia behar duten guztiak edo barku militarrak, azken generazioko teknologia behar baitute.
Testuinguru horretan, Izar taldeak, Bazan (barku militarren eraikuntza) eta Astilleros Españoles (barku zibilen eraikuntza) enpresen bat-egitetik sortu baitzen, aurreikusia zuen arlo zibilean negozioa egitea, gas kargako ontzien eraikuntzarekin. Zortzi gas ontzi kontratatzeko aurreikuspena bazuen ere, azkenean, bost baizik ez zituen kontratatu. Horrek esan nahi du, kontratazio zibilen kopurua, %75 jaitsi dela. Ondorioz, taldearen fakturazio globala ere proportzio horretantxe beheratuko da. Horra hor zergatik Izar taldeak ez dituen beteko 2003. urte honetarako zituen aurreikuspenak, zeroko mozkinak aurreikusten baitzituen, eta, aldiz, 90 milioi inguruko galerak izango baititu. Guztiarekin ere, alderdi negatibo horiek gorabehera, Izar taldearen oraingo eskarien kopurua 3.000 milioi eurotik gorakoa da.
Gauzak horrela, Izar taldeko arduradunak Europan ontzigintzako kontsortzio moduko bat sustatzeko ideia ari dira lantzen, hegazkingintzako etsenpluari jarraituz. Euronabal gisako bat litzateke, Europako ontziola nagusiak integratuko lituzkeena. Izar taldeko presidenteak berak, Jose Antonio Casanovak, oraindik orain adierazi du, «Europak neurririk hartzen ez badu, Bruselak doikuntza gehiago egitea pentsatzen badu, konlehiarekin itsuturik, ontziolak pikutara bidaliko ditu, ez Espainiakoak bakarrik, bazik eta industria horretan pisua duten Europako guztiak: Italiakoak, Frantziakoak, Alemaniakoak eta abar».
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.