Eguraldia aitzakia ederra izaten da edonon elkarrizketa bat hasteko, beste nolabait hasi eta zer esan handirik ez dagoenean ere solasaldiari segida emateko balio izaten du. Uda honetan eguraldiak funtzio hori baino zerbait gehiago bete du, beroa hizpide izan da eta lehortea kezka. Albiste izaten jarraitzen zuen galipota beltzari eguzkiak gorritutako bazterrak gehitu zaizkio.
Sekulako beroa egin du, bizi garen lekuan aspaldian ez bezalakoa. Bazirudien aurten sagarrak arbolean erreko zirela eta patatak lur azpian egosiko. Intxaurrondoek zuzenean intxaur saltsa emango zutela eta mahastiek mahaspasak, baina ez da horrelakorik gertatu. Kalteak handiak izan dira, nekazaritzan eta abeltzaintzan ur faltak ondorio larriak dakartza. Arrantzan, Prestigeren hondamendiak lehendik oso ondo ez zegoen egoera gehiago okertu du... lehen sektorean bizi direnak naturarekin harreman klase bat dute eta gainontzekook beste bat. Eguraldi iragarpenak biharko "eguraldi ona" esaten duenean nabarmen geratzen da hori. Guretzat ona dena besteentzat desastrea izan liteke eta alderantziz, guretzat kaxkarra dena baserritarrentzat mundiala.
Oporretatik buelta
Ziabogak adostu ezinik
Irailaren lehen bi igandetan Kontxako estropadak izaten dira. Denboraldi luze eta gogor baten helburua gehienentzat Donostia da. Talde asko bertan lehiatzearekin konforme dira, baina punta puntakoek bandera amesten dute. Denetan preziatuena eta lehiatuena izateaz gain, polemikoena ere bera izaten da urtero. Uraren tenperatura asko igo da aurten Bizkaiko golkoan, 25º neurtzera iritsi omen dira, arraunean egiteko horrek ez du eragin handirik baina lehorreko bileretan giroa hori baino askoz gehiago berotzen dela diote. Arraun kontuak moketadun bulegoetan itsas zabalean baino arriskutsuagoak dira, atzaparrak eta ipurtaldea tostan izorratzen dira, baina buruhausteak askoz ere lehenago hasten dira.
Kirol ikuskizuna eskaini nahi eta "espektakuloa" eman da sarritan. Herri arteko lehiakortasuna herrikideen arteko haserrea bihurtu zen, Pasai Donibanen esaterako Koxtape eta Donibanekoen artean gertatutakoa negargarria izan zen. Irunen eta Hondarribian Alardeen ondorioz sortutako boikotaren parekoak jasan zituzten askok. Azken boladan Pasaiako herritik datozen "notiziyak", onak dira behintzat. Elkartu eta berriro talde bakarra ateratzeko gauza izan direlako.
Hasi aurretik gauzak zehaztu nahi eta ados jarri ezin. Araudiak, egutegiak, txapelketak, fitxaketak, beti bada zerbait. Estropada egunetan , talde bakoitzak zeukan guztia emanda Astillero izan da aurtengo txapelduna. Traineruak oso gureak zirela sinistuta egon ginen, geu onak gara baina ez beti onenak. Jende saiatua eta bizkorra badago munduan zehar... arraunean, aizkoran, segan eta beste hainbat jardunetan, ez gara bakarrak. Besteei erakutsitakotik norberak ikastea beti da aberatsa. Bizitza honek ziaboga asko ditu eta hauetako bakoitza ezberdina da.
Konturatu orduko urria
![]() |
|
||||
1916 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa