Orain arteko beste topaketekin alderatuta, Euskal Herrian Bertsozale Elkarteak antolatuko duen honek bi bereizgarri ditu: bata, hispanisten gunetik mundu osora zabaltzen duela ikuspegia. Eta bestea, aztertuko den gaia kualitatiboki aldatuko dela: orain artean, inprobisazioaren arlo liriko eta teknikoei eman zaie garrantzia handiena. Aurtengoek, ordea, arlo antropologiko eta soziala landuko dute. Egungo gizartean aurrera egiteko elkarrekin ireki daitekeen bidea aztertuko da, bakoitzaren generoaren barruko xehetasunen bila aritu ordez.
10 herritako bertsolariak entzuteko aukera izango dugu azaroaren 3tik 8ra (ikus ondoko koadroak). Aste horretan, astelehenetik ostiralera, egunero kanpoko bi herritako bertsolarien saioa izango da Donostiako Lugaritz Kultur Etxean, 19:00etan. Azaroaren 8an, berriz, inprobisatzaile denak batera ikusi ahal izango dira Bilboko Euskalduna Jauregian, arratsaldeko 18:00etan.
Bertsolariez gain, ahozko inprobisazioan aditu diren teorialariak ere bilduko dira astean zehar. Horien artean, Euskal Herriko Alfonso Sastre, Eneko Olasagasti, Juan Kruz Igerabide, Joxerra Garzia, Andoni Egaña, Jon Sarasua eta Arantza Mariskal mintzatuko dira, kanpoko adituekin batera (ikus azken orriko koadroa). Beste gai askoren artean, ahozko inprobisazioaren egungo egoera, sorkuntza prozesua, errealitate ezberdinak eta etorkizuna aztertuko dituzte. Hitzaldi eta mahai-inguru hauek goizetan izango dira, Donostiako Miramar Jauregian, 10:00etatik aurrera. Bertan parte hartzeko izena eman nahi duenak, deitu dezala Bertsozale Elkartera (943 21 77 98 telefono zenbakira).
Topaketa honek helburu ezberdinak ditu. Bat bertako bertsozaleek beste inprobisatzaileak ezagutzea da. Bide batez, Euskal Herriko erdal komunitateak bertsolaritzaren mundu zabala ezagutu ahal izango du. Horren ordaina da, kanpoan hemengo bertsolaritzaren berri ematea. Izan ere, ahozko inprobisazioaz ari diren puntako teorialariek, ez dute hemengo bertsolaritza ezagutu ere egiten. Eta nazioartean bide bat zabaltzeak gerora bere onurak ekar ditzake.
Bertsolari den aldetik, Egañari modu berezian zaizkio erakargarri topaketak: «Beti sortzen dira geure jarduna zaharberritzeko ideiak edo susmoak. Eta gu nola ikusten gaituzten jakitea ere, geure burua hobeto ezagutzeko modua izan daiteke».
Baina kultura ezberdinetako inprobisatzaileen arteko elkarlana abiatzea ere bada topaketen helburua. Harremanak egonkortu, eta aurrera begira denen artean lantzeko proiektu zehatzak adostea, alegia. Beraz, aurtengo topaketetan ikusiko da herrialde bakoitzak egoeraren zer interpretazio egiten duen, bakoitza zer erritmotan eta lan eremutan dabilen, eta zer asmo dituen. Proposamen ezberdinak eztabaidatu eta adostu beharko dira. Horien artean, Bertsozale Elkarteak egingo du bere proposamena: Interneten, munduko ahozko inprobisatzaile denen informazioa bilduko duen datu-basea jartzea.
Hizkuntzen arteko zubia
Mundu hispanikotik hizkuntza ezberdinetara jauzi egiteak topaketa aberastu eta osatuko du. Denek ahalik eta ondoen elkar ulertzeko, jardunaldi teorikoetan aldi bereko itzulpena egingo da, lau hizkuntzetara (euskara, ingelesa, frantsesa eta gaztelera).
Jaialdietan, ahalik eta gutxien oztopatuko da itzulpenekin inprobisatzaileen jarduna. Hasierako aurkezpen batek emango ditu ondorengo saioa ulertzeko erreferentziak, eta hortik aurrera bakoitzaren belarria eta interpretatzeko gaitasuna frogatzeko aukera polita izango da. Hizkuntzalariek diote zuzeneko komunikazioan %90 hizkuntzaz kanpoko elementuekin transmititzen dela: keinu bidez, intonazioaren arabera... Inprobisatzaileen kasuan, zuzenean ikusi ahal izango dugu zer komunikatzen duen bertsolariak hizkuntzarekin, eta zer beste era batzuetara.
Orain arteko esperientziak
Koldo Tapia Bertsozale Elkarteko idazkariak kontatzen duenez, 1994an kanpora atera beharra ikusten hasi ziren Elkartean. Lehen urratsa, hurrengo Udako Euskal Unibertsitatera kanpoko adituak ekartzea izan zen.
Geroago, 1996an Mexikon ospatu zen Hispanisten topaketan parte hartu zuten lehen aldiz. Hor izan zuten kanpoko inprobisatzaileekin zuzeneko harremana. Lehen esperientzia horretan, Euskal Herrian horrelako topaketa bat antolatzeko aukeraz pentsatzen hasi ziren. Eta hemengo bertsolaritza beste hizkuntzetan azalduko zuen liburu baten premia ere sumatu zuten.
1998an Kanaria Uhartetan beste hispanisten topaketa batean parte hartu, eta ordura arteko susmo guztiak baieztatu zituzten.
2001.urtean argitaratu zuten «Bat-bateko bertsolaritza» liburua lau hizkuntzatan (euskara, ingelesa, frantsesa, gaztelera). Bertsolaritzak gizartean duen lekua eta funtzioa, bertsolariaren lana eta bertsoa aztertzeko teoria bat aurkezten dira bertan, eta kanpokoek bertsolaritzaren irudi orokor bat izateko oso egokia izan da.
Bide hori guztia eginda, Kulturarteko Topaketa gero eta hurbilago sentitzen bazuten ere, erdiko pauso bat falta zen. Adituen eta teorikoen zirkuituan sarbide bat izatea. Aurtengo udaberrian Renon egindako jardunaldi teorikoek eman dute aukera hori. Bertan aurkeztu dute liburua hiru egileek (Joxerra Garzia, Jon Sarasua eta Andoni Egañak).
Azken hispanisten topaketan 1998an parte hartu bazuten ere, geroztik bertsolariak maiz atera dira kanpora, abestera. Paris, Londres, Bartzelona, Galizia, Menorca, Palma, Italia, Ipar Amerika eta beste hainbat lekutan kantatu dute.
Kanpora atera eta hemengo berri azaltzen hastean jabetu dira bertsolariak besterentzat zer den harrigarri, zer gauza diren bertsolarien bereizgarri. Andoni Egañak azaltzen duenez, «kanpotarrek gure euskaraz aritu beharrak harritzen ditu hasteko. Batzuentzat harrigarri da espainolez jakin eta euskararen hautua egitea bera ere. Gure doinuak sarkorrak direla diote. Oso ongi intonatzen dugula musika tresnen laguntzarik gabe. Gure geldotasuna hunkigarri omen zaiela. Ez genukeen asko usteko! Bertso eskolen funtzionamendua edo Elkartearena berarena ere harrigarri eta eredugarri iruditzen zaie.»