Negu gorriak elikagaiak lortzeko dakartzan zailtasunak direla-eta, hegazti taldeek ehunka kilometro egiten dituzte leku epelagoak bilatzeko. Migrazio horretan, bete-betean harrapatzen dute Euskal Herria. Ehizagarriak diren hegazti espezieak dezente dira; besteak beste, oilagorra eta birigarroa. Dena den, protagonismo handiena duena pagausoa da.
Konturatu dira hegazti migratzaileak abian jartzeko tenorea iritsi dela, ondo baitakite udazkenaren ostean negu gorria datorrela eta horrek elikagaiak topatzeko zailtasuna dakarrela. Leku epelagoak bilatzen dituzte, bizitzeko erosoagoak direnak eta elikagaiak eskuragarri dituztenak. Hegazti talde handiak egunero ehunka kilometro egiteko gai dira. Hegazti paseak bete-betean harrapatzen du Euskal Herria migrazio horretan, alde batetik Pirinioetako barrera erraldoia baitute eta bestetik, Kantauri itsaso zabala. Europa iparraldetik abiatzen dira eta helmuga Iberiar penintsularen hegoaldean edo Afrika iparraldean dute. Negualdia bertan igaro ondoren (otsaila ingurura arte) ugalketa garaia hasten denez, jatorrizko lekuetara itzultzen dira. Kontrapasa garaian ehiza baimentzeak beti sortzen ditu eztabaida biziak, itzuleran diren hegaztiak interes handikoak baitira; indartsuenak, hamaika zoritxar gainditu dituztenak. Horiek dira hurrengo urteko hegazti populazioa ziurtatzen dutenak.
Garai horretan, hamaika ehiztariren odola borborka jartzen da, barruko ehiza sena ezin aserik, emozioa pil-pilean, ehiza postuan zelatan ehizakiak noiz azalduko zain.
Ehizagarriak diren hegazti espezieak dezente dira: oilagorra, birigarroa, usapala... Baina dudarik gabe, pagausoa da protagonismo handiena duena.
Pagausoa (Columba palumbus)
Itxuraz lasaia dirudien arren, oso azkarra eta zuhurra da. Hegan egiteko daukan era bereziak ehiztariak dantzan jartzen ditu eta ehizatzeko zailtasunak ehiztarien emozioa gehitu besterik ez du egiten.
Pagausoa Europako iparraldetik eta erdialdetik datozen espezie migratzaileetako bat da, eta antzinatik ezagunak diren pase lekuetatik igarotzen da. Andaluzia eta Extremadurako etzalekuetara inguratzen dira. Bertako hariztiak oso gustuko dituzte, negualdia pasatzeko nahikoa janari topatzen baitute. Behin ondo egokitzen direnean, ez dira gehiegi urruntzen eta beti itzultzen dira beren txokora.
Negualdia amaitutakoan pagausoa jatorrizko lekuetara itzultzen da eta ugalketa garaia hasten da. Halere, badira gustura daudenak eta nagikeriak jota-edo bertan gelditzen direnak. Itzulerako bidaia egiten ez dutenen kopuruak gainera, nabarmen gora egin du. Nahikoa janari aurkitzen dutela-eta, zenbait hegaztik sedentarioak bihurtzeko joera hartu dutela dirudi. Gertaera honen inguruko ikerketak abian dira.
Pagausoak bikotekide bakarra izaten omen du. Biak, arra eta emea, kontu handiz, ondorengoen ongizateaz arduratzen omen dira. Errunaldian txandakatu egiten dira, baita kumeak elikatu behar diren garaian ere. Pagauso emeak bi arrautza jartzen ditu eta horietatik gehienetan arra eta emea jaiotzen dira. Jateko orduan, pagausoak hazi mota guztiak irensten ditu, adibidez, ezkurrarena, baina belarra ere jaten du. Jatera edo edatera lurreratu aurretik, arreta izugarria jartzen du, ehiztari gogaikarriak ez baititu atsegin.
Oilagorra (Scolopax rusticola)
Ehiza espezie hau aukeratu dugu ehiztarien artean oso preziatua delako. Baina beronen presentzia nahiko murritza da. Hau ere migratzaile handi horietakoa da. Bere lumajea udazkeneko koloreen adierazgarri da eta kamuflaje itzela izaten da ehiztariak bere presentziaz ez ohartzeko. Baina, guztiz adierazgarria den ezaugarria bere moko luze eta gogorra da. Oilagorrak gogo handiz egiten du ihes izozteetatik, berauek elikadura izugarri mugatzen baitiete. Izotzarekin lurra zulatu ezinik geratuko litzateke. Gaztandegi, harizti eta artadiak ditu gustuko, lur hezeak dituztenak, zizareak harrapatzeko aukera ematen diotenak.
Udaberri aldean beti itzultzen da jatorrizko lekuetara errutera. Bost arrautza inguru jartzen ditu eta ia hilabete igaro ondoren ateratzen dira kumeak. Sei bat aste egoten dira kumeak emearen agindupean.
Ehiztariek ondo dakite zein zaila den oilagorra ehizatzea eta txakurraren laguntzaz baliatzen dira, geldi-geldi, ederki baitakite ingurunean ezkutatzen.
Padurak, hegazti migratzaile askoren atseden-leku
Ehizagarriak diren espezietatik eperra aukeratu dugu, batetik, ehiza xehearen «erregetxo»tzat jotzen delako eta bestetik, ez delako migratzailea. Oso lurtarra da, batez ere laborantza lurrak atsegin ditu, bertan aurki baitezake nahi adina hazi eta intsektu. Aralditik kanpo, nahiko zaila da ikustea. Neguan talde txikiak ikusten dira, baina udan familia osoak kumeak atzetik dituztela. Itxura berezia ematen diote lumajearen tonu arreek. Lepaldean iduneko antzekoa markatzen duen luma beltzak ditu. Eta noski, hankak eta moko gorriztak ditu.
![]() |
|
||||
1916 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa