Astekaria

 Zientzia eta teknologia 

Viagrak baditu lehiakideak botikan

Jabier Agirre

Jabier Agirre


1915. alea
2003-10-12
alde 0    kontra 0

Orain bost urte farmazietan agertu zenetik, "pilula urdina" izan da jaun eta jabe. Esklusiba osoa zuenez, Viagra izeneko botikak mantendu du zutik eta tente gizonezkoaren harrotasuna urteotan, inolako konpetentziarik gabe. Eta lehiakiderik gabeko denboraldi horretan, gizonezkoaren zakilak tentetzen laguntzeaz gain, Pffizer laborategiaren sakelak ederki bete ditu. Bost urte horien ondotik 20 milioi pertsonak kontsumitzen omen dute Viagra erregularki, eta bezero horiek etxe farmazeutikoari emandako irabaziak izugarriak izan dira (1.730 milioi dolarretako diru sarrerak egin zituen Pffizer etxeak 2002. urtean, botika horrekin bakarrik).

Baina orain pagotxa bukatu dela dirudi. Ameriketako FDA erakunde ahalguztidunak Viagraren lehiakide zuzena izango den Levitra izeneko botikaren komertzializazioa onartu berri du. Ekiteko moduan oso antzekoak diren arren (zakilera iristen den odol fluxua gehitzen dute bi botika horiek), badirudi Levitra botikaren eraginak gehiago iraungo duela (lau-zortzi orduraino). Gainera, Bayer eta GlaxoSmithKline erraldoien eskutik etorriko den botika berria dosi txikiagoan eman ahal izango omen da, eta beraz bigarren mailako eraginak (bat-bateko bero bafadak, buruko mina edo sudurreko kongestioa) ere txikiagoak izango omen dira.

Dena den, urte bukaerarako beste hirugarren lehiakide baten agerpena ere iragarri da. Inolako ustekaberik ez badago behintzat, Eli Lilly and Co (gure artean Lilly Dista bezala ezagutzen dugu) eta Icos Corp. laborategiek Cialis izeneko botika merkatura ateratzeko baimena eskatuko dute. Eta, noski, bere fabrikatzaileen hitzetan botika hori aurreko biak baino askoz ere hobea izango omen da, bere eragina 24-36 orduz mantentzen baita. Horregatik "asteburuko botika" bezala ere bataiatu dute oraindik ere farmazietara iritsi ez den erremedio miresgarri hori.

Donostia aldean hain maitatua den Santo Tomasek esan zuen bezala: "Aurrena ikusi, eta gero sinetsiko dugu". Izan ere, botika horiek gure artera iristen direnerako, hilabeteak (edo urteak agian) pasatuko baitira.

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1914
 
azala1913

1915 zenbakia.
2003ko urriaren 12a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko JaurlaritzaGipuzkoako Foru Aldundia