Urriaren 19an, Irunberrin, egingo da aurtengo Nafarroa Oinez. 23. edizioa da jada eta Arangoiti ikastolak hartu ditu bere gain antolaketa lanak. Ez dira bakarrik aurkitu ordea ikasle, irakasle eta gurasoak, inguruko herrietatik ere laguntza jaso dute. Arangoiti ikastolako 88 haurrek espazioa eskatzen dute eta antolatzaileen ilusioa eraikin berria izatea da.
Xabier Telletxea2003-10-12 |
Euskarazko Hezkuntzan etorkizun bideragarri bat lortu xedez, jaialdiaren ikuspegia ondoko herri eta bailaretara zabaltzeko apustua egin du Arangoiti ikastolak. Zonaldeko natura eta kultura kontuan hartuta, izaera propioa eman nahi izan diote antolatzaileek Nafarroa Oinezi. Pozik eta itxaropentsu, urteetan jarraitu izan duten helburu baten lorpenean ezarri dituzte begiak irunberriarrek, ikastolaren egoera normalizatzean. Nafarroako Administrazioaren hizkuntz politikak eremu ez euskaldunean kokatzen du ikastola. Gobernuak Euskararen Legeari buruz egiten duen irakurketan oinarrituta, eremu ez euskaldunean ikastolarik ezin daiteke eraiki. Arangoiti ikastola, ez da legezkoa, baina ezta legez kanpokoa ere. Egoera berean daude Nafarroako beste hiru ikastola.
Euskara izanen da, ordea, egun horretako protagonista nagusia. "Harriz herri, Irunberri" lemapean, ingurune honetan euskal hizkuntzak bizi duen krisiari aurre egin ahal izateko parte hartze eta konpromisoa eskatuko da. Lema horrek jasotzen dituen hiru kontzeptuekin trinkotasuna, gizartea eta ospakizunaren eszenatokia agertu nahi izan dituzte, hurrenez hurren. Logotiporako, aldiz, saia erabili dute. Paisaiari oso loturiko animalia da berau. Ospe txarra duen sarraskijale horri buruzko informazioa zabalduko da urriaren 19an. Irudi hori aukeratzeko arrazoietako bat, animalia beraren ezaugarriak kontuan hartzea izan da. Saia inguruan tinko mantendu den hegaztia da, animalia birziklatzaile naturala eta zaborra desagerrarazten trebea.
Gertutasunari helduz, Nafarroa Oinezeko aurtengo kantua ere ingurukoek sortu dute. Oreka TX-eko Arkaitz Martinek egin ditu letra eta musika. Abeslaria, berriz, Mintxo Garaikoetxea da, herriarekin eta ikastolarekin harreman estua duen musikaria. Haurrek ere izan dute inplikaziorik, eurek egin baitituzte kantuaren koruak.
Harria eta herria elkartuz
Nola joan
Lanerako gogotsu
Giroa berotzen joateko ekitaldiak
www.nafarroaoinez.net
Eraikuntza berri baten ilusioz
Arangoiti ikastolaren bilakaera ezagutu eta denbora honetan zehar euskal hizkuntzak eskualdean izan dituen aldakuntzen berri izateko xedez, ikastolako lehen irakaslearekin mintzatu gara. Izaskun Aldaz da bera. Hogeita lau urte daramatza Arangoiti ikastolan eskolak ematen eta ibilbide profesional hori aintzatesteko omenaldia egingo diote Nafarroa Oinez jaialdian:
Noren ekimenez sortu zen Arangoiti ikastola?
Euskal hizkuntza eta kultura berpizteko gazte talde baten ekimenez sortu zen ikastola. Nahi hori gorpuztu nahian, Nafarroako Federazioarekin eginiko bileretatik atera zen ikastola egiteko ahalmena. Bigarren pausoa udalean lekua eskatzea izan zen.
Nolakoak izan ziren hastapenak?
Bi eta hiru urteko zazpi haurrekin hasi ginen gela txiki batean eskolak ematen. Hortik bi hilabetetara beste bi haur hartu genituen. Bederatzi haurrekin hasi eta 88 ditugu egun. Ikastolaren baldintzak aldatu badira ere ilusioak bere horretan dirau. Ikastola legeztatzea eta eskaintza zabaltzearen erronka geure egin dugu eta horretarako lanean jarraituko dugu.
80ko hamarkadaz geroztik zer ikasi duzu zuk zeuk?
Erroma ez dela egun batean egiten. Perspektiba galdu gabe, denbora behar da gauzak egiteko. Hori oso garbi baldin baduzu guztia irabazia duzu. Hemen irauten duenak irabazten du!
Hizkuntzari dagokionez, nola konparatuko zenuke orduko euskararen egoera eta egungoa?
Izugarrizko aurrerapena izan du euskarak, batik bat normalizazio aldetik. Garai haietan ez zuen ia inork euskaraz hitz egiten. Egun, aldiz, euskaraz dakien lehen belaunaldia daukagu. Dena den, bide hau amaiezina da eta euskararen alde lan ugari egin behar da.
Zonalde erdalduna dela kontuan izanik, erdara da nagusi Irunberrin. Ikas- tolaz gain, Arangoitz AEK euskaltegia da inguruan euskalduntze lanetan aritzen den zentro bakarra. Egoitza Zangozan badu ere, Irunberrira gerturatzen dira eskolak ematera. Ikasle gehienak ikastolako gurasoak dira. Gu- raso horiez gain, badira lehen urratsa ikasten ari diren gutxi batzuk ere. 1987az geroztik euskararen berreskuratze prozesuan lan egiten du euskaltegiak eta, esku- aldean hizkuntza gal ez dadin, euskal belaunaldi berriak sortzeko erronka bere egin du.
Irati eta Zaraitzu ibaiek bat egiten duten inguruan 1.420 lagun inguru bizi dira 52,9 kilometro koadroko azaleran. Jarduera ekonomiko nagusiak manufaktura industria eta zerbitzuak dira, besteak beste, haragi industria eta zurgintza. Azpimarragarria da baita ere lehorreko ekoizpena, hala nola, zerealak, ekilorea eta mahastien laborantza. Zehazki, populazioaren %57 industrian, %32 zerbitzuetan eta %11 nekazaritzan aritzen da.
Leire mendizerraren magalean dago Irunberri udalerria. Irati ibaia igarotzen da bertatik eta arroila ikusgarria eratzen du inguruetan. Saien, sai zurien eta antzeko hegaztien babesleku garrantzitsua da Irunberriko arroila. Nafarroako Gobernuak natur erreserba izendatu zuen 1987an. Eskualde natural horretan igarotzen dira Irati eta Zaraitzu ibaiak. Milioika urtetan zehar, Zaraitzu ibaiak Irunberri inguruko mendiak zulatu ditu, eta prozesu luze honek eraginda, bere inguruekin batera Arbaiungo Zintzurraren Erreserba Naturala osatzen du. Dozena erdi kilometrotan zehar ur zalapartatsuak isurtzen dira, 200 metroko altuera duten horma bertikalen oinetan. Ingurune basati hau Pirinioetako basoetatik sokaz lotutako enbor luzez egindako almadiak gidatzen zituzten almadizainen pasabiderik ikusgarriena izan zen aspaldi. Egun, berriz, ur hauetatik egurrezko almadiak igaro beharrean, osagai artifizialez egindakoak pasatzen dira, esaterako, rafting kirola praktikatzeko erabiltzen diren txalupak.
Inguru honetan oro har klima mediterraniar hezea bada ere, zintzurraren barruan zenbait topoklima aurki daiteke. Hainbat animalia espezie bizi da, nagusiki saiak. Espezie horretako 200 bikotez osatutako kolonia bat bizi da bertan, eta ezagutzen den koloniarik handiena izateaz nabarmentzen da.
Eraikuntza arkitektoniko aberatsak
Ondare historiko-artistiko garrantzitsua gordetzen da Irunberrin. Eraikin zibilen artean, hegal zabala eta arkupeak dituen XVI. mendeko Udaletxea nabarmentzen da. Eraikin erlijiosoetan, aldiz, San Adrián, Santa Maria Magdalena, San Bartolome eta Trinitateko baselizez gain, San Benito komentua ere ikus daiteke. Hirigintzari dagokionez, ikusgarriak dira bertako zubiak.
San Benito komentua
Santa Magdalakoari eskainitako moja beneditarren monasterioa XVII. mendekoa da. Gurutze latindarreko oinplanoa du eta nabea sei zatitan banatuta dago. Gurutzadura estaliz, kupula aurkitzen da. Erretaula nagusia 1746koa da, margo eta tailu ederrez apaindutako erretaula barrokoa.
Andra Maria Jasokundekoaren eliza
XIV.-XV. mende bitartean eraiki zen Andra Maria Jasokundekoaren eliza gotikoa. Gurutze latindarreko oinplanoko eraikuntza horrek bost zatiko nabea, gurutze gangaz estalia eta burualde poligonala ditu. Nagusiki erretaula nabarmentzen da, bordatu barrokoduna. Bestalde, bi erretaula barroko eta bi erromanista daude. Eliza hau monumentu izendatuta dago.
San Bartolome baseliza
Hiritik hiru kilometrotara kokatzen da San Bartolome baseliza. 1585ean Nafarroan ermitaua edukitzeko baimena izan zuten 60 baselizetako bat da. Usadioari jarraituz, abuztuaren 24an bere kofradiako kideek eta herritarrek bisitatu ohi dute.
Trinitateko edo Hirutasun baseliza
Leire mendizerraren hegoaldean dagoen itsaslabarrean kokatzen da Hirutasun baseliza. Ikuspuntu artistikotik garrantzi berezirik ez badu ere, baseliza bisitatuena da eta begirune handia sortzen du. Baseliza honetan egon zen urte askoan Trinitateko eskultura prerromanikoa. Ondoren, Irunberriko hiribildura eraman zuten eta egun, Leire monasterioan dago. X. mendeko eskultura intxaurrondoaren egurrarekin egina dago eta 120 bider 48 zentimetrokoa da.
Zubien ibilbidea
Zubi ugari ditu Irunberrik. Idako zubia, esaterako, Erdi Arokoa dela esan ohi da. Herriaren sarreran kokatuta dago. 4 metroko zabalera eta 60 metroko luzera du eta lau arku biribil ditu, 9 eta 13 metrokoak. Arkuetako bat Espoz eta Minarengandik eraitsia izan zen 1811ko urtarrilean, tropa frantsesei bidea moztu nahian. Arroilaren zubia, berriz, "Deabruaren Zubia" eta "Jesusen Zubia" bezalako izen antagonikoekin ezagutzen zen antzina. Irati ibaiak zeharkatzen du eta arku bakarrekoa da. Zubi hori ere eraitsi zuten 1812an tropa frantsesek, Independentzi Gerran.
Ahuntzen zubia, aldiz, ganadua pasatzeko bidea zen. Erdi Aroko itxura, 40 metroko luzera eta 3,70 metroko zabalera du. Puntu erdiko hiru begi ditu, guztiak ezberdinak. 1875ean Trinitateko batailaren lekuko izan zen eta ziurrenik Done Jakueren bidea izan zela esan ohi da.
Naturaren Interpretazio Zentroa
2000ko abuztuaz geroztik zabalik dago Nafarroako Gobernuaren Ingurugiro Sailak hornituriko Naturaren Interpretazio Zentroa. Zonaldeko balio kultural eta naturalak ezagutaraztea dira zentro honen helburuak. Besteak beste, bertako ekosistemak landu eta ingurumenarekin loturiko praktikak egiten dira. Bisitariei ere praktikak egiteko aukera eskaintzen zaie.
Historian barna, gizakia erreka bazterretan kokatu da, bertan bizi, bizilekuak egin eta kultura garrantzitsuak sortu ditu. Bazter horietara iritsi ziren jeneral erromatarrek gidatutako armadak, Ebro ibaian gora. Klimak eta lurrak erakarrita, inguruko lurraldeetan gelditzeko erabakia hartu zuten. Irunberriren idatzizko aipamenik zaharrena I. mendean Pliniok egindakoa da. Ondorengoa da Abd ar-Rahman III.ak hiria hartu zuenekoa.
XI. mendeaz geroztik Nafarroako erresumaren parte izan zen. 1412an hasita, Karlos III.ak Irunberriko harresia konpondu eta erreinuko gotorlekuen artean sendoenetakoa bilakatu zen. Ehun urte beranduago, gaztelarrek Nafarroa hartu zutenean Irunberrik, beaumondarren aldekoa izaki, kapitulatu egin zuten eta Albako dukeak foru eta pribilegio guztiak onartu zizkion. Lehen Gerra Karlistan, 1834an, junta karlistaren egoitza izan zen, bertan bildu baitziren Quesadak Zumalakarregiri eginiko proposamena onartu ala ez erabakitzeko. Bigarren Gerra Karlistan, berriz, bataila leku izan zen.