Irailaren 17tik 20ra Munduko artzainen topaketa egin zen Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa). Euskal artzainak ezagutu ditugu gertutik, (euskal artzain amerikarrak ere bai), baina ez ditugu aintzakotzat hartu izan beste kolore eta itxurako ardiak. Eta hara non elkartu ziren Alpeak, Aragoi, Argentina, Kalifornia, Laponia, Tibet, Eskozia eta beste hainbat herritako 50 artzain. Lau egunetan, beste kulturetako esperientzien bidez, aukera berriak deskubritu ahal izan ziren. Kanpoko artzain batzuk ardi gaztarekin harritu dira, beraien herrian behi esnearekin bakarrik egiten delako gazta. Laponiako artzainek basahuntzak biltzeko elurretako motorrak erabiltzen dituztela jakin dugu eta gutxi batzuek, helikopteroak ere bai!
Ixiar EizagirreEstitxu Eizagirre2003-10-12 |
«Artzain» hitzak ez du gauza bera esan nahi Madrilen eta Kalifornian. Alde batzuetan artzaina gutxietsi egiten da, eta aldiz, besteetan, prestigio handia dauka. Mongolian, «artzain» hitzak ez du lotura zuzenik ardiekin ere, edozein abere zaintzen duena da artzaina. Horregatik, herri bakoitzeko errealitatea eta han hitzek duten zentzua azalduz hasi dituzte aurkezpen guztiak «Artzain mundua» topaketan parte hartu dutenek. Inork ez du bota «jakina denez», «bistan dagoenez», «leku denetan gertatzen den bezala...» eta antzerakorik. Euskal Herriko artzainek ehunka buruko artaldeez eta dozenaka milioiko inbertsioez hitz egin dute «duintasunaz» aritu direnean, eta aimarek 15-20 ardi eta pare bat behiko familia ondo bizi dela arrazoitu dute. Horregatik, ardien bidez munduaren egoera bistan geratu da topaketa hauetan. Eta beste herrietako bizimoduarekiko sekulako errespetua arnastu da giroan.
Hitz egin ere, nor bere bizitzaz egokien egiten duen bezala egin dute: nork bere hizkuntzan. Euskaraz galdetutakoari italieraz erantzuten zitzaion, eta hirugarren batek ingelesez egiten zituen bere zehaztapenak. Lau egunetan belarri ertzean izan zuten aurikularra dena euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez jaso nahi zutenek.
Giro naturala sentitzen zen artzain hauen artean. Bazen konexio berezi bat. Euren hizkuntzekin, euren arteko milaka kilometroekin, hain ezberdinak diren bizimoduekin, horrekin guztiarekin, primeran ulertu dute elkar.
Lana ere (ar)taldean
Artzaintza, lanbide baino bizimodu
Madrilgo Cristina Egia gazteak argi du: «Gustuko duguna eginez bizi nahi dugu, ez gizarteak agintzen diguna eginez. Horrek elkartu gaitu artzaintzan hiru lagun». Teruelgo Herminio Sanchezek «ardia droga bat da», definitu zuen: «edo maite edo gorrotatu egiten da»