San Mamesko partidak «Maraton»en begietatik ikusten zituzten askok. Urte asko geroago konturatuko ziren gure subkontzientziaren miopiaz. Espainiako Radio Nacionalek Bilbon duen egoitzan kirol zuzendari zen "Maraton" hura, inori bururatuko ez bazitzaion ere, emakumea zela, alegia. San Franzisko auzoan hazia eta greba orokorren giroan hezia da Sara. Bizitza istorio bitxiz eta argazkiak diruditen oroitzapenez betea du. Ironia handiz kontatzen du dena, irribarre gazia da berea.Bizitzaren betetasunean, lasai botatzen du pentsatutako dena, isiltzea sekula gustatu ez zaion kazetariak. Irratian ere, "enfant terrible" deitzen zioten lankideek. Maratoikoak bezala, berri emateko bokazioz eman du bizitza osoa, baita bide luzea egin ere.
Estitxu EizagirreIxiar Eizagirre2003-10-05 |
Bilboko San Franzisko auzoan jaio zinen. Nolakoa zen San Franziskoko bizitza? Gerra hasi zenean 11 urte zenituen. Nola gogoratzen duzu? Goserik pasatu zenuten? Nola irrati zaletu zinen? Irratia zen zure zaletasuna, baina nola bihurtu zen zure lanbide? Irratiko lehenengo urteak nolakoak izan ziren? Kirol kazetaritza izan da zure bizitza. Nolakoa da kazetari eta kirolarien arteko harremana? Garai hartan, eta kirol programako zuzendari izanda, arazorik izan al zenuen zure lanean, emakume zarelako? Nola lortu behar du emakumeak besteek bere lana baloratzea? Lehenengo urteetan "Maraton" goitizena erabiltzen zenuen. Zergatik? Nola aldatu da irratietan kirola lantzeko modua? Egunkarietako kirol kazetaritzari itxura hobea hartzen al diozu? Zer iruditzen zaizu kirolak komunikabideetan duen lekua? Albistegiak eginaz bukatu duzu zure irrati ibilbidea. Zer zaletasun dituzu, irratia entzuteaz gain? jaio: Bilbon, 1925ean. Kontabilitatea ikasi zuen. Urrezko antena, 1969. «Budapesteko Honved futbol taldea etorri zen San Mamesera 1956an, Europako Kopan Athleticen kontra jokatzeko. Gertakari handia zen, denak zirelako puntako izarrak. Hungariako historian izandako jokalari onenak ziren. Garai hartako magnetofoiak 15 kiloko harri kozkorrak ziren, eta gurea izorratu egin zen. "Erabaki pertsonala da. Bizitza osoan neure kasa eta nahi nuen bezala ibiltzeko aukera eman dit horrek. Baina denak du bere ordaina, eta bakarrik bazkaltzen dut orain, denbora asko pasatzen dut bakarrik, eta karga ere bihur daiteke bakardadea. Hori da kazetari bizitzak utzi didan ondorioa".
Hiru urtez joan nintzen errepublikako eskolara. Hiritarren jokabideak nolakoa behar duen izan han ikasi nuen. Garbitasuna zaintzen ere erakutsi zidaten eta baita askoz bizimodu okerragoa zeukaten umeekin bizitzen ere... Gogoan dut neska koxkor batek hondarra saltzen zuela etxez etxe, latorrizko pertz batekin. Garai hartan hondarrarekin garbitzen baitzen lurra. Niri liluragarria iruditzen zitzaidan, ez baitzidaten etxetik ateratzen uzten.
Familian bizi ginen, eskaileran. Gora eta behera ibiltzen ginen, lata emanez. Etxebizitza batetik bidaltzean, bestera sartzen ginen. Eskaileran konpartitzen genituen bakoitzaren pozak eta bizi-ezinak. Eskailerako ume denok anai-arrebak bezala ginen.
Hori dena izan da bizitzarako nire oinarria. Batez ere irratirako, jende askorekin egotea tokatzen baitzaigu.
Jendeak entzuten duenean San Franziskokoa naizela, ez du sinesten, auzo horretan jaio den jende askok gero ez duelako hori aitortu nahi izaten. Nik beti bizi nahi izan dut hor, eta Zabalburun pisu bat erosteko aukera izan genuenez, hor bizi naiz, San Franziskotik gertu, badaezpada ere. Oraindik lasai joaten naiz auzora, ilusioz beteta. Ez naiz ordu arriskutsuetan joaten, baina hain lasai ibiltzen naizenez kaleetan, iruditzen zait ezin zaidala ezer gertatu, ez bainaute kanpotar gisa hartuko. Gure garaian ez zegoen marjinaziorik.
1937ko urtarrilaren 4az ere oroitzapen gogorra dut. Norteko Geltokiko tunelean gorde gintuzten, han pasatzen genuen egun osoa. Bonbardaketa bukatu, tuneletik atera eta ikusi genuen nola zekarten hegazkinetik eroritako pilotu alemana. Bere hegazkina Larraskitun eraitsi zuten. Kaleetan barna erakutsi zuten gorpua hegazkinetik erori eta kolpeka akabatu zutenek. Ikuskizun horiek markatu egiten dute.
Baina aldi berean, gogoratzen dut ez zegoela diziplinarik, ez zegoela eskolara joan beharrik, ama kezkatzen zuen gauza bakarra guri ezer ez gertatzea zela, eta elkarrekin joaten ginela alde batetik bestera. Erabateko anarkia zen, eta ume bati gustatzen zaio hori, betebehar eta ardurarik ez genuen eta.
Ordutegia sirenek markatzen ziguten. Alarmak jotzean tunelean sartu, eta eguna han pasatu beharra zegoen. Egunsentitik ilunabarrera egoten ginen, egun osoz. Urtebete eskas egingo genuen horrela. Gero erabaki zuten tunelaren bi irteerak bonbardatuz gero tartean atera ezinik geratuko ginela, eta aurrerantzean elizan babes hartzen genuen.
Gogoan dut ogi integrala, orain jateko aholkatzen badute ere. Eta baita txokolatea ere. Agirre Lehendakariarena zen Chocolates Bilbainos enpresa, eta nahi adina txokolate jaten genuen. Baina gerra Espainia osora zabaldu zenetik, ez zen janaririk iristen. Herri txikietatik ekartzen genuen jatekoa.
Unión Química del Norte de España" enpresako lehendakariaren idazkaria nintzen. Baina azkenean ezin nintzen bi lanetara iritsi. Goizean lanera irten eta goizeko ordu txikietan iristen nintzen etxera. Enpresako lana seguruagoa zen, baina uko egin nion, nire bokazioari erantzuteko.
Ez genuen albistegirik egiten, Madrilgo Radio Nacionalek bakarrik baitzuen horretarako baimena. Baina horrek bide eman zigun beste gauza batzuk lantzeko. Liburuak egokitzen genituen irratirako, gidoiak idatzi, umeentzat programak egin... Oraingoa baino irrati aberatsagoa zen.
Kirolaren bidez jende asko zirikatzeko aukera dago. San Mamesko sarrera ukatu ziguten urtebeterako, Athleticeko zuzendaritza kritikatzeagatik. Lehendakaria ez zuten arau garbiekin aukeratu, eta entzule batek horren atzean zegoen Neguriko oligarkia salatu zuen. Sekulakoa piztu zen. Athleticek eskatu zuen irratiko bi kidek, tartean nik, futbolaz hitz egiteari uzteko. Irratiko Madrilgo zuzendaritzak esku hartu zuen, eta gure alde egin zuen. Duda egiten dut gaur berdin egingo zukeen.
San Mamesen sartu ezin genuenez, ondoko etxeko balkoitik egiten genuen emankizuna.
Egun oso ezberdina da. Elkarrizketa egiteko kirolariek bost minutu eskaintzen badizkizute, ez da gutxi. Orain izar bihurtu dira, lehen harremana gertuagokoa zen.
Kimika enpresan ere ezagutu nuen kasu nabarmen bat. 1945 urte inguruan, Ekonomia ikasi zuen neska gazte bat iritsi zen, ordura arteko kontulari gizonezkoen oso gainetik prestatuta zegoena. Emakumeak lan horietan hasi zirenean, gizonezkoek deabruaren pare ikusten zituzten. Departamentura sartzen ere ez zioten uzten. Bere lana ez zen baloratzen. Zaila da, egun batetik bestera gauzak aldatzea.
Etxean ere, guraso askok ez zieten semeari eta alabari ikasteko aukera bera eskaintzen. Uste zuten alabari garbitzen eta sukaldean irakastea nahikoa zela. Gure amak, berriz, ez zigun etxean ezer egiten uzten. Berak ahal zuen bitartean, nik egin behar nuena ikastea zela esaten zuen. Aitak ere berdin pentsatzen zuen. Aukera gutxi izan genituen, baina denek berdinak.
Ez dut uste lan munduan gizonekin aritu behar dugulako, emakumezkoon goxotasuna galdu behar dugunik. Pena da gizonezkoen alde txarra berdindu nahi izatea, ez alde ona.
Emakume izanda, uste dut zuzendu dudan taldeko harremanetan giro lasaiagoa jartzen asmatu dudala, ohituago gaudelako gauzak onartzen. Gizonak tentsio uneetan mutur joka hasteko prest egoten dira, eta handik bi minutura ezer pasatu ez balitz bezalaxe daude. Era berean, gu agian minberagoak gara, eta tentsio une horietan gizonezkoek jasaten jakin dute, nik jasan ezingo nukeena. Horregatik uste dut gizon eta emakumeen kontuetan, harremanak bideratzen jakitea dela kontua, ez legeak edo arauak jartzea.
Beldur nintzen kirol programa bateko zuzendaria emakumezkoa zela jakiten bazen, "hoa ontzi-garbitzera!" esanaz bukatuko zuela entzuleak. Futbolaz idazteko prestigioa lortu nuenean utzi nion goitizenari, oso berandu. Garai hartan batzuek idatzi egiten genuen, eta ondoren irratirako ahots egokia zuten profesionalek irakurtzen zuten. Beraz, entzuleak oso berandu jakin zuen hitz haien sortzailea nor zen.
Gaur irratia entzuten jarri, eta ez dakizu gola sartu duena etxeko edo kanpoko taldea den. Area bateko jokaldiaren ostean beste ateko gola oihukatzen dute. Hori gertatzen da dena ondo kontatzen ez delako, futbola ez baita jokatzen eurek kontatzen duten abiaduran. Eta ez dakit zergatik botatzen duten esatariek horrelako hitz parrastada.
Gainera orain dena presaka egiten da, hamaika zelairekin konektatzen da aldi berean, entzuleak ez du erdia ulertzen... Gola buila batean kantatu behar hori ere, hain itsusia iruditzen zait! Moda hori Argentinatik iritsi zen.
Eliteko futbolariek ere aitortzen dute dozena erdi esatari salbu, beste denek ez dakitela tutik ere futbola zer den.
Futbol munduak mugitzen duen dirutzak nola eragiten du programetan?
Ni Radio Nacionalen aritu naiz beti lanean. Sinesten ere lanak ematen ditu, baina irrati horretako gaueko bi orduko kirol programetan, denboraren %90 Real Madrid eta F.C. Barcelonaz hizketan jarduten dute. Diruagatik da hori.
Gure garaian ez geneukan horrelako baliabiderik. Baina azkenean argi geratzen dena da, gutxien axola duena baliabide teknikoak direla. Garrantzitsuenak pertsonak dira, zenbaitetan egoera zailetatik ateratzen jakin behar delako. Askotan inprobisatu egiten genuen, eta asmatu ere bai. Esaterako, Bahamontesen lagun batek Bahamontes imitatuz elkarrizketa bat egin zuen irratian, eta gero «Marca» kirol egunkarian argitaratu zen. Bahamontesek berak ezeztatu zuen elkarrizketa, lagun batek brometan egina zela argituz.
Azken urte hau, berriz, familiako liburua idazten eman dut. Arbasoez ahalik eta informaziorik gehien bildu dut Araba, Bizkaia eta Nafarroako artxibategi historikoetan. Nire aita bi aldiz ezkondu zen, eta bere bi emazteak ahizpak ziren. Hargatik, ama ezberdina badugu ere, abizen berak ditugu 8 anai-arrebok. Ni naiz ahizpa txikiena, eta aurrekoa baino 20 urte gazteagoa naiz. Familiaren historia osatzeko jakinmina nuen, eta hilobek ere bai. Hainbat bitxikeria aurkitu ditut. Adibidez, egon zirenik ere ez genekien anai-arrebak topatu ditut, umetan hil zirenak.
Curriculuma
Ibilbidea
Unión Química de España del Norte enpresan aritu zen, lehendakariaren idazkari, 1945-1975 urteen artean.
Irratian 1952an hasi zen, Radio Nacional kateko kirol programen zuzendari.
1990. urtetik, erretiratuta dago.
Sariak
Zilarrezko domina kirol merituari, 1969.
Broma puska.
Hemen bizi zen hungariar bati eskatu eta eskatu aritu gintzaion, jokalariren baten itzultzaile lanak egin zitzan guretzat. Delako itzultzaile hori jokalariari itxaroten aspertuta, etxera joan zenean, Puskas jokalaria agertu zen. Eta itzultzaile gabe, ezin elkarrizketarik egin!
Gure lantaldeko mutil bat oso imitatzaile ona zen, eta Puskasena eginez sartu zen antenan, elkarrizketan. Han jardun zuen, hungariar antzeko hitzak asmatuz.»
Bakarrik bizi naiz.
Bertsoa
Doinua:
HAMALAU HERIOTZENA
San Franziskon, kalean,
haurrak zalapartan,
hura zuten eskola
bestearen faltan.
Hondar kubo batekin
neskatxa batek han
lortzen zuen ogia,
besterik ez zeukan,
eta errotu zinen
hondar kubo hartan.