Faktura eroen sindromea
Xabier Telletxea
Telefono bidezko zerbitzuak erabiltzeak hileroko kostuak asko igotzen dizkigula begi-bistakoa da, eta orain gehiago, sakelako telefonoak eta Interneten bide hori errazten baitute. Baina, arazoak ez dira ekonomikoka soilik, bestelako ondorioak ere agertu dira. Gurasoak seme-alaben beldur dira sakelako telefonoaren saldoa kargatu bezain pronto ezerezean uzten dutelako. Egoera latzagoak badira; lagunak eta zaletasunak ahaztu eta Internet bizitzaren ardatz egin dutenak ere badira.
Zer egingo genuke egun telefono finko, mugikor edota Internet zerbitzurik gabe? Ziur askok erantzungo luketela: ezer ere ez! Zergatia azaltzeko arrazoi ugari jar ditzakegu mahai gainean: moda bihurtu dira, publizitate masiboa egin dute zerbitzu horiek kontsumitu ditzagun, teknologia berriak desegoki erabiltzeak kontsumo handiagoa eragin dezake... Estatistikek ere teknologia berrien erabilera hazi egin dela adierazten dute. Esaterako, 2003ko irailaren 19ko Euskal Estatistikaren Erakundearen datuen arabera, 2003ko bigarren hiruhilekoan Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren %52,8ak Internet edo sakelako telefonoa zuen. Araban 252.300 kontratu zeuden, Bizkaian 978.100 eta Gipuzkoan 580.100. Iaz, garai berean, biztanleriaren %48,8ak kontsumitzen zituen zerbitzu horiek.
Interneten kasuan, gorakada nabarmena da. 2002ko bigarren hiruhilekoan biztanleriaren %31,6ak zuen zerbitzua eta 2003ko bigarren hiruhilekoan, berriz, %37,1ak. Erabiltzaileen artean emakumeak gehiengoa dira, hain zuzen ere, zerbitzua kontratatua dutenen %51,56. Adinari dagokionez, 15-24 urte bitartekoek erabiltzen dute gehien, hau da, ikasleek.
Hazkunde honek noski, euskaldunon ekonomian izan du eraginik. Telekomunikazio enpresak aberastuz doazen heinean, familien hileroko gastua igoz doa. Erabilera masiboa dela-eta, bada zerbitzu horiek baztertu behar izan dituenik ere. Kasu hori geroz eta gehiagotan gertatzen ari dela adierazi digute telefono konpainia ezberdinetako bezeroarenganako arreta zerbitzuetan. Interneten normalean tarifa finkoak kontratatzen direnez, menpekotasuna dutenek ez dute arazo ekonomikorik pairatzen, hilero kuota berdina ordaintzen dutelako. "Guraso askok deitzen dute zerbitzuan baja emateko euren seme-alabek nota txarrak ekartzen dituztelako" baieztatu digu Euskalteleko Internet saileko langile batek. Telefono mugikorren kasuan, ordea, bezeroari telefono faktura altuak heltzen zaizkionean zerbitzua moztera derrigortuta sentitzen dela azaldu digu zerbitzuan aditua den beste langile batek. Era berean, gaztetxoek izugarrizko menpekotasuna dutela adierazi digu: "Gehienak mugikorra kargatu bezain laster saldo gabe daude. Zaletasuna ikaragarria da. Telefonoak seinalea hartzen ez duenean edota beste edozein txikikeriaren aurrean histeriak jota deitzen digute, euren bizitzak arriskuan egongo balira bezala. Hori dela-eta, telefonoaren beste aldean lan egiten dugunok egunean zehar mehatxu ugari jasotzen ditugu bezero horiengandik. Bizitzan gertatzen zaien guztiaren errua guri leporatu ohi digute. Dudarik gabe lotsagabeenak zorrak dituztenak dira".
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.