Andoni Otamendi / Mikel Zarautz
Iturrieta gainean (999 metro) ekin diogu ibilbideari. Autoa Iturrietako Partzuergoa dioen kartelaren ondoan utzi dugu. Zuzen-zuzen bidexka bat hasten da. Bidexkan sartu eta ibilbidearen nondik-norakoak aztertu ditugu: hego-ekialdean dago San Kristobal, gure ezkerretara. Ur depositoa baino lehenago ezkerrera hartu dugu. Kotxe inguruan ikusi dugun elorriarekin gogoratu gara. Hostorik ez bazuen ere, mihura izeneko landare erdi parasito batek hartua zuen. Mihura beste landareetaz elikatzen da, baina aldi berean fotosintesia egiten du.
Bidean aurrera goaz. Gora-beherako txiki bat egin dugu eta bidegurutze batera iritsi gara. Bidegurutzera heltzerako zabalune bat igaro dugula kontuan izan. Malda leunean goaz orain. Ondoren, harrizko horma aurrez aurre izango dugu eta bera erabiliko dugu erreferentzia bezala.
Hozkailuak dauden inguruetara iritsi garenean berauek elurrik gabe (guk elurtuta ikusi baikenituen) nolakoak diren gogoratu dugu: erreten sakon-sakonak. Ipar ingururantz begira paraleloki daude jarrita. Hozkailuek luzeran 100 metro baino gehiago dute, zabaleran 5-10 metro eta sakoneran 20 metro inguru duten bi arrakala.
Morfologia karstikoa du inguruak eta etendura hauetan, pagadiko itzaletan ez bezala, zuhaitz gehiago ikus daitezke: haginak, lizarrak, astigarrak...
San Kristobalen haginak ikusi eta gainaldera iristeko azken aldapak igo ondoren antena handi baten ondoan bailarari begira egin ditugu haginkadak, ogitartekoari, noski. Pagaditik zehar beherantz egin dugu gero. Orduerdi batean Uribarriko lepoa deitzen den lekuraino iritsi gara. Okilak iseka-edo egin digu bere dei bereziarekin. Mendixka honetatik, haranetik hurbil, hasierako bidexkara jaitsi eta Iturrietako etxaldeari begira itzuli gara