Izaskun Jauregi
Ezkontzari buruzko zikloa
Ezkontzen gara. Horixe da Amasté Elkarteak Bilbon antolatu berri duen zinema eta bideo zikloaren izenburua. Horixe da baita ere elkarte honek kaleratu duen azken «Eseté» aldizkarian jorratu duen gaia. Gaia originala da behintzat eta dirudienez, zinemaren historian badira ezkontzari eskainitako makina bat lan ikusgarri. Aukera baliatuz, urriaren 1ean hasi eta 10a bitartean honako egitaraua prestatu dute: Lehenengo hiru egunetan Bilboarten dokumentala, laburmetraiak eta filmak eskainiko dituzte. Hilaren 4an ezkontz festa handi bat prestatu dute Arrebaton. Eta hilaren 6tik aurrera zinemaren historian leku esanguratsua bete duten lanak eskainiko dituzte, hala nola, Emir Kusturicaren «Gato negro, gato blanco», Robert Altman-en «A wedding» eta Luis Garcia Berlangaren «Esa pareja feliz». Gainera, Amasték 30 izenburuz osatutako bideoteka bat prestatu du edonork erabil dezan.
Antzerki musikala sustatzeko elkartea
Sortu berri da Nafarroako Kamerako Opera elkartea. Antzerki eta opera munduko lau profesionalek jarri dute abian ekimena antzerki musikaleko muntaiak sustatzeko asmoz, eta era berean, jendea hauetara erakartzeko. Horretarako lehenengo lan bat prestatu dute abendurako, «El traje nuevo del emperador» izenekoa, baina aurrera begira beste batzuk egiteko asmoa dute. Formatu txiki eta ertaineko lanak egingo dituzte, hala nola, opera, zarzuela, dantza eta antzerki musikala. Bide batez, artista berrientzat erreferente izan nahi du elkarteak.
Idazleak gerra oroituz
Gerraren memoriari buruz mintzatuko dira aurten Gernikan burutuko den Galeuscan bilduko diren idazleak. «XX. mendeko memoria: gerra eta gerraosteak» da, hain zuzen, urriaren 31tik azaroaren 2ra egingo den ekitaldiaren izenburua. Euskal idazleen artean Jon Kortazar, Joxemiel Bidador eta Xipri Arbelbidek hitzaldi bana eskainiko dute. Egitarauaren baitan, literatur itzulpengintzari buruzko bilera egingo da, non Unescoko ordezkari batek parte hartuko duen. Aipatzekoa da gainera, Harkaitz Canok idatzitako antzezlana estreinatuko dela Galeuscan.
Kultura kanpora begira
Euskal kulturaren presentzia Euskal Herritik kanpora handitzeko xedez egin ohi da ekimen ugari udazkenean. Antzerkian Tarregako Fira den legez, musikan Viceko Mercat da Espainian erreferentzia. Eusko Jaurlaritzak badaramatza urte batzuk «Euskadiko doinuak» ekimena burutzen. Honen baitan, Katalunian izan dira lehengo asteburuan hainbat euskal talde, diskoetxe, musika enpresa eta erakundeetako ordezkari. Ekimenak badu bigarren atal bat: Jaurlaritzak argitaratzen duen «Euskal Herriko herri musikaren Gida Profesionala», hain zuzen. Vicekoaren ondoren, Sevillako Womex azokan ere izango da euskal ordezkaririk.
Liburu zuriaren filma hasi da
Donostiako Nazioarteko Zinemaldia aprobetxatuz, euskal aktoreek euskal zinemarako laguntza eskatu zuten lehengo astean. Eskaera askotan egina da, baina oraingoan bi osagai berri zituen. Batetik, Iñake Irastorzak idatzitako «Ximonen Pasioa: Zinema» antzezlana eginez burutu zutela aldarrikapena kalean. Bestetik, Liburu Zuria aurkeztu eta egun batzutara egina zela. Laguntza eskatzeaz gain, Liburu Zuriaren eraginkortasunari buruzko zalantzak agertu zituzten. Bien bitartean, Liburu Zuriak hasi du bere ibilbidea. Euskal ikus-entzunezkoen erakundeen arteko batzordea (IKEBATZ) eratzeko dekretua onartu dute dagoeneko. Ondoren, ikus-entzunezkoen clusterra sortu beharko da. Dena den, eta Miren Azkarate Kultura Sailburuak esan zuenez, Liburua tresna da, ez helburua. Tresna horren baliagarritasuna da orain frogatu beharko dena.
Antzerki bira antolatuak.
Euskal Antzoki Sarearen ekimen berria da. Antzerki obren bira antolatuak prestatzeari ekin dio Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak, Foru Aldundiek eta zenbait Udaletxek osatzen duten Sareak. Bi dira ekimenean lehen aldiz parte hartuko duten lanak: Tanttakaren «Mi suicidio» eta Vaiven Produkzioaken «Victor Bevch». Eta bi dira helburuak: antzerki konpainiei modu koordinatu eta azkar batean antzokietan beren lana eskaintzeko aukera ematea eta honela barne merkatu bat sortu ahal izatea; eta antzoki publikoen programazioak arrazionalizatzea baliabideak eta eskaintza bera optimizatzeko.
Hormetako irudiak.
Azken urteetan Gipuzkoan zaharberritu diren horma-irudiei buruzko web gunea paratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horma-irudia zer den, zein teknika dauden, historian izan dituen adierazpenak, kasu zehatzak... biltzen ditu.
Bildumen negozioa.
Argitaletxeek milaka bilduma jartzen dituzte salgai kioskoetan udazkenean: liburuetatik hasi eta panpinetaraino. Diru kopuru handiak ekartzen dizkiete horrelakoek. Espainiako Editoreen Gremioen Federazioak dioenez, Katalunia da bildumen bidez diru gehien fakturatzen duena (133 milioi euro). Ondoren datoz Madril eta Galizia. Eta EAE-k, Andaluzia eta Valentziarekin batera 0,1 milioi euro irabazten ditu bide horretatik.
Patxi Barco zinegileak honakoa zioen «Berria»n: «Zuzendari batek zera izan behar du, gidoi bat interpretatu ahal izango duen artisau bat».
Petti musikariaren hitzak dira hauek egunkari berean jasoak: «Bakarlaria jendearengandik hurbilago sentitzen da. Taldearekin, askotan, agertoki handia izaten da, eta urrunago daude».
Antxon Ezeiza zinema zuzendariak «El Diario Vasco»n: «Zineari dagokionez Euskal Herriak Hirugarren Munduan jarraitzen du».
Fredi Paia bertsolariak honakoa esan zuen «Berria»n: «Belaunaldiz belaunaldi, mendeetan zehar bere transmisioan asmatu du bertsolaritzak. Gaur egun hainbeste bertsolari gazte egotea horren erakusgarri da. Gizarte eredu desberdinei egokitzeko gaitasuna izan du bertsolaritzak».
Julio Medemek hauxe adierazi zuen «El Pais»en: «Pilar del Castillo kultura ministroa arduragabe bat da. Zein eratako kultur ministroa da hau ez dela gai zuhurki jokatu eta filma ikusi arte itxaroteko bere iritzia emateko?».
Edorta Jimenezek «Kilkerren hotsak» liburua plazaratuko du laster Susa argitaletxearen eskutik. 36ko gerran girotutako abenturazko eta amodiozko nobela da lan berria.
Ekon taldeak agur esan die eszenatokiei. Bederatzi urteko ibilbidearen ondoren, taldekideak proiektu berrietan murgiltzeko gogoz daude. Agur esateko hiru kontzertu eskainiko dituzte: Zallan, Basaurin eta Arrasaten.
Hika antzerki taldeak azaroan estreinatuko du Egiako Kultur etxean «X» antzezlana. Arantxa Iturbek eta Agurtzane Intxaurragak idatzitako komedia euskaraz eta gazteleraz taularatuko da.
Angel Unzuk konposatzaile gisa prestatzen duen bigarren diskoa plazaratu du, Elkarren eskutik. «Melodías de piel» izenburupean, gitarra-jole eta konposatzaileak 10 melodia bildu ditu. Unzu Benito Lertxundirekin eta Kepa Junkerarekin aritu izan da musikari gisa.
Harkaitz Canoren «El puente desafinado (Baladas de Nueva York)» liburua kaleratu du Ereinek gaztelaniazko narrazio bilduman.
Etienne Salaberry irakasle, pentsalari eta kazetaria jaio zela ehun urte dira aurten. Urriaren 22tik 26ra omenaldia egingo zaio Baiona, Uztaritz eta Heletan. Hitzaldiak, mahai-inguruak, ekintza kulturalak eta Euskalzaleen Biltzar berrituaren aurkezpena egingo dira.
Pablo Malo «Frio sol de invierno» lehen luzemetraia errodatzen hasiko da urrian. Marisa Paredes eta Unax Ugaldek parte hartuko dute bertan.