Pilar Iparragirre
Zestoarren
erretolika
Agurtzane Azpeitia Eizagirre
Zestoako Udala
275 orrialde
Zestoarren hizkera hitzez hitz
Agurtzane Azpeitia Eizagirrek osatutako lanaren izenburu zehatza "Zestoarren erretolika. Hitzen, esamoldeen eta atsotitzen bilduma" da. Zestoan euskaldun sortu eta euskaraz bizi diren herritarrek -batik bat bertako amon-aitonek- hitzetik hortzera erabiltzen eta transmititzen dituzten 3.873 hitz, esamolde eta esapide daude jasota bertan. Izan ere, euskaldun horiek ez dute erdararen laguntzaren beharrik izan elkarrekin jolastu, haserretu, lan egin, elkarri adarra jo edo maitasun sentimenduak hitzez adierazteko, beren bizitzaren eginbehar guztiak euskara hutsean egin dituztelako. Liburuak, gainera, eranskin bat ere badarama: "Zestoako hizkera. Irainak 1. Ardi txikia beti bildots" izenburu esanguratsua duena.
Jean Pierre Goytino eta Californiako Eskual Herria
Xipri Arbelbide Mendiburu
Euskaltzaindia, bbk fundazioa
211 orrialde
10 euro
2002. urteko Mikel Zarate saria eskuratu duen saiakera
Xipri Arbelbide Mendibururen "Jean Pierre Goytino eta Californiako Eskual Herria" saiakerak eskuratu zuen iazkoan Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak eman ohi duten Mikel Zarate saria. Aurretik 1848an Agozti Xahok "Uscal Herriko Gazeta"ren bi zenbaki atera bazituen ere, eta geroxeago Bizkailuz zorigaiztokoak "Escualdun Gazeta"ren hiru ale Los Angelsen, osorik euskaraz kaleratu diren kazeten aitzindaritzat jo daiteke Xipri Arbelbide Mendiburuk saiakera honetan aztertzen duen "Californiako Eskual Herria". Bost bat urte iraun zuen bizirik kazeta horrek (1893tik 1898ra), eta Ameriketan bizi ziren euskaldunen munduaren berri ugari ematen zuen bere orrialdeetan.
Diario de Navarra (1903-1908).
Ramón Lapesquera
Pamiela
246 orrialde
15,60 euro
"Diario de Navarra"ren hasiera
Inork jakin nahi badu nolakoa izan zen "Diario de Navarra"ren hasiera, orain du aukera, Ramón Lapesquera idazle eta ikerlari nafarrak Pamiela argitaletxean kaleratutako "Diario de Navarra (1903-1908). El despertar del camaleón" lana irakurriz. Kereila bat jaso zuen Ramón Lapesquerak "Gora el Diario" kaleratu zuenean (Pamiela, 1985) eta, hala ere, egunkari horri dagozkion ikerketekin aurrera jarraitzea erabaki du, batik bat inongo maitasunik ez diolako bere iritzian Nafarroari eta nafarrei XX. mendean kalte handiena egin dien enpresa ideologikoa denari. Ehun urte daramatza jadanik bizirik aipatutako egunkariak, eta kaleratu orduko hasi omen zen nafarren arteko giza harremanak usteltzen saitzen. Horren berri ematen digu Ramón Lapesquerak bere lanean.
Bertso askeak. Kateatuko nauenak
Xabier Galarreta
Hiria
141 orrialde
14,50 euro
Xabier Galarretaren poemak
Literatur mugimendu guztietatik at, bide bakarti eta pertsonala egin du Xabier Galarretak idazle gisa, eta "Bertso askeak. Kateatuko nautenak" poesia liburuan ildo berari jarraitu dio. Egileak ez omen daki zer den poesia, bere zentzua zertan datzan; eta gutxi axola zaio gainera. Hauxe bakarrik daki: zoriontsu dela emozio bat azaltzen duenean, irudi bati forma ematen dionean, hitz eskutada bat bildu eta norabait jaurtitzen duenean. Eta horixe egiten ahalegindu da hainbat atalez osatutako liburu honetan. "Hilko zaitut" deritza lehena. "Alferrikako igarotzeak", "Axuriol", eta"Poemario ergela" dira ondorengoak. "Musikak iradoki zizkidan poemak" atala da ugariena, non Santana, Jimi Hendrix edota Eric Clapton bezalakoek iradokitakoak agertzen dituen.
Igela ote da?
Guido van Genechten
Ibaizabal
11 orrialde
2,90 euro
Etxeko txikienei eskainitako bilduma
Ezusteko polita dute ezkutaturik Ibaizabal argitaletxeak etxeko txikienei zuzentzen dien Ikusi Makusi bildumako irudiek. Jolasteko aproposak diren liburu hauen azalean beti agertzen da animaliaren bat -adibidez "Igela ote da?"n, igela-. Baina gero, kartoi mehea zabaldu ahala, azaleko animalia horrexen itxura aldatuz doa, eta oso bestelako lau animaliaren antza hartzen hasten da. Beraz, "Igela ote da?" liburuarekin jolasten duten neska-mutikoek, kasu, igela bera ezagutzeaz batera, dortoka bat ere ezagutu ahal dute, eta baita basoetan zein edozein lur eremutan hain arruntak diren zizare familiako kide bat duela asko desagertu zen dragoia, eta krokodiloa ere.
Hik hasi
Batzuen artean
Xangorini
159 orrialde / 5 euro
Euskal Herriko Baliabide Pedagogikoen Gida
"Hik hasi"koek kaleratu berri dute "Euskal Herriko Baliabide Pedagogikoen Gida"ren laugarren zenbakia. Badira zazpi urte irakaskuntza lanerako baliagarri den gidaren egitasmoa martxan jarri zutenetik, eta ordutik hona hiru gida zituen "Hik hasi"k kaleratuak. Aurreko horiexek izan dituzte oinarri azken gida hau egiterakoan ere, nahiz eta oraingoa osatu eta gaurkotu duten.Euskal Herriko historia eta artea, zientzia eta ingurumena, natur kirolak, irakaskuntzako erakundeak eta abarren berri aurki daitezke bertan.
Arnasa galduaren ondarea
Pello Otxoteko
Elkar
111 orrialde
11 euro
Filosofia bidea aurkitu duen poetaren lana
Oraindik galdua izan gabe, arima erresumindua duten guztiei eskaintzen die Pello Otxotekok Elkar argitaletxearekin plazaratutako bere hirugarren poesia bilduma, "Arnasa galduaren ondarea" izenburutzat duen hauxe. Filosofia bidea aurkitu duen poeta dugu Pello Otxoteko, Felipe Juaristik poema liburu honen hitzaurrean dioenaren arabera. Eta poeta den oro legez, denborarekin eta heriotzarekin dago kezkatua, aspaldiko filosofo hark esan zuen moduan iragana jada ez delako, oraina desagertzear dagoelako, geroa oraindik ez delako, eta iristen denean ere ez delako izango. Bat egiten du ikuspegi horrekin Juan Ramon Mankusok ere liburuari amaiera ematen dion lanean. Bertan Pello Otxoteko "ustekabeko filosofoa" dela dio, jakinduria maite duen poesia delako berea; ezjakintasuna abiapuntu duelarik, galderak, zalantzak azaltzen dituena. "Arnasa galduaren ondarea" liburuan Pello Otxotekok bildu dituen poesietan gizakia agertzen da, erabat biluzik, munduko osotasunaren aurrean. Eta inongo aurreiritzirik gabe egiten ditu poetak bere hausnarketak, jakinduria jainkosa bizitzarekin uztartuz.
Pilar Iparragirre
Zein desberdintasun dago zure azken lan honen eta aurrekoen artean?
Lehenengoa, «Haraindiko begiradaren bila», ibilbide baten hasiera bezala zen, eta «Itzalaren ñabarduretan», galderen azalpen bat, lehenengoko poema gehienak modu argian edo zeharkakoan egindako galderak baino ez ziren. Azken honetan berriz, gehiegi aurreratu ez badut ere -galderak ere azaltzen baitira-, ahal nuen neurrian gizakiaren izatearen ertz edo labarretara iristen ahalegindu naiz, konturatu naizelako gure kondizioaren absurdoaz eta kontraesanaz. Eta hortik doaz irakurleari etorriko zaizkion pentsamenduak eta galderak.
Jauzi bat eman duzula esan nahi duzu?
Beno, «Arnasa galduaren ondarea»n giroa aldatzen saiatu naiz, aurreko poemak nahiko hotzak edo zerebralak zirela esan zidatelako batzuek; edo filosofikoegia zela aurreko poemen filosofia. Eta azken honetan ahalbait hurbilagoa-edo, ahal den neurrian beroagoa izaten ahalegindu naiz.
Zertan islatzen da aipatu duzun aldaketa?
Nire ustez liburu honetan poesia gehiago dago. Hiru ataletan banatu dut, eta batean irakurlearen kontzientzia astin dezaketen zenbait poema beharbada gordin-edo azaltzen ditut. Hori zen behintzat nire asmoa, ez dakit lortu dudan. Izan ere, nire ustez poesiak berealdiko garrantzia hartu du gaur egun. Baina horrek eramaten gaitu absurdoaren presentziara, gaur egun hain nabaria den presentzia horretara, eta artea da absurdo horri gutxienez erresistentzia egiteko moduetako bat. Poesia, musika edo pentsamenduaren lanketa: egiaren bilaketa.
Garbiñe Ubeda / Joxerra Aizpurua
Dorre Bikien infernua ez da amaitu
2001eko irailaren 11n Dorre Bikiak bota zituztenean, milaka pertsona hil ziren. Haientzat orduan bukatu ziren komeriak, bertan laguntzen edota lanean aritu zirenentzat, ordea, ondorio txarrak ez dira oraindik amaitu.
Dorreak erortzearekin batera suteak piztu ziren eta, material erregarri asko zegoenez, lau bat hilabete iraun zuten aipatu suteek. Orain jakin denez, maskarak ipini izanda ere, bertan laguntzen aritu zen jendeak hauts, ke, material kutsagarri eta kaltegarri asko irentsi zuen eta gaixo potentzial bilakatu dira gehienak.
Egindako saiakeretan ikusi den moduan, tenperatura izugarri altuen eraginez, hondakinetan porlana, metalak eta material organikoak nahastu ziren eta errekuntza horretatik igorritako gasen artean, detekta ezinezko metalekin nahastutako kloro kantitate handiak aireratu ziren.
Hilabete horietan lanean aritu ziren pertsonek arnastu zituzten hondakinak lau multzotan banatu dira: biriketako kimikan eragina duten trantsizio metalak, biriketako zelulei eragiten dieten azidoak (sulfurikoaren gisakoak), odolaren bidez biriketatik bihotzeraino garraia daitezkeen kristal mikroskopiko disolbaezinak eta azkenik minbizia sor dezaketen materia organikoak (tenperatura handi horietan sortuak).
Oraindik goiz da benetako eragina neurtzeko, baina datozen hamarkadetan pertsona askok eta askok osasun arazo larriak izango dituzte.
Itsasoko landareen artean gorria nagusi
Sateliteetatik ateratako argazkiek halaxe erakusten dute. Lehorreko landareen artean berdea nagusitzen den gisan, itsasokoetan gorria da nagusi. Ikerlari asko ibili da korapilo hau askatu nahian, baina galderak hor dirau.
Orain 250 milioi urte itsasoko zein lehorreko landareen kolore nagusia berdea zen, baina gertatutako kataklismoren bat dela medio, itsasoko landareen espezieetatik %80 desagertu egin zen eta oxigeno gutxi behar izan zuten landareek besterik ez dute iraun. Geroztik, oxigeno gutxi edo asko behar izan, kolore gorriko landareak gailendu dira ozeanoetan.
Zientzialariek ez dakite oraindik zerk aztoratu zuen ozeanoen kimika, sumendien erupzioak, meteoritoak edota leherketa bortitzak izan ote ziren aldaketaren eragile. Nolanahi ere, gertakari hark bizitza aldatu zuen eta dinosauroen nagusitzea ahalbidetu zuen.
Erle itxurako espioiak
Gauza jakina da, erleek elkarrekin komunikatzeko sistema bereziak dituztela. Komunikatzeko moduen artean ezagunena, erleen dantza dugu, zeinaren bidez, erleak eztia egiteko lorerik gozoenak non dauden adierazten dien bere erlategiko gainerako kideei. Hain zuzen, gorputza batera eta bestera mugituz, erlategitik lorategiraino dagoen distantzia eta hartu beharreko norabidea erakusteko gai dira.
Beste sistemarik ere badute leku baten berri emateko, esate baterako, usain arrasto bidezkoa. Hain justu, sistema honi eboluzioaren zantzuak ikusi dizkiete ikerlariek. Usain arrasto hori jarraitua zela uste zen orain dela gutxi arte, eta modu horretan konpetentziari bidea errazegi uzten zitzaiola. Hau da, usain arrastoari esker, taldekoak ez diren erleek ere berdin aurki zezaketela lorategirainoko bidea. Orain ikusi denez, erle batzuek arrasto tartekatua besterik ez dute uzten erlategitik lorategirainoko tartean. Modu honetan, talde berekoak ez diren kideek arrastoa aurkitzen badute ere, zail egiten zaie helmuga aurkitzea.
Aipagarri zinez, arrasto intermitente bidezko komunikazio sistema honekin batera aurkitu den elementua: espioitza lanetara jarritako erleak ere badirela.
Mikel Asurmendi
Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Juanjo Olasagarre eta Kirmen Uribe poetek UEUko ikastaro haietan parte hartu zuten. Idazle hauek mahai-inguruan bildu ditugu eta "XXI. menderako poesiaren bila" abiatu gara, edo tira, asmo hori hartu dugu aitzakiatzat poesiaz solastatzeko. Adornoren aipu historikoa abiapuntu gisa hartu dugu nolanahi ere. Solasaldiak eman duenaren parte bat paratu dugu jarraian.
guztia irakurri