Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-10-05 -- 1914.zenb

Xabier Letona

Ez dira gehiegi izan Herrerako gertakizunak argitzea eskatu dutenak, Aralar horien artean dago. Ilunguneren bat ikusten al duzue?
Hilketa bat dagoenean dena argitu behar da. Badira argitu gabeko gauzak eta beste batzuk kontraesanean, esate baterako zein izan zen hildakoa eta bere lagunaren jarduera hasieratik? Eta Ertzaintzarena? Ezin da, Balza bezala, horrenbeste denbora azalpenik eman gabe egon; are gutxiago egin daiteke, berak egin zuen bezala, adierazpenak baliatu eta elkarrizketaren aurka egin eta polizi aterabidearen alde. Halakoetan beti eskatuko dugu dena argitzea, atxiloketekin egiten dugun bezala, Amnesty Internationalek eskatzen duena betetzea besterik ez, atxilotua hasieratik filmatu behar dela eta gero filmaketa epailearen esku utzi. Torturarik badagoen ala ez ondorengo gauza da, baina filmaketa horiek egiten ez diren bitartean ez da torturarekin bukatu nahi. Agintean daudenen aldetik hori da lehenbiziko erantzukizuna.

Datorren larunbateko Konferentziaren helburuetako bat ezker abertzalearen batasun bideak jorratzea da. Gaur egun, Batasunarekin zaila dirudi hori, beste batzuekin errazago.
Ezker abertzalea esparru politiko bat eta anitza dela errepikatu dugu beti. Baina luzarora, ezker abertzale horrek bat izateko aukera erakutsi behar du. Noiz? Borroka armatuaren auzia konpontzen denean, eta batez ere ondo konpontzen bada. Horregatik batzuk ibiltzen dira konponketa hori gaizki egin dadin ahaleginean. Euskal Herritarrok saioan gertatu zen bezala izan beharko luke, baina gehiago, hura hastapen bat izan zen eta. Eskuin abertzalea dagoen bezala, ezker abertzalea ere egon behar da Euskal Herrian.

Sozialdemokrazia deitu izan diren jarreretatik leninista deitu direnenera arte, adibidez?
Ez dakit gaur egun sozialdemokratak deitzen diren; eta leninistarik ere, salbuespenen bat ezik, ez dakit gelditzen den. Ezkerreko erreferentziak nortasun agiri asko ditu, globalizazioaren inguruan aritzen direnetatik hasi eta ingurugiroaren defentsa egiten duteneraino, adibidez. Esparru zabala izan behar du. Ezker abertzalean beti izan da "gutxi eta gogorrak" izatearen tentazioa eta gaur egun ere horrekin jarraitu nahi duenak bere bakardadean gelditu beharko du, baina ezker abertzalea zabala eta anitza izango da. Dena den, munduko ezkerrak krisi ideologikoa bizi du eta hori guri ere ez zaigu arrotza.

Gaur egun zerk oztopatzen du halakorik eraikitzen joatea?
Borroka armatuari buruz eta su-etenaren hausturaz egiten ditugun balorazio desberdinak. Erakundeetan parte hartzeaz, politikagintzaz, gizarteko aniztasunaz, bakegintzaz, herrigintzaz eta beste lehentasun politiko batzuei buruz egiten ditugun azterketa desberdinak. Esate batera, HBk duela lau urte hauteskunde orokorretara ez joateko erabakia hartu zuen, ez dakit orain Batasunak zer dioen, baina Bateginezek hori zioen. Dena den, orain Batasuna egiten ari dena ez da Bateginezek zioena, besteak beste Batasuna Gasteizko Legebiltzarrean parte hartzen ari delako eta Bateginezek ez zuen hori esaten.

Baionako foroa da aspaldi bildu ez dena. Baztertua al dago ekimen hori?
Orain dela 15 egun egin ditugu bilkura bilateralak ABrekin eta EArekin, eta Zutikekin ere izan ditugu harremanak. Bi agiri egin genituen foro horretan, bata bakegintzaz eta bestea burujabetzaz, baina berriz abian jarri behar da edo izozgailuan sartu. Laster izango dira berriak ekimen horri buruz.

Aralarren ustez zer da ekimenarekin egin behar dena?
Hau abiarazteko zilegitasunik handiena ABk du gure ustez, eta hala aitortu diegu. Beraiek ere onartu dute hori eta EA ere ez zen aurka azaldu.

Abian dagoen beste ekimen bat Nazio Eztabaida Gunearena da. Uztailean gune honi buruzko iritzi artikulua idatzi zenuen eta ezkortasun kutsua zuen. Zergatik?
Eztabaida guneak eztabaidarako gune izan behar du, elkarrizketa politikoaren agerpen bat. Denok ez dugu berdin ikusten gunearen garapena, badira gorabeherak eta, beraz, nahiago dut une honetan gehiago ez esatea.

Indar politiko eta sozialen artean itun berri bat behar dela aipatu izan duzu. Zeintzuk dira itun horren oinarriak?
Aralarrek esan izan du, eta hori izan zen Herria 2000 Elizak egindako foroan nik egindako ekarpena, bakegintza eta herrigintzaren garapena bi prozesu desberdinetan egin behar dela, eta bestela ez dela aurreratuko ez batean ez bestean. Bakegintzaren prozesu horrek nahitaez bukatu behar du indar politiko guztien onarpena eginez eta autodeterminazioaren atariraino helduz. Gainerako urrats guztiak eman ahal izatea, indar politikoen borrokaren zeregina da. Hori da 2001eko gure proposamenean agertzen dena.
Irudi mailan Medemen dokumentalak bilatu nahi izan zuena, baina lortu ez zuena. Horrexegatik filmaren inguruko eztabaida azalean geratu da, ea oreka ote duen eta halakoetan. Herrigintza edo nazio eraikuntzaren bideak, aldiz, ez du nahitaez horren zabala izan behar, batzuk eta besteak lehian aritu baigaitezke independentziaraino edo noraino joan behar den zehazterakoan. Ibarretxeren planean ere hori faltan ikusten dugu, bakegintzaren prozesuari ez diola behar besteko ezagutza, nortasuna eta mailarik ematen.

Ibarretxeren plana indarra galtzen ari dela aipatu izan duzu. Aurrera begira ere ahultze hori iragartzen al diozu?
Orain arte emandakoak baino urrats bizkorragoak ematen ez baditu bai. Ibarretxeren planak duela urtebete baino erakarpen maila txikiagoa du. Aski da hirukoaren baitan gertatzen dena ikustea: Imazek dio Jaurlaritza osoaren plana dela, EAk honekiko zintzo jokatuko duela baina berea ere gordetzen duela. Eta berdin Ezker Batuak (EB). Zergatik? Zahartzen ari delako. Gure konferentziaren testuan argi diogu, Ibarretxek eta hirukoak zilegitasun osoa dutela hori defendatzeko. Hori da onartu beharreko lehenengo gauza, zeren eta Madrilgo alderdiek ez dute zilegitasun hori onartzen eta, beraz, edukietara sartu ere ez dira egiten.

Oso orokorrean bada ere, sar zaitez zu edukietan.
Ezin da azken lerrorako utzi aipamentxo bat esanez herri kontsulta indarkeria ezaren testuinguru batean egingo dela; indarkeriarik eza lortu egin behar da, orain arte egin den bezala, eta hori bakarrik prozesu politiko-zibil baten ondorioz etorriko da, edo ez da etorriko. Horrez gain, aitzaki edo ihesbidea ere bilaka daiteke: noren esku uzten du asmo hori Ibarretxek?
Planteamenduan ere akats handia dago. Gu independentistak gara baina autonomia oso serio hartzen dugu, eta ez dugu uste autonomiaren ikurra PP eta PSOEri utzi behar zaienik. Halaber, ez dugu uste egin behar denik azken boladan ezker abertzale ofizialak -hala deitzen ditugu guk, eta ez zaie gaizki iruditzen, ez da despektiboa- egin izan duen bezala, autonomia mespretxatu. Ikusmolde hori arrotza da ezker abertzalearen tradizioan.

Datozen Espainiako hauteskunde orokorretarako Nafarroan EAJ, EA eta Batzarrerekin koalizioa proposatu duzue diputatu bat lortze aldera. EAJko NBBk baiezkoa eman du, eta besteek?
EAkoei ere ez zaie gaizki iruditzen nahiz eta ahaleginak egin beharko ditugun. Nafarroan aspaldiko gogoa da hori eta ni neu ere ibili izan naiz ahalegin horretan; orain arte ez da atera, baina oraingoan aterako da.

Egungo emaitza politikoak asko aldatu ezean, zenbat boto behar dira Nafarroan diputatua lortzeko?
40.000 bat. EAJk, EAk eta guk 48.000 inguru ditugu; Batzarrerekin 56.000. Baina EAEn ere Aralarreko indarrak erabakiorrak bihurtu nahi ditugu.

Zuk behintzat EArekiko koalizio nahia adierazi duzu prentsan.
Guk argi dugu hor ere indarrak bildu behar direla eta emendakinak norabide horretan doaz. Hauteskunde orokorretan boto abertzale asko etxean geratzen da eta hori saihestu behar dugu. Hauteskunde orokorrak ere hemengoak dira, nahiz eta Madrilerako izan hemen egiten dira.

EAk Gipuzkoan ba du bere ordezkaritza. Zer interes izan dezake zuekin joateko?
EAJ beti bakarrik joan da orain arte. Hauteskunde orokorretan, dena den, Araban PP eta PSOEren aurren galdu egin zuen. Azken udal hauteskundeetan, aldiz, EArekin joanda PPri alde ederra atera dio eta PSOE oso atzean utzi du. EAJ EArekin joateko ahaleginetan ari da eta biak batera joaten badira, gu geratuko gara ezker abertzaleko ikur bezala. Eta EAJ bakarrik badoa, ikusiko dugu EArekin noraino iritsi gaitezkeen, edo baita Ezker Batuarekin ere.

Eta zuk ezker ofizial deitzen duzun horrekiko harremanak zertan dira? Debekatutako plataformen parte hartze instituzionala bultzatuko zenutela esan zenuten. Zer ari da gertatzen zuek kudeatzen dituzuen udalerrietan?
Lehen Leitza eta Altsasun genuen alkatetza eta orain Luzaiden ere bai, azken honetan gu bakarrik aurkeztu gara eta. Elkarlanean sakontzen ari gara, AuBko ordezkariek parte hartzen dute udal bileratan, eta botoa eman ezin badute ere, beren jarrerak aintzat hartzen dira. Ezberdintasunak ere baditugu eta horiek ere azaltzen dira. Beste toki batzuetan gurekin ere berdin egitea eskatzen diegu gainerako indarrei.

Datozen bi urteetan Hegoaldean hiru hauteskunde izango dira normalean: Espainiako orokorrak, europarrak eta EAEko autonomikoak. Lurraldetasunari begira, Araba eta Bizkaian duzue erronka nagusiena.
Araba eta Bizkaian udal hauteskundeetan botuen %3ra iritsi ginen, baina inkestek dagoeneko %6 ematen digute eta horrek esan nahi du emaitza horrekin ordezkaritza izango genukeela. Hauteskunde autonomikoak dira Aralarrek duen erronka handiena eta hor ongi ateratzen bagara, Aralarren ildoa denboran zehar tinkotu eta bizkortu eginen da. Gure arteko kohesio maila handitzen ari da, besteak beste Aralarrera jendea toki desberdinetatik hurbildu delako eta ezker abertzaletik etorritakook ere kokapen bide horretan ez ditugulako urrats berdinak eman. Baina pixkanaka gertatzen ari da eta EAErako ere bertako jendea eta bertako ikuspegia lantzen ari gara.


Hasier Etxeberriak «Gara»n: «Patri maite-maitea, besteren batek ere irakurtzen ditu gure arteko gutun hauek eta ez zaizkio batere gustatzen, antza. Borrokalarien aurkako iritzia sortzen omen dut gutun hauen bidez. Kritikatu ez ezik, iraindu egiten omen dut ezker abertzalea, eta æesku beltzarenÆ begiradapean jartzen. Label demokratikoa lortu nahi omen dut horrela idatziz, egitura autonomikoan aurrera egiteko. Euren iritzian, ez omen dizut torturaz eta abarrez aski hitz egiten. Hizkera poliziala erabiltzen omen dut, poliziaren iturriak ontzat emanez. Trufatu egiten omen naiz, zure antzera, ihesian eta ezkutuan bizi diren hainbat eta hainbat militantez...

'Zutabe'n idatzi dituztenak paperaren gainean era horretan jartzeko, oso gaizki idazten dudala ondorioztatu dut. Leporatzen dizkidaten gauzetatik, bat bera ere ez baitut asmo edo xede izan sekula. Kontua da, kaltea eginda dagoela eta, nahita ere, ezin dela orain konpondu. (...)

Galduta nago. Orekarik batere gabeko dilindan. Hurrengo pausoa nola egoki bihurtu erabaki ezinik. Egia esanda, diotsudan hau guztia idazteak ere ez dakit ekarriko ote digun mesederik. Halaxe bizi gara gaur eta hemen Patri maitea».

Datorren larunbatean Baionan egingo den manifestazioarekin emango dio amaiera Batasunak autodeterminazioari buruz bultzatu duen kanpaina. Eskubide honen azalpenarekin Batasunak argi utzi nahi izan du eskubide hau zer den eta zer ez den, oso modu interesatuan bideratu nahi baita eskubide hau proiektu politikoa dela eta ez eskubide.. Bere ustez, eskubide honek bermatzen du proiektu guztiak berdintasunean aritu ahal izatea. Bilkurak izaera nazionala du eta Laugatik aterako da arratsaldeko 5etan.


Artozki, urtegiaren aurkako erresistentziaren ikur.

Bi aste iragan dira jada Itoizko Solidarioak Artozkira heldu zirenetik eta pentsatzekoa da Nafarroako Gobernua pentsatzen ari dela jada taldea herritik nola kanporatu. Herriak bizirik jarraitzen duela erakusteko ekimen ugari bideratu dute Solidarioek eta Artozki Artezki bilakatuz artista eta herritar ugarik parte hartu du herriaren defentsa sinbolikoan, jakinik sinbolismotik haratago nekez joan daitekeela jadanik urtegiaren urak ate joka direnean.


Euskal presoek astebeteko itxialdiari ekin diote.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa itxialdian da aste honetan zehar eta astebururako komunikazio greba egingo du, senide eta lagunen bisitei uko eginez. Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoera salatu nahi du Kolektiboak eta protesta honen bidez jarri zaien isolamendu politikoa gainditu nahi du. Etxeratek, halaber, jakinarazi du Frantzia eta Espainian zehar egiten dituzten kilometroak Euskal Herrian egingo dituztela, eta Lasarte-Orian bilduko direla. Bide batez, joan den otsailean Juankar Balerdi presoa bisitatzera ziohaztenean auto istripuz hil ziren Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi, presoaren ama eta anaia, omenduko dituzte. Bestalde, Eugenio Irastorza eta Iñaki Jaio preso ohiek -espetxean 19 eta 23 urte pasatu dituzte hurrenez hurren- omenaldiak izan zituzten Elgoibarren eta Ordizian. Lehen unean biak zapuztu zituen ertzaintzak eta gero toki itxietan jarraitu zuten omenaldiek.


Antton Ormazak prest ditu bere memoriak.

Antton Ormaza EAJko 1979ko zatiketaren protagonista izan zenak prest ei ditu jada bere memoriak eta, æIzaronewsÆen arabera, bere gertukoen artean hamar kopia banatu ditu. Edozelan ere, bera hil arte ez ei du memoriok argitaratzeko baimenik eman. Gaur egun Ormazak 80 urte ditu eta garai batean EAJko Bizkai Buru Batzarreko lehendakaria izan zen. Aipatu Interneteko buletinaren arabera, banaketa eman zenean Ormazaren jarraitzaileetako batzuk gero EAra jo zuten hau sortu zenean eta beste batzuk HBra.


III. Soziolinguistikako Inkesta

Gora egin du euskarazko hiztunen kopuruak Euskal Herrian eta behera erabilerak, Eusko Jaurlaritzak egindako III. Soziolinguistikako Inkestaren arabera. Batez ere EAEn egin du gora, Nafarroan bere horretan darrai eta Iparraldean beheranzko joera nabari da. Aipatzekoa da hiztunen kopurua euskaldun berriei esker handitu dela dezente eta etorkizunerako erronka horiek euskaraz hitz egin dezaten lortzea dela. ARGIArekin batera jaso duzuen gehigarrian aurkituko dituzue Inkestari buruzko datu gehiago.




Etorkizunari begira

Tokiko hedabideek bide oparoa egin dute azken urteetan. «Arrasate Press» jaio zen, hain zuzen, duela hamabost urte eta ordutik hedabide ugari sortu dira herri informazioa lantzeko. Horietako asko euskara elkarteen magalean eta euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko asmo irmoz. Orain arte egindakoaz eta etorkizunaz hausnartzeko, «Tokiko hedabideak etorkizunari begira» jardunaldiak antolatu ditu Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak azaroaren 28 eta 29rako. Besteak beste, Europan hizkuntza gutxituetan diharduten toki hedabideen ereduak eta Euskal Herriko informazio enpresen garrantzia izango dituzte aztergai.




10 urtez Tinko

Euskarazko filmak ikusteko aukera ezari aurre egiteko sortu zen Tinko euskara elkartea duela 10 urte. Ez da erronka makala izan eta kostata bada ere, bide oparoa egin du elkarteak. Atzerriko filmen euskarazko bikoizketak egiten ditu, haurrei zuzendutakoak batez ere. Guztira, 43 filmen eskubideak erosi ditu Tinkok hamarkada honetan eta ikastetxe nahiz zinema areto komertzialetan eskaini ditu, zineman euskara normalizatzeko lan sendoa eginez.




UPN salatu du berriro Europak

UPN-ren hizkuntza politika salatu du berriz ere Europako Hizkuntza Gutxituen Bulegoak ( EBLUL). Oraingoan Iruñeko Udalari hartutako norabidea berrikusteko eta Eskualdeen zein Gutxiengoen Hizkuntzei buruzko Europako Agirian zehaztutako eredura egokitzeko egin dio dei eta Udalak onartutako ordenantzen aldaketak gaitzetsi ditu. Otsailean Europako Batzordeko hiru aditu Nafarroara etorriko dira, Hizkuntza Gutxituen Agiriaren segimendua egiteko. Agiri hori iaz sinatu zuen Espainiak eta urtebeteko epean hizkuntza gutxituen egoerari buruzko txostena aurkeztu beharra du Estrasburgon.




Ezusteko handirik ez eta jarrerak berdintsu

Ez da ezustekorik izan Juan Jose Ibarretxe lehendakariak aurkeztu duen planean, eta aktore politiko bakoitzak aurreikusitako erantzuna eman dio. Estatalistak euren tokian izan dira, erabateko arbuiatzea erakutsi dute popular eta sozialistek, azken hauek, lehenak ez bezala, Estatutuaren garapen proposamenarekin etxeko lanak eginda agertu badira ere. Hiruko gobernuko kideek planaren oinarriak sostengatu dituzte, baina argi dago bakoitzak bere ildoari eutsi nahi diola, bereziki Ezker Batuak eta gainera planarekiko distantzia agertzeko. Sozialista Abertzaleek irtenbideen sintesia egitea eskatu du eta hau Euskal Herri osoan kontsulta dadila, honek gatazkarekin amaituko lukeelakoan; behatzaileen begietan ez da oharkabean pasatu ezker abertzaleak oraingoan planarekiko doinu bigunagoa erabili izana. Orain, urriaren 25ean testu artikulatua aurkeztuko da eta, aurrikuspenen arabera, 2004ko irailean Legebiltzarrak onartu beharko du eta 2005ean herritarrek erabaki beharko lukete.




Talde dimisioa irailaren 11ri begira

Hilaren 11n Baterak manifestazioa egingo du eta data hori gerturatu ahala giroa berotuz doa Iparraldean. Azken berotze unearen protagonistak Garapen Kontseiluko 13 kide izan dira, urriaren 30era arte aipatu egituraren zuzendaritza utziko baitute, honek 1992an hasitako prozesua geldirik dagoela salatuz. Oro har, Hautetsien Kontseilua lanerako gune egokia dela azpimarratzen dute, baina hemen erabakitako ildoak erakundeek ez dituztela kontuan hartzen salatu dute. Azken finean, Hautetsien Kontseiluko hautetsi abertzaleek gero eta garbiago dute Garapen Eskeman dauden oinarriak ezingo direla behar bezala garatzen hasi Ipar Euskal Herriak bere departamendu edo berezko instituzioa izan arte.

hemeroteka

1913. zenbakia | 2003-09-28
1912. zenbakia | 2003-09-21

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan