Erromintxela, euskal ijitoen hizkera


2003ko irailaren 28an

Egaxuek edo payoek ez ulertzeko moduko hizkera, erromintxela, sortu zuten ijito euskaldunek Euskal Herrira iritsi zirenean. Duela bost bat mende izan zen hori. Historialariek diotenez, ijito edo zingaroek XI. mendean utzi zuten beren herrialdea, gaur egungo India ingurua, eta mendebalderantz jo zuten.

Motxaile, kito, zito, kitano, xito... euskaraz modu askotara deitu izan zaie ijitoei. Frantsesez ere gitan esaten zaie, gaztelaniaz gitano, ingelesez gipsy... Dirudienez, Egipto Txikitik (garai hartan Asia Txikiko eta Greziako eskualde sorta bat) edo Egiptotik zetozelako deitzen zitzaien horrela. Euskal Herrian, ordea, buhame izenez ere deitzen zaie, beharbada, hona iritsi ziren lehenengo ijitoak Bohemia aldetik etorri zirelako.

Izan ere, beren exodo luzean, ijito batzuek hego mendebaldera jo zuten, eta Afrika iparralderako bidea hartuz Espainia hegoaldetik barrena sartu ziren Europan; ijito kaloak deitzen zaie horiei. Beltzaranak dira kalu (beltza) hitzak dioen bezala. Beste batzuek, berriz, iparraldera jo zuten eta Turkia zeharkatuz, Hungaria eta Bohemia aldera heldu ziren. Aurrera jarraitu zutenak Frantziara, Kataluniara eta Euskal Herrira iritsi ziren 1425-1450 urteen artean. Horiek, Europa iparraldetik zetozenez, azal zuriagoa eta begi eta ile argiagoak zituzten. Eta, hain zuzen, adar horretatik datoz erromintxelak, ijito euskaldunak.

Iparraldetik sartu eta Euskal Herri osora zabaldu ziren erromintxelak. Gaur egun, Lapurdiko kostan eta Zuberoako mendi inguruetan, Nafarroan, Gipuzkoan eta Bizkaian bizirik diraute. Ezagunak dira Hernaniko Manuel Etxeberria zena, Ortzaizko Maria Pipa eta beste zenbait. Hizkera oso berezia dute eta hizkuntzalari nahiz historialari ugariren jakinmina piztu du urteetan. Erromintxela aipatzen den lehenengo ikerketa 1855ean, besteak beste, Cenac-Moncautek hasi zuena da. Hark erromintxela, bereziki, Euskal Herrian kokatzen zuen. Iparraldea erromintxel familia askoren bizitoki bihurtu zen, eta, gerora, Iparraldeko autoreen eskutik jaso dira haiei buruzko lehenengo aipamenak, hitz-zerrendak, ezaugarriak eta abar. Berraondo eta Oyarbide izan ziren erromintxela aztertzen hasi ziren lehenengo euskaldunak, 1921ean. Beranduago Hegoaldeko hizkuntzalariek ere egin dituzte ikerketak.

Horiez gain, euskarazko hainbat hiztegi eta liburutan agertu dira erromintxelezko hitzak; besteak beste, Resurreccion Maria de Azkueren «Diccionario Vasco-Español-Frances» (Bilbo, 1905) delakoan, Federico Krutwigek «Revista Internacional de Estudios Vascos» aldizkarian, 1986an, Los gitanos vascos artikuluan, Jon Miranderen «Poemak 1950-1966» lanean (Kama-goli erromintxelerazko poema, gero Mikel Markezek bere Kantu Erotikoak diskoan musikatua), Koldo Izagirreren «Metxa esaten dioten Agirretar baten ibili herrenak» eta «Agirre Zaharraren Kartzelaldi berriak»...

Baina orain arte erromintxelaz egin den ikerketarik sakonena duela 6-7 urte egin zen Josune Muñoz filologo bilbotarraren eskutik. Familian ijitoak ditu Muñozek eta proposamena ijitoen elkarte batek egin zion, Kalé Dor Kayiko-k, hain zuzen. Elkarte hori aspaldi dabil irakaskuntza munduan, batez ere, ijitoak dauden ikastetxeetan, eta ijitoen kulturari buruzko ikerketa bat egin zedin nahi zuten. Euskaltzaindiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntza izan zuten; ikerketa gauzatu ahal izateko diru-laguntza linguistikaren alorretik jaso zuten.

Ikerketa hura ijito euskaldunei buruzko lan sakon baten zati bat izan zen. Berez, ikerketa soziologiko historiko eta linguistikoa izan behar zuenaren zati bat besterik ez da egin orain arte, alegia, linguistikari dagokiona. Josune Muñozek adierazi digunez, "interes handia sortu duen ikerketa izan da, baina, bitxia den arren, ez du inolako jarraipenik izan".

Erromintxelezko hitzak eta esaldiak lortzea eta egiaztatzea izan zen Muñozen lana. Ordura arte dozena bat esaldi baino ez ziren existitzen. "Orain arte erromintxela ez da behar bezala ikertu. Gainera, ijitoengana jotzerakoan informazioa jaso nahi zuenaren aldetik arrazismorako joera handia eta aurreiritzi asko egon dira. Hori dela eta, jaso diren hitz asko lapurreten ingurukoak-eta izan dira", azaldu digu. Horren adierazgarri dira euskarazko lehenengo hiztegiak; haietan agertzen dira hitz erromintxelak, baina xorkatu (lapurtu), txuri (labana), txor (lapur) eta gisa horretakoak dira gehienak. Bestelako hitzak ez dira inoiz kontuan hartu eta jaso. Gaur egungo hiztegietan, berriz, erromintxelezko hitzik ez da agertu ere egiten.

Euskarazko gramatika eta morfologia

Josune Muñozen ikerketak erromintxelaren ezaugarriak eta historia ezagutzeko aukera eman du. Belaunaldi desberdinetako erromintxelekin hitz eginez, uste asko argitu ahal izan ditu. Hizkuntzari dagokionez, hitz egiten duten dialektoa edo hizkera ez dela kaloa frogatu ahal izan du. Romanologoen artean erromintxela pagodolekto edo broken spoke bat da, hau da, romaní hizkuntzaren dialekto baten eta bertako hizkuntzaren artean sortzean den hizkera nahastua. Baina hizkera bat dela esan liteke, hau da hizkuntza bat hitz egiteko era bat. Muñozen hitzetan, nahiz eta erabat frogatu gabe dagoen, erromintxelek romaníaren kalderash dialektoa ekarri zuten, eta erromintxela kalderashen eta euskararen batasunetik sortu da, ez da kalotik eratorritakoa nahiz eta gaur egun kalozko eta euskarazko hitz batzuk ere erabiltzen dituzten. Morfologia eta gramatika euskararenak ditu. Aditzak ere euskararenak dira, eta tokian tokiko euskalkien ezaugarriekin erabiltzen dituzte; bizkaitarrek bizkaierazkoak, lapurtarrek lapurterazkoak... Lexikoa, ordea, erabat erromintxela da, horregatik euskaldunei ulergaitza egiten zaigu hizkera hau. Gainera, oso bizkor hitz egiten da, izan ere, bere garaian horixe zen erromintxelaren helburua, egaxuek, euskaldunek, ulertuko ez zuten hizkera izatea.

Baina euskaldunek ez ezik, ijito kaloek ere ez dute ulertzen erromintxela. Muñozek esan digunez, behin, kalologoekin elkartu zen Valentzian eta txundituta utzi zituen. "Ez zuten hizkera ulertzen eta hasieran uste zuten euskara zela, baina erromintxela zen; kaloarekin ez zuen zerikusirik. Gainera, haiek asko jota ehun bat hitz jaso dituzte, baina erromintxelarenak bostehun bat lortu ditugu guk. Hizkera oso portzentaia handian gorde da; laurogei urteko erromintxelek inolako arazorik gabe hitz egin dezakete erromintxelez erabat, beraiek bezain beste dakien beste batekin". Hori kaloarekin, gaur egun, ezinezkoa dela argitu digu.

Desagertzear dagoen hizkera

Oso lexiko aberatsa du erromintxelak eta urteetan edozein hitz erromintxelez esateko gai izan dira. Gaur egun, ordea, gaitasun hori belaunaldi zaharrenek baino ez dute gordetzen; laurogei urtetik beherakoek kaloarekin eta euskararekin nahastuta hitz egiten dute, eta belaunaldi gazteagoek hizkera ulertzen duten arren, ez dute hitz egiten.

Duela 6-7 bat urte bostehun bat erromintxela bizi ziren Euskal Herri osoan. Belaunaldi zaharrenak badakite hitz egiten eta arazorik gabe komunikatzen dira erromintxelaz, baina Muñozek azaldu digunez, hurrengo belaunaldiak ez du erabiltzen. "Ulertzen du eta gai da erromintxelez hitz egin eta euskaraz edo gaztelaniaz erantzuteko, baina horiek gordetzen duten hiztegia askoz ere nahastuago dago. Horren ondorengo belaunaldiak, hirugarrenak, oso gutxi ulertzen du; hitz solte batzuk bakarrik. Beraz, berreskuratu ezean, hor galduko da".

Muñozen ondorioen arabera, hizkera berezi hau berreskuratzeko Iparraldera jo behar da lehenbailehen, bertan hiru belaunaldi osok gordetzen baitute erromintxela oso-osorik.
Euskaldun peto-petoak

Etxeberria izango da Hegoaldeko ijito euskaldunen artean abizenik sonatuena. Hernanin bizi zen Manuel Etxeberria erromintxela eta Ortzaizen, berriz, Maria Pipa izenez ezagutzen zena.

Josune Muñozek, berriz, Bilboko San Frantzisko auzoan ezagutu zuen bere ikerketan lagundu zion erromintxelik zaharrena; 84 urteko gizona. Gaztetan mundu zabalean ibili zen eta alfabetatu gabea izan arren, euskaraz, gaztelaniaz, kaloeraz eta frantsesez hitz egiten zekien.

Hark esanda dakigu mundu guztiko ijitoek lehenengo ijito kontsideratzen dutela beren burua, baina erromintxelek ez, oso-oso euskaldunak dira; lehenengo euskaldunak, gero erromintxelak eta gero ijitoak direla zioen.

Bertsozale eta pilotazale amorratuak dira. Euskaldun peto-petoak. Bigarren belaunaldiko erromintxel batekin ere -Otxarkoan bizi da bera- egon zen Muñoz. Hark zertxobait irakurtzen bazekien eta irakurtzeko erosi zuen lehenengo gauza bertso-paperak izan zirela zioen, Zarautza joaten omen zen bertso-paperak erostera.

Dena dela, erromintxelak ere ijitoen artean daudenean, beste ezer baino lehen ijitoak dira. Baina beren artean badira bereizteko joerak; erromintxelek esaterako, hankagorri deitzen diete kaloei.

Hainbat esaldi erromintxelaz

Euskararen morfologia eta gramatika hartu zituen erromintxelak. Hitzak, ordea, romaní hizkuntzaren kalderash dialektoarenak dira, baina euskarazko eta kaloerazko hitzak ere tartekatzen dituzte. Josune Muñoz filologoak buruz gogoratzen dituen batzuk dira horren adibide:

Txipa nola dakazu? = Nola izena duzu?
Masak eta barkitxuak panguan daoz = ardiak eta arkumeak larrean daude
Nire kera zurearen palian dao, hemendik obetoao dikatuko duzu = Nire etxea zurearen ondoan dago, hemendik hobeto ikusiko duzu

Kama Goli

Jon Miranderen «Poemak 1950-1966» liburuan (Erein 1984, 98-99. or.) erromintxeleraz, edo berak dioen bezala, motzaileen hizkuntzan, ondoko poemak jaso zituen. Mikel Markezek Kantu Erotikoak diskoan musikatu zituen:


Hiretzat goli kherautzen dinat
erromeetako gazin mindroa
ene muirako mandro londoa
mol loloena ene khertsiman.


Hire dui ankhai baro, kaloek
pekhautzen nina kamatze-jakaz
phiria hautsiz erromenitzat
letu hindudan latziaz geroz.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude