Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-09-28 -- 1913.zenb

Jakoba Errekondo

Inorkinetarako irak mozteko bezala, erraboilen sasoia da iraila. Idi-bihotzak, nartzisoak, hiazintoak, Crocus generoko azafraiaren lehengusu eta bestengusuak eta udaberrian loratuko diren landareen erraboilak eskuratu eta landatzeko garai aproposena da. Garaian garaikoa garaiz landatuz gero neguaren zuriena etortzerako sustraiak ondo hedatuta eta iraupenerako ederki egokituta izango da erraboila. Neguaren amaian eguna luzatu eta giroa hotziltzen hasten denean erraboila hauen barrunbeetatik garatzen diren gara muturretako eztandak udaberriaren ortzadarra destolesten du. Koloreena bilakatu da batik bat eztanda, baina erraboila gutxi batzuek usain gozo sarkorren altxorra ere gorde dute geure pituitarioen zirraragarri. Hiazintoa kasu (Hyacinthus sp.).

Mito ederra eho zioten grekoek gizajoari: Apolo jainko ahalguztidunak ohaide hartua omen zuen Hiazinto atleta gaztea diskoboloarekin jolasean larri zauritu zen eta hark hilezkortasuna eman nahian honen odol ttanttak lore bihurtu zituen. Loreen hizkuntzan jolasa eta kirola adierazten ditu Hiazintoak eta bien etzalekuan jariatutakoen onenen usaina gorde du betirako, geure barrunbetako udaberriroko iraultzaile. Lurringintzan erruz erabilia da lore dotore hau.

Turkia eta Libano exotikoetatik datorren hiazintoaren erraboilaren barruan landare osoa dago ezkutatuta, hostoak, zortena eta lorea. Lurrean landatu ordez urez betetako ontzi batean juxtu honen gainean jarriz gero ikuskizun ederra izango duzu, sustraiak luzatzen, hostoak zabaltzen gara-zortena garatzen, loreak zabaltzen... eta usaina etxe osoan barreiatzen. Usain gozo sarkorra askok ez dute atsegin... etzalekukoa, bai da...

Jabier Agirre


Uda-partean jende asko ibiltzen da aztoratuta bere itxurarekin. Jakina, hondartzara joateko garaia denez, geure gorputza guztien agerian jarri beharra izaten dugu, eta horrek soberan ditugun kiloak galtzeko grina edo afana pizten du gure buruan. Eta noski, neguan eta udaberrian metatutako gantzak derrepentean bota nahian, eguneroko kaloria kopurua neurriz kanpo murriztea izan ohi da askori bururatzen zaien erremedioa.
Beno, ba jakin ezazue guztiek: Nafarroako Unibertsitatean Endokrinologia eta Metabolismoko espezialista den Javier Salvador adituak esan duenez, "udan hain ohizkoak diren 1.000 kaloriaz azpiko dietak trastorno garrantzitsuak ekar ditzakete kontrol mediko egokirik gabe egiten dituzten pertsonen metabolismoan". Adituen ustez, trastorno horiek areagotu egiten dira tenperaturak gora egin ahala gorputzean eragiten den deshidratazio-egoera dela medio. Bestalde, era horretako jan-neurriek gorputzaren masa gutxitzea dakarte (masa horren alderdi magroa, giharrea alegia, da gehien galtzen dena), eta horrek metabolismo energetikoa ere murrizten duenez, ondorioz pisua berriro irabaztea askoz ere errazago gertatzen da.
Kasurik gehienetan, kiloen beherakada likidoen galerari zor zaio, eta gantzik gabeko masa-galerari. Horien ondorioz, itxura batean, bolumena eta pisua galdu egiten da. Baina galera horiek ez dute luzaroan irauten, eta hori baino okerragoa dena, galerak ez dira sortzen benetan obesitatea eragin edo sortzen duen atalean, gantz-ehunean hain zuzen. Beraz, argi ibili, eta dieta hipokaloriko bat egin nahi izanez gero, betiere orekatua izan dadila, eta medikuak agindua.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan