Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-12 14:27:06
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-09-28 -- 1913.zenb

Izaskun Jauregi


Euskal marrazkilariak Eslovakian

Orain artean munduko 100 herrialdetako 5.000tik gora marrazkilarik hartu dute parte Bratislavako Ilustrazio Biurtekoan. Aurtengoa 19. ekitaldia da eta bertan dira ikusgai Iñaki Martiarena «Mattin»en eta Elena Odriozolaren marrazkiak. Biurtekoa haur eta gazte literaturaren arloan ilustraziogintzan munduan dagoen erakusketarik garranzitsuena da. Lehiaketaz gain, erakusketak, hitzaldiak, lantegiak eta topaketak egiten dira Biurtekoan. Guztira 311 marrazkilarik hartu dute parte eta orotara, 2.398 marrazki dira ikusgai. «Mattin»ek Mitxel Muruak idatzitako «Maripuzker» (Elkar) liburuko 18 marrazki ditu bertan. Eta Odriozolak «Marlene eta taxizapata» (Ediciones SM) eta «Eta txorimaloa mintzatu zen» (Aizkorri) liburuetako irudiak.


Trikitiaz gogoeta

Garai bateko trikitia eta honek dituen erronkak aztertuko dira Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatu dituen Trikitixaren I. Jardunaldietan. Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egingo dira irailaren 30ean hasi eta urriaren 3a arte. Bi hitzaldi eta bi mahai-inguru burutuko dira: Amagoia Ibanek eta Mikel Markezek emango dituzte hitzaldiak. Lehena trikitixaren historiaz eta argitarapenez mintzatuko da. Bigarrenak binilotik konpaktora egindako jauzia aztertuko du. Mahai-inguruei dagokienez, Jose Mari Iriondok «Trikitixaz, zenbait gogoeta» izenekoa gidatuko du eta Jabi Nabarrok «Gaur egungo erronkak, etorkizunari begira» izenekoa zuzenduko du.


Literatura lantzeko pistak

Irakurketarako giden bilduma izan nahi du Euskal Idazleen Elkartea laster plazaratzen hasiko den «Liburuen xarma» izenekoa. Bilduma horren lehenengo bi aleak urrian kaleratuko ditu EIEk. Lehena aurkezpen gisa prestatu dute; bigarrenak, aldiz, poesia lantzeko pistak ematen ditu. Izan ere, «Liburuen xarma»k irakasleei literatura erakutsi eta lantzeko argibideak ematea du xede.


Miarritzeko Cita

Amerikako Estatu Batuetako latinoamerikarrei eskaini die Miarritzeko 12. Citak, Hego Ameriketako zinema eta kultura jaialdiak, aurtengo edizioa. «Made in USA» atzerabegirakoan Hego Amerikak AEBetan ekoitzi den zineman duen eragina ikusi ahal izango da 13 filmetan. Hiru mintzaldi eta mahai-inguru bat ere antolatu dituzte non, besteak beste, etorkin izatetik herritar bilakatzera egiten den prozesua eta gaztelera eta ingelesaren arteko nahasketa aztertuko diren. Urteroko lehiaketari dagokionez, aurten dokumentalari eman zaio garrantzia. Izan ere 12tik 16ra igo dute eskainiko diren lanen kopurua sail horretan. Cita hilaren 29an hasi eta urriaren 5ean amaituko da.


Berriz kultura eta politika nahasten.

Oraingoan Julio Medemi eta bere «Euskal pilota, larrua harriaren kontra» dokumentalari egokitu zaio. Zuzendari donostiarrak euskal gatazka agertu nahi izan du dokumentalean 70 pertsona elkarrizketatuz. Horietako bik, Gotzone Mora Askatasunaren Aldeko Irakasleak plataformako bozeramaileak eta Ermuko Foruko sortzaile den Iñaki Ezkerrak dokumentaletik euren adierazpenak kentzeko eskatu zuten. Hauen ustez, «indarkeria terroristari koartada ideologikoa eskaintzen» baitzion. Ondoren, Maria San Gilek Odon Elorzari «filma eskaintzea egokia ote den» aztertzeko eskatu zion. Albiste hau idazterakoan estreinatu gabe zegoen filma. Hala ere, Zinemaldiko zuzendari Mikel Olaziregik ez zutela egitarautik kenduko esan zuen. Medemek bazekien dokumentala polemikoa izango zela. Baina muga guztiak gainditu ditu: Zinemaldia hasterako kultura orrialdeak bete ditu polemika politikoak. Eta ondorioz, lehen egunerako, sarrerak guztiz agortuta zeuden.


Komunikazioa kultur kudeaketan.

Horixe da urriaren 8tik 11ra Gasteizko Villa Suso Jauregian Xabide Kultur kudeaketa eta komunikazio taldeak antolatu dituen jardunaldien izenburua. Kultur kudeaketan komunikazioak duen garrantzia eta kultur kudeaketak komunikazio faktore bezala izan dezakeen funtzioa aztertuko dira bertan.


Etxeek ere gu eraikitzen gaituzte

Etxea, bizitzeko leku gisa erabili ohi dugu. Baina etxea hori baino gehiago da. Etxean izaten ditugu gure lehen harremanak; etxea adierazpen estetikoa da; eta baita lantokia eta errito eta transmisio esparrua ere. Horregatik Iruñeko Ortzadar Kultur Elkarteak aurtengo Folklore Jardunaldiak etxea eta etxekoei eskainiko dizkie. Azaroaren 12an hasi eta 14a bitartean «Jatorrizko eraikuntza: etxea eta etxekoak» izenpean burutuko dira Iruñean. Bertan aztertuko da etxea adierazpen soziokultural moduan. Etxekoen arteko harremanak, etxeek izango dituzten itxura aldaketak, kultura, gizartea eta etxearen arteko erlazioak, etxeen zaharberritzea eta ondaretzea... dira, besteak beste landuko diren alorrak.


Mikel Olaziregi Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko zuzendariak honela zioen «El Pais»en: «Kalitate handiko dokumentalera nolabait itzultzen ari gara. Medio asko eskaintzen ari zaio genero horri eta gaietan asmatzen ari dira. Hori dela eta ikusleak dokumentalak kontsumitzeko ohitura hartzen ari dira».
Tonino Carotone abeslari nafarrak «Diario de Noticias»en eginiko adierazpenak: «Nahiko arriskutsua da kulturan politikak eta, batez ere, botereak agintzea (...)».

Pablo Malo zine zuzendariak honakoa esan zuen «Irutxulo» aldizkarian: «Nire obsesio nagusietako bat jendea ez aspertzea izan da beti, eta intriga, ondo eginez gero, oso entretenigarria da».

Iñigo Aranbarrik honakoa idatzi zuen «Berria»n: «ETB sortu aurreko ilusio hark tarteka asaldatzen nauelako nago esateko moduan euskaldunok geure telebista eskatzen genuenean ez zela hau eskatzen ari ginen telebista. Telebista eskatzen genuen. Txokokeriaren gorazarrean bizi den telebista eskaini zaigu ordea, ez txokotik munduko egingo gaituen telebista».


Jasone Osorok «Greta» izeneko eleberria plazaratuko du udazken honetan Elkar argitaletxearen eskutik.

Karra Elejalde hasi berri da «Torapia» izeneko filma errodatzen Madril inguruetan. Film horren zuzendari eta protagonista da Elejalde. Bertan, porrot egin duen zorro lapur baten istorioa kontatzen du. Protagonistak eroarena egiten du psikiatriko batean sartu ahal izateko.

Elias Amezagak «Conmigo (un cacho de mi vida)» liburua kaleratu du. Bilboko Udalak plazaratzen duen «Bidebarrieta Monografiak» bildumaren hamargarren alea da eta bertan Amezagak bere bizitza laburbiltzen du.

Kanpingags taldeak «Erase una vez... o casi» izeneko lana estreinatu du Barakaldon. Patxi Barcok zuzentzen du haur ipuin ospetsuenak umorez kontatzen dituen antzezlan hau. Protagonisten artean daude Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Kandiko Uranga. Euskarazko bertsioa urriaren 11n estreinatuko da Azkoitian.

Artze anaiek elkarrekin egindako txalaparta saiorik garrantzitsuenak eta JosAnton Artzeren dokumentazioa biltzen dituen disko-liburua plazaratuko du Elkarrek azaroan.

Alfonso Sastre antzerkigilea Honoris Causa Doktore izendatu du Habanako Arteko Goi Mailako Institutuak.

Xabin Egañak «Loreak mendian, kalean gentia» izeneko erakusketa paratu berri du Gasteizko Felisa Navarro galerian.

Fernando Morillok Leonardo da Vinciren biografia plazaratu berri du Elkarren eskutik.

hemeroteka

1912. zenbakia | 2003-09-21

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan