Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2003-09-28 -- 1913.zenb

Pilar Iparragirre

Zu omen zaitugu benetako Xabiertxo...
Beno, liburua niri eskaini zidan gure aitak, behintzat.

Eta zer nolako ibilbidea izan du liburu honek?
1923an inprimatu zen lehendabiziko aldiz. Baina ondoren gerra etorri zen, eta gerra ostean hemen ez zen gelditu «Xabiertxo»ren alerik, Elbira Zipitriak zeukan ale bakarra kenduta. Bere etxeko sukaldean isilean ikasten zebiltzan umeen gurasoek den-dena eskuz kopiatu, marrazkiak gutxi gorabehera egin eta halaxe erabili zuten ikasliburu eta irakurgai gisa. Gero, gure aitari idatzi zioten esanaz berriro atera behar zela. Eta «Txillardegi»ren osaba batek, gure aitarekin inprentan sozio ibilitako Migel Alvarez Iraolak, atera zuen berriro «Xabiertxo» 1941ean, klandestinoki, 1932. urtean egina izan balitz bezala. Eskuz esku zabaldu zen huraxe. 1943an kaleratu zen hirugarren aldiz, baina erbestean, Buenos Airesen, eta zuri-beltzean. Ale haietakoren batekin ikasi zuen gure hizkuntza Pello Mari Otañoren alabak, adibidez. Argitalpen hartan gure aitak hiztegi labur bat erantsi zion liburuari, bere ikasleentzat.

Zerorrek ere kaleratu zenuen, ez da hala?
Bai, 1970ean, nire aitari omenalditxo bat egin nahian. Argitalpeneko ale guztiak zabaldu ziren, eta liburua erabat agortu zen. Orain bosgarren aldiz kaleratu da, gure Euskal Herriko hizkuntza maiteak beti aurrera jarrai dezan. Bestalde, esan beharra dut 1979an Italiako Bolonian egiten den «Nazioarteko Gazteen Liburu Erakusketa»n ere izan zela «Xabiertxo».

Pilar Iparragirre

Emakume izateari eta bere poesia modan zeuden joeretatik apartekoa izateari atxikitzen diote, batik bat, Ernestina ezezaguna izatearen errua. Nolanahi ere, pentsatzekoa da arazo frankori egin ziola aurre Champourcin-eko Ernestinak bere bizitza luzean, eta ez bakarrik 1936ko gerran galtzaile izatea egokitu zitzaiolako eta ondorioz hogeita hamahiru urte erbestean pasa beharrean izan zelako: Emakumea zen Espainiako gizartean misoginia jaun eta jabe zen garaian; batxilergoa ikasi zuen neska dirudunek ere apenas ikasten zutenean; poesia liburuak argitaratu zituen emakume oso gutxik idatzi eta ia inork argitaratzen ez zuen denboran; eta horietan guztietan gurasoen eta gerora Nobel Saria eskuratuko zuen Juan Ramon Jimenez idazlea bezalako adiskideen laguntza izan bazuen ere, Ernestina harantzago joatera ausartu zen, Errepublikaren aldeko agertuz etxekoek erregezale amorratu zituenean, eta zibilez ezkonduz bere familiakoentzat hutsaren hurrengo eta etsai politikoa zen beste idazle eta errepublikazale batekin. Bere senarra, Juan Jose Domenchina, Izquierda Republicana alderdiko partaide eta Manuel Azañaren idazkaria zen, Azaña Espainiako presidente izatera iritsi baino lehen.

Gasteizen jaioa

Emakume adoretsu hau 1905. urteko uztailaren 10ean jaio zen, Gasteizen, bere amaren sendagileak oporrak Arabako hiriburuan pasatzen zituelako. Horri zor zaio Champourcineko eta Loredoko Moran Ernestina Michels izenez bataiatu zuten neskatoa arabarra izatearen zoria. Baina Madrilen bizi izan zen geroztik, ihesi alde egin behar izan zuen arte.

Ernestinaren ama Montevideon jaioa eta militar aberats baten alaba bakarra zen, eta bere aitak, Champourcineko baroiak, jatorri frantziarreko titulua erabiltzen zuen Espainiako Alfonso XIII.a erregeak onartu zuenetik. Bestenaz, abokatu eta idazle erregezale liberala omen zen. Horrela bada, oso giro jantzia eta diru eskasiarik batere ez zuen etxe batean jaio zen gure olerkaria.

Eta etxean bertan hasi zuen bere heziketa, liburutegian zeuzkaten liburuetatik eta gurasoek jarri zizkioten etxe-irakasle frantziar eta ingelesetatik ikasiz. Horrela bilakatu zen hirueledun (erbestera joan behar izan zuenean itzultzaile gisa lana izateko primeran etorri zitzaion gorabehera hori), eta horrela ezagutu zuen Frantzia eta Ingalaterrako literatura. Espainiakoa beranduxeago, hamar urte betetzerakoan Jesusen Bihotza ikastetxean hasi zenean. Han egin zuen Oinarrizko Batxilergoa. Goi Mailakoa, berriz, etxean prestatuz eta Cardenal Cisneros institutuan azterketak eginez. Oso giro misoginoa aurkitu omen zuen azken horretan, eta agian horregatik, edo unibertsitatera zihoazen etxe oneko emakumezko ikasleak bere amarekin edota beste emakume "heldu" batekin joan behar zutelako, uko egin zion Ernestinak Filosofia eta Letretako ikasketak unibertsitatean egiteari. Etxean, eta Juan Ramon Jimenezek eta beste idazle ezagunek antolatzen zituzten kultur bileretan jarraitu zuen bere heziketa.

Lehen poema bilduma

Hamabi urte zituela idatzi omen zituen Ernestinak bere lehen poemak, frantsesez. Gero gaztelaniaz idazteari ekin zion ordea, eta 1926an, hogeita bat urterekin, argitaratu zuen "En silencio", Juan Ramon Jimenezi eskaini zion eta eragin erromantiko eta modernista garbia zeukan bere lehen poemarioa. Aitak ordaindu omen zuen argitalpena, eta ama ere pozez txoratzen omen zeukan, baina berak nonbait ez zion maitasun handirik bere arrakasta horri. Izan ere, liburu hura gogoan zuela, zera gomendatzen omen zien idazle gazteei 1947an: beraien lehen eta bigarren poema-liburuak ez sekula argitaratzeko.

Dena dela, idazteari ez zion utzi behintzat. Gerra lehertu arte "Ahora" (1928), "La voz en el viento" (1931), eta "Cántico inútil" (1936) poema bildumak, eta "La casa de enfrente" nobela argitaratu zituen. Gerraren zurrunbiloan "Mientras allí se muere" titulua zuen beste nobela bati eman omen zion hasiera, baina bukatu gabe utzi zuen, eta geroztik ez zen eleberri gehiago idazten saiatu.

Emakumearen duintasunaren alde

Champourcineko Ernestina ez omen zen erabat feminista, baina hala ere beti borrokatu omen zuen emakumearen duintasunaren alde. 1926an Maria de Maeztuk eta Concha Méndez poetek martxan jarri zuten Club Lyceum -beste batzuk Lizeo Feminista izendatzen dute- elkarteko partaide egin zen, eta hango Literatura saileko arduradun. Victoria Kent, Isabel Oyarzabal sozialista, Zenobia Camprubí eta beste intelektual asko batu zituen elkarte horrek emakumeen arteko elkartasuna sustatzea zuen helburu, eta era guztietako emakumeei ireki zizkien bere ateak, nahiz eta azken batean partaide gehienak intelektualak izan. Joera politikoko zein erlijiosoko ekitaldiei uko egiten zienez, bai feministen, bai sozialisten eta bai katolikoen kritikak jaso zituen. Azkenean, arduradunek estatutuak aldatzea erabaki zuten, helburu artistiko, zientifiko, literario eta ongintzazkoak baino ez zituztela aldarrikatuz. 1936ko Gerrak jarri zion amaiera elkarte hari ere.

Lehenengo erbestea

Zaila da gerrak inori onurarik ekartzea. Ekartzekotan, sortzen dituenari ekartzen dizkio. Ernestinari behintzat ez zion onurarik egin. Gurasoak erregezaleak, anaiaren bat falangista, bere familia eskuindarretik urrutiratu behar izan zuen. Horrez gain, ba omen ziren etxe aberatseko alaba izateagatik begirada okerrak zuzentzen zizkioten milizianoak ere, eta huraxe izan omen zen gurasorik gabeko haurrak zaintzeari utzi eta eritegi batean lanean hastera eraman zuen arrazoia. Gero, bere senarra eta biek Madril utzi eta Valentziara, handik Bartzelonara, eta azkenean Frantziara abiatu behar izan zuten. Eta handik Mexikora, Ernestinari hogeita hamahiru urtez bere babesa eskainiko zion herrialdera (ikus 1978an argitaratu zuen "Primer exilio" idazlana).

Antza denez, oso gustura sentitu zen emakume hau Mexikon, bizitasun eta sormenezko urteak izan ziren erbesteko haiek berarentzat. Ez hala Juan Jose Domenchinarentzat, ordea, herriminak jota iraun omen zuen gizon hark bizirik, Espainiara noiz itzuliko zain, azkenean bere ametsetik urrun hiltzeko, 1959an, Ernestinaren bihotza erdibituz. Geroztik Jainkoarengana itzuli zuen bere barrena, inoiz baino gehiago. Maitasuna azaltzen da Champourcineko Ernestinaren poemetan, baina 1952an argitaratutako "Presencia a oscuras" liburuaz geroztik, Jainkoa izan zen bere poemen xede. Eta senarra hil zitzaionetik, Jainkoa izan zuen lagun, babes, eta bere galderen erantzun. Hirurogeiko hamarkadan plazaratutako "Hai-kais espirituales" eta "Poemas del ser y del estar" dira horren lekuko.

1970ean berak eginiko antologia bat hasi zen kaleratzen. "Dios en la poesia actual" izenburua badu ere, Gabriela Mistral, Dulce María Loynaz, Concha Méndez edo Gloria Fuertes bezalako beste hamaika emakume poeten lanak jasotzeaz gainera, berdin agertzen ditu hartan Unamuno, Miguel Hernandez, Lorca, Blas de Otero, Cesar Vallejo edo Rafael Alberti bezalakoen poemak, eta hitzaurrean garbi uzten du zergatia. Berarentzat, poesia beti dela poesia edo ez dela ezer, eta benetako poesian beti dagoela Jainkoa, nahiz eta olerkariak espresuki ez izendatu. Horregatik jaso dituela berak antologian Jainkoaren presentzia zein ez egotea islatzen duten poemak.

Zazpi edizio izan zituen antologiak. Eta 1972koan, Auñamendi entziklopediak dioenez, Orixe, Kerexeta, Lekuona eta Azurmendi bezalako euskal olerkarien poemak bildu zituen Champourcinek. Urte hartan itzuli zen Madrilera, baina ezer gutxi aurkitu zuen han oroimenean hain ondo gordeta zeuzkan gaztaroko sentsazioetatik, eta bigarren erbeste bat bezala bizitu omen zuen geroztikakoa.

Joxerra Aizpurua / Garbiñe Ubeda


Ozono-zuloa inoiz baino handiagoa
Hego Poloan gertatzen ari den ozono beherakadak harri eta zur utzi ditu zientzialari eta ikerlariak. Aurreko hamarkadetan ozono-zuloak tamaina kezkagarriak hartu bazituen ere, joera itxaropentsua erakusten ari zen azken bi urteetan.
Zuloa normalki abuztuaren erdialdean hasten da nabaritzen eta urriaren amaiera arte irauten du. Aurten inoiz baino azkarrago hasi da hedatzen eta, irailaren 15era arte, modu kezkagarrian egin ere.
Ozono-zuloa normalean urriaren amaieran edo azaroaren hasieran bere onera etortzen da. Espero dezagun urtero gertatzen den moduan gertatzea aurten ere.

Lurraren berotzea: batzuen eta besteen erantzukizuna
Azken datuek frogatzen dutenez, Australia, Amerikako Estatu Batuak eta Kanada dira pertsonako karbono dioxido gehien isurtzen duten estatuak.
Kanadako eta AEBetako datuak beste batzuekin alderatzen badira, Europako estatuek baino %40tik gora gehiago zikintzen dute. Europako estatuei bagagozkie, Frantzia etengabe eta modu kezkagarrian ari da isurtzen diren gasen kopurua handitzen, eta Euskal Herria Europako estatuen batez besteko kopurutik hurbil dago.
Datuak datu, 1990eko hamarkadan emisioak pixka bat moteldu baziren ere, dirudienez hasi berri den mendean bikoiztu egin da emisioen hazkunde-tasa. Hala ere, hazkunde-tasa Barne Produktu Gordinaren batez besteko hazkundearena baino txikiagoa izan da. Alegia, baliabideei etekin hobea ateratzen zaie aurreko hamarkadetan baino.

Katixa Garate

Tarregara iritsitakoan, aho zabalik geratu ohi da estreinakoz doan ikuslea. Hiruzpalau egunez antzerkiak hartzen du Lleidako herria eta hark ikuslea harrapatzen du. Herriko plazak, kaleak, kiroldegiak, eskolak... eszenatoki bilakatzen dira; izan ere, antzoki bakarra dago 14.000 biztanleko herrian: Ateneu. Kale ikuskizunak, malabar saioak, akrobaziak, clownen saioak... topatzen ditu iritsi berriak nonahi. Antzerkiaren jaiak dira. «Antzerkiaren sanferminak dira», zioen bertan topatu genuen antzerkizale tolosar batek.

Izatez, antzerki feria bat da. Fira de Teatre al Carrer-eko zuzendaritzak hautatutako antzerki taldeak euren lanak aurkeztera joaten dira Tarregara (107 talde 117 ikuskizunekin aurtengoan, erdiak gutxi gorabehera talde katalanenak) eta programatzaileak (891 profesional akreditatu bildu ziren) haiek ikustera joaten dira gero antzokietan edo herriko plazetan programatzeko. Baina hori baino askoz gehiago da, jaialdi erraldoia da. Jende andana gerturatzen da kale nahiz aretoko ikuskizunez gozatzera, euskaldun dezente ere bai. Egunpasa egitera doaz ikusle batzuk, eta Fira amaitu arte izaten dira bestetzuk. Azken horiek herrian bertan edo ingurukoren batean hartzen dute ostatu edota Tarregako kanpinean nahiz furgonetetan pasatzen dute gaua edo goizaldea. Alabaina, egun osoan izaten da zer ikusi. Goizeko hamaiketan izaten dira lehen ikuskizunak eta gaueko ordubietan azkenak. Kaleko gehienak doakoak izaten dira eta eremu itxi edo aretokoetarako sarrera ordaindu beharra dago. 5 eurokoak dira merkeenak eta 14 euro balio dute sarrera garestienek. Doakoak ikusteko, antzezlana hasi baino ordubete inguru lehenago joatea komeni da lekua hartzeko, bestela jai dugu.

Kaletik aretoetara

Firaren hasieran kaleko ikuskizunak izaten ziren bakarrik. Tarrega herriko jai egunarekin bat eginik, festa giroa sortzea, jendea antzerkira hurbiltzea eta konpainia eta programatzaileen arteko harremanak sustatzea zuen helburu. Denborarekin aretoko antzezlanak ekartzen hasi ziren Tarregako Antzerki Feriara eta merkatu izaerak garrantzia handiagoa hartu zuen. Kaleko jaiak ere indar handia du oraindik, baina giroa pitin bat aldatu dela adierazi digu bertan topatutako tolosarrak: «Duela bost urtetik hona etortzen naiz eta nire ustez kaleko magia galdu egin da apur bat. Lehen kale antzerki gehiago zegoen, azken bi urte hauetan ordea apaldu egin da kaleko jai giroa, eta gune espezifikoetara eraman dute».

Aurtengo izarrak

Zaila da Tarregan izan diren ikuskizun onenen zerrenda ematea. Gustuak izaten dira askotan tarteko. Sarrerak agortu dituzten taldeak Comic Trust («White Side Story»), Vania Produccions («Super-Rawal»), Teatre de Guerrilla («EEUUropa»), Elliot («The Rock Comedy Show»), Zum Zum Teatre («La Comèdia dels Errors»), Titzina Teatro («Folie a Deux, Sueños de un psiquiátrico»), Zozobra Teatro («El vendedor de Humo»), El Espejo Negro («Aparirciones») eta Ados Teatroa («Las mujeres de verdad tienen curvas») izan dira. San Miguel enpresak ikusleriaren botoekin erabakitako sariak banatzen ditu urtero eta aurten Al Badulake taldeak jaso du kale antzerki saria "Malaje" lanarekin eta Titzina Teatrok aretokoa.

Euskal Teatroa

Azken zortzi urtetan euskal antzerkigintzak leku nabarmena du Tarregan. Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, Euskal Teatroa karpan euren lana erakusteko eta merkatua zabaltzeko aukera daukate euskal taldeek. Urteon Ados, Kukai-Tanttaka («1937»), Markeliñe («Punto.Rabo»), Trapu Zaharra («íElvis, vete ya!») eta Hortzmuga («Matraka») taldeak izan dira bertan. Deabru Beltzak «Les Tambours de Feu» lanarekin Firak gonbidatuta joan dira. Lehen hirurek aretoko lanak aurkeztu dituzte karpan eta beste hirurak kalean izan dira. Elkarlanean aritzen dira; izan ere, lan martxa frenetikoa izaten dute taldeek, emanaldi asko eskaini behar dituzte denbora gutxian, ordutegi berezietan... Egun gogorrak izaten dira.

Dena den, gustura aritu dira taldeak. Trapu Zaharrako Santi Ugaldek adierazi digunez, ibilbide oso ona egokitu zaie, oso kale zabala eta gustura lan egin ahal izan dute. Beste urte batzuetan kale estuetan aritu izan dira edota beste konpainiekin topo egiten zuten ibilbidean. Zortzigarren aldia dute Tarregan eta estimu handia dio bertako publikoari: «Lanak estreinatzeko eta antzezteko Espainiako Estatuko lekurik hoberenetarikoa da. Horretan zerikusi handia du Feriaren 23. urtea izatea eta oso errotua egotea. Publiko hezia da eta igarri egiten da. Oso prest agertzen da ikuskarietan parte hartzeko».

Markeliñekoak ere (iaz kale ikuskari onenaren San Miguel saria jaso zuten «DSO»rekin) pozik etorri dira Firatik. Aurten laugarren urtea dute bertan. Publikoaren erantzuna oso ona izan dela adierazi digu taldeko kide Jon Kepa Zumaldek. «Punto.Rabo»ren lehen emanaldian arazoak izan zituzten eszenatokia muntatzeko. Teknikariek egiteko asko eta denbora gutxi izaten baitute lan baten eszenografia kendu eta hurrengoarena muntatzeko. «Bigarren emanaldia gaueko 01:30ean eskaini genuen eta jendea apur bat nekatuta zegon. Barreak eta ikusleriaren harrera apurtxo bat motelagoak izan ziren. Gaueko 02:30ean eta oraindik antzerkia ikusten ibiltzea gogorra egiten zaie batzuei. Orokorrean erantzuna oso ona izan da, azken emanaldian antzokia bete egin zen», esan digu Zumaldek.

Goiz da oraindik Firak euskal taldeei zer ekarriko dien jakiteko. Programatzaileak askotan Firatik itzultzean jartzen baitira taldeekin kontaktuan. Hala ere, inguratu zitzaizkien batzuk Ferian. «Nahiz eta emanaldi asko ez suertatu, beti da interesgarria halako lekuetan egotea eta zure lana aurkeztea», adierazi digu Zumaldek.

Santi Ugaldek lan komertzialaren falta sumatzen du: «Konpainiek autokritika gehiago egin beharko genuke eta zentzu komertziala erneago izan, gure lan artistikoa erakusten dugu, baina Feria aurretik eta ondoren lan komertziala egitea falta da. Jaurlaritzak esfortzu handia egiten du Euskal Teatroaren karparekin, baina zorrotzagoa izan beharko luke emaitzekin, konpainientzat Tarrega merkatu benetan ona den aztertu. Merkataritza baino politika gehiago dago gai honetan». Beste hutsune bat igarri genuen guk: Euskal Teatroaren baitan ez zeuden euskal taldeei buruzko informazioa.

Pilar Iparragirre


Bapatean 2002
Batzuen artean
Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, Elkarlanean
294 orrialde
24 euro



Iazko bertso uztatik 609 ale


Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak 609 bertso bildu ditu "Bapatean 2002" liburuan. Iaz euskal bertsolariek kantatutako 1.176 saioetatik aukeratutako alerik distiratsuenetakoak daude bertan. Horietako batzuk, irakurri ez ezik entzun ere egin ditzake "Bapatean 2002"ren erosleak, liburuarekin batera eskaintzen diren 2 cd-etan grabaturik baitaude. Nortzuk diren entzungai jakiteko, liburuan musika ikur bat itsatsi zaie entzungai dauden bertso sortei. Liburuaren korpus nagusia, 2002. urtean antolatutako bertso saioetan edozein herritarrek kantatutako bertsoek osatzen dute, parte hartzen zuten bertsolariak eta haien saio kopurua kontuan harturik. Beraz, liburu honek plazaz plaza dabiltzan bertsolarien ekarpena islatzen du oro har, baina baita gazte sariketetakoa ere.


Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean
Raymond Carver
Alberdania, Elkar
169 orrialde
10,10 euro



Koro Navarrok euskaratutako Carverren ipuin bilduma


Guztiz amerikarra da Raymond Carverrek "Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean" liburuko ipuinetan agertzen duen mundua, baina ez zineman ikusi ohi dugun AEB oparo eder hori bezalakoa, oso bestelakoa baizik. Herrialde pobrea da Carverrek erakusten diguna. Herrialde iluna eta tristea, etsia, amerikar ametsik eta amerikar heroirik gabea. Langabetuak, alkoholikoak, dibortziatuak, telebistari begira dauden gizaki bakartiak... dira bere protagonistak, beren buruari ez begiratzeko edan eta telebista ikusi beste irtenbiderik ia ez dutenak.. Carverren ipuinek, gainera, ez dute bukaerarik. Kontalaria, kasu, etxe baten barruan sartzen da, eta bertakoen sentimenduak kontatzen dizkigu. Sentimendu mingarriak, giro mingarrietan.


Doña Eustolia blandió el cuchillo cebollero
Paco Ignacio Taibo II
Txalaparta
152 orrialde
14 euro



Mexikoko langile borrokak


Umore garratza darien hamazazpi kontakizunez osatua dago Paco Ignacio Taibo II idazlearen "Doña Eustolia blandió el cuchillo cebollero" liburua, non hirurogeiko hamarkadaren bukaeran Mexiko Hiriko industrialdean sindikalismo iraultzaile bat aurrera eraman ahal izateko gertatu ziren borroken berri ematen duen. Oso gaztea zen idazlea garai hartan, eta bera bezalako beste gazte iraultzaileekin elkartzen zen, auzo txiroetako lantegietakoek bizitzen zituzten lan baldintza kaskarrak hobera egin zezaten ahalegintzen zirenei beren laguntza eman nahian. Ikasle jendez osatua zegoen beren taldea, eta makina bat gauza ikasi behar izan zuten langile txiro haietatik. Etsai gisa, dena den, ez zituzten ugazabak bakarrik, baita beti haien morrontzan zeuden sindikalista ofizialak ere.


Valle de Canfranc
Miguel Angulo, Agustín Faus
Sua Edizioak
80 orrialde
7,50 euro



Canfranc-eko gida eta mapa


Sua Edizioakek daukan "Cuadernos Pireinaicos" bildumako beste eskaintza bat dugu "Valle de Canfranc o alto valle del Aragón" izenburuko hauxe, Peña Oroel, Anayet, Aspe, Collarada eta Bisaurinen historia eta berezitasunak oso kontuan hartzen dituen gida eta mapa. Miguel Angulok eta Agustín Fausek egin dituzte. Agustín Fausek idatzi ditu testuak, eta Miguel Angulok egin du bi eskala ezberdinetan eskaintzen den eskualdeko mapa. Igoera zail eta errazak nahiz era guztietako ibilaldiak bildu dituztenez, edozein mendizale ase dezakeen gida delakoan daude egileak. Canfranc-eko harana oso menditsua den arren, historiaurretik bizi izan da jendea bertan, eta ez dira gutxi handik pasa diren erromes eta bidaiariak.


Txomin eskolan
Liesbet Slegers
Ibaizabal
26 orrialde
5,24 euro



Eskolan hasi behar duen mutikotxoarena


Orrialde garbigarriak eta ertz biribilduak dituzten txikienentzako liburu bereziak dira Ibaizabal argitaletxearen "Txomin" bildumakoak. Oraingo honetan Txomin eskolan hasten da. Lasai doa, itxura batean. Baina ama andre batekin hizketan aritu ondoren harekin uzten duela ikusten duenean, asko larritzen da, Txominek ez dakielako zergatik alde egin duen amak bere andereñoa omen den andre horrekin han utzita. Beste haur gehiago ere badago bertan, baina berak ez du inor ezagutzen eta triste dago... Harik eta andereñoak antzerkia egingo dutela erabakitzen duen arte. Horrela ezagutuko du Ali deitzen den mutiko beltz bat eta haren lagun egingo da.


Nos casamos
Batzuen artean
Eseté 09
70 orrialde / 3 euro



Ezkontzetako gorabeherak "Eseté"ren udako alean


Bilboko Amasté Comunicación-ek plazaratzen duen "Eseté" aldizkarikoak Bartzelonara joan bere lana aurkeztera, eta zinikotzat hartu omen zituen batek baino gehiagok. Beraiei bost! Gauza da oraingoan ezkontzen inguruko gorabeherak errepasatzeari ekin diotela, bereizgarri duten ikuspegi umoretsu bezain zorrotz horrekin. Eta horrela aztertzen dituzte ezkongabetasunari agur esatea, eta ezkontza bera zein bertan parte hartzen duten guztiek gainditu behar izaten dituzten egoerak.


Xabiertxo
Ixaka Lopez-Mendizabal
Abarka
144orrialde
7,70 euro



"Xabiertxo" berriro ere gure artean dugu


Ibilbide bihurri bezain oparoa egina du euskal ikasliburuen aitzindaria dugun "Xabiertxo"k, umeei euskaraz irakurtzen ikasteko Ixaka Lopez-Mendizabalek idatzi eta "Txiki"ren marrazkiekin apainduta duela laurogei urte kaleratu zen liburuak. Bere orrialdeetan, gerra aurretik indarrean zegoen abertzaletasunaren sinesmen eta ikusmoldeak agertzen ditu, beti ere haurrei zuzenduta dagoen lan batek eskatzen duen eran. "Xabiertxo" irakurriz haurrak ikas dezake Jaungoikoa nor den, zintzotasunaren balioa, gizabidezko jarrerak, irakurtzearen garrantzia, gizakion gorputzeko atalak eta sentimenak, garbiak izan behar duzula, batuketa eta kenketa errazak egiten, nolakoak diren herriak, esaera zahar eta kondaira ugari, urtaroen arteko aldeak, XX. mende hasieran sortutako ibilgailu eta bestelako aurrerapenak, munduan diren hizkuntzak eta Euskal Herriak berezko duena, elkartasunaren indarra... eta beste hamaika kontu. Garairik ilunenean euskal eskoletara argia ekarri zuen "Xabiertxo"k 1923an jaso zuen Euskalerriaren Aldek emandako saria, eta geroztik erreferentzia nagusi izan da euskal irakaskuntzan.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan