Mikel Asurmendi
Enrike Letona preso arrasatearra iragan uztailaren 31n espetxeratu zuen Ertzaintzak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, etxetik hurbil korrika egitera abiatu zenean. Atxiloketak Euskal Herrian behin eta berriz ematen direnean, atxiloketa bera oharkabean pasatuko zen ia, Enrike Letona 42 urteko arrasatearrak aurretik 16 urte espetxean pasatu ez balitu izan. 1987ko urrian atxilotu zuten Bildozen, Zuberoan, eta beste dozenaka errefuxiatu bezala Frantziatik egotzi eta Espainiaratu zuten.
Espetxeratu zuten eta, Auzitegi Nazionalean zenbait auzi zituenez, epaiketa andana izan zituen. Ondorioa: 30 urteko espetxe zigorra, garai hartako kode penalak hortik gorako espetxe zigorra galerazten zuen eta. Epaiketa guztiak 1979 eta 1983 arteko delituengatik izan ziren. Espetxe desberdinetan bete izan du bere zigorra, baina urte gehienak, 13 bat, Murtzian iragan ditu.
Aurtengo maiatzaren 16an atera zen espetxetik, 30 urteko espetxe zigorra beteta, baina epaitu gabeko 1988ko sumario batekin airean. 1981ean guardia zibil baten aurka izandako atentatua biltzen du sumarioak. Auzitegi Nazionalak ia 16 urte izan ditu Letona auzi honeNgatik epaitzeko, kartzelan izan den denbora osoa. Auzi hau, halaber, birritan itxi da fiskaltzaren eskariz (1990ean eta 1995ean) eta froga eza argudiaturik. «Hainbeste urte ondoren, aske utzi eta bi hilabete eta erdira etorri da espetxe agindua -dio Agustin Letona bere anaiak-. Mendeku kiratsa ikaragarria da kasu honetan, aske geratu eta bi hilabete eta erdira agindu da berriz ere espetxeratzea. Horrez gain, agerikoa da etorkizunerako espetxe zigorra osorik beteta ateratzen diren beste preso batzuentzat froga gisa erabili nahi dela kasu hau». Enrike Letonak berak duela gutxi zenbait komunikabidetan argitaratutako gutun batean airean uzten zuen honako galdera: «Espetxetik zigorra oso-osorik beteta ateratzen garenoi zein irtenbide uzten digute». ARGIAk jakin izan duenez, kasu honek datozen hilabete eta urteetan espetxe zigorra beteta kaleratuko diren preso askorengan ere argi gorria piztu du; garai batean ez ziren preso batek zituen auzi guztiak epaitzen eta orain gerta liteke, politikoki hala komeni delako, duela 8, 10 edo 20 urteko sumarioengatik berriz espetxeratzea.
Nola ulertu sortzen den egoera? Agustin, Enrikeren anaiak dioskunez, kontsulta juridiko desberdinak egin dituzte «ikusmolde desberdineko juristekin» eta orain arteko halako kasu berdinik ez da ezagutzen. Familiaren esanetan, ustez Enrikek partehartutako gertaerak 81ekoak dira eta, beraz, 1979 eta 1983ko beste delituekin batera epaitu beharko lirateke, juridikoki ćauzi berfundituaĆ deitzen den figura erabiliz. Delituak garai berekoak direnean eta haien arteko antzekotasuna dagoenean, epaiketen ondorioz dauden zigorrak biltzen dira eta, lehengo kodean, inongo kasutan ezin zen 30 urtetik gorakoa izan. Familiaren esanetan, beraz, ez du zentzurik beren senitartekoa espetxean egotea, zigortuta aterako balitz ere, zigorrak jadanik beteta dituen 30 urte horiekin bat egingo lukeelako eta kalean utzi beharko luketelako. «Bai behintzat, zigor eta auzien bat egiteaz dagoen jurisprudentzia ugariaren ildotik», azpimarratzen du Agustinek. Familiak duen beldurra, aldiz, agerikoa da. «Legeak gauza asko esan dezake, baina ikusten dugu zer gertatzen den egunerokoan eta, jakina, beldur gara Enrikeri bizitza osoko espetxe zigorra ezartzeko egiten ari den saio honekin».
Mikel Asurmendi
Lizarra-Garaziko Akordioa duela bost urte gauzatu zen, baita ETAk bere azken su-etena eman ere. Iazko irailean aurkeztu zuen Ibarretxe lehendakariak ćElkarbizitzarako proposamen politikoaĆ deritzan plana. Hileko 26an, plana azaltzeko hirugarren ekitaldia eginen du Ibarretxek. Plana etapaz etapa garatzen ari den ekimena da, oso-osorik ezezaguna baita. Planaren azken bertsioa «Abc» egunkariak argitaratu zuen, uztailean. Planaren «zortzi zirriborroetako bat» dela esan zuen Lehendakaritzak. Halako filtrazioak Moncloatik datozela irakurri izan da toki batean baino gehiagotan eta Lehendakaritzari egiten ari zaion espiotzaz ere batek baino gehiagok gogoeta egin du.
Hirukoaren zalantza-balantzak
EAJko EBBko eledun Joseba Egibarrek, Ibarretxe planak «benetako eztabaida» piztu duela dio. Ibarretxek berak, berriz, proposamena «legezkoa, malgua eta irekia» dela dio. Espainiako prentsa beligerantearentzat -«Abc» edota «El Mundo», kasu- plana Espainiako Estatuari «hordagoa» da. PPren ustez, Ibarretxe planak Estatuarekin haustea du helburu. Plana «nazionalismo demokratikoak» bere arnasa berritzeko bitarteko bat bezala ikusten du PPk. EAJk -PPren esanetan- badaki planak huts eginen duela, baina, indarrean den bitartean, etekin elektorala ateratzen dio ezker abertzalearen bizkar. PSE-EErentzat ere plana hauslea da, Gernikako Estatutuaren potentzialtasuna lantzea proposatzen du, berea proiektu autonomiazalea izaki.
Eusko Jaurlaritza babesten duen hirukoaren baitan EAk eta Ezker Batuak (EB) ńabardura ezberdinak agertu dituzte azkenaldion. EAko Begońa Errazti presidentearen hitzetan, beren helburua Ibarretxeren proposamena baino urrunago doa. Alta, Gobernuarekiko «leialtasunagatik», plana babesten dute. Ezker Batuak (EB), berriz, planarekiko nolabaiteko desadostasuna duela dio, bere ikuspegi federala dela-eta. Bere proposamena defendatuko du Legebiltzarrean. EBk Sozialista Abertzaleak (SA) taldeari dagokion dirua aitortzerakoan EAJ eta EAren posizioetatik aldendu izana, aldaketa politiko bezala interpretatu da politikaren solas-tokietan.
Ezker abertzalearen ikuspuntua
SAko Arnaldo Otegiren ustez, ez dago gutxieneko baldintza demokratikorik Ibarretxek Legebiltzarrean planteatu nahi duen eztabaida burutzeko. Batasuna legez kanpo dago eta Ibarretxek legala bailitzan jokatzen omen du. Testuinguruon kokatzen dituzte ezker abertzaleko Juan Joxe Petrikorena, Ińigo Balda eta Ainhoa Ińigo espetxeratzea. Artean, AuBk eta herri plataformek «herri borondatearen zilegitasuna onartzeko» eskatu diote Ibarretxeri.
Aralarrek, berriz, ezker abertzalea ahulduta dagoela dio eta bere berritze beharra proposatzen du. Ibarretxeren planak «gizartearen babes eskasa» duela dio eta bere zilegitasuna onetsi arren, hainbat «hutsune» ikusten dizkio. Ezker abertzalean, oro har, Lizarra-Garaziko espiritua aldarrikatu da irailean. Ordea, ETA eszenatokian agertu da berriz ere, Arkaitz Otazua hil berria protagonista nagusia izaki. Batasunaren inguruarentzat Ibarretxeren plana, Estatutua medio Espainiako Estatuarekin burututako itunaren berritze bat besterik ez da, independentziaren aldekoen suntsipen erabatekoa gauzatzeko egina, EAJren eta Espainiako Koroaren arteko ituna bermatzeko beste urrats bat. Artean, Ibarretxek ez du hori ukatzen, bere plana elkarbizitzarako proposamena baita.