Pello Zubiria
Gazte ginenean, 80ko hamarkada hasieran, Hondarribiako etxeko salan hartzen gintuen kazetari, idazle eta militante beteranoak. Gure artean Joxe Marik aspalditik zuen ezaguna; euskal prentsara beranduago iritsitakook pixkanaka joango ginen harekiko harremana ehuntzen.
Martin Ugalderen salako miradoretik salto egin eta Txingudiko uretan murgilduko zinateke. Bidasoaren bokalean ez zen orduan kirol porturik, ez Hondarribian eta ez Hendaian. Arrantzaleak ziren ur haietako errege eta esklabo bakarrak: fabrikako erreleboa bukatu eta txipiroitara zihoazenak eta gaua edo egunak itsaso barruan pasata arraina moilara deskargatzera zetozenak. Eta gu Ugaldetarren salan, goiz edo bazkalondo eguzkitsu batean, sofan eserita postal zoragarriaren aurrean solasean. Kantauri haserre ikustea ere egokitu zitzaigun berin zabal hartatik, haize-erauntsiek badia zigortzen zutela. Gero, GALek hil zuen Mikel Goikoetxearen oroigarria ipini zuten Bidasoako uretan. Horregatik Ugaldetarrak aipatu eta nire oroimenak sala hartara eramaten nau: Martin dago aldamenean eserita, aurrean "Txapela"ren ukabil gorri erraldoia astintzen du ipar hezeak, eta Ana Mari ongietorria egin, kafe berria atera eta bere lanetara itzuli da, diskreto asko.
«Hablando con los Vascos» eta «Euskal Herriko Historiaren laburpena» idatzi zituen kazetari adituaren irudia neukan nik bera ezagutu aurretik. Euskara batuaren eztabaida gorienean zegoela Martinek «Zeruko Argia»rako egindako elkarrizketak beranduago ezagutuko nituen, hemerotekako paper horien artean, beste liburuak bezala. Baina bere ezagutza gazteekin partikatzen zuen Martinek, ETA ez zen abertzaletasunik bazenik ere doi-doi entzuna genuenokin.
Mutil koskorra zela gerrak iheslari egin zuenaren bizipenak. Venezuelan diktadura, demokrazia eta urre beltzaren mirari hauskorra ezagutu zituen kazetariaren esperientziak. Gerran galdutako agintearen ikurtzat legitimitate zaharrari eusten zioten buruzagi jelkideekiko elkarlana. Agirre, Leizaola, Irujo, Ajuriagerra... Baina baita aginterik ukitu ez zuten Lezo Urreztieta bezalako militanteen istorioak ere.
Gaur Bidasoa zeharkatu gabe geratu naiz. Emazteak igaro du Pausuko zubia niretzako enkargu batzuen bila, eta ni zubi ondoan utzi nau. Nire bizitzan lehenbizikoz. Eta Faisan ostatuan sartu naiz, lehen hainbat alditan bezala. Elkarrekin egin ditugun bidaia bakanetan Martinen bila nindoala kafea hartuz egunerokoak irakurtzera geratzen nintzen legez.
Hala joan ginen Ardanza lehendakaria bisitatzera, "Euskaldunon Egunkaria" sortu berria zela, kazetari adiskide batzuen gestioei esker. Gaur egunetik ezberdinak baina garratzak garai haiek ere. Gure esker ona azaldu genion lehendakariari gu errezibitu izanagatik eta berak errieta egin zigun, euskararen instrumentalizazioa-eta aipatuz. Gure aitapontekoa apaltasunetik mintzatu zitzaion lehendakaritzatik Garaikoetxea kendu berria zuen politikari sasoikoari: "Gazte hauek dira orain euskara aurrera atera behar dutenak, izango dituzte beren akatsak, dena ez dute ondo egingo, baina eskuzabal ari dira eta lagundu egin behar zaie, lehendakari jauna". Militante zaharraren barrena, kemena eta maila.
Ostatutik aterata Bidasoa bazterrera joan naiz, mugak apurtu ez direla erakutsiz alkohola eta tabakoa erostera etorri diren turisten artetik. Behobiako petriletik ikusi ditut kafetegia, Frantziako prentsa erosi ohi dudan komertzioa, Xaia ostatu ondoko parkina. Eta bihotzak dunba egin du.
Gero Hondarribiara jo dugu eta kofradiatik hondartzarako bidea egin. Martinek bere salan egon behar du orain, edo langelako mahai aurrean eserita, prentsa berria zein liburu zaharrak aztertuz. Burua gorputza baino azkarrago. Ondoan, begirik kendu gabe, orduan bezala orain ere, Ana Mari ari da. Egun bareetan ia denen oharkabean. Sargoriaren ondoren galerna harrotu denean, lemari kemenez atxikiz. Izeba Ana Mari.
Jon Kortazar
Garbi dago euskal literaturak, berriak edo zaharrak, geroago eta interes handiagoa sortzen duela Euskal Herriko mugetatik kanpo, eta geroago eta normalago ikusten ditugula euskal lanak beste hizkuntza batera -normalean, gaztelerara- itzulirik.
Aspaldi batean Gabriel Arestik buruan izan zuen editorial bat sortzea hemendik kanpo literatura lanak ezagutarazteko asmoz. Noizbait, Koldo Mitxelenaren bidez bere poemak Austineko unibertsitatera bidali ziren hango argitalpen batean agertzeko asmoz. Ez dakit gauzatu zenik argitalpena, ez baita asmo horren berririk geratu. Baina literatura sistema bihurtzen den orduan, geroago eta beharrezkoagoa du etxeko atetik kanpo agertzea.
Azken urteotan, gainera, eta Hiru argitaletxearen esperientziaren ondotik, euskal argitaletxeek, bakoitzak bere idazleak gazteleraz emateko joera hartu du. Ttarttalo eratu zuen Elkarrek eta Erein ere bide horretatik joan da. Txalapartarenean ere ezagutzen duten joera da hori. Gazteleraz zuzenean idazten duten euskal idazleen lanak argitaratzen ez dituztenean... Baina hori beste kontu bat da.
Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, Joan Mari Irigoien izenen ondoan joan dira beste batzuk (orain "tropelean" esan beharra omen dago): Aingeru Epalza, Joxemari Iturralde, Edorta Jimenez, Laura Mintegi, Harkaitz Cano, Ixiar Rozas, Ur Apalategi, Iban Zaldua eta poetak: Felipe Juaristi, Juan Kruz Igerabide, Rikardo Arregi, Miren Agur Meabe...
Egia da batzuetan ediziook etxekoentzako egin direla eta etxetik kanpo nekez irtengo direla liburuok, egia omen da baita ere, kanpoan argitaratzen denean etxe barruan saltzen direla liburuok, idazlearen ezagutza, idazleaz entzuna izatea faktore garrantzitsuak baitira liburu bat erosteko orduan. Baina etxeko ateak zabaltzen ari dira pixkanaka.
Espainia osoan ezaguna den «Quimera» literatur aldizkariak iraileko alea gure euskal literatura berriari eskaini dio, erakustoki ederra eskainiz, bai euskal idazleak kanpoan ezagutzera emateko, eta baita ere etxe barrura begira «Quimera»ren ilusioan kritiko berrien lorpenak erakusteko.
Aldizkari hori Montesinos argitaletxeari lotua dago, baina zuzendaritza Fernando Valls irakasleak hartu zuenetik hona, erreferentzia nagusi bihurtzen ari da batez ere egunotan egiten den literaturaz mintzatzeko orduan. Gogoangarria da, adibidez, Miguel Sánchez Ostíz idazle nafarraren inguruan osaturiko ale monografikoa.
Inguru horretan Fernando Valls-en iradokizuna izan zen azken urteotan egindako euskal literaturaz monografikoa egitea. Gaia aipatu zidanean ideia bi etorri zitzaizkidan burura: bata, behin eta berriro esaten dela gure inguru honetan gaurko idazleei buruz hitz gutxitxo egiten duela kritikak, eta, beraz, mugak gaurkotasunera hurbiltzen hasi behar genuela, horrek dakarren arriskuarekin, baina guk proposatu behar genuela, eta geroak esango duela; eta bigarrena, kanpora begira zenez, batez ere, lanak itzulita zituztenen inguruan hitz egin behar zela.
Muga nagusi bat zuen lanak: orri kopurua, guztira 60 bat folio besterik ez genuen panorama bat zabaltzeko, eta kontu handiarekin baina abentura guztiekin egindako panorama da gainera.
Hiru zutabe nagusi ditu lanak, bere osoan: sarrera orokor baten ondoren, izen nagusiei buruzko hiru artikulu, kontagintza dator ondoren, eta lau idazle aukeratu dira, Cano, Rozas, ipuingintzaren alorraren barnean Zaldua, eta Unai Elorriaga. Azken urteetako poesiaren ataria egiten da ondoren, eta, adibide gisa, hiru poeta azaldu: Rikardo Arregi, Olasagarre, eta Kirmen Uribe. Jose Ibarrolaren margoek ematen diote aleari bere ukitu estetikoa.
Kritikari buruzko hausnarketa dela eta ohar bi besterik ez: batetik oso jende gazteak, baina adituak hartu duela parte ale honetan, eta ziurrenik, etorkizunak esango du zer emango duten Iratxe Gutierrez, Idurre Alonso, Ibon Egaña, edo Alvaro Rabelli bezalako irakurleek. Bestetik, behin euskal herriko literaturaz ikuspegi orokorra ematen ari nintzelarik konturatu nintzen ohar haien bidez berdin definitzen zela euskal literatura zein Katalunyako poesia, beraz, zehaztasuna behar genuela gureaz ari ginenean.
«Quimera»ko ale berezi hau gure literaturaren deskripzioan zehaztasunaren alde egiten den apustu bat da.
Martin Aranburu
Munduko gainontzeko zonaldeetan ez bezala, ezinezkoa da Euskal Herriko giro politikoa errutinariotzat jotzea, eta jakina, honezkero, Euskal Herrian, edozein ikasturte politikoan, aldaketa politiko franko ikusi dezakegu.
Aurtengo ikasturte politikoaren garrantzia egunerokotasunak erabakiko duen arren, ukaezina da interesdun elementu asko izango dugula datozen hilabeteetan. Batasunaren aurkako erasoek jarraitu egingo dutela argi dago, besteak beste, alderdi horren legebiltzarkide batek legebiltzarreko debate politiko batean esandakoengatik auziperatua, zigortua, inhabilitatua eta espetxeratua izan daitekeela, jakingai izan baitugu azken egunetan. Bestalde, erkidegoko populazioaren subiranotasunak erabakitakoa ezin onarturik, legebiltzarraren konposaketa aldatzeko intentzioz PPk mekanismo desberdinak jarriko ditu berriz ere martxan, legebiltzarraren funtzionamendua oztopatuz, eta hala, berriz ere hauteskundeak konbokatuak izan daitezen lortu arte. Kontutan hartu beharreko beste elementu bat alderdi desberdinek burutu beharreko biltzar edo diskusio desberdinak: Eusko Alkartasunaren biltzarra, Aralarren estrategi politikoaren eguneratzea eta EAJren baitan presidente denaren aldatzea, besteak beste.
Ezin ahaztu epe ertainean euskal gatazkarekiko eragina izan ditzaketen hauteskunde desberdinak izango ditugula Espainiako Estatuan. Garrantzizkoenak, agian, Espainia mailakoak, non PP eta PSOEren arteko lehia bizia ikusiko dugun. Zintzoa izan behar badut, aitortu behar dut, ez dut uste popularrek boterea galduko dutenik, baina gehiengo sinpleak PP, PSOE eta beste alderdi batzuen arteko akordioen aukera ahalbideratuko balu, tentagarria litzateke Kataluniako eta Euskadiko ordezkari batzuentzat; euskal eskenatoki politikoan izango lituzkeen eraginak ahantzi gabe. Horretaz gain, bistan ditugu ere bai, Europako hauteskundeak, sozialista eta abertzaleen arteko adostasunak suposatu ditzakeen Kataluniako hauteskundeak, euskararen aurkako eraso saiakera gehiago Nafarroako Gobernuaren partetik, eta zer esanik ez, EAEko hirukoak aurkezturiko planaren garapena.
Irailaren 26an egingo du lehendakariak testu artikulatu baten zirriborroaren aurkezpena, aportazio eta debate garaiari abiapuntua emanez, eta ikusteke dago Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi desberdinek hirukoak eginiko planteamenduari emango dioten erantzun parte-hartzailea edo ukatzailea. Hala ere, legebiltzarreko prozeduraren emaitza, bata izan zein bestea, hirukoarentzat testu artikulatu baten inguruko herri kontsultaren helburua tinkoa dirudi.
Nolakoa izango da egoera politikoa ikasturte guzti hau bukatuta? Nire iritziz, kualitatiboki gauza gutxi aldatuko dira aipatu ez dudan beste elementu berri bat gertatu ezean: independentziaren aldeko sektore desberdinen adostasuna. Adostasuna helburuetan eta medioetan. Nora goaz eta nola goaz. Ezinbesteko bi kuestio horietan bat egingo bagenu, gainontzeko elementu guztiak bigarren mailakoak lirateke, eta aurrerantzean, agenda politiko osoak, Euskal Herriarenak eta baita Espainiarenak ere, adostasun horren inguruan egingo luke dantza. Noski, euskaldunek erritmoa markatuta eta soinujolea aukeratuta!
Ez al da ba egia Madrilgo parlamentuan, Katalunian, alderdien kongresuetan eta hauteskunde desberdinetan gerta litekeena huskeria izan daitekeela adostasun nazional berri batek Euskal Herriko mapa politikoa eraldatuko balu? Abertzaletasunaren alde gehiengo berriak eta zabalak lortuko lituzkeen eskenatoki berri batetaz mintzo naiz, eta gainera, Euskal Herri osoan kontutan hartu beharreko elementu garrantzitsua izango litzatekeena. Badakit erraza dela paperean edozer gauza idaztea, baina aspaldidanik argitxo ikusten dut, adostasun nazional horren ezean, herri honek dantza egiten jarraituko duela, beste inork baino hobe ziurrenik, baina, beti ere, espainolek eta frantsesek markatutako erritmoarekin eta aukeratutako soinujolearekin. Zailtasunak zailtasun indartu ditzagun helburutzat adostasun horren bila dabiltzan saiakera desberdinak. Horietako bat izango baita zuzena, erabakigarria eta definitiboa.