Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2003-09-28 -- 1913.zenb

Xabier Telletxea

Urriaren 5ean Lazkaoko San Benito ikastolaren txanda da. Iaz Urretxu-Zumarragan elkartu ziren 125.000 pertsonak gogoan, dena prest izateko azken ukituak ematen ari dira lazkaotarrak.
guztia irakurri

Xabier Telletxea

1963. urtean sortu zen Lazkaon San Benito ikastola eta berau izan zen Goierri bailaran lehenengoa. Elbira Zipitria izan zen ikastolaren sortzailea. Euskal kulturaren bultzatzaile eta eragile izaki, inarrosaldia ekarri zuen. Lazkaoko ikastola sortu aurretik astero etortzen zen beneditarrengana, bertako fraideei euskararen nondik-norakoak irakastera. Gero, beneditarrengana herritar talde bat bildu zen alfabetatzera. Talde horretako partaide bat aditz paradigmak euskaltzale talde bati eta hainbat andereñori irakasten hasi zen.

Jaxinto F. Setienen ekimenez, hainbat guraso, andereño eta laguntzaile bildu eta euskarazko ikastolari hasiera eman zitzaion. Garai hartan euskara bigarren mailako hizkuntzatzat jotzen zenez, agintari askok aurkako jarrera agertu zuten. 15 bat haur bildu eta bi andereño Bordatxuri etxean hasi ziren lehen eskolak ematen kristau ikasbide deiturapean. Elizbarrutiaren menpean zegoen beraz, eta San Migel izena hartu zuen.

Hasiera erraza izan ez bazen ere, irakaskuntza sendotuz joan zen apurka-apurka. Urtez urte geroz eta haur gehiago hurbiltzen zenez ikastolara, fraideek, lekaimeek eta hainbat herritarrek euren lokalak utzi zizkioten ikastolari, leku arazoei aurre egiteko. Arazo ekonomikoak ere pairatu zituen garai hartan ikastolak. Guraso eta herritarren ekarpenak ziren diru iturri bakarrak, laguntza ofizialik ez baitzuen jasotzen. Egoerari irtenbidea aurkitzeko, ekintza ugari antolatu zuten: festetako tabernak, tonbolak, zozketak eta abar.

Irakasletzan ere bazen arazorik. Hizkuntzaren egoera zela-eta, zaila zen irakasle euskaldun tituludunak aurkitzea. Horregatik, hasieran irakasleria titulu gabea zen. Legea bete ahal izateko, ordea, tituludunak behar ziren eta bertako guraso batek bere titulua eskaini zuen urte askotan. Bestalde, metodologia berriak ikasteko ikastaroak egiten ziren uda oro.

Eskualdeko euskarazko lehenengo ikastola izanik, inguruko herrietatik ere inguratu zen jendea Lazkaora. Ikastolaren sorrerak berrikuntza ugari ekarri zuen, horien artean metodologia da aipagarriena. Material berritzaile eta ezezaguna erabiltzeak ere garrantzi handia izan zuen. Liburugintzan, berriz, gabezia zen nagusi. Euskarazko testuliburu bakarrak "Martin Txilibitu" eta "Xabiertxo" ziren.

Hazia ereiten

1967-68 ikasturtean, 4. maila arte ematea lortu zen ikastolan. Hurrengo urtean, aitzitik, Beasainera joaten hasi ziren, bertan biltzen baitziren inguruko herrietako ikasleak. Garai hartako batxilergorako sarrera egiteko Beasainen prestatzen ziren. Hau da, eskolaurrea eta lehen mailako irakaskuntza Lazkaon eskaintzen ziren, baina bigarren mailako hezkuntza egitera Beasainera joaten ziren.

1970ean fraideek kristau ikasbide bezala lortu zuten legeztapena urtebeterako eta ikastolak San Benito izena hartu zuen. Hala, lehen eskola ziurtagiriak eta baimenak Beasaingo Alkartasuna lizeoaren babesean lortu ziren. Ikasturtea amaitu ostean udalekuak ere antolatu ziren eta pixkanaka mota honetako egonaldiak Euskal Herri osoan ugarituz joan ziren. Honetan guztian, noski, gurasoen partaidetza funtsezkoa izan zen.

Sendotze bide horretan, ikasle kopuruak gorantz egin zuen. 1983-84 ikasturtean OHOko ibilbide osoa eskaintzen hasi zen San Benito ikastola. Urte berean hasi ziren ikastola berria egiteko eraikuntza lanak. Batxilergoari heltzeko asmoz, eskolak eskaintzen hasi ziren eraikuntza berri horretan. Hasieran baimenik gabe hasi baziren ere, hurrengo urteetan urrats hori finkatzea lortu zuen ikastolak. Denbora honetan guztian ikastolaren itxura asko garatu da, bai barrutik eta baita kanpotik ere. Urteak pasa ahala, ikasleen kopurua nabarmen hazi da eta egun 850 ikasle inguru ditu.

Kilometroak 1977-2003

Gipuzkoako ikastolen aldeko festak ere izan du bere bilakaera. 1977an egin zen Beasainen lehenengo Kilometroak. Sei kilometroko ibilbidean 15.000 pertsona inguru bildu ziren. On Joxe Migel Barandiaranek moztu zuen orduan Lazkaon ibilbideari hasiera emateko zinta. Beasainen, berriz, Jose Antonio Zalduak hartu zuen ardura. Urtetik urtera hazten eta indartzen joan zen ospakizun hori eta beste herrialdeetara ere zabaltzeko aukera eman zen: Araban Araba Euskaraz, Bizkaian Ibilaldia, Nafarroan Nafarroa Oinez eta Iparraldean Herri Urrats. Euskaraz hezi eta bizitzearen aldeko apustuari helduz, aldarrikapen berdina egin nahi du Lazkaoko San Benito ikastolak.

Lehenengo urteetan ikastola bakoitza bere kabuz diru-laguntzak lortzeaz arduratu zen. 1977tik aurrera, berriz, Ikastolen Elkarteak bere gain hartu zuen eginkizun hori eta ikastolentzako diru-laguntzak Administraziotik lortzeko ardura hartu zuen. 1980ra bitartean, ikastola guztiek diru-laguntzak jasotzea lortu zuen. Horretaz gain, "Ikastolen titularitate ofizialerako Araudia" dokumentua sinatu zen, non ikastolak publiko ez estatalak zirela adierazten zen. Ikastolen estatusa indartu eta mugimendua babesteko, ordea, ezinbesteko izaten jarraitzen du urteroko Kilometroak festak.

Maizpide euskaltegia

Ikastolaz gain, badira bai herrian eta baita bailaran ere euskal hizkuntza sustatzeaz arduratzen diren komunikabide, elkarte eta euskaltegiak. Helduen euskara irakaskuntzan dihardu hain zuzen ere Lazkaoko Maizpide euskaltegi eta barnetegiak. Hamabost urtetan euskaraz hitz egiten, irakurtzen, eta idazten irakasteaz eta euskal kultura ezagutarazteaz arduratu da. Dionisio Amundarainen ekimenez sortu zen barnetegia 1988ko apirilean.

Historiari so eginez, beneditarren inguruan hasi ziren alfabetatzearen lehen zantzuak 60ko hamarkadan. 1975ean lehenengo Udako Euskal Ikastaroa antolatu zen eta 1977an Goierriko Euskal Eskola sortu zen. Eskola hori euskalduntze-alfabetatzea Goierri osoan koordinatzeaz arduratzen da oraindik orain. 1982an, berriz, ikastaroak antolatzen hasi ziren barnetegian. Hala, urteen poderioz lorturiko giza baliabideak eta baliabide teknikoak aprobetxatuz eraiki zuen Maizpide Eusko Jaurlaritzaren baitako HABE erakundeak.

Urte osoan zabalik egoten da barnetegia eta hilabeteko ikastaroak eskaintzen dira. Egunean sei orduz eskolak hartzeaz gain, mantenu osoko egonaldia ere egin daiteke. Horretaz gain, ordukako ikastaroak ematen dira, bi ordukoak normalean. Ikastaro hauek herritarrentzat dira eta gehienak inguruko eta herriko etxekoandreak dira. Barnetegiko Marian Bidegain zuzendariak jakinarazi digunez, gipuzkoarrak dira barnetegian eskolak hartzen dituzten ikasle gehienak. Arabarrak eta nafarrak ere gerturatzen omen dira barnetegira. Bizkaitarrak gutxiengoa dira.

Bertan antolatzen diren ekintzak ere herritarrentzako dira. Euskalduntze alfabetatzeko ekimenak aitzakiatzat hartuta, euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak nahasten dituzte euskal hizkuntzaren mintzapraktika areagotu dadin. Barnetegiko zuzendariaren ustez "helduen euskalduntzean badago oraindik zeregina. Mintzapraktika areagotzearen gakoa dakigunok laguntzean datza, hots, inplikazioan. Horretarako, ikastolarekin, Udalarekin eta Goierriko Euskal Eskolarekin ekimenak aurrera eramaten saiatzen gara".
Goierriko Euskal Eskola

Lehen aipatu legez, 1977an sortu zen Goierriko Euskal Eskola. Ordura arteko Goierriko gaueskolen batze eta antolatzea egin zen etekin oparoagoak lortu xedez. 1982an, egoera politikoaren aldaketa zela bide, kultur elkarte gisa eman zuen izena. 1988ra bitartean maila anitzetako euskararen irakaskuntza bere ardurapean izan zuen euskaltegi eta barnetegi bezala jardunaz. Irakaskuntza hori kulturgintzako hainbat eta hainbat saioz lagunduta bideratu zen. Ondoren, zeregin hori aurrez aipaturiko Maizpide euskaltegiaren ardurapera pasa zen.

Irakaskuntzak kulturgintza izan du oinarrian Euskal Eskolan. Hizkuntza metodo bizian irakastea izan du helburu, eta horretarako, kultura, aisia, lana, merkataritza, komunikabideak eta beste zenbait arlok leku garrantzitsua izan dute. Euskararen irakaskuntza formal eta arautua bideratuta izanik, euskaraz eginiko kultur eskaintza eta ikerketei heldu zien. Horrela, mintzapraktika eta idatzizkoa sustatzea bihurtu zituen jomuga. Bide luze eta oparo horren emaitza dira argitaratuta dauden hamalau liburuak, horietatik hiru agortuak eta berrargitaratuak.

Orain, Lazkaon kokatuta dago eta 170 bazkidetik gora ditu, gehiengoa herritarrak. Elkartearen izenak adierazten duen bezala, Goierri mailan kultur ekimenak antolatzen ditu. Ikastolarekin ere ekintzak burutu ohi ditu. Esaterako, ikastolako gurasoentzat euskara eskolak prestatzen dituzte. Halaber, jaialdiak antolatzen dituzte ikastolak, Maizpidek, Goiztiri-AEK-k, Udalak eta Euskal Eskolak elkarlanean.

Kultur elkarteko dinamizatzaile eta Gerriko ikerlan bekako koordinatzaile Mari Jose Madariagak hausnarketa proposatu digu: "1970eko hamarkadatik hona euskara eta euskal kulturgintzan aurrera egin dugula ezin uka badaiteke ere, euskaraz ikasteko, hitz egiteko, bizitzeko, eskubideak aldarrikatzeko... erraztasunak ditugun garaian, ez ote dugu motibazioa galdu? Ez ote gaude eroso gauden bezala?".

Xabier Telletxea


Noiz hasi zineten beneditarrak euskalgintzaren alde lanean?
Beneditarrek aspaldi egin zuten euskaraz bizitzearen aldeko apustua. Beloke-ko abadiatik (Lapurdiko Ahurti herrian dago) etorri ziren lehenengoak monasteriora. Konde ministroaren legearen indarrez bota egin zituzten fraideok. 1903an alde egin zuten Ipar Euskal Herritik Gipuzkoako Idiazabal herrira. Berriki gogoratu dute jazoera horren ehungarren urteurrena. Idiazabalen hiru urte egin zituzten.

Nolakoak izan ziren lehenengo urteak Lazkaon?
Monasterioko adindunek diotenez, lehenengo beneditarrak euskaldunak baziren ere, frantsesez hitz egiten zuten. Irakatsi ere dena frantsesez egiten zuten. Horietako askok euskara ia ahaztu zuten, otoitzak ere frantsesez egiten baitzituzten. Komentu barruko giroa frantsesa zen. Herritarrei begira, ordea, mezak euskaraz ematen ziren


Noiz hasi ziren euskal giroaz gozatzen beneditarrak eta lazkaotarrak?
Euskaltzaletasuna 1943an kokatuko genuke. Garai honetan, Alberto Begiristain euskaltzaleak euskalduntze-alfabetatzea bultzatu zuen. Etapa honetatik aurrera sartu zirenek euskal giro hau dastatu zuten, besteak beste, euskaraz ikasteko aukera izan zuten. Euskal giroa, ordea, 1950etik aurrera nabaritu zen batik bat.

Nolakoak izan ziren lehenengo euskal eskolak?
Elbira Zipitriarekin hasi ziren aditzak ikasten fraideak. Bigarren pausoa Lazkaoko gazteei erakustea izan zen, gau eskolak, alegia. Antonio Azkue eta Isidro Baztarrika aritu ziren, besteak beste, aditzak erakusten. Ondoren hasi ziren batxilergoko eskolak eskaintzen. Dionisio Amundarainek hartu zuen ondoren zuzia. Bera zuzendari zela, lehenengo Udako Ikastaroa egin zen 1977an. Espazio falta zela-eta, hurrengo urteetako ikastaroak, berriz, beneditarrek antolatzen zituzten arren, beste leku batzuetan egin ziren. 1968an ikastetxea itxi ostean, ikastola sortu zen. Euskalgintzaren alde herrian egin den ahaleginaren ondorio izan da Maizpide euskaltegia eta barnetegia.

Gau eskolez eta udako ikastaroez gain, beneditarrek bestelako eremuetan ahaleginik egin al duzue euskara indartzeko?
Bai, liturgia euskara sartzeko esparru garrantzitsua izan da. Liturgia herri hizkuntzan egiteko itzulpen ugari egin genuen. "Jaunaren deia" izeneko aldizkaria ere argitaratu genuen liturgia parrokietan sartzeko. Aldizkari honen sustapenean Benito Amundarainek lan ugari egin zuen.

Orain argitaratzen al duzue euskarazko aldizkaririk?
Bai, "Mintzo eta kantu" du izena. Liturgiari buruzko hilabetekari hau parrokiari laguntzeko argitaratzen dugu eta Euskal Herrian 800 ale banatzen dira. Enrike Zabala, Bittor Mujika eta neu arduratzen gara aldizkariaz.

Lazkaoko artxibategian altxor handia daukazue. Nola ekin zenioten lan honi?
Juan Joxe Agirrek ikastetxea itxi zenean liburutegian lan asko egin behar zela ikusi zuen. 1970ean paperak, eranskinak, aldizkariak, liburuak... biltzen hasi zen. Liburuak baino, aldizkariak gehiago bildu ditu. Jada argitaratzen ez ziren aldizkariak batzen lan handia egin du Agirrek. Egun ere artxibategia osatzen lan egiten du Juan Joxe Agirrek. Artxibategia altxorra da. Tesi ugari egin da liburutegi honetan jasotako txostenekin.

Xabier Telletxea

Lazkao, 5.000 biztanle dituen herria da. Oraingoan 2003. urteko Kilometroak direla-eta zabaldu da bere izena Euskal Herriko txoko guztietara. Hala ere, herriak badio zer erakutsia bisitariari urteko edozein egunetan; besteak beste, Lazkao Txikiren jaioterria denak San Migel parroki eliza, Lazkano-tarren jauregia eta Bernardatarren monasterioa ditu ikusgai.
guztia irakurri

hemeroteka

1912. zenbakia | 2003-09-21

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan