Jakoba Errekondo
Trikuzalea naiz. Landarejale amorratuak eta ez hainbesterainokoak diren intsektuen itzelezko garbitasuna egiten du. Maiz topatzen ditut mendian gora etxerako bidean, makal, asfaltoa zeharkatzen eta sigi-saga ez bada zian hor ibiltzen naiz bakean utzi nahian. Bakeak asko balio du... eta trikuzalea naiz.
Lagunen zaletasunen zelatari den lagun batek, zian ez zuzen, bidalia dit trikua behingoz etxeratzeko era ederra, landare-tratuan munduko pirata iaioenak diren holandarren proposamena: Sinocrassula yunnanensis landare politta. Sino horrek adierazten duen eran Txinatik dator, zorrotzago, bigarren izenak dioen eran, txinatar Himalaia aldeko Yunnan mendietatik.
Kaktusak edo Etxeberriatarren generokoak bezala ura metatzeko erabiltzen dituen hosto lodiak, luxeak eta bata bestearen saihetsean, biribilean lotuak ditu. Biribil hauen pila da landarea. Hostoen muttur txorrotxeko ttantta ubelak nabarmen azaltzen dira puntta-puntta ez den gainontzekoan nagusi den bilo zurizta trinkoan. Horra hor trikuaren itxura. Uda amaieran garatu ohi dituen lore ziztrinengatik baino, hostaia honexen dotoreziagatik zabaltzen dute piratek itsaso guztietako azoketan barrena. Landareak atsegin baina hauen zaintzan dema-harria baino traketsagoak direnentzako egokia da triku hau: etxe barrenetarako egokia da, eguzkitan, erditzalean... nonahi baina epel, lehortean bizitzera ohitua izaki ontziko lurra erabat sikatzean urez betetako ontzi handiago batean urasetzen eduki eta ondoren ondo xukatzen utzi. Himalaiako landarea eta trikua, biak etxerako!
Jabier Agirre
Burdina hemoglobinaren, hau da, odolaren funtsezko osagaia da, eta ezinbestekoa gertatzen da, bestalde, odolak bere funtzioa bete dezan, bestela esanda oxigenoa zeluletara irits dadin. Odolean burdinaren maila jaistea (horri anemia esaten diogu, orokorrean) elikadura desegoki baten zeinua eta ondorioa izan daiteke.
Kalorietan urriak diren dietak egiten direnean (hipokalorikoak esaten zaienak) edota jan neurri desorekatuetan gorputzak jasotzen duen burdina kopurua defizitarioa izaten da kasu askotan. Eta ezin ahantz genezake dieta hipokalorikoak edota desorekatuak ikaragarri ugaldu eta modan jartzen direla udan bereziki. Nutrizioan espezialistak direnen ustez, ordea, posible da kaloria gutxiko dietak eta burdinan aberatsak diren janariak konbinatzea. Burdina eskasia bereziki larria da, adituen ustez, adin ugalkorrean dauden emakumeetan, eta hala ere ia emakume horien %50ak izaten du era horretako anemia. Beraz, dibulgazio kanpainak behar-beharrezkoak dira, burdinaren premia berezian dagoen populazio talde jakin horri begira, anemiaren zeinuak (nekea, azazkal eta ile hauskorrak, zurbiltasuna, nagusienak aipatzearren) ezagutzeko.
Eta zer egin daiteke anemiari aurre egiteko? Adituen gomendioak oso sinpleak dira: eguneroko elikaduran burdinetan aberatsak diren jakiak sartzea, erraz xurgatzen den burdina ematen diguten jakiak (haragi gorriak, gibela, arrautza gorringoa edo arrain urdina). Bestalde, laranja kontsumoa ere biziki gomendatzen da, bai laranja osoak edo baita laranja zukua ere, mineral horren absortzioa erraztu egiten baitute.